Zheng He

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Zheng He

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturak鄭和
JaiotzaKunming, 1371
HerrialdeaMing dinastia
Talde etnikoaHui etnia
HeriotzaNanjing, 1433 (61/62 urte)
Hobiratze lekuaTomb of Zheng Da Chia (en) Itzuli
Familia
AitaHajji Ma
Familia
Hezkuntza
Hizkuntzaktxinera
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea, diplomazialaria, itsasturia, Eunukoa eta bidaiaria
Lantokia(k)Ming dinastia
Hego-ekialdeko Asia
Indiako azpikontinentea
Ekialde Hurbila
Ekialdeko Afrika eta Indiako ozeanoa
Enplegatzailea(k)Yǒnglè
Hongxi Emperor (en) Itzuli
Xuande
Lan nabarmenak
GraduaFlotako almirante
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaislama

Zheng He (Kunming, Yunnan, Txina, 1371 - 1433 edo 1435; (txinera tradizionalean, 鄭和; txinera sinplifikatuan, 郑和; pinyinez: Zhèng Hé; Wade-Giles, Cheng Ho) esploratzaile eta marinel txinatarra izan zen. Zazpi espedizio antolatu zituen 1405etik 1433ra, eta gaur egungo Vietnam, Java, Sumatra, Malaka, Sri Lanka, Ormuz, Somalia eta Arabiako kostalderaino joan zen, bidaldi bakoitzean hogei mila gizon zituela bere agindupean. Espedizio horien ondorioz, txinatarrek harreman diplomatikoak itxi zituzten herri horietako agintariekin; mapak egiteko teknika hobetu zuten, eta ordu arte ezezagunak zituzten meatzaritza, landare eta animaliak (jirafak, zebrak, ostrukak) eraman zituzten Txinara.

altxor ontzia Zheng He

Azken finean, Txinatar gobernu inperialaren helburua urruneko zein aldameneko estatuei euren indarra eta boterea erakustea zen. Baina, 1433. urtean, Zheng He almiranteak bere azken bidaia egin zuen, ordu ezkero, gobernu inperialak bere politika goitik behera aldatuko baitzuen. Horren arrazoia eunukoek esplorazio itsas-bidaiekin zeukaten aurkakotasuna zen, eta, azkenean, euren ideiak estatu osoan aplikatzea lortu zuten.

Zheng He historiako itsas esploratzaile txinatar handiena izan zen, eta Asiako garrantzitsuena, baita Lehen Mundu Gerra arte mundua ezagutu zuen armadarik handieneko komandantea ere[1]. Zheng He, Ma Sanbao izenez ere ezaguna, eunuko militar, marinel eta esploratzaile txinatar musulmana izan zen, bereziki ospetsua 1405 eta 1433 bitartean egindako zazpi itsas espedizioengatik Ming dinastiaren garai goiztiarrean, batzuk elezaharreko Simbaden bidaiekin identifikatzen dituztenak. Bere ekarpenak funtsezkoak dira Txinako kartografiaren historia aurreratua ulertzeko.

Bere espedizioetan, Nanjingen hasi zirenak, Zheng He Asiako hego-ekialdea, Indonesia, Zeilan, India, Persiar golkoa, arabiar penintsula eta Afrika ekialdea, Mozambikeko kanaleraino, esploratu zuen, 37 herrialde bisitatuz[2].

Altxorraren bidaien helburua Txinako boterea eta aberastasuna mundu osora proiektatzea zen, baita eskualdeko itsas ibilbide komertzial nagusiak kontrolatzea[3]. Bere bidaiek truke diplomatiko, komertzial eta kultural garrantzitsua eragin zuten atzerriarekin. Txinako antolaketa-gaitasuna eta botere teknologikoa erakusten lagundu arren, ez zuten lurralde-anexiorik egin Txinako kolonialismoaren eta inperialismoaren tradiziorik ezagatik[4]. Zheng Heren zazpi bidaiek aberastasun handia eman zioten Txinari, Inperioa munduko lehen superpotentzia gisa goratu zuten, eta kultura eta kolonizatzaile txinatarrak planetaren azken mugetaraino hedatu zituzten[5]. Haren heriotzaren ondoren, [[[Konfuzianismo| konfuzionistak]] beren mundu-ikuskera inposatu zuten berriro, eta, beraz, hurrengo mendeetan isolazionismoa bultzatu zen. Hala ere, Zheng Hek arrasto sakona utzi zuen Txinako gizartean eta, oro har, Asiako hego-ekialde osoan.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia eta haurtzaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zheng He 1371n jaio zen Hedai[6] herrixkan, Jinning barrutian, gaur egungo Kunmingen, Yunnan probintzian, Himalaiako mendien inguruan, itsas mailatik 2000 metroko altueran, eta itsas portu hurbilenetik bi hilabeteko bidaiera[7]. Yunnan (Tibet, Birmania eta Laosekin muga egiten duen hegoaldeko probintzia), biztanle musulman asko zituena, dinastia mongoliarraren jarraitzaileen azken gotorlekua zen[8].

