Zarauzko nekropolia
| Zarauzko nekropolia | |
|---|---|
| Aztarnategi arkeologikoa | |
| Herrialdea | |
| Probintzia | |
| Udalerria | Zarautz |
| Koordenatuak | 43°17′11″N 2°10′39″W / 43.2863163°N 2.1775621°W |
![]() | |
| Multzoa | Euskal Herriko historia 100 objektutan |
| Garaia | Erdi Aroa |
| menosca.com | |
Zarauzko nekropolia Zarauzko Andre Mariaren Zeruratzearen parrokiaren azpian eta inguruetan dagoen Erdi Aroko nekropoli garrantzitsuaren izena da[1]. 1997an aurkitua, Zarautzen populazioaren sekuentzia eskaintzen du, eta Erdi Aroaren hasierako zein erdialdeko egoeraren lekuko da[2]. Gaur egun bisitagarria da, museo moduan funtzionatzen duelako[3].
Aztarnategia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1997an Zarauzko dorrearen lurrean egindako zundaketa arkeologiko batek hainbat hezurdura aurkitu zituen, eta 1999an bigarren azterketa bat egin zen, jada museoan bilakatzeko ideia buruan zutela. Bertan aurkitutako Erdi Aroko aztarnek eta mugitutako erromatarren garaikoek bultzatu zuten ikerketa zabalagoa egitera. Hala ere, ikerketa hori ez zen burutu, laster Andre Mariaren Zeruratzearen parrokiaren zoruak obrak behar zituelako, eta aukera egon zelako ikerketa integrala egiteko. Ikerketa horri esker 2500 urteko okupazioa ziurtatu da, Burdin Aroan hasi, erromatarren garaian jarraitu, eta Erdi Aro osoan zehar Aro Garaikidean amaitzen dena[1].
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zarautzen eta inguruetan gizakia Paleolitotik bizi izan da (ikus, adibidez, Altxerri), eta Neolitoko aztarna nabarmenak aurkitu dira Herriko Barran[4]. Hala ere, Zarauzko nekropoliaren azpiko eremua aztertuta, Burdin Arotik aurrerako hainbat elementu interesgarri daude, Zarautzen izandako jarraikortasunaren adibide direnak.
Burdin Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Aztarnategiaren elementu berezi bat Burdin Aroko etxe bat da[5]. Aurkitutako eremuak 9 m2 ditu, eta bere ipar-mendebaldean sutondo baten marka du, 40 bat zentimetroko diametrokoa. Etxeko hormak material suntsikorrekin egin zituztela ematen du[1], eta ezin dugu jakin karratua (Intxurren bezala), eliptikoa (Berreagan bezala) edo borobilak (Henaion bezala) ote zen, nahiz eta gelaren eremua laukizuzena den[1]. Gelaren ingurukoa nolakoa zen ezin da jakin, ondoren egindako aldaketa guztiek ez dutelako kontserbatu egiturarik[5]. Hala ere, aurkitutako zeramika zatiek ez dute dudarik uzten, datazio errazekoak baitira, eta Gipuzkoako Burdin Aroko beste guen batzuetan aurkitutakoen antzekoak[5]. Datazioen arabera, okupazioa K.a. V. mende inguruan izan zen, baina ezin da jakin ea ondorengo erromatar garaiko aztarnekin segida ote zegoen, edo tartean okupaziorik gabeko mende batzuk izan ote ziren[5]. Gainean zegoen hareazko geruzak okupazio eza iradokitzen du, gutxienez gune horretan[6].
Erromatarren garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gipuzkoa erromatarren garaian itsasoari begira zegoen lurraldea zen[7]. Baskoien porturik garrantzitsuena Oiasso zen, baina Via Maris izeneko bidetik itsasoz mugitzen ziren merkantziak. Iturri klasikoetan aipatutako portuen artean Menosca dago, barduliarren lurraldean, egile batzuek Zarautzekin lotu dutena, nahiz eta ez dagoen horren ziurtasunik[8]. Parrokian egindako aurkikuntzen artean erromatarren garaiko eraikuntza nabarmenak daude, kalitate handiko I. mendeko eraikinak, kalitate ez hain oneko III. mendetik aurrerakoak, eta oso eskasak VI. mendetik aurrera[1][9]. Erromatar Inperioaren lehen fasean plaza publiko bat izan zitekeenaren gainean jarduera ekonomikoa zuten eraikinak egin ziren III. mendetik aurrera.
