Zenbaki-irrati
Zenbaki-irratia formatudun zenbakiak emititzen diten uhin laburreko irrati-katea da, ustez atzerrian dauden espioiei zuzendutako mezuak bidaltzeko erabiltzen dena.[1] Identifikatutako irrati gehienek ahots-sintesia erabiltzen dute zenbakiak ahoskatzeko, nahiz eta modu digital bidezko transmisioak, hala nola fase-modulazioa eta maiztasun-modulazioa, eta Morse kode bidezko transmisioak ere ez diren arraroak. Irrati gehienek ezarritako ordutegiak dituzte, edo ordutegi patroi desberdinak; hala ere, badirudi batzuek ez dutela patroi bereizgarririk eta ausazko uneetan emititzen dutela. Irrati hauek maiztasun altuko bandako maiztasunak erabili ditzakete.[2]
Zenbaki estazioak gutxienez Lehen Mundu Gerra hasi zenetik dira ezagunak eta gaur egun ere erabiliak izaten jarraitzen dute. Irratizaleen artean badago zenbaki-estazioak monitorizatu eta sailkatzeko interesa, askori ezizenak jartzen baitzaizkie beren bereizgarriak edo jatorria irudikatzeko.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenbaki-irratien transmisioak biltzen dituen The Conect Proiektuaren arabera, Lehen Mundu Gerra hasi eta gero agertu ziren lehen zenbaki-irratiak, zenbakiak Morse kode bidez transmititzen.[3][4] Lehen Mundu Gerran gaztaroan zegoen Anton Austriakoa artxidukeak haien transmisioak entzun ohi zituen, zenbakiak idatziz eta Austriako inteligentzia militarrari informazio hori pasaz.[5]
Zenbaki-irrati kopuru ugariena Gerra Hotzaren garaian egon zen. Garai horretan idatzitako Poloniako Barne Ministerioaren barne-txosten baten arabera, DCF37 (3.370 MHz) eta DFD21 (4.010 MHz) zenbaki-irratiak Mendebaldeko Alemaniatik transmititu ziren 1950eko hamarkadaren hasieratik.[6]
Garai horretako irrati askok emititzen jarraitzen dute eta baliteke iraupen luzea izan duten irrati batzuk erabiltzailez aldatu izana.[7][8] Txekiako Barne Ministerioak eta Suediako Segurtasun Zerbitzuak aitortu dute Txekoslovakiak zenbakien geltokiak erabili zituela espioitzarako,[9][10][11] gauza bera frogatzen duten dokumentu desklasifikatuak aurkeztuz.
Zenbaki-irrati ezagun bat "E03 Lincolnshire Poacher" (Lincolnshireko isileko ehiztaria) izan zen, Britainia Handiko Inteligentzia Zerbitzu Sekretuak zuzendu zutela uste dena.[12][13] Aurretik Ingalaterratik emititzen bazen ere, 1960ko hamarkadako erdialdetik aurrera Zipreko RAF Akrotiri basetik emititu zela uste da. 2008an emititzeari utzi zion.[14] Izena, tarte-seinale modura Lincolnshire Poacher herri-kantako zatiak erabiltzen zituelako datorkio.
2001ean, AEBek Kubako Bostak epaitu zituen, Kubarako espioitza egitea egotzita. Taldeak Kubako "Atención" zenbaki-estaziotik igorritako mezuak jaso eta deskodetu zituela frogatu zen epaiketan, hurrengo hiru adibideak aurkeztuz:[15]
- "lehentasuna eman Joe eta Dennisi eta haiekiko adiskidetasuna indartzen jarraitu"
- "German eta Castor [agenteek] ez dute inolaz ere BTTRrekin edo beste erakunde batekin hegan egin behar 24an, 25ean, 26an eta 27an". (BTTR-k Brothers to the Rescue Kubako gobernuaren aurkako elkartea da)
- "Zorionak emakumezko burkide guztiei Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta".
