Artikulu hau erdi-babestua dago. Erabiltzaile anonimoek ezin dute aldatu.

Euskal Autonomia Erkidegoa

From Wikipedia
Jump to navigation Jump to search
Euskal Autonomia Erkidegoa
Comunidad Autónoma del País Vasco
Espainiako autonomia erkidegoa
Bandera Armarria
Hiriburua Gasteiz
Hiri handiena Bilbo
Hizkuntza ofiziala(k) euskara, gaztelania
Herritarra [oh 1]
Probintziak Araba
Bizkaia
Gipuzkoa
Agintariak
 -  Lehendakaria Iñigo Urkullu (EAJ)
 -  Estatutua 1979ko abenduaren 22a
 -  Parlamentua Eusko Legebiltzarra
Legebiltzarra Espainiako Gorteak
 -  Senatua
15 / 260
 -  Kongresua
19 / 350
Azalera
 -  Guztira 7,233 km2
Biztanleria
 -  2012 zenbatespena 2.191.722 bizt.
 -  Dentsitatea 301,13 bizt./km2
Webgunea
www.euskadi.eus

Euskal Autonomia Erkidegoa —sigletan idatzita, EAE— edo Euskadi Espainiaren iparraldeko autonomia erkidego bat da, 1979. urtean sortua. Euskal Herriko mendebaldeko zatia da, Araba (Trebiñuko barrendegia izan ezik), Gipuzkoa eta Bizkaia biltzen dituena. Erkidegoko hiriburua, izatez, Gasteiz da,[oh 2][4] hiri horretan baitaude Eusko Jaurlaritzaren egoitza, Eusko Jaurlaritzako lehendakariarena eta Eusko Legebiltzarrarena.

Badu arrazoirik euskal izena hartzeko, lurralde hori baita bere eremu osoan sorreratik bertatik euskara hizkuntza ofizialtzat duen lurralde bakarra. Gaztelania ere bada ofiziala. Nafarroako Foru Erkidegoari EAEren parte izateko eskubidea onartu zaio Espainiako Konstituzioan, baina hegoaldeko nafar herritarrek horri buruz erabakitzeko duten eskubidea ez da inoiz erreferendum batean gauzatu.

Izena

Euskal Autonomia Erkidegoaren Autonomia Estatutuan zehaztuta dagoenez, Euskadi eta Euskal Herria dira autonomia erkidego honen izen ofizialak; eta, gaztelaniaz, Euskadi eta País Vasco. Horrek arazoak dakartza, Euskal Herria eta Euskadi hiru herrialdeetarako bakarrik erabiltzea ez baitator bat izen horien tradizioarekin. Euskaltzaindiak eman duen araua da Euskal Herria izena «Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko» erabil dadila.[5]

XX. mendearen lehen hiru laurdenetan Euskadi (1968an Euskaltzaindiak euskara baturako ortografia finkatu arte, Euzkadi idazkerarekin) eta Euskal Herria sinonimotzat erabili ziren, Euskaltzaindiak adierazitako Euskal Herri osoa izendatzeko; Euskadi izenak abertzale kutsu politikoa zuen, eta Euskal Herria zen izen neutrala.[6] Franco hil ondorengo urteetan, berriz, jeltzaleek Euzkadi izendatzen jarraitu zuten Euskal Herri osoa; eta ezker abertzalekoek aldiz, Baskongadak esaten zioten EAEri sarritan, eta sinonimotzat erabiltzen zituzten Euskadi eta Euskal Herria Euskal Herri osorako.[7]

Nafarroa Garaian, aldiz, XX. mendearen hondarrean Euskadi hitza nekez entzuten zen, ez zegoen oso onartua, ez eta errotua ere. Besteak beste horregatik, Euskal Herriko futbol selekzioko jokalariek 2008 eta 2009an Gabonetako partida jokatzeari uko egin zioten, 1936. urtetik erabili izan zuten Euskadiko selekzioa izenaren aurka eginda.[8]

Bestalde, PSEk Euskadi erabili izan du EAEren izentzat, autonomia erkidego hau sortu zenetik beretik. Gero, 1982an, Nafarroa Garaiak eta EAEk bat egin ez zutelarik, alderdia banatu egin zen, eta PSEk Euskadiko izaten jarraitu zuen bere euskarazko eta gaztelaniazko izenetan (Euskadiko Alderdi Sozialista / Partido Socialista de Euskadi). Alderdi Popularrekoek orain dela urte gutxitik erabili izan dute Euskadi hitza EAE izendatzeko.