Nekropolia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatar inperioaren gainbeherarekin jarraitu zuten bertan bizitzen, baina ziurrenik material galkorrak erabili zituzten, eta egurrezko zutoinak jartzeko V.-VI. mendeko egiturak daude[1]. Ikerlariek ez dute argi VI. mendetik aurrera bizileku gisa etengabe erabili ote zen, edo noizbehinkako zein nekazaritza lanetarako gune izan ote zen. Indusketan aurkitutako hazien eta bi scraramsax[oh 1] aiztoren analisiak[10] esaten digu inguruan jarduera egon zela. Edonola, Inperioaren garaian izan zuen eraikuntza maila desagertu zen[1][13], baina ezerk ez digu esaten ez zirenik metro batzuk barnealderago mugitu, erromatar eraikuntzak albo batera utzita[1].
Erdi Aroko herriaren eraikuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Herriko historiaren ikerketan eztabaida handiak sortu ditu Erromatar boterearen desagerpenaren eta Ahaide Nagusien arteko tarte horretan gertatutakoak. Egile batzuek defendatzen dute erromatar garaian sortutako herriek jarraitu zutela Erdi Aroaren hasieran. Beste batzuek uste dute Erdi Aroko lehen herri horiek, leku berean eginagatik ere, guztiz desberdinak zirela eta produkzio-estrategiak guztiz desberdinak zirela. Azkenik, badira pentsatzen dutenak ekonomia-jarduerak mendietara jo zuela, abeltzaintzan zentratuta, eta mendeen poderioz bailaretara jaitsi eta herriak sortzen hasi zirela, feudalismoan botere politikoa finkatuz joan ahala[13]. Zarauzko nekropoliak pista garrantzitsuak eskaintzen ditu eztabaida horretan, oraindik Iruñeko Erresumaren botere politikoa finkatuta ez zegoen garai batekoa baita[13].
Erdi Aroko Zarauzko urbanismoari begiratuta, bi eremu desberdintzen dira: bata argia da, paraleloak diren hiru kalerekin (Trinitate kalea, Kale Nagusia eta Zigordia kalea). Bestea oso eraldatua dago, baina mendebaldean, parrokiatik gertu, landek zirkulu bat eratzen duen eremua da. Elizak ez duenez erdiko lekua hartzen, baizik eta albo batean, eta lurren kalitatearen arabera okerrena dena, García Caminok proposatu du, hipotesi gisa, herria jada existitzen zela lehen eliza eraiki zenean, eta elizak ez zituela lur-sailik onenak beretzat hartu[13]. Komunitate kristau hori martxan zen IX. mendean[1], botere gune nagusiak ziren lekuetatik urrun[13]. Eliza horren baitan zein inguruetan eraiki zen nekropolia.
Elizen eraikuntza faseak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nekropoliak bost fase ditu, gaur egungo eliza eraiki arteko tenpluak bezainbeste. Fase bakoitzean aurreko nekropoliaren zatiak apurtu ziren, batez ere ekialdeko eremuan, elizaren aldaketa etengabearen ondorioz. Iparraldean eta hegoaldean, ordea, nahiko ondo mantendu ziren eskeletoak, Santa Barbara mendiko sedimentu ekarpenak ondo zigilatu baitzituen fase bakoitzeko eremuak[1].
- Lehen elizak erromatar eraikuntzen hormetako batzuk baliatu zituen, eta baliteke beheko aldean harrizkoa izatea, baina gainean egurrezkoa, ez baita aurkitu barrura eroritako hormarik. Bere inguruan lurperatu ziren lehen gorpuak, IX. mende inguruan[1].