Ma Haji eta bere seme gaztea, Ma He, etorkizuneko Zheng He, Kunyangeko eskultura batean irudikatuak.

Zhen Heren gurasoak Ma Haji eta Weng izan ziren, eta anaia nagusi bat eta lau arreba zituen[9]. Bere bataio-izena Ma He zen, familiaren jatorri musulmanaren adierazgarri, Ma «Mahoma»-ren txinerazko bertsioa baita[10]. Txinatar nazionalitatea izan arren, Zheng He ez zen txinatar etniakoa (han etnia), baizik eta Ming dinastian semu kasta deitzen zenaren barruan sartzen zen, han, Mongol edo atzerritarrak ez ziren guztiak barne hartzen zituena. Semu kastaren barruan, Zheng He Hui etniako azpikastakoa zen, Mingen artean garrantzi handia izan zuen bakarra, eta islamaren praktika eta txinera ohiko hizkuntza gisa erabiltzea ziren haien ezaugarriak[11].

Zheng He-ren herenaitona, Sayyid Ajjal Shams al-Din Omar (1211-1279), jatorriz Bujarákoa zen, gaur egungo Uzbekistan, eta Yunnan probintziako gobernadore izan zen Kublai Khan (Yuan dinastiaren fundatzailea) enperadore mongolaren mendean, zeinak 1279tik 1368ra Txinan agindu baitzuen[12]. Bayan, bere birraitona, Yunnango mongol goarniziokoa izan zela dirudi[13].

Ma He-ren aita eta aitona Haji izenarekin ezagutzen ziren, hajj edo Mekarako erromesaldia egiten duten gizon musulmanei emandako ohorezko titulua[14].​ Ma He hazi zen urruneko lurretara egindako bidaien kontakizunak entzunez. Aita artzaintzan aritzen zela eta pobretu egin zela diote[15].​ Ma Heren aita leiala izaten jarraitu zuen Yuan mongol dinastiarekin, denbora gutxi zela eraitsia, nahiz eta Ming dinastian bihurtuko zeneko erreboltariek Txinako gero eta lur-zerrenda handiagoak konkistatzen zituzten[12].

Ming-ek harrapatzea eta gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1381eko udazkenean, Ming armada batek Yunnan probintzia inbaditu, eta mendean hartu zuen. Orduan Liangeko printzea zen Basalawarmi printze mongolak gobernatua[16].​ Zheng Heren aita Ming armadaren eta Mongoliako indarren arteko borroketan hil zen. Wenming-ek, seme zaharrenak, Kunming-etik kanpo lurperatu zuen aita[17].​ Hirugarren bidaia amaitu ondoren, Zheng He heroi eta goi-mailako funtzionario gisa itzuli zen jaioterrira, Kunyang-era, Kunming-etik gertu, Yunnanen, non hilobi bat eraiki baitzuen aitarentzako[18].

Fu Youde jeneralaren Ming armadak Yunnanen harrapatu zuen Zheng He, 1381ean[19].​ Garaiko ohiko jardunari jarraituz, 10 eta 14 urte bitarteko garaian zikiratua izan zen[20].

1385 aldera, Ma He Zhu Di-ren etxera bidali zuten (Yango Printzea, Hongwu enperadorearen laugarren semea)[21], zeinak Pekin gobernatzen zuen 1380az geroztik, iparraldeko mugatik gertu eta tribu mongol etsaekin[22].​ Zhu Di, izan ere, Ma He baino hamaika urte zaharragoa zen, eta, geroago, Yongle enperadore bihurtu zen[23]. Zerbitzari eunuko gisa esklabo bihurtuta, Ma Hek Zhu Diren konfiantza irabazi zuen[23], eta Zhu Dik, berriz, haren ongile gisa, eunuko gaztearen leialtasuna eta fideltasuna irabazi zituen.​ Ma He Ma Sanbao (馬三寶/马三宝 o 三保[24]​ izenez ere izaguna izan zen Yan printzearekin lanean zegoelarik[25].​ Izen horrek Hiru Bitxiak esan nahi zuen, budismoaren hiru harriduren erreferentziaz[26].

