Zazpiribai

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Zazpiribai kantu-ikuskizunerako afixa (1972)

Zazpiribai edo Zazpiri bai 1971n eta 1972an Euskal Herrian eginiko euskarazko kantu-ikuskizun abertzale bat izan zen. Izenak «zazpi herrialdeei bai, Eskual Herriari bai» esan nahi du.

Ez Dok Amairu taldeak Baga Biga Higa ikuskizunarekin izandako arrakasta ikusita, Ipar Euskal Herrian antzeko zerbait sortzea otu zitzaion Manex Pagolari 1970eko hamarkadaren hastapenetan. «Guk ere ez ote dugu horrelako zerbait abiatzen ahal, sortzen ahal? Ikusteko gure entzuleak hobeki zerbitzatzen ditugula, eta gu kantariok poxi bat gehiago trebatzen, kantu edertiak aitzinatzen. Batzuk besten ondotik kantuz aritzea ez da segur bazter utzi behar...», idatzi zuen Pagolak beste hainbat kantariri bidalitako gutun batean, 1971n.

Pantxoa Carrerek dioenez, 1950eko hamarkadan «Benito, Laboa, Lete, beste aldeko kantariak hona etortzen hasi zirenean, hemengo jendeak "zein ondo kantatzen duen kantari espainol horrek" esaten zuen. Ideia hori hautsi nahian, euskaldunak ginela erakutsi nahian, bi aldeetako kantariak bildu nahi izan genituen eta Zazpiribai —zazpi herrialdeei bai, Eskual Herriari bai— antolatu genuen. Ikuskizunak izugarrizko arrakasta izan zuen».[1]

Ipar-Hego Euskal Herrietako hainbat abeslari Zazpiribai kantu-ikuskizunerako bildu ziren 1972an, Ez Dok Amairu desegitean. Parte hartzaileak: Manex Pagola, Ugutz Robles-Arangiz, Patxika Erramuzpe, Peio Ospital, Pantxoa Carrere, Iñaki Urtizberea (txistularia eta txirularia), Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Benito Lertxundi.[2][3]

Horrela abiatu zen Zazpiribai kantu-ikuskizuna sortzeko bidea. Pagolarekin batera, Pantxoa Carrere eta Peio Ospital, Ugutz Robles-Arangiz, Iñaki Urtizberea, Patxika Erramuzpe, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo bildu ziren egitasmo hartan. Bederatzi aldiz eman zuten, Donibane Garazin, Baionan, Hazparnen, Maulen, Hendaian eta Donibane Lohizunen. Arrakasta handia lortu zuten, eta zenbait lekutan birritan eman behar izan zuten ikuskizuna. «Guk bagenekien euskal kulturaren altxorra ederra dela. Euskal edertasun hori kantagintzarekin zerbitzatu nahi genion herriari. Lehengoa eta gaurkoa ez genituen aurka ematen», esana du Pagolak.[4]

Zazpiribairekin hasitako bideak jarraipena izan zuen Ortziken ikusgarriarekin.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Peio eta Pantxoa, hogeita bi urtez elkarrekin kantari», HABE aldizkaria, 209. zenbakia, 1991ko abendua.
  2. «Zazpiribai», Auñamendi Eusko Entziklopedia.
  3. Jon Eskisabel: «Manex Pagola», www.badok.info webgunetik 2010-06-29an hartua.
  4. Gorka Erostarbe: «Kantua, herriaren zerbitzura», Berria, 2008-04-19

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]