Zenbaki indize

Wikipedia, Entziklopedia askea
Errenta herrialde zenbaitetan
Europa: 100
Espainia: 80
Frantzia:110
Italia: 105
Portugal: 60
Herrialde zenbaitetako errentak alderatzeko zenbaki indize hauetan, Europa oinarria edo erreferentzia da eta 100 balioa hartzen du. Europan 100 bada errenta, Espainian 80 da, hau da, Europan baino %20 txikiagoa [1]

Ekonomian, zenbaki indizeak aldagai multzo baten baterako bilakaera, eskuarki denboran zehar, jasotzen duten zenbakiak dira. Espazioan zehar, eskualde edo herrialde batetik bestera esaterako, erkaketak egiteko ere erabiltzen dira. Gehienetan, ordea, prezioen eta kontsumo nahiz ekoizpenen bilakaera neurtzeko erabiltzen dira. Oro har, zenbaki indizeak 100 balioa hartzen du oinarrizko aldian edo denboran zehar eta oinarri horretatik aldi edo herrialde edo eskualde bakoitzean 100eko balio horretatik zenbat aldentzen den adierazten du. Adibidez, Kontsumorako Prezioen Indizeak familien erosketa-saskia osatzen duten gai eta produktuen prezioen gehikuntzak jasotzen ditu denboran zehar. Espazioan, herrialde batetik bestera, Europako batez besteko errentari 100 balioari esleitu eta erreferentzia horretatik herrialde bakoitzeko errenta norantz (gorantz edo beherantz) eta zenbat desbideratzen den kalkula daiteke zenbaki indize baten bitartez.

Zenbaki indizeek aldagai bakar baten bilakaera adierazten dutenean, zenbaki indize sinpleak direla esaten da (autobus ibilbide bateko prezioaren bilakaera aztertu behar denean, adibidez). Aldagai multzo baten bilakaera aztertu nahi denean, berriz, zenbaki indize konplexuak erabili behar dira (adibidez, eskualde batean autobusez egin daitezkeen ibilbide guztietako prezioen baterako bilakaera aztertu nahi denean).

Kalkulurako adibidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autobus bidaia baten prezioak 2000, 2001, eta 2002 urteetan, 80, 90 eta 100 euro badira hurrenez hurren, autobus bidaiaren prezioen indizeak, oinarri edo erreferentziatzat 0 urtea harturik hauek dira:

Urtea Prezioa Prezio-indizea
2000 80 100
2001 90 (90/80)×100=112.5
2002 100 (100/80)×100=125

Horrela, autobus bidaiaren prezioa lehenengo urtean %12.5 igo zen, 2000 urtearekiko. 2002 urtean prezioa %25 igo da, oinarri den 2000 urtearekiko.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Datuak alegiazkoak dira.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Ekonomia Artikulu hau ekonomiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.