- Bigarren tenplua lehenengoaren gainean eraiki zen, eta berau baino pixka bat txikiagoa zen, baina harrizkoa. Tenplu horren horma guztiak ez dira agertu, gaur egungo elizaren hormen azpitik galtzen direlako, baina zati batean aurreko nekropoliaren gainean eraiki zen. Bere inguruan beste hainbat gorpu aurkitu ziren, bigarren tenplu horri lotuak[1].
- Hirugarren tenplua Gaztelak Gipuzkoa konkistatu ostean eraiki zen, eta horma sendoagoak zituen, nahiz eta teilatua egurrezkoa zela uste den. Aurreko nekropoliaren gainean eraiki zen zati handi batean. Bere erdian Zarauz familiari lotzen zaion hilobi bat aurkitu zen, ziurrenik botere feudala sortzen ari zen garaikoa[1].
- Laugarren tenplua, gaur egun dagoena, 1495ean eraikitzen hasi zen, estilo gotikoan. Eraikina aurrekoa baino askoz handiagoa zen, eta gainontzeko nekropolien eremua gainditu zuen. Azken nekropolia tenplu horri lotuta dago[1].
- Bosgarren tenplua, aurrekoaren garapen bat da, gurutze latinoarekin. Hortik aurrera ehorzketak elizaren barruan egiten hasi ziren[1].
Ehorzketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indusketan 105 hilobi aurkitu ziren eta horietatik 96 ikertu ziren, guztira 239 banako. Elizako lau bikario, fosa sinpleko banako bat eta ume bat izan ezik, beste guztiak ahoz gora etzanda daude eta Ekialdera begira[15]. Banako bat, emakume gaztea dena (UE 231), buruz behera lurperatuta dago[15], baina horren arrazoia ez da ezaguna[oh 2]. Presbiterioaren ondoan lurperatutako lau apaizen kasuan orientazioa mendebalde-ekialde da, ohikoa dena euren estatusa adierazteko[15]. UE 267 gizon gaztea eta UE 637 umea iparralde-hegoalde norabidean daude lurperatuta[15].
Dorrearen azpian lurperatutakoen kasuan izan ezik[14], ez dago estelarik ez bestelako markarik hildakoa nor den identifikatu ahal izateko. Hilobiratzeko moduan ere aldaketak egon ziren denboraren poderioz. I. tenpluarekin lotutakoen artean gehiengoa murruko hilobiak ziren, eta II. tenpluan lauzetako hilobiak ziren gehiengoa. Ikertzaileen ustez, hasierako aniztasunak homogeneizazioari lekua egin zion, elizak hilobiratze errituak kontrolatzen joan ahala. Hasierako aniztasunak, horrela, familien ohiturei erantzungo zien, eta elizak ez luke interesik edo botererik horiek kontrolpean izateko[1]. III. tenpluarekin, desberdintasun sozioekonomikoak argiagoak dira, eta boteretsuek harlanduzko hilobiak eraiki zituzten, bereziki eliza barruko Zarauz familiaren kasuan; kanpoan hobi sinpleak ziren nagusi.
Guztira aztertutako gorpuak 225 izan ziren, horietatik 48 ez-helduak eta 177 helduak. Sexuen arabera, 85 ar eta 85 eme aurkitu ziren, eta 55 zehaztu gabe, bereziki haurren artean. Jaio berri oso gutxi zeudenez (soilik 9), litekeena da beste lekuren batean lurperatzea oraindik haur ez zirenak, ez baitator bat gizarte aurre-industrialetako hilkortasun tasa ohikoekin[15]. Batez besteko altuera 162,5 zentimetro zen helduentzat, 167,5 arrentzat eta 157,5 emeentzat[15]. Herrastik eta bere taldeak hainbat gaixotasun, malformazio eta traumatismo identifikatu dituzte hezurretan egindako azterketan; nabarmena da, ez-ohikoa delako horiek aurkitzea, hainbat minbizi kasu identifikatu dituztela[15].