Ming Inperioa (estatu basailurik gabe) Yongleren erregealdian.

Ma Hek hezkuntza zabala jaso zuen Pekinen, gerrako eta diplomaziako arteetako instrukzioa barne, eta Konfuzio eta Mentzioren lanetatik ikasi zuen[12]; hezkuntza hori ez zuen Nanjing hiriburu inperialean izango, Hongwu enperadoreak ez baitzuen eunukoengan konfiantzarik eta hobe zela analfabeto mantentzea uste baitzuen[25].

Ma Hek, lehen urteak, ipar mugan eman zituen soldadu gisa, maiz Zhu Dik mongolen aurka egindako kanpaina militarretan parte hartuz, eta ofizial bihurtu zen[27]. 1387an, Ma Hek, hala, printzeari lagundu zion Mingtarren kanpainan, Urianjaien horden aurka. Azkenean, garaipen handia lortu zuen Jinshaneko guduan, baita Naghachu mongol komandantearen errenditzea ere[28].

Zheng Heren karrera militarra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, Ma He Zhu Di Yango printzearen konfiantzazko kontseilari bihurtu, eta Yongle enperadore bihurtzen lagundu zion[23].

1393an, Zhu Biao printze oinordekoa hil zen, eta haren seme, Zhu Yunwen, oinordeko berria izendatu zuten, antzinako arau inperial zorrotzei jarraikiz. Hongwu enperadorea hil aurretik, Qingo Printzea eta Yingo Printzea hil ziren, eta Zhu Di Hongwu enperadorearen seme zaharren gisa gelditu zen, zeinak 26 seme-alaba izan zituen. Hongwu enperadorea 1398an hil zenean, Zhu Yunwen tronu inperialera igo zen, eta Jianwen enperadore izena hartu zuen. Urte horretan, xuēfān edo feudadunaren murrizketa izeneko politika egin zuen (txineraz, 削藩), Printzeen (beraren osaba-izeben) boterea eta indar militarrak murriztea helburu zuena. 1399ko abuztuan, Zhu Di erabat matxinatu zen bere ilobaren kontra, Jignan izeneko matxinada hasiz. Urte hartan, Ma Hek arrakastaz defendatu zuen Beijing hiriko urtegia, Zhenglunba, armada inperialen aurka[29].

1402ko urtarrilean, Zhu Dik kapital inperiala (Nanjing) harrapatzeko kanpaina hasi zuenean, Ma He bere komandante fidagarrienetako bat zen. Zhu Diren armadek, armada inperialak garaitu ondoren, Nanjingerantz jo zuten, 1402ko uztailaren 13an[30].​ Uztailaren 17an, Yongle enperadore gisa tronura igo ondoren, Zhu Dik Ma He Jauregiko Zerbitzarien (内宫監) Zuzendari Nagusitzara (太監, tàijiān) sustatu zuen[31]. Txinatar Urte Berrian, 1404ko otsailaren 11n, Yongle enperadoreak Zheng abizena eman zion Ma Heri, 1399ko Beijing-eko setioan, tropa inperialen aurka nabarmendu zelako Zhenglilbako batailan eta 1402an Nanjing harrapatu zuenean emandako zerbitzuengatik[32].

Administrazio berrian, gainera, Zheng He almirante nagusi gisa aritu zen enperadorearen izenean egin zituen zazpi bidaietan, Ekialdeko Ozeano Barean eta Indiako Ozeanoan merkataritza sustatzeko eta zergak biltzeko[33].

1424an, Zheng He Palenbangera (Sumatra) joan zen misio ofizial batean[34]. Itzuli zenean, Yongle enperadorea abuztuaren 12an hil zela eta irailaren 7an Zhu Gaozhik ordeztu zuela jakin zuen, tronuaren oinordekoa baitzen; Hongxi enperadore izena hartu, eta urtebete baino gutxiago iraun zuen errege[35].​ Hongxik altxorraren bidaia berrien enpresa bukatutzat eman zuen, baina, 1425eko otsailaren 24an, Zheng He Nanjingen defendatzaile izendatu zuen, hiria defendatzeko altxor-flotaren agintea gordez[36].

