Zugarramurdiko sorginkeria prozesua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zugarramurdiko sorginkeri prozesua» orritik birbideratua)

Zugarramurdiko sorginkeria prozesua 1610. urtean Nafarroa Garaiko Zugarramurdin egindako sorgin-ehiza da.[1] Julio Caro Barojaren ustez,[2] Euskal Herriko sorginkeria ezaguna bada, prozesu honek bere garaian izan zuen ospearengatik da, garai hartako Europako sorginkeria prozesu garrantzitsuenetakoa izan baitzen.

Gertakari hartan, Espainiako Inkisizioak Zugarramurdiko eta haraneko 300 inguru herritarri sorginkeria egitea egotzi zien, horietako 40 Logroñora atxilotuta eraman zituen, eta haietatik 11 sutan errez hil zituzten (haietariko 5 jada espetxean hil ziren, eta haien irudiak erre zituzten).[3] Espainiako Inkisizioaren ustez, Zugarramurdiko leizeetan akelarreak ospatu ohi ziren. Horregatik, geroago leize horiei Deabruaren katedrala deitu izan zitzaien.

Sorgin pertsekuzio hau, "jazarpen handia" ere deitua, Nafarroan 1525ean hasita gertatutako laugarrena eta azkena izan zen. Histeria kolektiboko giro honen gehiegikeriak aztarna sakona utzi zuen herrian; bestalde, Inkisizioak aldatu egin zuen sorginkeria kasuei buruz zuen jokatzeko era, 1613an eta 1614an Alonso Salazar Frías Inkisizioko epaileak ondu eta aurkeztutako txostenari lotuz; bertan, baztertu egin zuen sorginen inguruko ordu arteko narrazioa.

Hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zugarramurdiko leizeak.

Zehazki Zugarramurdiri dagokion sorgin ehizen zatia hamarkadak lehenago hasi zen. Bertako herritarrak auzi etengabeetan zebiltzan Urdazubiko monasterio berrituarekin, Espainiar Inperioaren mugako egoitza estrategiko horrek ezartzen zien mendekotasun feudala zela eta. Hala ere, Zugarramurdiko batzarrak haren uztarpetik askatzea lortu zuen, 1580an independente bilakatuz. Askatasun horrek monasterioaren eta Leon Aranibar haren abadearen etsaigoa ekarri zien, herritarren harrokeriatzat joa; Aranibar Inkisizioaren batzordekidea zen.

1609an, Lapurdiko kostaldeko herritarren ahalduntze une batean, Senpereko eta Urtubiako jaunen jurisdikziotik aske geratu ahal izan ziren herri eta herritarrak (Hendaia, Ziburu, besteak beste), jaun horiek aldi berean Frantziako koroaren ordezkari eta eragile politikoak zirenean. Urtubiako jaunak, halaber, lur-jabetzak eta ondasunak zituen Bortzirietan eta Baztanen. Bada, 1609an, bilkura bat egin zuten Ainhoan Leon Aranibar Urdazubiko abadeak, Juan del Valle Alvarado Inkisizioko Logroñoko komisarioak, Urtubia eta Senpereko jaunek eta Jean D'Espagnet Bordeleko Epaitegiko Ganbara Nagusiaren presidenteak (De Lancreren nagusia), besteak beste.

Bilkura horrek ekintzen katea bat jarri zuen abian Lapurdin, Ternuako marinelak, itsasoaren inguruan eratu zen euskaldunen bizimodu askea eta estatu arteko mugen finkapena jopuntuan jarririk. 1608ko abenduan Maria Ximildegi Lapurdiko kostaldetik Zugarramurdira iritsi omen zen. Herritar batekin eta bestearekin mintzatu ondoren, aipatu zuen bere Ziburuko egonaldian sorginen topagune batean jardun zuela eta euren hondartzako batzarretara deabrua joan eta bertan ongi pasatzen zutela.