Adinen eta sexuen banaketa orokorra horrelakoa zen:
| Zehaztu gabea | Arra | Emea | Guztira | |
| Jaio berriak (<6 hilabete) | 9 | 9 | ||
| Haurrak (1-7) | 22 | 22 | ||
| Haur koskorrak (7-12) | 9 | 9 | ||
| Nerabeak | 3 | 1 | 2 | 6 |
| Ez-heldu zehaztu gabeak | 2 | 2 | ||
| Ez-helduak guztira | 45 | 1 | 2 | 48 |
| Gazteak (18-20) | 3 | 1 | 2 | 6 |
| Gazte-helduak | 33 | 44 | 77 | |
| Helduak | 15 | 12 | 27 | |
| Heldu-zaharrak (>50 urte) | 5 | 2 | 7 | |
| Heldu zehaztu gabeak | 7 | 30 | 23 | 60 |
| Helduak guztira | 10 | 84 | 83 | 177 |
| GUZTIRA | 55 | 85 | 85 | 225 |
Lehenengo tenplua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo tenpluari lotutako ehorzketak gutxi dira, eta IX. eta XI. mendeko kronologia eskaini dute. Identifikatu ahal izan diren guztiak bat izan ezik emakumezkoak ziren, eta bost ume ziren, horietatik hiru jaioberriak. Guztira 9 gorpu dira aurkitu direnak. Lurpetzea murruz inguratuta egiten ziren[15]. Batez besteko altuera 162,65 zentimetro zen, 158,3 zentimetro aurkitutako hiru emakumeentzat[15].
Bigarren tenplua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren tenpluan 27 gorpu identifikatu dira, horietatik hamaika gizon eta hamaika emakume. Identifikatu gabeko 2 ume eta 3 heldu daude, baina ez dago zaharrik. Hemen, berriro ere, ez dago gizarte aurreindustrial batean espero daitekeen banaketa, askoz haur gehiago egon beharko baitziren. Era berean, ez dago gizon gazterik ez pertsona zaharrik, eta aurkitutako helduen artean bizi-itxaropena txikiagoa zen emakumeengan gizonengan baino. Lurperatzeko sistema ohikoena lauzak ziren, eta X.-XII. mendeen artekoak zirela kalkulatu da[15]. Gizonezkoen batez besteko altuera 168 zentimetro zen, eta emakumeena 158,5; guztiena 163,25 zentimetro[15].
Hirugarren tenplua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hirugarren tenplua da adin tarte guztiak eskaintzen dituen lehen maila, XII. eta XIV. mendeko gorpuekin. Guztira 84 identifikatu dira, 30 gizonezko eta 28 emakumezko eta ezinezkoa den beste 26. Bost jaioberri, 14 haur eta bi gaztetxo daude. Zahar bakarra dago (50 urtetik gorakoa), eta gizonezko bat da. Berriro ere, haurrak eta gazteak ez dira nahikoak gizarte aurreindustrial baterako. Lurperaketa sistema hobi sinplea edo lauzena da, eta lau maila identifikatu dira indusketan[15]. Batez besteko altuera 161,65 zentimetro zen, 156,7 emeena eta 166,6 arrena[15].
Laugarren tenplua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Laugarren tenplua (XV.-XVI. mendeak) kaleetan ordenatutako gorpuena da, ziurrenik familien arabera[1]. Guztira lau kale aurkitu dira, lehenengo bietan sei hobi eta beste bietan lau hobi, eta horietako bakoitzean gorpu bat baino gehiago sartu ziren[15]. Hemen ere 84 gorpu aurkitu dira, 30 gizonezko eta 36 emakumezko. Ez dago jaioberririk eta 50 urtetik gorakoak gizonezkoak baino ez dira. Gazteen eta helduen artean nabarmen emakume gehiago daudenez, emakumeen bizi itxaropena ere txikiagoa zela ondoriozta daiteke[15]. Batez besteko altuera 160,24 zentimetro zen, 164,78 arrena eta 155,7 emeena.