Euskaldunen gaur egungo erabileran, Euskadi Euskal Autonomia Erkidegoa izendatzeko erabiltzen da gehienbat; eta Euskal Herria, Euskaltzaindiak arautu bezala, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko.

1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren arabera, izen osoa Euskal Herriko Autonomia Erkidegoa da, eta gaztelaniaz Comunidad Autónoma del País Vasco.[9] Baina erabilera ofizialean bertan ere —hau da, Euskal Autonomia Erkidegoaren aldizkari ofizialean argitaratutako lege testuetan— Euskadi, Euskal Autonomia Erkidegoa eta EAE izenez aipatzen da autonomia erkidego hau, eta Euskal Herria izena Euskaltzaindiak araututako esanahirako gordetzen da.[10]

Geografia

Iparraldean mugakide ditu Bizkaiko golkoa eta Pirinio Atlantikoak departamendua, ekialdean eta hego-ekialdean Nafarroa Garaia, hego-mendebaldean Errioxa, eta mendebaldean Gaztela eta Leon eta Kantabria.

Orografia menditsua du oro har, Pirinioen eta Kantabriako mendikatearen artean. Ebro ibai inguruan lurra lauagoa da eta Arabaren hegoaldean sakana dago. Kantaurialdean bailara ugari daude, gehienak gizakiak hartutakoak. Mendietan pinuak, haritzak eta pagoak aurki daitezke. Sakanean ordea mahastiak eta zereal, patata edo erremolatxa landak aurki daitezke, baso naturalen muinoekin batera. Autonomia Erkidegoak biosferaren erreserba bat dauka Urdaibain, eta natur parke ugari.

Klimatologia klima atlantiko eta mediterraneo tartekoa da: Tenperatura leunak eta euri ugari kantaurialdean (Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabaren iparraldea) eta erdipareko tenperaturak eta euri moderatuak Araban, lehorragoak hegoalderantz goazen heinean. Ohikoa da xirimiria, oso euri fina.

Nahiz eta biztanleria txikia izan, Euskal Autonomia Erkidegoak industria bolumen handia dauka eta Espainiako zonalde aberatsenetakoa da, Europako PIB per capita-ren %117,1ekin (Eustaten datua 2002 urtean). Horren arrazoi garrantzitsuenetakoa industria tradizio indartsua da. Hala ere, 1980ko hamarkadan industria birmoldatu zen, eta industria hori kaltetuta irten zen.

Historia

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Herriko historia»

Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekari zuzena 1936ko Euskadiren Autonomia Estatutuaren bidez 1936an sortutako autonomia erkidegoa izan zen. Hark ere Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartzen zituen bere barnean. Frankismoak autonomia erkidego hura desegin zuen hurrengo urtean, Eusko Gudarostea armen indarrez menpean hartu eta gero.

Diktadura haren ondotik, 1978ko Espainiako Konstituzioan oinarrituta, 1979an Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua onartu zen. Arabako, Bizkaiko nahiz Gipuzkoako foru erakundeen hainbat eskumen Eusko Jaurlaritzak hartu zituen, eta hala sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoa.

Lurralde antolaketa

Euskal Autonomia Erkidegoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako probintziek osatzen dute, lurralde historiko izendapena dutenak. Halaber, 251 udalerri dauden erkidegoan, horietatik 51 Araban, 88 Gipuzkoan eta 112 Bizkaian. Arabak zazpi eskualde edo kuadrilla ditu; Bizkai eta Gipuzkoako eskualdeek, aldiz, ez dute banaketa administratiboaren mailarik.

