Zazpiko errugbi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
2017ko Punta del Esteko (Uruguai) zazpiko errugbiko txapelketaren finala: Argentina 22 - 21 Fiji

Zazpiko errugbia zazpi jokalariz osatutako taldeek jokatzen duten hamabosteko errugbiaren aldaera bat da eta olinpikoa da 2016an Rio de Janeiron debuta egin zuenetik.

Zazpiko errugbiak eta hamabostekoak araudi orokorra eta zelaiaren neurriak partekatzen dituzte, baina hamabostekoak 80 minutu irauten ditu eta zazpikoa, ordea, zazpi minutuko zati bik osatzen dute, minutu biko atsedenarekin tartean. Zazpiko errugbia hamabostekoaren zelai berean baina jokalarien erdiarekin jokatzen denez, eskaera fisiologikoa altuagoa da, erasorako zein defentsarako espazioak handiagoak baitira eta alderdi hauek errugbiaren aldaera honi bizkortasuna, bizitasuna eta emozioa ematen dizkiote[1].

Zazpiko errugbia, hamabostekoa legez, World Rugbyk (WR) zuzentzen du eta Serie izeneko txapelketa nagusiak antolatzen ditu, grand prix formatuan mundu guztian zehar jokatzen diren selekzioen arteko txapelketak: HSBC Sevens World Series eta World Rugby Women's Sevens Series. Serie hauek Joko Olinpikoetarako sailkapen-txartela ematen dute.

Jatorria eta garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greenyards (2007): Melrose Rugby Football Clubaren zelaia

Zazpiko errugbia orain dela 130 urte baino gehiago sortu zen, 1883an, Eskoziako Borders konderriko Melrose herrian.

1883an, Eskoziako Errugbi Batasunak soilik 10 urte zituen eta Melrose Rugby Football Club indartsua kolokan zegoen bere finantza-arazoengatik. Dirua biltzeko asmoz, klubak Kirol Egun bat antolatzea erabaki zuen denboraldia ixteko. Kirol Egun hau antolatzen zeudela, Ned Haig eta David Sanderson harakin eta errugbilariek errugbiko taldeen jokalari kopurua hamabostetik zazpira murriztea (hiru aurrelari, erdilari bi eta atzelari bi) eta 15 minutuko partidak jokatzea proposatu zuten. Zazpiko errugbiko txapelketa ospatzea aho batez adostu zen eta Borders konderriko zazpi klubek parte hartu zuten: Gala, Selkirk, St. Cuthbert's Hawick, Earlston, Melrose, Gala Forest eta St. Ronan's Innerleithen.

Historiako zazpiko errugbiko lehen txapelketaren finala Gala eta Melrose klubek jokatu zuten 1883ko apirilaren 28an Greenyards zelaian eta Melrosek irabazi zuen luzapenean Sanderson kapitainaren garaipen-entseguari esker[2].

Ladies Cup deituriko txapelketa izan zen zazpiko errugbiaren garapenaren abiapuntua. Hurrengo urteetan, zazpiko errugbia denboraldi-aurrean zein bukaeran jokatzen hasi zen eta Borders konderritik Ingalaterrara eta Buenos Airesera iritsi zen, North Shields Sevens eta Buenos Aires Football Club-ek antolatutako txapelketekin, hurrenez hurren. Zazpiko errugbiaren hedapen- eta garapen-prozesuaren parte izan ziren Middlesex Sevens eta Rosslyn Park Sevens txapelketak. Txapelketa ezagun hauek 1926an eta 1939an jokatu ziren lehen aldiz, hurrenez hurren, eta bigarrena munduko talde gehien batzen dituen zazpiko errugbiko txapelketa da [3].

Hauen atzetik etorri zen, 1972an, historiako zazpiko errugbiko nazioarteko lehen txapelketa: SRU Centenary Sevens. Izenak dioen bezala, Eskoziako Errugbi Batasunak antolatu zuen bere mendeurrena ospatzeko, eta Ingalaterrak irabazi zuen Irlanda garaitu ostean Murrayfield zelaian. Finalistez gain, lehen nazioarteko txapelketa horretan izan ziren ere Eskozia bera, Gales, Zeelanda Berria, Australia, Frantzia eta Barbarian errugbi taldea.