Maria Ximildegi gazteari Inkisizioak deitu omen zion, arrazoia: Lapurdiko Ziburu udalerrian gertatutako sorgin ehizan zeukan zerikusia zela eta. Maria Ximildegik, beste emakume batzuekin batera, Zugarramurdiko leizeetan ospatutako hainbat akelarretan parte hartu izana aitortu omen zuen, emakume horien artean hauek zeudelarik: Maria Txipia, Estebania Telletxea, Maria Zozaia edota Graziana Barrenetxea. Zenbait ikerlariren arabera, bertako apaizak euren heresiarengatik herri guztiaren aurrean barkamena eskatu zezaten agindu zien. Halere, gertakaria piztu zuen txinparta Urdazubiko monasterioko Frai Leon Aranibarrek Logroñoko Auzitegiaren aurrean aurkeztutako salaketa izan zen, auzitegi horren agindupeko lurraldeak Nafarroa Garaia, Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Errioxa baitziren.

Hau horrela, eskualde honen miaketak egiteko Espainiako Inkisizioak Logroñoko auzitegiko Juan del Valle Alvarado inkisidorea ikuskatzaile eta ordezkari gisa bidali zuen. Zugarramurdin zenbait hilabete iragan ondoren, salaketa ugari bildu zituen, usteen arabera, 300 pertsona sorginkerien salakuntzapean inkulpatuak izan ziren, umeak alde batetara utzirik. 300 horietatik 40 Logroñora atxiloturik eraman zituzten. Hiri hartan espetxeratuak izan ondoren torturapean zeuden bitartean epaiketaren zain gelditu ziren.

Salaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akelarre baten irudikapena.

Sorgin izan edota sorginkerietan jardutea leporatu zieten zugarramurditarrek salaketa edo kargu hauei aurre egin behar izan zieten:

  1. Deabrua Jainkotzat izatea eta berarekin meza beltzak ospatzea.
  2. Itsasoko ekaitzak sortaraztea. Izan ere Zugarramurdi udalerria lerro zuzenean eta distantzia ez oso handira Kantauri itsasotik hurbil dago. Ondorioz, sorginek itsasontziei Donibane Lohitzuneko portura sartzea edota irtetea galerazten zieten.
  3. Animali eta pertsonen aurkako sorginkeri eta begizkoak burutzea.
  4. Banpirismoa.
  5. Nekrofagia.

Epaiketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1610eko azaroaren 7 eta 8an presoek beraien epaia jaso zuten: 18 absolbituak, 12 sutan erreak (haietariko 5 irudi eran, aurretik kartzelan hil baitziren). Sutan erretzera zigortutakoak Logroñon 20.000 pertsonen begiradapean hil zituzten[4] Gainerakoei, modu askotako zigorrak ezarri zizkieten: besteak beste, euren etxe eta ondasun galpena, bizi guztirako, kartzela mugatua, erbesteratze edo atzerriratze behartua eta abar.

Salatuak gogortasunez zigortuak izan ziren:

« «... epaiketara berrogeita hamahiru pertsona gisa honetan atera zituzten: hogei gizon eta emakumek penitente itxura eta ikurrekin zihoazen, aurpegiak agerian, gerrikorik gabe eta esku artean argizarizko kandela bat zutela, horietako seik zintzurretan sokak zeramatzaten, honek zigortuak izango zirela esan nahi zuen. Gero hogeiren bat pertsonek euren sanbenito eta damutuen gurutzedun txano koniko puntadunak zituztela jarraikitzen zieten, hauek ere beren eskuetan kandelak zeramatzaten, eta euren zintzurretan zenbait soka ere bai. Gero hildako bost pertsonen estatuak zihoazen, hauek ere beren erlaxatutako sanbenitoak zeramatzatela, eta hauekin batera estatua haiek irudikatzen zituzten pertsonen hezurrak zeramatzaten hilkutxak ere. Eta guztietan azkenak sei pertsona zihoazen, sanbenitoak eta txano koniko puntadun erlaxatuekin, eta aipatutako berrogeita hamahiru pertsona hauetako bakoitza Inkisizioko bi aguazilen artean zihoan...». »

Epaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Logroñoko epaiketa edota prozesu honetan parte hartu zuten epaileak hauek izan ziren: Juan del Valle Alvarado, Alonso Becerra Olguín eta Alonso Salazar Frías, gotzaindegiko ordinarioa eta lau kontsultari.