Erkidegoko hiri nagusienak ondorengoak dira:


Lurralde historikoak

Euskal Autonomia Erkidegoa hiru lurralde historikoetan banatzen da, izen bereko probintzien eremua hartzen dutenak:

Udalerriak

Epai-barrutiak

Sakontzeko, irakurri: «Euskal Autonomia Erkidegoko epai-barrutien zerrenda»

Euskal Autonomia Erkidegoa 14 epai-barrutietan banaturik dago. Izan ere, Araban bi dira, eta Bizkaian eta Gipuzkoan seina.

Demografia

Biztanleriaren bilakaera

Espainiako Industria Iraultzaren abiarazle bat izanda, XIX. mendetik 70eko hamarkada bitarte, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanle kopuruak gora egin zuen. Batez ere Espainiako autonomia erkidegoetatik etorri zen jendea, lan bila.

Eustaten datuek diotenez, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen %  4,50 atzerritarrak ziren 2006an.[12] Espainiako ehunekorik txikiena, estatuko batezbestekoaren (%  8,47) erdia baino gutxiago. Europarrak ez direnen artean, latinoamerikarrak eta marokoarrak dira gehienak; eta europarren artean, errumaniarrak eta portugaldarrak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eboluzio demografikoa, eta
estatuko biztanleriaren ehunekoa
1857 1900 1910 1920 1930 1940 1950
Biztanleria 413.470 603.596 673.788 766.775 891.710 955.764 1.061.240
Ehunekoa % 2,67 % 3,24 % 3,37 % 3,58 % 3,77 % 3,67 %3,77
1960 1970 1981 1991 1996 2001 2005
Biztanleria 1.371.654 1.878.636 2.134.763 2.109.009 2.098.055 2.101.478 2.124.846
Ehunekoa % 4,49 % 5,53 % 5,66 % 5,35 % 5,29 % 5,11 % 4,82

Hizkuntzak

Sakontzeko, irakurri: «Euskara»

Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza ofizial daude: gaztelania eta euskara. Euskarak izaera koofiziala du eta Nafarroa Garaiarekin eta Ipar Euskal Herriarekin komuna den hizkuntza da.

Mende askotan zehar, herrialde hauetan hainbat hizkuntza hitz egin izan dira: gaskoia (XIX. mendera arte hitz egina), gaztelania eta euskara izan dira erabilienak. Euskara da Euskal Herriko jatorrizko hizkuntza: ez dator latinetik eta Europako hizkuntza zaharrenetarikoa da.

Autonomia erkidegoan, 2001. urtean, biztanleriaren %51 gaztelaniaz bakarrik mintzo zen, %32 inguru elebiduna zen, eta %18k euskara ulertzen zuen baina nekez mintzatu. Ehuneko hauek, lurralde historiko batetik bestera aldatu egiten dira; lurralde euskaldunena Gipuzkoa da eta erdaldunena Araba. Datu ofizial hauek, 2001ekoak direla nabarmendu behar da, urtetik urtera elebidun kopurua handiagoa baita. Izan ere, 2006 eta 2011 artean 15.000 pertsonatan igo zen euskaldun kopurua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2 urte edo gehiagoko biztanleen %62,8k euskara-ezagueraren bat zuen 2011n.[13][14]

Politika

Euskal Autonomia Erkidegoko botereak Legebiltzarrak, Jaurlaritzak eta Lehendakariak jarduten dituzte:

  • Arartekoa EAEko herriaren defendatzailea da. Legebiltzarrak hautatzen du 5 urteko eperako. Hiru euskal hiriburuetan ditu ordezkaritzak.
  • Estatuko administrazioa, Gobernuaren Ordezkaritzak eta probintzia bakoitzeko Gobernu Ordezkariordetzek zuzentzen dute.

Alderdi politikoak

EGIren (EAJren gazte erakundea) margo bat, Legorretan (Gipuzkoa).