1428ko martxoaren 25ean, Xuande enperadore berriak, Hongxiren semeak, Zheng He eta beste batzuei agindu zien Nanjingeko Bao’Tenplu Handia berreraikitzeko eta konpontzeko, Yongle enperadorearen erregealdian diseinatu eta eraiki zena, eta lana 1431n amaitu zen[37].​ Tenpluaren barruan, Portzelanazko Dorrea eraikitzeko lanak zuzendu zituen, aro klasikoko munduko mirarietako bat kontsideratzen dena.

1430ean, Xuande enperadoreak Indiako Ozeanorako zazpigarren eta azken espedizio bat egiteko agindu zion Zheng Heri; Zheng He espedizio horretan hil zen, 1433an.

Zheng He ez zen Kolon, Magallaes edo Cook bat izan; ez zen esploratzaile edo konkistatzailea. Hori ez zen bere lana, eta, hain zuzen, eromena izango zen hirurehun ontzi eta milaka gizon ezezagunerantz bidaltzea. Ez zen nabigatzailea, talentu handiko eta almirante bikaineko liderra baizik, Txinak eta agian itsas historiak ezagutu duen onena[38].

izquierda

Deskribapen fisikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zheng He ez dirudi eunukoen ohiko deskribapenera egokitu daitekeenik. Bere familiak deskribatu zuenez (haien objektibotasunez zalantza egin daiteke), Zheng Hek «zazpi oin altu eta bularra bost oineko zirkunferentzia» omen zituen (esan beharra da oin txinatarra Europakoa baino txikiagoa dela)[27]. «Bere masailak eta bekokia goian zeuden, baina bere sudurra txikia zen. Begi distiratsuak zituen, eta gelaxkak bezain forma perfektuko hortz zuriak eta kanpai handi bat bezain ahots indartsua»[39].

Bere itxura fisikoari buruzko beste iturri bat gorteko ofizial batek ematen digu, enperadoreak itsasoz bestaldeko espedizioetako lehena kapitaintzeko agintzen dionean. Ofizial horren arabera, Zheng Heren azala «laranja baten azala bezain gogorra» zen. Bi bekainen arteko bereizketa (Txinako tradizioaren arabera zoriontasunaren aurresatea) estua zen, eta horrek iradokitzen zuen zoriontasuna bere bizitza profesionalaren bidez lortuko zuela. «Bekainak ezpata gisakoak ziren, eta bekokia, zabala, tigre batena bezalakoa», zeinu biak indartsuak eta aginterako egokiak. Haren ahoa «itsasoa bezalakoa» zen, eta handik hitzak elokuentziaz sortzen ziren. Haren begiek («dirdiratsuak, argia ibai laster batean bezala») agerian uzten zuten haien energia eta bizitasuna[40].

Sinismenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badirudi Zheng Hek sinkretismoa aplikatu zuela bere sinismenean helduarora iristean[41], alde batetik Islama praktikatuz eta, agian, bere fede-anaien alde eginez, musulmanak gaizki ikusita baitzeuden Ming dinastiaren hasieran, aurreko Yuan mongol dinastian zerga-biltzaileen eginkizuna bete zutelako[42].​ Hala ere, errespetua gorde zuen aurkitu zituen gainerako erlijioekin, batez ere budismoarekin eta taoismoarekin, Galleren inskripzioan ikusten denez, eta Tianfei itsasoko jainkosa txinatarrari debozioa gordez, Liujiagang eta Changleko inskripzioetan ikus daitekeenez, eta horrek erakusten du jainkosak Altxorraren Ontzidian zuen zeregin nagusia[43].

Ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatzekoa da Zheng Hek ez zuela ondorengotza biologikorik izan, pubertaroaren aurretik eunuco zikiratua baitzen. Hala ere, Zheng Haozhao, anaia zaharrenaren semea, berekin hartu zuen, eta, nahiz eta adopziozko aitaren tituluak ezin jarauntsi izan, jabetzak bai hartu ahal izan zuen. Horregatik, gaur egun, Yunnan eta Jiangsu probintzietako eta Txiang Mai aldeko 250 musulman inguruk bere burua haren ondorengo aitortzen dute[44].

