Xosefa Xovellanos

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Xosefa Xovellanos
Josefa de Jovellanos (Museo Nacional de Artes Decorativas).JPG
Bizitza
Jaiotza Gijón1745eko ekainaren 4a
Herrialdea  Espainia
Heriotza Gijón1807ko ekainaren 7a (62 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
asturiera
Jarduerak
Jarduerak idazlea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa Erromatar Eliza Katolikoa

Xosefa de Xovellanos y Xove Ramírez (Gijón, Asturias, 1745eko ekainaren 4a - 1807ko ekainaren 7a) asturierazko poeta garrantzitsuenetako bat izan zen. Gaspar Melchor de Jovellanosen arreba txikia.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Francisco Gregorio de Jovellanos (1706-1779) zuen aita, eta Francisca Apolinaria de Jove-Ramirez de Miranda (San Estebango markesaren eta Valdecarzanako markesen ondorengoa) ama.

Haurtzaro zoriontsu baten ondoren, bere zortzi anaia nagusiekin (horietako bat, Gaspar Melchor de Jovellanos), oso gazterik ezkondu zen, Asturiasko Gorteetako prokuradore nagusi Domingo González de Argandonarekin. Bikoteak Madrila joan behar izan zuen nahitaez; han, senarra kontaktu garrantzitsu bihurtu zen Gaspar de Jovellanosentzat. Senar-emazteek hiru alaba izan zituzten: Vicenta eta Maria Isabel, artean umeak zirela hilak; eta Gertrudis, bere aita hil eta gutxira hila, 1774an.

Bi urteren buruan, Xosefaren bizitzak erabateko aldaketa egin zuen. 1772an Madrilgo Atocha kalean bizi zen, senarrarekin batera, eta gorteko intelektualaren anfitrioia zen. Bere bigarren alaba Isabel sabelean daraman emazte zoriontsua da. 1774an, senarra hil zitzaion; alargun gelditu zen, hogeita zortzi urterekin.

Xovellanosek bere jaioterrira eraman zituen senarraren errautsak, Asturiasa. 1779an, bere beste bi alaben eta bere amaren heriotza goiztiarra sufritu zuen. Zorigaitzek errukitsu bihurtu zuten, inguruan zituen miseria sozialei erreparatu zien. Babesgabeei irakasten eta karitatezko hainbat obratan jardun zuen. Irakasle lan handia egin zuen, eta garrantzia hartu zuen bere garaiko dama ilustratutzat. Bake espirituala aurkitu zuen Gijongo Ama Errekoleten monasterioan. Han sartu zen 1793ko uztailaren 6an, 48 urterekin, eta sor Josefa de San Juan Bautista erlijio izena hartu zuen. Bere asmo nagusietako bat gauzatzea lortu zuen: neska behartsuentzako eskola bat eratzea, Enseñanza Caritativa de Nuestra Señora de los Dolores izenarekin.

Komentuan, larriki gaixotu zen Xosefa. Zenbait egilek diote gaixotasun horretan zerikusia izan zuela bere anaiari buruz jaso zuen albiste txarrak: izan ere, jakinarazi zioten bere anaia Melchor de Jovellanos preso zegoela Mallorcako Bellverko espetxean. Xosefaren osasuna larriagotu egin zen, konortea galdu zuen, eta 1807ko ekainaren 7an hil zen.[2]

Harengandik gordetzen diren gutunak komentutik bere anaiari bidali zizkion familia gutunak dira, bere bakardadea arintzeko idatziak. Gainera, bere anaia libre utzi zezaten saiatu zen, Baina ez zuen lortu Godoyk errukirik izatea.[3]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Xosefa Xovellanos bere ospakizun olerkiengatik da ezaguna. Gehienbat asturieraz idatzita daude, eta Ilustrazioaren planteamenduei atxiki zitzaien olerki horietan. Oroz gainetik, Xosefa Xovellanosek inguruan sumatzen zituen desberdinkeria eskandalagarriak salatu zituen.

Xovellanosen poemak, funtsean, Jose Cavedak prestatutako antologia baten bidez dira ezagunak. Antologiaren izenburua Colección de poesías en dialecto asturiano da.

Asturierazko literaturako erreferentziazko egileetako bat denez, gaur egun hizkuntza horretako eleberri saririk entzutetsu eta urtetsuenak haren izena darama: Xosefa Xovellanos Saria, urtero Asturiasko Printzerriko Kultura Sailak antolatua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Álvarez Faedo, María José. (2008). (PDF) Josefa de Jovellanos. Semblanza de una dama a los ojos de su hermano Gaspar de Jovellanos. Fundación Foro Jovellanos del Principado de Asturias . Noiz kontsultatua: 2016-07-16.
  2. (Gaztelaniaz) Vallaure, Emilio Marcos. (1988). Personajes asturianos: retratos para la historia (1750-1936). Museo de Bellas Artes de Asturias . Noiz kontsultatua: 2020-04-09.
  3. (Gaztelaniaz) Faedo, María José Álvarez. (2011). «Tres autoras religiosas de los ss. XVII y XVIII: las obras de Gertrude Aston, Winefrid Thimelby y Josefa de Jovellanos como reflejo de experiencias afines» Clepsydra: Revista de Estudios de Género y Teoría Feminista (10): 45–62 ISSN 1579-7902 . Noiz kontsultatua: 2020-04-09.