Bosgarren tenplua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bosgarren tenplua, gaur egungoa, tenplu barneko lurperatzeekin lotuta dago, gurutze latinoko hegoaldeko kaperaren azpian. Hala ere hamabost baino ez dira aurkitu bertan, zortzi gizonezko eta bost emakumezko. Ez dago jaioberririk eta 50 urtetik gorako gizon bakarra dago[15]. Azken tenpluan bataz besteko altuera 163,9 zen, baina gorpu gutxi daudenez, ez da hain esanguratsua. Arren kasuan 171,3 zentimetro eta emeena 156,6 zen[15].
Zarauzko dorrea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zarauzko dorrearen azpian egindako indusketak lehenengo eta bigarren tenpluko ezaugarriak ditu, beheko eremua murruzkoa baita eta gainean lauzazkoak daudelako, batez ere. Egindako lehen ikerketak ebatzi zuen gehiengoa gizonezkoak zirela[14].
Museoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zarauzko dorrean lehen aurkikuntzak egin zirenetik, argi ikusi zuten bultzatzaileek museo bat egiteko aukera bazegoela, eta bigarren indusketa kanpainan horretarako moldatu zuten euren egitekoa[3]. Hortik aurrera, parrokiaren azpiko hondakinak aurkitu zirenean, aukera ikusi zen museo zabalago bat egiteko. Horrela, elizako zein dorreko lurrak kristalekin estali ziren, bisitak egin ahal izateko, eta Antzinako Erromako Menosca hiriarekin lotzen zen "Menosca Lurraldea" kontzeptua sortu zen. Pedagogia konstruktibista erabilita, Euskal Herrian ez-ohikoa zen gerturapena egin zen (Gasteizeko Santa Maria katedralak egin bezala), eta bisitak oraindik lanean ari zirela abiatu ziren[3]. 2005etik aurrera bi eraikinak bisitagarriak dira, eta hainbat jarduera egiten dira horietara gerturatzeko[16], horietako batzuk gertuko memoriari lotuak[17].
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Scramasaxak Europa iparraldeko herriek erabilitako aizto mota bat zen, adibidez frankoek, saxoiek eta godoek. Kasu honetan badirudi merovingiar estilokoa zela, eta VI-VII. mendekoa, nahiz eta zaila den zehaztasun osoz jakitea[10]. Pozok egindako tesian antzeko hainbat scramasax aipatzen dira, ohikoak garaiko baskoien artean, eta Zarauzkoak atal berean aipatzen dira[11]. Underwooden arabera, tresna hau gizon libreen estatus adierazlea zen[12].
- ↑ Aztarnategiaren bisitan bitxikeria gisa aipatzen da ahoz behera dagoen emakumearen kasua. Hipotesi gisa proposatzen da emakumezkoa protestantea izatea: oraindik lur sakratuan lurperatzen zen, baina ez katoliko gisa. Hala ere, hipotesiaren eremuan dago azalpen hori.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q Ibáñez Etxeberria, Alex; Sarasola Etxegoien, Nerea. (2009). «El yacimiento arqueológico de Santa María la Real de Zarautz (País Vasco)» Munibe. Suplemento (27): 12–85. ISSN 1698-3807. (kontsulta data: 2025-08-16).
- ↑ Ibañez Etxeberria, Alex; Moraza Barea, Alfredo; Agirre Mauleon, Juanto; Herrasti Erlogorri, Lourdes; Etxeberria Gabilondo, Francisco. «La necrópolis medieval de Santa María la Real de Zarautz (País Vasco). Resultados de la excavación arqueológica y estudio paleopatológico en el sector de la torre-campanario.» Munible (Aranzadi) 27.
- ↑ a b c Aranburu Lasa, Juan José; Vicent Otaño, Naiara. (2009). «Santa María la Real-Conjunto arqueológico monumental de Zarautz: investigar, conservar y divulgar para crear un recurso adecuado a todos los zarauztarras» Munibe. Suplemento (27): 412–431. ISSN 1698-3807. (kontsulta data: 2025-08-16).