Zheng Heren bidaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zheng Heren bidaien ibilbideak

Badira, Han dinastiaren garaian, lehen milurtekoan, Arabiako penintsulara egindako bidaiei buruzko testigantzak. Song dinastian, txinatarrak Indiara, Persiako Golkora eta Afrikara iritsi ziren[45]. Yuan mongol dinastiarekin, XIV. mendean, zabaldu egin zen Txinaren mundu ezagutza, lehen Txinak eta inguruko itsasoek baino erakusten ez zituzten mapetan ikus daitekeenez; gero, gehiago hedatu ziren hego-mendebaldera, Arabiaren eta Afrikaren irudikapen zehatzagoekin[46], itsasgizon arabiarren eta veneziarren artean beren itsas gutunak zirkulatuz. 1405 eta 1433 bitartean, Ming gobernuak itsas espedizioak babestu zituen txinatar presentzia eta Indiako Ozeanoaren merkataritzaren gaineko kontrol inperiala ezartzeko, eskualde horretako atzerriko herriak txunditzeko eta inperioaren zerga-sistema zabaltzeko, itsasoz haraindiko lurralde-hedapenik bilatu gabe.

Zatiketa-metodoaren arabera, bidaia-kopurua aldatu egiten da, baina, oro har, «mendebaldeko ozeanoa» zazpi aldiz nabigatu eta esploratu zuela uste da. Bere eskuadrak ikusgarriak dira Europako garaikideekin alderatuz gero: 30.000 gizon inguru eta ontzi-kopuru aldakor bat, berrogei eta hirurehun baino gehiago artean. Kondairaren arabera, ontzirik handienek ehunka marinel zeramatzaten lau bizkarretan, eta inoiz erregistratu gabeko edozein zurezko ontzi baino ia bi aldiz luzeagoak ziren. Horrek erakusten zuen Txinako bikaintasuna ontzigintzan eta nabigazioan[7].​ Gavin Menzies idazlearen arabera, Britainia Handiko Itsas Armadatik erretiratutako komandantea eta 1421: Txinak mundua aurkitu zuen urtea liburuaren egilea, Zheng He Kolon baino hirurogei urte lehenago iritsi zen Amerikako kostaldera, eta munduari bira eman zion Elkano baino mende bat lehenago, nahiz eta haren teoria hainbat adituk ezeztatu. Bere espedizioek, munduari bira eman ez arren, Kolon, Vasco de Gama edo Marco Poloren espedizioak itzali zituzten[1].

Zheng Hek ontzi baten bizkarra zapaldu gabe zegoen, baina tropa handiaren almirante eta espedizio horietako indar armatu izendatu zuten. Prestaketak sakonak eta irismen handikoak izan ziren, hainbat hizkuntzalariren erabilera barne, ezen Nanjingen atzerriko hizkuntzen institutua ezarri zen[46].

Zheng Heren ontzidiek Asiako hego-ekialdeko kostak bisitatu zituzten (batez ere Java eta Sumatra), Brunéi, Thailandia, India, eta Indiako Ozeanoko hainbat uharte (batez ere Sri Lanka), Afrikako Adarra eta Arabia; Itsaso Gorritik Egiptoraino igo, eta Afrikako kostak jaitsi zituen Mozanbikeraino. Bidaia horiek Txinako merkataritzaren hedapenaren preludioa izan behar zuten eskualde horietan guztietan. Zheng Hek urrezko, zilarrezko, portzelanazko eta zetazko opariak aurkezten zituen, baita tresnak ere (aizkorak, kobrezko konketak…), oihalak (abanikoak, aterkiak, belusak…) eta elikagaiak ere (litchiak, mahaspasak…), eta, trukean, hainbat estatutako tributuzko artikuluak biltzen zituen, besteak beste, espeziak eta produktu aromatikoak, korala, beira, bolia, sandaloa eta beste egur exotikoak ere, baita hegazti eta animalia exotikoen espezieak, jirafa bat barne[18]. Adibidez, Zheng Hek Malabar kostaldeko piperbeltzezko merkatu famatuak bisitatu zituen, eta espeziak Txinan hain azkar zabaldu eta ospe hartu zuen, ezen piperbeltza lehen mailako luxua izatetik eguneroko gehigarria izatera pasatu baitzen[47].

Zheng Heko ontzidiak aurrekaririk ez zuen arren, ibilbideak ez ziren berriak, Txinaren eta Arabiako penintsularen artean ondo finkatutako ibilbide komertzialak jarraitu baitzituen, gutxienez Han dinastiatik erabiliak[48].