Ipar Koreak 2016ko uztailean berpiztu zituen zenbaki-irratiak, hamasei urteko etenaldi baten ostean —analista batzuek espekulatu zuten mugimendu hori gerra psikologikoa izan zela—; halako hamasei emankizun 2017an gertatu ziren, apirilean ohikoak ez ziren momentuetan eginiko transmisioak barne.[16][17]
Espioitzarako erabilera ustezkoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Denbora luzez espekulatu da, eta aipatutako kasu judizial batean argudiatu zen, irrati mota hauek horiek gobernuko agentziek ezkutuan lan egiten duten espioiekin komunikatzeko metodo sinple gisa funtzionatzen dutela . Hipotesi horren arabera, mezuak erabilera bakarreko blok edo libreta erabiliz zifratu behar dira, arerioek deszifratzeko aukerarik izan ez dezan. 2008an Wallace & Melton-ek espioitzarako zenbaki estazioak modu honetan nola erabil zitezkeen deskribatu zuen:[18]
- Noranzko bakarreko ahots-loturak (One-way voice link, OWVL) ezkutuko komunikazio-sistema bat deskribatzen zuen, non agente baten aldatu gabeko uhin-laburreko irratira mezuak igortzen zirena 3 and 30 MHz arteko maiztasun handiko banda laburrak erabiliz, agentearen komunikazio-planean jasotako ordu, data eta maiztasun jakinarekin.[18]
- Transmisioak ausazko zenbakien sekuentzia errepikatu batzuetan zeuden, eta agentearen erabilera bakarreko bloka erabiliz bakarrik deszifratu zitezkeen. Argibideei zehatz-mehatz jarraitzen bazitzaien, OWVL transmisioa hautsezintzat jotzen zen. Agenteak irrati labur baten jabe izatea justifika zezakeen bitartean eta zaintza teknikopean ez zegoenean, maiztasun handiko OWVL sistema segurua eta lehentasunezkoa zen CIArentzat Gerra Hotzaren garaian.[18]
Teoria honen aldeko ebidentzien artean dago baita, zenbakien estazioek euren emisioak aldatu izan dituztela edota emisio berezi eta programatugabeak egin dituztela ezohiko gertakari politikoekin jazotzean, adibidez, 1991ko abuztuko kolpe saiakera Sobietar Batasunean.
The Daily Telegraph-en argitaratutako 1998ko artikulu batek Erresuma Batuko Merkataritza eta Industria Saileko bozeramaile baten aipua egin zuen (garai hartan, Erresuma Batuan irrati-emisioa arautzen zuen gobernuko saila), esanez
- "[zenbaki-irrati] hauek zuk uste duzuna dira. Jendea ez litzateke hauengatik mistifikatu beharko. Ez dira, esan dezagun, kontsumo publikorako".
Formatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orokorrean, zenbaki-irratiek oinarrizko formatu jakin bat jarraitzen dute, nahiz eta xehetasunetan ezberdintasun asko egon estazioen artean. Transmisioak, normalean, ordubetean edo ordu erdian hasten dira. [behar den zitazioa
Transmisio baten preludioa, sarrera edo call-up-a (zeinetatik geltokien ezizen informalak eratorri ohi diren) identifikatzaileren bat dakar, irratiarentzat berarentzat, aurreikusitako hartzailearentzat, edo bientzat.[19] Horrek zenbakizko edo irrati-alfabetozko "kode-izenen" forma har dezake (adib. "Charlie India Oscar", "250 250 250", "Six-Niner-Zero-Oblique-Five -Four"), esaldi bereizgarriak (adib. "¡Atención! ", "Achtung! ", "Ready? Ready? ", "1234567890"), eta batzuetan soinu musikalak edo elektronikoak (adib. "The Lincolnshire Poacher", "The Magnetic Fields"). Batzuetan, irrati-alfabetoko irratien kasuan bezala, sarrerak jarraitu beharreko mezuaren izaera edo lehentasuna ere adieraz dezake (adibidez, mezurik jarraitzen ez duela adieraz dezake). Askotan, sarrera aldi jakin batez errepikatzen da behin eta berriro mezuaren gorputza hasi aurretik.
