Xola

Wikipedia, Entziklopedia askea
Xola eta basurdeak liburuaren azaleko irudia.

Xola txakurra Bernardo Atxaga idazleak eta Mikel Valverde ilustratzaileak sortutako pertsonaia literarioa da. Holaxe bizi da Xola bildumako protagonista da (Erein argitaletxea). Bilduma, bost liburuz osatua dago; Xolak badu lehoien berri (1995), Xola eta basurdeak (1996), Xola eta Angelito (2004), Xola eta ameriketako izeba (2011) eta Xola eta lapurra (2015).[1]

Xolaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xola Grogoren arratoi txakurra da, hiriko txakur txikia eta ile zurikoa.[1]  Txakur honen izaera oso konplexua da, eta animalia den arren, animalia argia (inteligentziaduna) da, eta gizakien papera dauka liburu hauetan.  Ezaugarri asko ditu: patata frijituak eta mimoak asko gustatzen zaizkio, imitaziorako joera dauka, ikasteko gogoa du, hitz arraroekiko interes handia dauka (hortaz ipuin guztietan hiztegi asko erabiltzen du), eta munduaren erdigunea izan nahi du.[2]

Oso izaera markatua du: lotsarik ez du, iruzur bidez bere burua goratzen saiatzen da unean uneko komenientziagatik eta harremanak kudeatzeko bitarteko gisa. Egoista galanta da, bere onura bilatzen du, baina ez da gauza urrutirako kalkuluak egiteko, eta momentuan dituen pultsioek gobernatzen dute bere jarduna.[3] Bere izaera burugogorraren adierazle, gauza ezberdinekin identifikatuta sentitzen da, eta obsesionatu egiten da; gainera, ezjakina izan arren, aukera duen bakoitzean asko dakiela erakutsi nahi izaten du, nahiz eta modu honetan bere ezjakintasuna nabarmenagoa bilakatzen duen. Beldurtia ere baden arren, ausarta dela erakutsi nahi izaten du[2].Azken finean, Xola haurren psikologia irudikatzeko bide bat da. Halako ezaugarri ugari ditu Xolak, denak ere haurren psikologiarekin erraz parekatzen direnak, eta idazleak umorea egiteko baliatzen dituenak; esperientzia gabezia Xolarengan ezjakintasuna, axolagabekeria eta lotsagabekeria bihurtzen dira, eta alferkeria xarma.[3]

Arestian esandako guztia kontuan hartuz, pertsonaia borobila eta dinamikoa da; izan ere, liburu bakoitzaren hasieran modu batera ikusten du bere burua eta amaierarako aldatu egiten da. Bere akatsak onartzen ditu edo benetako izaera zein den konturatzen da. Beraz, esan daiteke Xolarentzat garrantzitsuena autoezagutza eta autokontrola direla, baina esperientziaren bidez ikasi behar duela hori guztia.[2]

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilduma hau bost liburuz osatuta dago. Hala ere, txakur bitxi eta berezi honen jatorria 1986an Atxagak gazteleraz argitaratutako La cacería ipuina dugu. Orduko hartan Tomasa zen txakurraren izena, eta Grogo jauna (Xolaren jabea) lehendabiziko aldiz agertu zen Atxagaren obran. Gaztelerazko ipuin horren euskal bertsio bat argitaratu zen -aldaketa txiki batzuekin- 2000. urtean Xola ehizan izenburupean.[4]

Xolaren ipuin hauek adin eta mota guztietako irakurleak erakartzen dituzte, irakurleari barre eragiteko eta ondo pasarazteko helburuarekin. Txakurraren istorioak hirugarren pertsonako narratzaile orojakileak kontatzen ditu; horretarako, erritmoa, ahozkotasuna eta ironia oso elementu garrantzitsuak dira[5]. Gaia, hizkuntza, estiloa eta narratzeko modua ere guztiz aproposak dira; nabaria da idazlearen trebezia, istorioak kontatzeko iaiotasuna, eta umorearen mozorro horren azpian kontu eta kezka ezberdinen inguruan aritzeko gogoa. Hori horrela, Atxagak kalitatezko haur literatura eskaintzen du "Xola” sailaren bidez [4]. Bost liburu hauek kontaketa psikologikoa izeneko literatura motaren barruan sailkatzen dira, anekdota domestiko xumeekin egindako hari narratiboen gainean; pertsonaien barruko mugimenduekin eragiten dio akzioa kontaketari. Hori bai, guztietako ezaugarri komuna Xolaren izaera markatua da. Bestalde, narratzailearen hariari berriz helduta, aipatzekoa da, narratzailearen presentzia hain nabarmenarekin ere, liburu hauek boz gora irakurtzeko bikainak suertatzen direla, batez ere zortzi urtetik gorako haurrekin.[3]

Xolak badu lehoien berri (1995)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xolak badu lehoien berri da Xola saileko lehen obra. Liburu honetan, irakurleak txakur harrigarri hau ezagutzeko lehen aukera du.