Eusko Legebiltzarrean 2016ko hauteskundeetan ordezkapena lortu duten alderdi politikoak:

Batasuna alderdia ez dago Eusko Legebiltzarrean ordezkatua eta Jose María Aznarren gobernuak Espainiako Alderdi Politikoen Legea aldatu eta Batasuna legez kanpo jarri zuenetik ezin du inongo hauteskundeetan bere burua aurkeztu. Batasuna, ezker abertzalearen inguruko beste hainbat gizarte mugimendurekin batera, Espainian legez kanpo dago 6/2002 Lege Organikoa betetzen ez duela leporatuta. 2005ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan bere burua aurkeztu ezin zuelarik, Euskal Herrialdeetako Alderdi Komunistarentzat eskatu zuen botoa, 6 jazarleku lortuz. Ordezkapenik gabeko alderdi aipagarriak:


Ekonomia

Oso lurralde txikia izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoak industria-bolumen handia du, eta Espainiako eskualderik aberatsenetarikoa da: Europako barne produktu gordinaren per capita batezbestekoaren % 117,1, hain zuzen ere (Eustat, 2002. urtea). 80ko hamarkadaren erdialdean, Euskal Autonomia Erkidegoa krisi ekonomiko gorrian zegoelarik, industria-birmoldaketa eta berrindustralizazioa egin ziren. Behin egoera normalizatuta, Espainiako erkidegorik garatuenetarikoa da eta Euskal Estatistika Institutuak egindako ikerketa baten arabera, eta NBEaren metodologia jarraituz, Euskal Autonomia Erkidegoak munduko Garapen Indizerik altuenetarikoa lortu zuen 2004. urtean. Langabezia-tasa %5,1-aren inguruan kokatuta dago, industria eta zerbitzu birmoldatze baten barruan baitago murgildurik euskal ekonomia.

2014ko abenduaren 23an jakin zenez, turismoak EAEko BPGaren %5,8 zen.[15] 2014ko azaroan, industria ekoizpena %3,1 handitu zen.[16]

Azpiegiturak

Garraioa

Itsas garraioari dagokionez, Bilboko portua da porturik garrantzitsuena, 37,2 milioi tona garraiatu zituelako 2006an. Gehienbat Erresuma Batua, Espainia eta Txinarekin ditu merkataritza-loturak. Euskal Autonomia Erkidegoko BPGari 419 milioi euroko ekarpena egiten dio eta 9.500 lanpostu sortzen ditu. Bilbokoaren ondoren, Pasaiako portua da garrantzitsuena.

Euskal Autonomia Erkidegoak 3 aireportu ditu: Bilbo-Loiu, Gasteiz-Foronda eta Donostia-Hondarribia. Hiru aireportuak 60 kilometroko erradioan daude eta 2006an 4,41 milioi bidaiari izan zituzten.

Trenbide garraioa aldiz, EAEn, hainbat enpresek kudeatzen dute.

Honetaz gain, abiadura handiko tren sarea eraikitzen ari dira Gasteiz - Bilbo - Donostia hiriburuak lotuko dituena. Proiektuak Euskal Y izena hartu du ibilbideak duen formarengatik.

Osasuna

Euskal Autonomia Erkidegoko osasun sistema Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta Osakidetza - Euskal Osasun Zerbitzuak osatzen dute.

Segurtasuna

Euskal Autonomia Erkidegoak bere polizia autonomikoa du: Ertzaintza. Hiru lurralde historikoetan zehar banaturik dago eta gaur egun, herri-segurtasun, ordena publikoa eta trafikoko eskumen guztiak ditu.

Espainiako Segurtasun Indarrek ere badute Euskal Autonomia Erkidegoan presentzia. Guardia Zibilak hamar kuartel ditu hiru lurraldetan banatuta eta Espainiako Polizia Nazionalak lau. Azken bi polizia hauek, gehienbat aduanetako, drogen eta terrorismoaren aurkako eskumenak dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoa herritar bakoitzeko polizia gehien dituen eskualdea da Europar Batasun osoan. Giza eskubideen aldeko hainbat taldek, horien artean Amnistia Internazionalak eta Torturaren Aurkako Taldeak, beren urteroko txostenetan Espainiako Terrorismoaren Aurkako Legepean atxilotutako herritarrek jasandako tortura eta tratu txarrak salatu dituzte. Erakunde hauek torturaren kontrako protokoloa aplika dadin eskatzen dute. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saila 2005ean hasi zen protokolo honek jasotzen dituen zenbait neurri hartzen, Ertzaintzaren aurkako tortura salaketak gutxitu zirelarik. Espainiako polizia indarrei dagokienez, ez dituzte neurri horiek oraino hartu.