Zigortuen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zugarramurdiko ustezko akelarrean zeuden pertsonaia garrantzitsuenak, honako hauek izan ziren: Graziana Barrenetxea eta bere senarra zen Migel Goiburu, biak akelarrearen errege-erregina gisa salatuak; Joanes Etxalar, deabruak agintzen zituen zigorren borrero hiltzailea; Maria Txipia sorginkeri artearen jakintsua; Joanes Goiburu txistularia zen eta Juan Sansin danborraria.

Zigortuak[5]
Izena Adina Akelarrean zuen ustezko postua Zigorra
Migel Goiburu 66 Akelarreko erregea Irudian damututa
Graziana Barrenetxea 80 edo 90 Akelarreko erregina Irudian damututa
Estebania Nabarkorena 80 baino gehiago Mailan bigarrena Irudian damututa
Maria Pèrez de Barrenetxea 46 Mailan hirugarrena Irudian damututa
Joana Telletxea 38 Damututa eta urte bateko espetxe zigorra
Maria Jauretegia 22 Damututa eta 6 hilabeteko atzerriratzea
Maria Arburu 70 Akelarreko erregina, ondorengotzan bosgarrena Pertsonan damututa
Maria Iriarte 40 Irudian damututa
Estebania Iriarte 36 Irudian damututa
Joanes Goiburu 37 Akelarreko atabalaria Damututa eta bizi osorako espetxe zigorra
Joanes Sansin 20 Akelarreko atabalaria Damututa eta bizi osorako espetxe zigorra
Maria Prenosa 70 baino gehiago Damututa eta bizi osorako espetxe zigorra
Maria Baztan Borda 68 Pertsonan damututa
Graziana Xarra 66 Pertsonan damututa
Maria Etxatxute 54 Pertsonan damututa
Maria Txipia Barrenetxea 52 Sorginkerian jakintsua izatea Damututa eta bizi osorako espetxe zigorra
Maria Etxegi 40 Damututa eta bizi osorako espetxe zigorra
Maria Etxaleku 40 Irudian damututa
Estebania Petrisanzena 57 Irudian damututa
Martin Bizkar 80 baino gehiago Deabruaren sakristaua, Akelarreko umeen alkatea Irudian damututa
Joanes Etxegi 68 Irudian damututa
Domingo Zubildegi 50 Irudian damututa
Frai Pedro Arburu 43 Leviari uko egitera behartua eta 10 urteko espetxe zigorra
Petri Juangorena 36 Pertsonan damututa
On Juan Borda Arburu 34 Leviari uko egitera behartua eta 10 urteko espetxe zigorra
Joanes Odia Beretxea 60 Irudian damututa
Maria Zozaia Arramendi 80 Sorgin taldeko doktrinatzailea Irudian damututa
Joanes Lambert 27 Damututa eta bizi guztirako atzerriratzea
Mari Juanito 60 Irudian damututa
Beltrana Fargua 40 Damututa eta 6 hilabeteko espetxe zigorra
Joanes Iribarren 40 Akelarreko borreroa Damututa, urte bateko espetxe zigorra eta bizi osorako atzerriratzea
  • Pertsonan damututa: pertsona bera sutan bizirik errea.
  • Irudian damututa: espetxean hil ondoren erruduna zela ikusten bazen, gorpua eta epaiketarako erabili zen irudia bera ere, biak sutan erretzen ziren.
  • Damututa: sorgina zela onartu zuen pertsona, baina bere damutasuna erakusteagatik bizitza barkatzen zitzaiona. Hauek beste zigor mota batzuk jasotzen zituzten: espetxea, erbesteratze edo atzerriratzea, bere ondasunen galera...
  • Leviari uko egitera behartuta: deabrua ukatu eta kristautasunera itzultzea.