Xolak bere burua lehoitzat hartzen du, eta lehoi baten jokabidea izan nahi du. Azkenean, baina, eguneroko errealitateak eta behar fisikoak espiritualak baino handiagoak izaki, irakurlearen ahoan irribarrea ezpaineratzen duen amaiera du ipuinak. Mikel Valverderen ilustrazioek ederki islatzen dute Xolaren irudia, animalia indartsu, boteretsu horren ideia.[4]

Liburuan lantzen den gaia heroizismoarekiko errefusa da. Fikzio fantastikoko elementuak agertzen dira: objektuak desitxuratzen dituzten ispiluak, fikzioan erabat sinesten duten pertsonaiak, etab. Munduko literaturako pertsonaiei gertatutakoei erreferentzia egiten zaie, esaterako, On Kixote eta Emma Bovaryri. Horrenbestez, istorioak liburuetan idatzitakoa serioegi hartzeak duen arriskuaz ohartarazten gaitu.[6]

Xola eta basurdeak (1996)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko liburuaren ildo beretik doa Xola eta basurdeak ere, baina argumentu sinpleagoa eta, era berean, umoretsuagoa du. Grogo jauna gogoz kontra basurdetara joango da, konpromiso bat bete beharra duelako, eta txakurra, noski, berarekin eramango du. Xola, basurdeak zer diren ere jakin Gabe, horiek harrapatzeko prest txakur guztien aurretik joango da; geroago, ordea, zergatik sakrifikatu nahi duen entzuten du, eta basurdeak benetan nolakoak diren deskubrituko du. Une horretan, ordura arte heroia izaniko txakurrak konpromisoak alde batera uzten ditu eta ihes egiten du.[4]

Heroismoa eta honek sortzen dituen arazoak dira liburu honetako gai nagusiak. Horrez gain, konpromiso batzuen arriskuaz eta zentzugabetasunaz ari da idazlea.[6] Irakurleentzat Xolaren jokabidea gozamen iturri izango da, gaizki ulertuek sorraraz ditzaketen egoerekin eta Xolak ematen dion irtenbidearekin ondo pasatuko dute.[4]

Bai testuan, bai ilustrazioetan umorea, ironia eta itxurakeria ageri dira.[4] Atxagak, teknika gisa, sinonimo ugari erabiltzen ditu eta kontakizuna txakurraren ikuspuntutik kontatzen du.[6] Mikel Valverderen irudietan ederki ikus daiteke Xolaren garapena, txakurraren adorea eta beldurra.[4]

Xola eta Angelito (2004)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oraingoan idazleak, eta harekin batera lanean ederki ari den ilustratzaileak, pertsonaia berriak aurkezten dizkigute; izan ere, Grogo eta Xola oporrak pasatzera herrixka batera joaten dira, eta han Begoña eta Angelitorekin egongo dira. Begoña, Grogoren laguna dugu; Angelito, aldiz, haren txakur bitxia. Topaketa horrek, batez ere txakurraren arteko topaketak, markatuko du ipuinaren garapena. Angelito, mendiko txakurrak bezala mintzo dena, guztiz obsesionatuta dago sagu batekin; kutxa bateko zulotik ateratzen ikusi zuen saguarekin. Haren betebehar nagusia -eta bakarra- sagu hori harrapatzea izango da, eta horretan Xolaren laguntza aparta izango du, nahiz eta azkenean irakurleak pentsatu sagua beste helburu bat lortzeko tresna besterik ez dela bilakatu bi txakurrentzat. Amaierako ukituak, metaliterarioak, istorioa irekia uzten du, norberak amai dezan, norberak imajina dezan... irribarrea ezagutu gabe une bakar batean ere.[7]

Horrenbestez, umorea eta ironia azaltzen dira liburuan, baita kultur eta errealitate aniztasuna ere. Atxagak hiriko eta baserriko mundu ezberdinen arteko talka plazaratzen digu obra honetan; baina filosofia eta pragmatika ere lantzen dira, itxura eta errealitatea. Xola eta Angelitok, antzekoak izanda ere, jokabide, hizkera eta gauzen aurreko jarrera ezberdinak dituzte; baina geroago, elkarrekin egon ondoren txakurrengan ematen den eboluzioaren lekuko izango gara. Izan ere, Xola “kultuak” Angelitoren pragmatismoaren eta bizitzaren ikuspegi errealistaren aurrean, azken honek bezala jokatzea erabakiko du. Bilakaera hori hizkuntzaren bidez ere ikus dezakegu. Atxagak bere pertsonaiak jokabide eta hizkeraren bidez karakterizatu izan ditu bere obran, eta, kasu honetan, arestian aipatutako bilakaeraren sinbolo gisa Xolak Angelitoren hizkera hartuko du beretzat.[4]