Oharrak

  1. Ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko herritarra izendatzeko hitz zehatz bat. Euskal Autonomia Erkidegoko (herritar) edo, laburtuta, EAEko (herritar) erabil daiteke; edo, bestela, Euskal Herri osoko herritarrenak direnak erabili (baina betiere kontuan hartuta hauekin Nafarroa Garaiko eta Ipar Euskal Herriko herritarrak ere barne hartzen ditugula):
    • euskal herritar
    • euskotar (euskotar izen eta adjektiboak bi esanahi ditu: a) euskal herritarra, Euskal Herriari dagokiona;[1][2][3] b) eusko abertzalea.[2][3])
    • euskaldun (euskaldun adjektiboak, berez, «euskaraz dakiena» esan nahi du; hala ere, hainbatetan «euskal herritar»en sinonimotzat erabiltzen da, nahiz eta erabilera nahasgarria den. Ikus euskaldun.).
  2. Ezein legetan ez da zehaztu, oraingoz, Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburua zein den.

Erreferentziak

  1. Harluxet hiztegi entziklopedikoa, «euskotar» sarrera.
  2. a b Elhuyar euskara-gaztelania hiztegia, «euskotar» sarrera.
  3. a b 3000 Hiztegia (euskara-gaztelania), «euskotar» sarrera.
  4. (Gaztelaniaz) «Vitoria no será capital por ley, por ahora», El Correo, 2010-05-11.
  5.   Euskaltzaindia (PDF), 139. arauaː Euskal Herria izena, http://www.euskaltzaindia.eus/dok/arauak/Araua_0139.pdf .
  6. (Gaztelaniaz) Iñaki Anasagasti: «Por algo Sabino Arana llamó Euzkadi a la Euskal Herria carlista», Iñaki Anasagastiren bloga.
  7. http://www.argia.eus/argia-astekaria/1944/xabi-larralde-barnealdean-abertzaleen-garaia-iritsi-da-baina-ez-dugu-alternatiba-gauzatzen-jakin
  8. (Gaztelaniaz) Iván Orio: «“Sólo jugaremos si la selección se llama Euskal Herria”: La élite del fútbol vasco acusa a las instituciones de “vaciar” el término Euskadi y desafía a la Federación por el partido navideño», Diario Vasco, 2008-11-14.
  9. 1979ko EAEko Estatutua, Jaurlaritzako Lehendakaritzaren webgunean.
  10. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofiziala.
  11. (Gaztelaniaz) Instituto Nacional de Estadística: Cifras oficiales de población, 2016-01-01.
  12. (Gaztelaniaz) «La población crece en Gipuzkoa por primera vez en 20 años», Diario Vasco, 2008-01-31.
  13.   Eustat, Euskal Autonomia Erkidegoko hamar biztanletik seik baino gehiagok euskara-ezagueraren bat du, http://eu.eustat.es/elementos/ele0010600/ti_Euskal_Autonomia_Erkidegoko_hamar_biztanletik_seik_baino_gehiagok_euskara-ezagueraren_bat_du/tema_25/tipo_1/not0010643_e.html#axzz2ZNz6LmPi .
  14.   «Hamar biztanletik seik baino gehiagok euskara ezagueraren bat dute Gipuzkoa, Bizkai eta Araban», Berria, 2013-07-18, http://www.berria.info/albisteak/81902/hamar_biztanletik_seik_baino_gehiagok_euskara_ezagueraren_bat_dute_gipuzkoa_bizkai_eta_araban.htm .
  15. «Turismoak EAEko BPGaren %5,8 ordezkatzen du», Berria, 2014-12-24
  16.   Industria ekoizpena %3,1 handitu da azaroan EAEn, Berria, 2015-01-09, http://www.berria.eus/paperekoa/1849/013/002/2015-01-09/industria_ekoizpena_31_handitu_da_azaroan_eaen.htm .

Ikus, gainera

Kanpo loturak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Euskal Autonomia Erkidegoa Aldatu lotura Wikidatan