Sarreraren ondoren, transmisioan erabiliko diren zenbaki-taldeen kopuruaren inguruko iragarpena igorri ohi da, edo erabilera bakarreko bloketik erabiliko den orrialde zenbakia, edo egoki ikusten den beste edozein informazio.[19] Ondoren, zenbaki-taldeak ozen irakurtzen dira dira. Taldeak lauzpabost digitu edo irrati-alfabetozko letrak izan ohi dira. Taldeak errepikatu ohi dira, talde bakoitza bi aldiz irakurriz edo mezu osoa osotasunean errepikatuz.
Irrati batzuek mezu bat baino gehiago bidaltzen dute transmisio batean. Kasu honetan, aurreko prozesuaren zati bat edo guztia errepikatzen da, eduki ezberdinekin.
Azkenik, mezu guztiak bidali ondoren, zenbaki-irratiak modu bereizgarriren batean agurtuko du mezua. Normalean, "amaiera" hitzaren aldaera bat besterik ez da izango, irratiak erabiltzen duen hizkuntzan (adibidez, "End of message; End of transmission", "Ende", "Fini", "Final", "конеie"). Irrati batzuk, batez ere antzinako Sobietar Batasunean sortu zirela uste direnak, zeroekin amaitzen dira, adibidez, "00000" edo "000 000 000", beste batzuk, orea, musikarekin edo beste soinu batzuekin.[19]
Mezuen izaera sekretua dela eta, zenbaki-irrati jakinek erabiltzen duten funtzio kriptografikoa ez da publikoki ezaguna. Suposatzen da irrati gehienek erabilera bakarreko blok bat erabiltzen dutela, zenbaki-talde horien edukia ausaz sortutako zenbaki edo digituetatik bereizezin bihurtuko lukeena. Hala izan zen baieztatutako kasu batean, Mendebaldeko Alemaniak zenbaki-transmisioetarako behin behineko pad bat erabili zuela jakina baita.[20]
Identifikazio eta Klasifikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zenbaki-irratietatik datozen emisioak gainbegiratu eta erregistratzea irratizale askoren denborapasa izan da, gutxienez 1970 hamarkadatik hona.[21] Jarraipena egiten duten irratizaleek zenbaki-irratiei ezizenak jartzen dizkiete, normalean irrati horren elementu bereizgarri batean oinarrituta, tarte-seinalea modura. Adibidez, "Lincolnshire Poacher" irratiak, izen bera duen kanta herrikoiaren lehen bi konpasak jartzen zituen. Batzuetan, bereizgarri hauek, irrati baten kokalekua identifikatzen lagundu izan dute. Adibez, "Atención" irratia Kuban egon dela uste da, ustezko akats bat dela-eta zenbaki-irrati horrek erabili izan duen maiztasunean Radio Habana Cubak emititu zuelako.[22]
Ezizenak erabiltzeak antzeko irratiak identifikatzerako orduan nahasmena sor zezakeelakoan, irrati hauen jarraipena egiten duen ENIGMA taldeko kide zen M. Gauffman irrati bakoitzari identifikatzaile bat esleitzen hasi zen.[23] 2000. urtean ENIGMA taldeak ENIGMA 2000 taldean izan zuen jarraipena[24] eta talde honek jarraitzen du mantentzen zenbaki-irratien zerrenda, bakoitza dagokion identifikatzailearekin eta klasifikazioarekin. "ENIGMA 2000 Active Station List" izena daraman zerrenda honen azken bertsioa 2017ko irailean argitaratu zen. Horretaz gain, taldean bi hilean behin buletina argitaratzen du, tarte horretan izandako berri desberdinekin.[25]
ENIGMA2000 taldeak zenbaki-irratiak klasifikatzeko sortutako sistemak hizki bat eta zenbaki batez dago osatuta (edo "X" irrati batzuen kasuan, hizki bat eta zenbaki gehiagoz). Hizkiak irratiak darabilen hizkuntza identifikatzen du:
- E-k ingelesez emititzen duen irratia adierazten du.
- G-k alemanez emititzen duen irratia adierazten du.