Zheng Heren lehen hiru bidaiek (1405 eta 1411 bitartean) ibilbide komertzial horiek jarraitu zituzten Asiako hego-ekialdean zehar, Vietnamgo kostaldetik nabigatuz, Sumatran eta Javan geldituz, eta, gero, Malaysiako artxipelagoan zehar eta Malakako itsasartean barna, Indiara eta Sri Lankara iristeko Ekialdeko Ozeanoa zeharkatuz[49].​ Laugarren espedizioa Ormuzera, Persiako Golkoan, iritsi zen, eta azken bidaiak mendebalderantz hedatu ziren Itsaso Gorriko uretan sartuz, gero Kenyaraino nabigatuz eta, agian, are urrunago. Fra Mauroren mapamundiren kopia batean, legenda batek adierazten du ontzi txinatarrek Esperantza Oneko lurmuturra inguratu zutela 1420an, haize faltagatik atzera egin beharrean aurkitu aurretik[45].

Leku berri batera iristean, Zheng He tokiko gobernariarenganako ordezkaritzaren buru izaten zen, eta borondate oneko mezuak aurkeztu, eta Txinak haienganako zituen asmo baketsuak adierazten zituen. Gero, opari ugari ematen zizkien, eta gobernaria Yongle enperadorearen gortera zuzenean etortzera edo enbaxadore bat bidaltzera gonbidatzen zuen. Agintari askok eskaintza onartu zuten, eta haien ordezkariak Zheng Heren ontzietan egokitzen ziren Txinara itzultzeko bidaian eramateko[49].

Zheng Hek diplomazia eta indarre erabili zituen bere helburuak lortzeko. Bere arrakasta diplomatikoen artean, 1408an Javan izandako tokiko eztabaida baten ebazpena, edo, 1414an, Malindiko sultanarekin (egungo Kenyan) harreman diplomatikoak ezartzea aipatzen dira. Indarraren erabilerari dagokionez, Zheng Hek balizko etsai gehienak jazarri zituen haien mendetasuna lortu arte, hala nola Kotteko Erresumako (gaur egungo Sri Lanka) Alakeshvara erregearekin, zeinak Txinako ontziak arpilatzen saiatu baitzen, eta Zheng Hek harrapatu, eta, handik itzultzean, Txinako gorte inperialera eraman zuen, eta ez zen askatua izan zergak aldizka ordainduko zituela hitzeman arte; gainera, gogor zapaldu zituen Txinako urak eta Asiako hego-ekialdea betetzen zituzten piratak, eta amaiera eman zien Chen Zuyi pirataren erasoei Indiako Ozeanoa eta Hego Txinako itsasoa lotzen dituen Malakako itsasartean. Ekintza horiek guztiek indartu egin zuten Txina eskualdeko potentzia nagusia eta egonkortasun-iturri handiena zen ustea[49].

Bidaia horiei buruzko informazio gehiena hiru kronistak eman zuten, eta fidagarriena Ma Huan kronista izan zen, Zheng He almirantearen bidelagun; jatorriz, apala zen; gaztetan Islama jarraitzen zuen, eta arabiera eta Persiera ikasi, eta laugarren, seigarren eta zazpigarren bidaietan lagundu zion[45], eta geografiari, legeei, politikari, egoera klimatikoei, ingurugiroari, ekonomiari eta tokiko oiturei buruzko elementuak zehazki jaso zituen.

Zheng Heren bidaiak[50]
Bidaiaren zenbakia Bidaiaren datak Parte hartzaileen zkia Bisitatutako lekuak
1 1405eko negua - 1407ko urria 27.800 baino gehiago Champa, Malaka, Java, Siam, Sumatra, Kozhikode (India), Sri Lanka
2 1407ko negua - 1409ko uda bukaera ? Champa, Malaka, Java, Siam, Sumatra, Kochi eta Kozhikode (India)
3 1410ko urtarrila - 1411ko uztaila < 27.000 Champa, Singapur, Malaka, Java, Siam, Sumatra, Kochi eta Kozhikode, Sri Lanka
4 1413ko negua - 1415ko abuztua 28.560 Champa, Java, Sumatra, Malaysia, Maldivak, Ormuz (Irán), Bengala, Dhofar, Adén, Muqdisho, Malindi (Kenya), Brava (Somalia)
5 1417ko negua – 1419ko abuztua 27.411 Champa, Java, Sumatra, Malaka, Maldivak, Sri Lanka, Kochi eta Kozhikode, Ormuz, Adén, Muqdisho, Brava, Malindi
6 1421ko udaberria - 1422ko iraila ? Champa, Ormuz, Adén, Dhofar, Muqdisho, Brava, Malindi
7 1432ko urtarrila – 1433ko abuztua 27.550 Champa, Java, Sumatra, Malaka, Sri Lanka, Kozhikode, Dhofar, Jidda, Meka, Kenya, Mozambique