SRU Centenary Sevensen ostean etorri zen zazpiko errugbiaren azkenaurreko aurrerapausoa: Hong Kong. 1972ko arrakasta ikusita, lau urte geroago antolatu zen lehendabiziko zazpiko errugbiko lehiaketa erregularra, Hong Kong Sevens, egungo Munduko Serieen aitzindaria.

Zazpiko errugbia nazioartean finkatuta, 1993an jokatu zen lehendabiziko Munduko Txapelketa (RWC Sevens) Edinburghen eta lau urte geroago, 1997an, bigarrenak Hong Kong izan zuen egoitza.

2016ko Rio de Janeiroko Joko Olinpikoen emakumezkoen zazpiko errugbiko lehen partida: Brasil 3 - 29 Britainia Handia

Kirol gehienetan bezala, Munduko Txapelketa lau urtetik behin ospatzea erabaki zuen egun World Rugby legez ezagutzen dugun International Rugby Board-ek, baina urtero jokatuko zen lehiaketa bat ere sortu zuen 1999an: egun HSBC Sevens World Series gisa ezagutzen dugun IRB Sevens World Series edo Munduko Serieak.


Urteen poderioz, emakumeen zazpiko errugbia egituratu zen eta 2009ko Munduko Txapelketan egin zuten debuta emakume errugbilariek Dubain. Pare bat urte geroago, 2011/2012 denboraldian, martxan jarri ziren egun World Rugby Women's Sevens Series bezala ezagutzen ditugun IRB Women's Sevens Challenge Cup Munduko Serieak.2009ko urrian, hain zuzen, emakumeen estreinaldi-urtean Munduko Txapelketan, zazpiko errugbiak azken aurrerapausoa eman zuen bere garapenean: Kopenhagen ospaturiko Nazioarteko Olinpiar Batzordearen bileran zazpiko errugbia 2016ko eta 2020ko Olinpiar Jokoetan kirol olinpikoa izatea onartu zen.

Palmaresa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

MUNDUKO SERIEAK
HSBC Sevens World Series World Rugby Women's Sevens Series
Denboraldia Garailea Denboraldia Garailea
1999/2000 Zeelanda Berria
2000/2001 Zeelanda Berria
2001/2002 Zeelanda Berria
2002/2003 Zeelanda Berria
2003/2004 Zeelanda Berria
2004/2005 Zeelanda Berria
2005/2006 Fiji
2006/2007 Zeelanda Berria
2007/2008 Zeelanda Berria
2008/2009 Hegoafrika
2009/2010 Samoa
2010/2011 Zeelanda Berria
2011/2012 Zeelanda Berria 2011/2012 Ingalaterra
2012/2013 Zeelanda Berria 2012/2013 Zeelanda Berria
2013/2014 Zeelanda Berria 2013/2014 Zeelanda Berria
2014/2015 Fiji 2014/2015 Zeelanda Berria
2015/2016 Fiji 2015/2016 Australia
2016/2017 Hegoafrika 2016/2017 Zeelanda Berria
2017/2018 Hegoafrika 2017/2018 Australia
MUNDUKO TXAPELKETA
Urtea Egoitza Garailea (♂) Garailea (♀)
1993 Edinburgh Ingalaterra
1997 Hong Kong Fiji
2001 Mar del Plata Zeelanda Berria
2005 Hong Kong Fiji
2009 Dubai Gales Australia
2013 Mosku Zeelanda Berria Zeelanda Berria
2018 San Frantzisko Zeelanda Berria Zeelanda Berria
2016ko RIO DE JANEIROKO OLINPIAR JOKOAK
Dominak (♂) Dominak (♀)
Urrea Zilarra Brontzea Urrea Zilarra Brontzea
Fiji Britainia Handia Hegoafrika Australia Zeelanda Berria Kanada

Araudiaren aldaera nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zazpiko errugbiak hamabosteko errugbiaren Jokoaren Legeak errespetatzen eta betetzen ditu, honako aldaera hauekin[4][5]:

  • 3. Legea: Jokalari kopurua - Taldea
    • Talde bakoitzak ez ditu izango zazpi jokalari baino gehiago joko-eremuan.
    • Talde bakoitzak bost aldaketa izendatu eta gauzatu ditzake.
  • 5. Legea: Denbora
    • Partida batek 14 minutu eta luzapena irauten ditu, 7 minutuko zati bitan banatuta. Berdindutako partidetan berdinketa hausteko denbora gehigarria jokatzen da, minutu bateko atsedenaren ostean, bost minutuko zatiak jokatzen dira. Zati gehigarriak bukatzean, taldeek zelaiaren aldeak aldatzen dituzte atsedenik gabe.
    • Final batek 20 minutu iraun dezake, 10 minutuko zati bitan banatuta, eta ohiko partidetan bezala luzapena eta denbora gehigarria izan ditzake.
    • Zati bien arteko atsedenaldia minutu bikoa izaten da.
  • 6. Legea: Partidako ofizialak
    • Zazpiko errugbian in-goal edo hageetako epaileak egongo dira.
  • 8. Legea: Puntuak markatzeko modua
    • Entsegu bat egitean, taldeak eskubidea du entsegu-gauzatze bat edo transformazio bat egiten saiatzeko drop-kick edo punpa-lasterreko ostiko baten bitartez.
    • Entsegua lortzen denetik, punpa-lasterreko ostikoa gauzatzeko joko-denborako 30 segundo izango ditu.
    • Denbora gehigarrian puntuak eskuratzen dituen lehen taldea izango da irabazlea, jokoarekin jarraitu gabe.
  • 9. Legea: Joko zikina
    • Jokalari bati kargu hartu eta minutu biko zigorra jasotzen duenean epaileak txartel horia erakutsiko dio jokalari horri. Geroago jokalari berak txartel horia merezi duen beste arau-hauste bat gauzatzen badu, jokalaria kanporatua izango da.
  • 12. Legea: Irteera zelai-erditik eta jokoa berrabiarazteko ostikoak
    • Talde batek puntuak eskuratu ostean, talde berak berrabiaraziko du jokoa zelai-erditik edo atzeragotik punpa-lasterreko ostiko baten bitartez. Jokoa berrabiarazteko ostikoa gauzatzeko 30 segundo izango ditu.
  • 19. Legea: Scrum
    • Taldeak scrum edo uztartzea osatzeko prest egon behar dira 15 segundotan.
    • Scrum edo uztartzea talde bakoitzeko hiru jokalarik osatuko dute. Hirurak elkarri helduta egon behar dira uztartzea bukatu arte.
    • Scrum edo uztartzea bukatutzat emango da pilota taldeko uztartze-erdilariak jokatzen duenean.
  • 20. Legea: Penaltiak eta Kolpe frankoak
    • Penaltiak edota kolpe frankoak ostikatzeko, ostikolariak airez edo punpa-lasterrean jo dezake pilota, baina ez lurretik.

Zazpiko errugbia Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zazpiko errugbia olinpiko izendatzeak aldaera hau indarberritu du, eta olatu olinpikoaren bultzada aprobetxatuz Euskadiko Errugbi Federazioa zazpiko errugbia sustatzen dabil azkenengo urteotan, gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Izan ere, zazpiko errugbia aukera ona bihurtu da Euskal Herria nazioartean ordezkatzeko eta selekzio ofizial gisa aldarrikatzeko, eta hala egin du Paris, Amsterdam edota Erromako txapelketetan[6].


Hain zuzen ere, Italiako hiriburuan ospatu zen Roma Sevens 2018 txapelketan Brontzezko Kopa lortu zuten Euskadiko gizonezkoen zein emakumezkoen selekzioek iazko ekainean[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   worldrugby.org «What is Rugby?» www.world.rugby . Noiz kontsultatua: 2019-03-26 .
  2.   worldrugby.org «La historia del Rugby Seven» www.world.rugby . Noiz kontsultatua: 2019-04-02 .
  3. (Ingelesez)  «History» Rosslyn Park HSBC National Schools 7s . Noiz kontsultatua: 2019-04-03 .
  4.   worldrugby.org «Sevens Laws» www.world.rugby . Noiz kontsultatua: 2019-04-07 .
  5.   «World Rugby Laws - World Rugby's Law Education Web Site» laws.worldrugby.org . Noiz kontsultatua: 2019-04-07 .
  6.   Historia . Noiz kontsultatua: 2019-04-08 .
  7. (Gaztelaniaz)  «Euskadi pone fin a la temporada de Seven con sendas Copas de Bronce en Roma» El Diario Vasco 2018-06-20 . Noiz kontsultatua: 2019-04-08 .