Zomia
| Zomia | |
|---|---|
| Datu orokorrak | |
| Mota | cultural area (en) |
| Eponimoa | Zo people (en) |
| Geografia | |
Zomia Hego-ekialdeko Asiako Mendigunerako erabiltzen den termino geografikoa da. Amsterdamgo Unibertsitateko Willem van Schendel historialariak sortu zuen 2002an, mendigune hauetan gobernuen kontroletik kanpo bizi den populazioaren harira.[1]
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Zomia" izena zomi terminotik eratorria da; hitz hau India, Bangladesh eta Myanmarreko hainbat hizkuntzatan erabili ohi da lur altuak izendatzeko.[2] Zentzu horretan, Europako alpe edo Euskal Herriko bortu hitzen azepzio berean alegia.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zomiako muga zehatzak ezberdinak dira, aditu bakoitzaren arabera. Halere, denak ados daude Indotxina iparraldea (Vietnam iparraldea eta Laos osoa), Tailandiako lur altuak, Myanmar iparraldeko Shan mendiak eta Txina hego-mendebaldeko mendiak bertan sartzean. Autore batzuek mendebalderago ere zabaltzen dute, Tibet, India iparraldea, Pakistan eta Afganistan hartuz. Eremu horiek lurreko erliebe altu eta malkartsuak dituzte, eta estatuaren kontroletik eta eraginetik urrun bizi izan diren talde etniko txikien bizilekua dira.[3] Zomiaren parte dira, besteak beste, miao eta katxin etniak.
Zomiak Hego-ekialdeko Asiako Mendigunearen 2,5 milioi kilometro karratu baino gehiago hartzen ditu eta bere populazioa 100.000.000 biztanle ingurukoa da, bederatzi estaturen barruko landa-eremuetan.
Ikergaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zomiak interesa sortu du bere aniztasun ekologikoagatik eta estatuekin duen harremanarengatik. Azken horrek, bereziki, eztabaida akademikoa eragin du antropologoen artean, eta "zomia" kontzeptua ezaugarri horiek dituen beste eskualde kulturalen errealitatea izendatzeko erabili izan da, hala nola Apalatxeak, edo Saltus Vasconum.[4]
2009 urtean, Yale Unibertsitateko James C. Scott irakasleak zomia kontzeptua erabili zuen The Art of Not Being Governed: An Anarchist History of Upland Southeast Asia liburuan, eskualde horietan bizi diren kultura etnikoen jarraitutasunak modernitatearen historia tradizionalari kontranarratiba egiten diola argudiatuz. Aitzitik, Zomiako tribuek estatuen gobernu eta ekonomia motak ezagutzen dituzten arren, horietatik apropos ihes egiten dute. Scotten arabera, Zomia da estatu-nazioek oraindik bereganatu ez duten Lurreko zonarik handiena. Bere ezaugarriak:
- Hizkuntza aniztasun handia.
- Senidetasun harreman ezberdinak (behe-lurretako botereguneen aldean).
- Lanaren etekinak daude, baina ez dira erabiltzen erregeak eta erlijio ordezkariak mantentzeko.
- Estatus eta aberastasun bereizketak ugariak dira (behe-lurretan bezala); baina desberdintasun hau ezegonkorra eta geografikoki mugatua da (behe lurretan, desberdintasuna iraunkorragoa izaten denean).
Kultura nagusiek "primitibotzat" edo "atzeratutzat" jotzen dute goi-lurretako herrien ezaugarri asko, eta haiek iraintzeko erabiltzen dituzte. Baina Scotten arabera, ezaugarri hauek Estatuan ez sartzeko egokitzapenak dira, hala nola hizkuntza idatzirik ez izatea, mugimendu erlijioso mesianiko aldakorrak edo nomadismoa. Gehienetan, zomiaren presentzia Historia nagusitik kanpo gelditzen da. Izan ere, Scottek dio "nekazarien lana artxiboetatik kanpo mantentzea" izan dela. Hala ere, goi-lurretako eta behe-lurretako herrien arteko erlazioa dago: goi-lurretako herriak funtsezkoak baitira merkataritza-iturri gisa.[2]
Beste ikerlari batzuek ere aztertu dute zomia, aurreko baieztapenei ñabardura esanguratsuak ezarriz, hala nola Jean Michaud,[5] Victor Liebermann, Edward Stringham[6] edo Tom Brass.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Prof. dr Willem van Schendel» Profile : Selected publications since 2000 (International Institute of Social History).
- 1 2 Scott, James C.. (2009). The art of not being governed : an anarchist history of upland Southeast Asia. New Haven : Yale University Press ISBN 978-0-300-15652-2. (kontsulta data: 2025-05-26).
- ↑ «Wayback Machine» www.fss.ulaval.ca (kontsulta data: 2025-05-26).
- ↑ MADINA, Itziar. SANTOS, Sales. 2025. "Zomia" en Europa. Montaña, bosque y zonas de resistencia. Ekintza Zuzena 51:143-149. Bilbo
- ↑ Michaud, Jean. (2006). Historical dictionary of the peoples of the Southeast Asian massif. Scarecrow Press ISBN 978-0-8108-5466-6. PMC ocm61758008. (kontsulta data: 2025-05-26).
- ↑ (Ingelesez) Stringham, Edward Peter; Miles, Caleb J.. (2012-03). «Repelling states: Evidence from upland Southeast Asia» The Review of Austrian Economics 25 (1): 17–33. doi:. ISSN 0889-3047. (kontsulta data: 2025-05-26).
- ↑ Brass, Tom. (2012-02). «Scott's “Zomia,” or a Populist Post-modern History of Nowhere» Journal of Contemporary Asia 42 (1): 123–133. doi:. ISSN 0047-2336. (kontsulta data: 2025-05-26).