Vasco de Gamak edo Kolonek Europako kolonialismoaren aroa inauguratu zuten bidaiak egin baino ia mende bat lehenago, Zheng He hiru hamarkada igaro zituen Indiako Ozeanoko urak zeharkatzen eta ekialdeko Afrika kostalderaino bidaiatzen, Asiako bizitza birmoldatuko zuten harreman diplomatikoak ezartzen, eta gizakiek itsasoan egin zezaketenaren mugak zabaltzen, ontzien tamaina, konplexutasun eta edukierarekin[47].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Yamashita 2007, 12 orr. .
  2. Yamashita 2007, 4 orr. .
  3. (Gaztelaniaz) «Los viajes del almirante Zheng He y la flota china del tesoro» VA DE BARCOS 2017-10-28 (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  4. Levathes 1997, 146 orr. .
  5. Yamashita 2007, 14 orr. .
  6. Embajada de China en Venezuela
  7. a b (Ingelesez) «READ: Zheng He (article)» Khan Academy (Noiz kontsultatua: 2024-03-14).
  8. Yamashita 2007, 35 orr. .
  9. Dreyer, 2006, p. 11; Mills, 1970, p. 5; Levathes, 1997, p. 62; Perkins, 2000, p. 621.
  10. Levathes 1997, 36 orr. .
  11. Levathes 1997, 35 orr. .
  12. a b c (Ingelesez) «Biography of Zheng He, Chinese Admiral» ThoughtCo (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  13. Mills 1970, 5 orr. .
  14. Dreyer, 2006, p. 11; Mills, 1970, p. 5; Levathes, 1997, pp. 61–62.
  15. «WBD LATAM - Todos tus canales favoritos» GE Latam (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  16. Dreyer 2006, 12 orr. .
  17. Levathes 1997, 62 orr. .
  18. a b Redacción China Heritage Newsletter (2005). [https:// http://www.chinaheritagequarterly.org/articles.php?searchterm=002_zhenghe.inc&issue=002 «Zheng He es sexcentenario»]. China Heritage Project (en inglés) (2). ISSN 1833-8461. Consultado el 5 de diciembre de 2021
  19. Levathes 1997, 58 y 62 orr. .
  20. Levathes, 1997, p. 58; Dreyer, 2006, pp. 12 & 16.
  21. Dreyer, 2006, p. 12; Levathes, 1997, p. 58.
  22. Dreyer 2006, 12 y 18 orr. .
  23. a b c Dreyer 2006, 18 orr. .
  24. Bi modusk 三寶 (三宝, sinplifikatutako zeinuetan) eta 三保 dokumentu historikoetan aurki daitezke. Ikus, adb. Xiang Da (向达), 《关于三宝太监下西洋的几种资料》(Sanbao eunuco handiak Mendebaldeko Ozeanora egindako espedizioei buruzko material mota batzuei buruz),郑和研究百年论文选》-an (Zheng He-ren ikasketen ehun urte: Hautatutako idatziak) ISBN 7-301-07154-X, 2004,.10. or.
  25. a b Levathes 1997, 63 orr. .
  26. Science and civilization in China, vol. 4 pág. 487
  27. a b Levathes 1997, 64 orr. .
  28. Langlois, John D., Jr. (1998). «The Hung-wu reign, 1368–1398». The Cambridge History of China, Volume 7: The Ming Dynasty, 1368–1644, Part 1 (en inglés). Cambridge University Press. pp. 157-158. ISBN 9780521243322
  29. Dreyer, 2006, pp. 12 y 16; Levathes, 1997, pp. 67, 72-73.
  30. Levathes 1997, 70 orr. .
  31. Dreyer 2006, 21–22 orr. .
  32. Dreyer, 2006, pp. 22-23; Levathes, 1997, pp. 72-73.
  33. Mills, 1970, p. 5; Levathes, 1997, pp. 61–63; Perkins, 2000, p. 621.
  34. Dreyer 2006, 95 orr. .
  35. Dreyer 2006, 136-137 orr. .
  36. Dreyer 2006, 139–140 orr. .
  37. Dreyer 2006, 135, 142 y 144 orr. .
  38. Yamashita 2007, 25 orr. .
  39. Rozario 2005, 33-34 orr. .
  40. Levathes 1997, 87 orr. .
  41. Dreyer 2006, 148 orr. .
  42. Rozario, 2005, p. 36; Levathes, 1997, pp. 147-148.
  43. Dreyer 2006, 148-150 orr. .
  44. Levathes 1997, 165 orr. .
  45. a b c (Ingelesez) «Seven Voyages of Zheng He» History 2020-05-05 (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  46. a b Chang, Kuei-Sheng. (1974). «The Maritime Scene in China at the Dawn of Great European Discoveries» Journal of the American Oriental Society 94 (3): 347–359.  doi:10.2307/600069. ISSN 0003-0279. (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  47. a b (Ingelesez) «The legendary Chinese seafarer the West overlooks» www.pbs.org 2021-08-13 (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  48. Hagras, Hamada (2019). «The Ming Court as patrón of the Chinese Islamic architecture: The case study of The Daxuexi Mosque in Xi’an». Shedet (en inglés) 6. ISSN 2536-9954. Consultado el 28 de enero de 2022
  49. a b c (Ingelesez) Cartwright, Mark. «The Seven Voyages of Zheng He» World History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2024-03-15).
  50. (Ingelesez) Qingxin, Li. (2006). Maritime Silk Road. Beijing: China Intercontinental Press, 113 or. ISBN 7-5085-0932-3..

