Zizeron

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Zizeron 60 bat urte zituela.

Zizeron (latinez Marcus Tullius Cicero) (K. a. 106ko urtarrilaren 3 - K. a. 43ko abenduaren 7) politikari eta hizlari erromatarra izan zen. Latinezko hizlari handienatzat jotzen da.

Familia Arpinum-ekoa zen, Mariorena bezalakoa. Bizitza osoan bi familien arteko konparazioak jasan behar izan zituen Zizeronek. Mariorena aberatsagoa eta ospetsuagoa izanda, ez zituen konparazio horiek oso gustokoak.

Zizeron izena cicer hitzetik dator, zeinak latinez txitxirioa esan nahi duen. Plutarkoren arabera, Zizeronen arbasoren batek txitxirio baten moduko pikorra zeukan sudurraren puntan. Politikan sartu zenean ez zuen goitizena aldatu, hala eskatu bazioten ere.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasle bikaina zen Zizeron, azkar baino azkarrago ikasten baitzuen dena. Erroma osoko arreta erakarri zuen. Poesia zuen gogokoen. K. a. 89 eta 88an Ponpeio Estrabon eta Silaren alde borrokatu zuen Zizeronek.

K.a. 75ean, Sizilian aritu zen kuestor. Abokatu apartekoa izan zen hor. Verres gobernari ohia auziperatu eta zigorrarazi zuen. Arrakasta hori gorabehera, patrizioa ez zenez, arazoak izan zituen kontsul izenda zezaten. Gainera, kontsul-arbasorik ez zeukan azken gizona (novus homo zeritzona) Mario iraultzailea izanak ez zion laguntzen Zizeroni.

Kontsul[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala eta guztiz ere, K. a. 63an, Zizeron kontsul izendatu zuten, azken 30 urtetako lehen novus homo bihurtuz.

Urteko lorpen garrantzitsuena Katilinaren konspirazioa bertan behera uztea izan zen. Zizeronek aurkitu zuen Katilina patrizioak Erromatar Errepublika desegiteko asmoa zuela. Zizeronek senatus consultum ultimum (gerra-lege moduko bat) deklaratuta, Katilina eta haren jarraitzaileak hiritik kanpo atera zituen lau hitzaldi ospetsuei esker. Haietan, konspirazioaren nondik norakoa azaltzeaz gain, Estatuaren defentsan parte-hartze zuzena eskatu zien erromatarrei, okerrena gertatuz gero.

Katilinak ihes egin zuen Etrurian Silaren beteranoen artean armada bat osatzeko. Jarraitzaileak Erroman geratu ziren iraultza barnetik bultzatzeko. Senatari guztien aurrean, jarraitzaileak konspirazioa aitortzera behartu zituen Zizeronek, galiarrei bidalitako mezua atzeman ondoren. Senatariek zigor aproposena zein zen eztabaidatzeari ekin zioten. Gerra-lege indarrean, atxiloketak edo herbestealdiek ez ziruditen arazoa konponduko zutenik. Senatari gehienak heriotza zigorraren alde agertu ziren hasiera batean. Julio Zesarrek, berriz, aurrekari arriskutsuegia izanen zela adierazi zien, eta hain zorrotz ez zen zigorraren alde jo zuen. Hala ere, Katon Minorren hitzaldiaren ostean heriotza-zigorra adostu zen. Zizeronek Pater Patriae tituluta jaso zuen Estatuari egindako zerbitzuei esker.

Herbeteratu eta itzuli[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K. a. 58an, epaiketarik gabe Erromako hiritarrei heriotza-zigorra eman zietenak herbesteratzeko legea onartu zuen Publio Klodio Pulkerrek. Zizeronek aldarrikatu zuen senatus consultum ultimum-ek inmunitatea ematen ziola. Gainera, hiritarren babesa eskatu zuen. Klodio Pulkerren jarraitzaileen beldur, Italiatik kanpo joan zen eta hitzaldiak idazteari ekin zion Zizeronek. Atiko lagunari bidalitako gutunetan, Senatuaren portaeraz kexu agertu zen Zizeron, beharrezko babesa ez eskaintzeagatik.

Erromara itzultzean, jendetzak harrera beroa eman zion, Demostenesi bezala. Hurrengo urteetan Milo populista bultzatu zuen Zizeronek Klodio Pulkerren aurka, zeinen jarraitzileek terrorea zabaldu zuten Erromako kaleetan. Miloren gladiatoreek Klodio Pulker hil zuten orduan. Zizeronek Milo defendatu zuen, baina arrakastarik gabe. Halere, Pro Milone hitzaldia erretorikako maisulantzat jo ohi da. Horretan, Zizeronek argudiatzen zuen Milok ez zuela Klodio hiltzeko inolako arrazoirik. Milo herbesteratu egin zen Gerra Zibila arte.

Zesar eta Ponpeioren arteko borroka areagotu zenean, Ponpeioren alde jo zuen Zizeronek, nahiz eta Zesarren jomuga bihurtzea saihestu zuen. K. a. 49an, Zesarrek Italia inbaditu zuenean, Erromatik kanpo joan zen Zizeron, Zesarrek geratzeko eskatu bazion ere. Pharsalus batailan ponpeiotarrekin bat borrokatu zuen Zizeronek. Porrota gorabehera, Erromara itzuli zen. Varroni adierazi zion bezala, Zesarren diktadurapean ahalik eta gutxien ateratzen zen etxetik. Errepublikaren alde nahiago zuen ideiak idatzi Senatuan hitz egin baino. K. a. 45ean, haren alaba Tulia hil zen.

Marko Antonioren aurka[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zesarren hilketak ezustean harrapatu zuen Zizeron. Trebonio konspiratzaileari adierazi zion "izugarrizko oturuntza horretarako gonbidapena jaso" izana gustatu zitzaiokeela. Zizeron senatarien buruzagietako bat bilakatu zen, hiltzaileak aske uztearen aldekoa. Haien aurka, Marko Antonio eta zesartarrak zeuden, hiltzaileak gogor zigortzeko prest.

Zizeron eta Marko Antonioren harremana inoiz ona izan ez bazen ere, Zesarren hilketaren ondoren, elkarren etsaiak bihurtu ziren. Zizeronek Zesarren testamentua bere onerako erabiltzea eta askatasun zibilak suntsitzea leporatu zion Marko Antoniori. Philippicae izeneko hitzaldietan Marko Antonioren aurka egin zuen.

Oktaviano, Zesarren oinordekoa, Erromara itzuli zenean, Zizeronek Marko Antonioren kontra erabili zuen. Senatarien burua, Zizeron, ospearen gailurrean zegoen. Dezimo Bruto Galia Zisalpinako gobernariaren izendapena bultzatu zuen. Luzio Pisonen, Zesarren aitaginarrebaren, hitzalida gorabehera, Marko Antonio Errepublikaren etsai izendatu zuten senatariek Zesarren hiltzaileak eraso zituenean.

Hala ere, Oktavianok eta Marko Antoniok, Lepidorekin batera, bat egin zuten, Zizeronen ezusterako. Bigarren Triunbiratoa legalki osatu ostean, arerioen kontrako proskripzioak hasi zituzten. Zizeron eta Kinto, haren anaia, (Zesarren laguntzailea bazen ere) zerrenda beltz haietan agertu ziren. Marko Antoniok su eta gar bilatu zuen Zizeron. Haren villa batean atzeman zuten. K. a. 43ko abenduaren 7an hil zuten.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzaldiak
Erretorika eta filosofia
Eskutitzak

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zizeron Aldatu lotura Wikidatan