Xola eta Ameriketako izeba (2011)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laugarren abentura honetan Xola askatasuna aldarrikatzen ikusiko dugu. Argi eta garbi utziko dio Grogo jaunari berari inoren aurrean azalpenik eman behar izan gabe, “gogoak ematen diona” egitea gustatzen zaiola. Bere askatasunaren aldeko aldarrikapena, ordea, mututu egingo zaio Ameriketako izeba bisitan datorrenean. Emakume honek ohitura desberdinak erakusten ditu, Xola asaldatzeko moduko jarrerak. Honen aurrean txakurtxoa arauak eta errespetua aldarrikatzen hasiko da.[8]

Aurreko abenturekin alderatuta pertsonaiaren barne gatazketan gehiago zentratzen da narrazioa.[8]

Valverderen lanari dagokionez, esan, ilustrazioa aurreko hiruen bidetik joan dela oraingoan ere. Xola oso adierazkorra da, begien eta (bigarren) ahoaren keinuei esker bereziki, esandakoari ñabardurak azpimarratzen dizkio eta irakurleari fokua ez galtzen laguntzen dio.[8]

Haur literaturan, zineman bezala, fikzioa gailentzen ari dela uste du Bernardo Atxaga idazleak. Susmo horrek errealismoaren bidea hautatzera eraman du Atxaga Holaxe bizi da Xola saileko laugarren liburua idazterakoan: Xola eta Ameriketako izeba (Erein) kaleratu du. "Aurreiritziei buruzko kontakizun errealista da, portaera demokratikoak bultzatzen dituena"[9].

Xola eta lapurra (2015)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xola eta lapurra da Xola pertsonaiaren bosgarren abentura. Ikerketa eta misterioa ditu oinarri. Beti bezala, tonu umoretsuan agertzen zaizkigu zakur egozentrikoaren kezkak eta balentriak.

Grogo jauna eta Xola bizi diren eraikineko hainbat bizitzatan gertatutako lapurretak dira istorioaren abiapuntua. Administratzaileak eta hiriko poliziaren detektibeak bizilagunen bilera zaratatsuak Xolaren loa eteten du. Hortik aurrera, Xola ikerlari-lanetan hasiko da eraikineko lapurra nor den argitzeko eta detektibe-andreari laguntzeko.

Ilustrazioak informazio gehigarria gaineratzen du. Oso adierazgarriak eta umoretsuak dira.[10]

Lapur baten agerpenarekin jositako azken abentura honetan, hain zuzen, kontaketa psikologikoaren baitako pauso berri bat ematen du narratzaileak, eta txakurraren pentsamenduak gorputz ataletatik abiatuko balira bezala kontatzen dizkigu hainbat pasarte, hankek, isatsak, edota belarriek unean-unean zer pentsatu eta sentitzen duten adieraziz. Orain arte halakorik ez genuen ikusi Xolaren abenturetan. Eta azken bi hitz aurreratzeko, kontakatiluarena egin gabe, abentura honetan Xola eta Grogo bizi diren eraikinean lapur batek eragindako izua dela ardatza, dagoeneko 5Bn eta 4Cn norbait ebasketetan aritu baita, lapur fina nonbait, bitxiak eta dirua besterik hartu ez dituena, paparrean domina duen inspektoreandreak esan dienez. Eta Xolak amesten du domina bat gustura hartuko lukeela, urrezkoa baino, txokolatezkoa hobe... [3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b ↑ a b c Etxaniz Erle, Xabier (2007) «Interrelation between CL and adults on Bernardo Atxaga» Anuario de investigación en literatura infantil y juvenil (Nº5) ISSN 1578-6072.
  2. a b c Sáiz Ripoll, Anabel. (1997). Bernardo Atxaga, entre la fábula y la metaliteratura. Alacena, 32-34 or. ISBN 1137-7712..
  3. a b c d Mercero, Imanol. (2016ko urtarrilaren 17a). «Xola eta lapurra» Berria (Noiz kontsultatua: 2018/03/26).
  4. a b c d e f g h Etxaniz Erle, Xabier. (2007). BELA KABELATIK TERNUARA. ATXAGAREN HAUR ETA GAZTE LITERATURA. Pamiela ISBN 9788476815427..
  5. Olaziregi Alustiza, Mari Jose. (2000). «Mémoire d'une lectrice de Bernardo Atxaga» LA REVUE DES LIVRES POUR ENFANTS (nº 192) (Noiz kontsultatua: 2018/03/26).
  6. a b c (Ingelesez) Mari Jose, Olaziregi Alustiza. (2005). WAKING THE LITERARY UNIVERSE OF HEDGEHOG BERNARDO ATXAGA. CENTER FOR BASQUE STUDIES, UNIVERSITY OF NEVADA, RENO.
  7. Etxaniz Erle, Xabier. (2005eko martxoaren 22a). «Xola eta mendiko txakurra» Berria.
  8. a b c Xola eta Ameriketako izeba. (Noiz kontsultatua: 2018/03/26).
  9. Fernandez, Jon. (2011ko maiatzak 19). «'Xola eta ameriketako izeba' kaleratu du Bernardo Atxagak» Berria (Noiz kontsultatua: 2016/03/26).
  10. «Xola eta lapurra» Galtzagorri elkartea (Noiz kontsultatua: 2018/03/26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]