Gertakariaren aztarna usadioan eta historiografian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

« Zugarramurdi: Sorgin Herria. »
Esaera zaharra

Gaur egun arte gertakizun honen ondorioz zugarramurdiarrek beren sorginekin zituzten gorabeheren inguruko kondairak mantendu dira: sorginek neska bat bahitu zutenarena, mendian galdutako bi ahizpena, sorgin batzuen alabaren bataioarena, argi-ezkila jo baino lehenago etxetik irteten ausartu zenarena, sorgin bat bere emaztegaitzat zeukan mutil gazteari gertatu zitzaionarena…

Kondaira hauetan, sorginak uxatzeko erabiltzen zituzten hainbat metodo ere aurkitu dira: Etxeko atean lizarrezko bi arbatxoez egindako gurutze bat eta bere ondoan ereinotz-sorta bat jarriz gero, sorginak ez omen ziren etxeetara sartzen. Sorgina etxean sartuta balego berriz, eskukada bat gatz beheko sutara botatzea eta pindar gatzarekin batera sorginek ihes egiten omen zuten. Norbaitek sorginen batekin aurrez-aurre topo egiten bazuen aldiz, nahikoa zen puies! esan eta atzamar erakusle biekin gurutze bat trazatzea edo eta aitaren egin eta Jesus! esatea, sorgina bat batean desagertzeko. Iluntzeko angelus eta egunsentiko argi-ezkilaren artean etxetik ez irtetea zen kontutan hartu beharreko beste arauetariko bat.

Hau da, gutxi gorabehera, Zugarramurdi eta leize hauek duten historia, bere herriari ospea eman dion historia hain zuzen. Gaur egun eta urtero gertakari honen harira Zugarramurdin ekainaren 23ko gauean (San Joan gaua) Sorginen Eguna ospatu ohi da. Hala ere, XI. mendeko bigarren hamarkadan, gertaerak berraztertzeko mugimendu handia sortu zen herrian eta Lapurdin bertan, errepresioaren biktimak duintzeari begira. Zugarramurdi herria 1609-1611ko gertaerei loturik geratu da Euskal Herriko eta, are, Europako iruditerian. Bertako herritar batek hauxe adierazi izan du gaiaren gainean:


« "Sorginen herrian" sortu eta hazi nintzen [...] Gaur egun Zugarramurdik duen populazio bertsua zuen orduan, 220 biztanle. 46 etxe zituen herri bateko 32 lagun kriminalizatzea izugarrikeria bat da. Nola biziko genuke gaur egun herrian holako sarraskia gertatuz gero? 32 herritar ehizatu, bahitu, bertze herri baterat preso eraman, torturatu, hizkuntza arrotzez auzipetu, zigortu, eta erreko balituzte? »

—Helena Xurio Arburua, 2021. [6][7]


Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1984an Zugarramurdin jazotako gertaeretan oinarrituta Pedro Olea zuzendari bilbotarrak Akelarre zuzendu zuen, bertan Patxi Biskert (Unai), Iñaki Miramon (Iñigo), Silvia Munt (Garazi), José Luis López Vázquez (inkisidorea), Mikel Garmendia (apaiza) eta beste hainbat aktorek lan egin zuten.

Bestalde, 2013an Álex de la Iglesia bilbotar zinema zuzendariak estreinatutako Las Brujas de Zugarramurdi filma estreinatu zen, gidoian 1610an herri horretan jazotako auziaren gaia umorezko-beldurrezko filma egiteko aitzakiatzat hartzen duena.

Ikus gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Zugarramurdi, sorginen herria», Berria, 2006ko azaroaren 25a.
  2. (Gaztelaniaz) Julio Caro Baroja (1961): Las brujas y su mundo.
  3. «Zugarramurdiko sorgin leizea»
  4. Francisco Contreras Gil: «Zugarramurdi. El pueblo de las brujas»
  5. https://web.archive.org/web/20041120003746/http://agora.ya.com/animzte/db88.html Zugarramurdi - Sorginen Leizeak
  6. Asisko. (2021). Sugarren mende. ISBN 9788494807640..
  7. Eraso, Idoia. (2021-04-09). ««Sugarren mende» egon ziren euskal emakume, gizon eta haurrak» naiz: (Noiz kontsultatua: 2021-05-08).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]