Zigurat

Wikipedia, Entziklopedia askea
Chogha Zanbileko zigurata (Susa, Iran).

Zigurata (akadieraz: ziqqurat, "erakitzea eremu goratu batean") Mesopotamiako dorre mota da, piramide mailakatu baten gisakoa, mailatik mailara eskaileraz igotzen zena. K.a. 2200-500 bitartean eraiki ziren gehienak. Barnetik adreiluz eginak izaten ziren, harrizko xaflaz estaliak. Ez zuten gelarik izaten. 40 × 50 metro inguruko oin karratua izaten zuten.[1] 32 zigurat inguru ezagutzen dira, gehienak Irak eta Iranen.

Deskripzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urko zigurataren ustezko itxura.

Ziguratak antzinako Sumer, Akad, Asiria, Elam, Ebla eta Babilonian egin ziren. Dorre mailakatu trinkoak ziren, kiggallu izeneko terraza zabal baten gainean eraikitakoak. Oinarria karratua edo laukizuzena izan zitekeen. Hiru eta zazpi maila (rikbu) artean izaten zituzten, eta gaineko terrazan tenplua (gigunû) zegoela pentsatzen da. Aditu batzuen arabera, zigurat osoa zen tenplua, ez gaineko eraikina bakarrik.[2] Eskailera edo pasabide batek lotzen zituen terrazak. Buztinezko adreiluz eraiki ziren; Asirian besterik ez zen harria erabili (Nimrudekoan adibidez).

Antza denez, zigurat zaharrenek oinarri laukizuzena zeukaten, baina oinplano karratua nagusitu zen geroago. Neurriak oso aldakorrak dira: Tell Rimahekoak 31,50 × 19 metroko oinarria du, eta Chogha Zanbilekoak 105 × 105 metrokoa; tarteko neurriak dituzte Dur Sharrukingoak (43,10 × 43,10 metro), Nimrudekoak (51 × 51 metro) edo Eridukoak (61,80 × 36,50 metro). Zaila da jakitea zenbat maila zituzten, goikoa aldea higaturik egoten delako. Esate baterako, Dur-Kurigalzukoaren hondakinak 57 metro gora badira ere, jatorrian 70 metroko garaiera zuela uste da.

Guztira 32 zigurat ezagutzen dira, gehienak Iran eta Iraken. Irakeko azken gerran, ordea, herrialde hartako zigurat batzuk suntsitu dira.[3][4] Ezagutzen den zaharrena Tappeh Sialkekoa da, Kashandik gertu, K.a. 3. milurtekokoa. Elamgo Chogha Zanbilekoa da hobekien kontserbatu direnetako bat.[5]

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur hiriaren hondarrak, eta, atzealdean, Ur-Nammu zigurata (Irak).

Mesopotamiako zibilizazio desberdinek eraiki zituzten ziguratak, eta oso denbora tarte handian (K.a. 3. eta 1. milurtekoen artean). Haien idazkietan, ordea, ez da zehazki azaltzen zeren sinbolo ziren dorre horiek. Aditu gehienen arabera, jainko eta jainkosen lurreko egoitzak ziren.[6] Helburua zen jainkoak herritik hurbil sentitzea eta, aldi berean, herriak jainkoen babesa nabaritzea. Bertan ez ziren zeremonia edo ospakizun publikoak egiten, eta apaizek bakarrik zuten aukera tenpluaren barrura sartzeko, jainkoak zaintzeko eta haien beharrak asetzeko. Hala, sakrifizioak, eskaintzak eta herriak eginiko opariak kudeatzen zituzten. Apaizak pertsonaia boteretsuak bilakatu ziren Mesopotamian. Jainkoekin zeukaten harreman zuzenak, estatus berezia eman zien oeduko gizarte mailakatuan.

Sumertarrek eraiki zituzten lehenbiziko ziguratak, Uruk Aroan (K.a. 3500-2900). Haientzat kosmosak bi zati zituen: zerua (an) goian eta lurra (ki) behean. Lurrazalaren azpian zeuden lurpeko urak (abzu) eta azpimundua (kur). Ikerlari batzuen arabera, ardatz kosmiko gisa ulertu zituzten ziguratak: lokarri bertikala, zeruaren, lurraren ea azpimunduaren artean, eta baita unibertso ezberdinen arteko lokarri horizontala ere. Horrela, Unibertsoko zerua, lurra, izarrak eta planetak irudikatzen zituen tenpluaren maila bakoitzak.[7]

Zigurata izaten zen hiri batean jasotzen zen lehenbiziko eraikina, eta hiria haren inguruan zabaltzen zen. Erregearentzat ere, bere boterea erakusteko modua zen. Zigurataren inguruko guneetan egoten ziren idazlari-eskolak eta astronomia behatokiak, eta bertan garatu zen Mesopotamiako matematika.[6] Babelgo dorrearen deskribapen biblikoa tenplu hauetan inspiratu zela dirudi.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lur entziklopedietatik hartua.
  2. Herles, Michael. Ziggurat. Encyclopædia Iranica, online edition (Noiz kontsultatua: 2018-6-8).
  3. Elbaor, Caroline. ISIS Destroys 2,900-Year-Old Assyrian Ziggurat. news.artnet.com (Noiz kontsultatua: 2018-6-8).
  4. Macdonald, Fiona. ISIS Has Reportedly Bulldozed Two of The World's Most Important Ancient Cities. sciencealert.com (Noiz kontsultatua: 2018-6-8).
  5. Tchoga Zanbil. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2018-6-8).
  6. a b What Was the Importance of Ziggurats in Ancient Mesopotamia?. dailyhistory.org (Noiz kontsultatua: 2018-6-8).
  7. Ragavan, Deena. «Entering other worlds: gates, rituals, and cosmic journeys in sumerian sources» in Ragavan, Deena Heaven on Eearth. Chicago: The University of Chicago 2013, 201-221 or. https://oi.uchicago.edu/sites/oi.uchicago.edu/files/uploads/shared/docs/ois9.pdf.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]