- S-k eslaviar hizkuntza baten emititzen duen irratia adierazten du.
- V-k aurretik zerrendatu gabeko hizkuntza batean emititzen duen irratia adierazten du.
- M-k Morse kodea erabiliz emititzen duen irratia adierazten du.
- X-k beste edozein emisio adierazten du, adibidez politonoak edota oraindik azalpenik ez daukaten beste emisioak (eta baliteke zenbaki-irratiak ez izatea)
Badira beste irrati batzuk klasifikazio jakin batekin:
- SK: Modu digitalean emititzen dutenak
- HM: Modu hibridioan emititzen dutenak
- DP: Modu pseudo-digitaleko politonoa emititzen dutenak.
Irrati batzuei, euren identifikatzailea ere kendu izan zaie, zenbak-irrati bat ez zirela zehaztu zenean. Adibidez, hau gertatu zitzaion E22 irratiari, zeina 2005ean ikusi zen All India irratiak erabiltzen zuen irratia zela frogak egiteko.[26]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Olivia Sorrel-Dejerine. (16 April 2014). «The spooky world of the 'numbers stations'» BBC News.
- ↑ «Number stations» Priyom.
- ↑ Segal, David. (3 August 2004). «The shortwave and the calling: For Akin Fernandez, cryptic messages became music to his ears» The Washington Post: C01..
- ↑ Mason, 1991
- ↑ Schaum, Ryan. (30 November 2014). The First Numbers Stations. NSRIC.
- ↑ Bury, Jan. (October 2007). «From the archives: The U.S. and West German agent radio ciphers» Cryptologia 31 (4): 343–357. doi:. ISSN 0161-1194..
- ↑ (Ingelesez) «The spooky world of the 'numbers stations'» BBC News 2014-04-16.
- ↑ «Numbers Stations Research» Numbers Stations Research.
- ↑ (Suedieraz) Lyssna på ett hemligt telegram. Säkerhetspolisen 23 January 2015.
- ↑ The Swedish Security Service Releases Info on a Numbers Station. NSRIC 24 July 2015.
- ↑ (Suedieraz) Catinka Mannerfelt Agneskog. Säpos hemliga radiotelegram. SvD Nyheter.
- ↑ (Ingelesez) «E03» Priyom.org.
- ↑ E03 The LincolnShire Poacher. .[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Ingelesez) Gorvett, Zaria. (15 July 2020). «The ghostly radio station that no one claims to run» BBC Future.
- ↑ Sokol, Brett. (8 February 2001). «Espionage Is in the Air» Miami New Times.
- ↑ Choe, Sang-Hun. (2016-07-21). «North Korea revives coded spy broadcasts after 16 year silence» The New York Times.
- ↑ Osbourne, Simon. (2017-05-12). «North Korea sends chilling coded radio messages to South Korea amid fears of WW3» Daily Express.
- 1 2 3 (Ingelesez) Wallace, Manolis, ed. (2008). Advances in Semantic Media Adaptation and Personalization. Springer Berlin Heidelberg doi:. ISBN 978-3-540-76359-8. (kontsulta data: 2025-03-21).
- 1 2 3 Intro to Numbers Stations. NSRIC 8 February 2016.
- ↑ Wagner, Thomas. (8 December 2012). «If it had not been for 15 Minutes, Chapter 7» Radio Weblogs.
- ↑ (Ingelesez) «Before Enigma: The Early Numbers Stations Monitors» www.numbers-stations.com 2016-02-08 (kontsulta data: 2025-03-21).
- ↑ (Ingelesez) Poundstone, William. (1983). Big Secrets. , 197 or. ISBN 0688048307..
- ↑ (Ingelesez) «ENIGMA Newsletters 1-18 - Number Stations Research» www.numbers-stations.com 2016-02-08 (kontsulta data: 2025-03-21).
- ↑ ENIGMA 2000. .
- ↑ «ENIGMA2000 Number Stations Group» www.signalshed.com (kontsulta data: 2025-03-21).
- ↑ E2K 32 – E22 is not what it seems. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2007-11-17).