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (Ingelesez) Carrington Goodrich, Luther; Fang, Chaoying. (1976). Dictionary of Ming Biography, 1368-1644. Nueva York: Columbia University Press ISBN 9780231038010..
  • (Ingelesez) Chan, Hok-lam. (1998). "The Chien-wen, Yung-lo, Hung-hsi, and Hsüan-te reigns, 1399–1435". The Cambridge History of China, Volume 7: The Ming Dynasty, 1368–1644, Part 1. Cambridge University Press ISBN 9780521243322..
  • (Ingelesez) Chand Malhotra, Iqbal. (2021). Red Fear: The China Threat. Nueva Delhi: Bloomsbury India ISBN 978-9-3898-6757-2..
  • (Ingelesez) Dreyer, Edward L.. (2006). Zheng He and the Oceans in the Early Ming Dynasty, 1405-1433. Nueva York: Pearson Longman ISBN 978-0-321-08443-9..
  • (Ingelesez) Hoon, Hum Sin. (2011). Zheng He's art of collaboration: Understanding the legendary Chinese admiral from a management perspective. Institute of Southeast Asian Studies ISBN 9789814379663..
  • (Ingelesez) Zheng He's Voyages Down the Western Seas. China Intercontinental Press ISBN 9789814379663..
  • (Ingelesez) Levathes, Louise. (1997). When China ruled the seas. Nueva York: Oxford University Press ISBN 0-19-511207-5..
  • Menzies, Gavin. (2003). 1421, el año en que China descubrió el mundo. Barcelona: DeBOLSILLO ISBN 978-84-9793-508-1..
  • (Ingelesez) Mills, J.V.G.. (1970). The Overall Survey of the Ocean’s Shores (1433). Cambridge: White Lotus Press ISBN 978-974-8496-78-8..
  • (Ingelesez) Needham, Joseph; Gwei-djen, Lu. (1971). Science and Civilisation in China: Volume 4, Physics and Physical Technology, Part 3, Civil Engineering and Nautics. Cambridge: Cambridge University Press ISBN 978-0-521-07060-7..
  • (Ingelesez) Perkins, Dorothy. (2000). Encyclopedia of China: The Essential Reference to China, Its History and Culture. Nueva York: Roundtable Press ISBN 978-0-8160-2693-7..
  • (Ingelesez) Rozario, Paul. (2005). Zheng He and the Treasure Fleet. Singapur: SNP International ISBN 981-248-090-0..
  • (Ingelesez) Sen, Tan Ta. (2009). Cheng Ho and Islam in Southeast Asia. Singapur: Institute of Southeast Asian Studies ISBN 978-981-230-837-5..
  • (Ingelesez) Shih-Shan, Henry Tsai. (2001). Perpetual Happiness (The Ming Emperor Yongle). Washington: Washington University Press ISBN 978-0295981093..
  • Yamashita, Michael. (2007). Zheng He: Los 7 viajes épicos alrededor del mundo del mayor explorador chino (1405-1433). Barcelona: Blume ISBN 978-84-9801-211-8..

Aldizkariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]