- ↑ Fernández-Eraso, Javier; Mujika-Alustiza, José Antonio; Zapata-Peña, Lydia; Iriarte-Chiapusso, María-José; Polo-Díaz, Ana; Castaños, Pedro; Tarriño-Vinagre, Antonio; Cardoso, Sergio et al.. (2015-04-07). «Beginnings, settlement and consolidation of the production economy in the Basque region» Quaternary International 364: 162–171. doi:. ISSN 1040-6182. (kontsulta data: 2025-03-23).
- ↑ a b c d Olaetxea Elosegi, Carlos; Ibáñez Etxeberria, Alex. (2009). «Una vivienda de la Edad del Hierro en el Yacimiento de la Iglesia de Santa María la Real de Zarautz (País Vasco)» Munibe. Suplemento (27): 370–375. ISSN 1698-3807. (kontsulta data: 2025-08-16).
- ↑ (Ingelesez) «Menosca eta ipuscua artean : arkeologia eta lurraldea Zarauzko (Gipuzkoa) Santa Maria la Real elizaren aztarnategian | WorldCat.org» search.worldcat.org (kontsulta data: 2025-08-16).
- ↑ Urteaga, Mertxe; Arce, Javier. (2011). Erromatar Arkeologia Gipuzkoan. Arkeologia 0.4. Gipuzkoako Foru Aldundia ISBN 978-84-7907-669-6. (kontsulta data: 2025-03-28).
- ↑ Zaldua Etxabe, Luix Mari. (2020). Gipuzkoa antzinaroan : hizkuntzak eta eremu linguistikoak onomastikaren argitan. Euskaltzaindia, 26-46 or. ISBN 978-84-121889-6-7. PMC 1241067717. (kontsulta data: 2021-04-05).
- ↑ Cepeda Ocampo, Juan José. (2009). «Hallazgos romanos en Santa María la Real de Zarautz (País Vasco). La "terra sigillata", las lucernas y las monedas"» Munibe. Suplemento (27): 258–273. ISSN 1698-3807. (kontsulta data: 2025-08-17).
- ↑ a b Filloy Nieva, Idoia; Gil Zubillaga, Eliseo. (2009). «Estudio de los objetos metálicos procedentes de las excavaciones arqueológicas de Santa María la Real de Zarautz (País Vasco)» Munibe. Suplemento (27): 208–229. ISSN 1698-3807. (kontsulta data: 2025-08-20).
- ↑ Pozo Flores, Mikel. (2016-11-08). Vasconia y los vascones de la crisis del Imperio romano a la llegada del Islam (siglos V-VIII). Evolución sociopolítica y génesis de la gens effera. (kontsulta data: 2025-04-13).
- ↑ Underwood, Richard Allan. (1999). Anglo-Saxon weapons and warfare. Tempus ISBN 978-0-7524-1412-6. (kontsulta data: 2025-08-20).
- ↑ a b c d e García Camino, Iñaki. (2009). «"Zarautz antes que Zarautz". La primitiva aldea en el contexto de la historia altomedieval de los territorios del litoral vasco» Munibe. Suplemento (27): 376–399. ISSN 1698-3807. (kontsulta data: 2025-08-17).
- ↑ a b c Moraza Barea, Alfredo; Ibáñez Etxeberria, Alex. (2005). «Evolución cronotipológica de las inhumaciones medievales en el Cantábrico Oriental: el caso de Santa María la Real de Zarautz (Gipuzkoa)» Munibe Antropologia - Arkeologia (57): 419–434. ISSN 1132-2217. (kontsulta data: 2025-08-17).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r Herrasti Erlogorri, Lourdes; Bandres, Antxon; Esnal, Haritz; Etxeberria Gabilondo, Francisco. (2009). «Restos humanos de Santa María la Real de Zarautz (País Vasco)» Munibe. Suplemento (27): 274–349. ISSN 1698-3807. (kontsulta data: 2025-08-17).
- ↑ Zarauzko Arte eta Historia Museoa. (kontsulta data: 2025-08-20).
- ↑ Zarautz zure oroimenean - Zarauzko Historia eta Arte Museoa. (kontsulta data: 2025-08-20).
