Lemoa

Koordenatuak: 43°12′36″N 2°46′44″W / 43.2099°N 2.7788°W / 43.2099; -2.7788
From Wikipedia
Lemoa
 Bizkaia, Euskal Herria
Lemoako udal liburutegia (ezkerrean) eta udaletxea (eskuinean); atzean, zementu lantegia.
Lemoako bandera

Lemoako armarria

Administrazioa
EstatuaEspainia
ErkidegoaEuskal Autonomia Erkidegoa
LurraldeaBizkaia
EskualdeaArratia
Izen ofiziala Lemoa
AlkateaSaioa Elejabarrieta Amorrortu (EH Bildu)
Posta kodea48330
INE kodea48055
Herritarralemoar, lemoaztar
Kokapena
Koordenatuak43°12′36″N 2°46′44″W / 43.2099°N 2.7788°W / 43.2099; -2.7788
Map
Azalera15,97 km²
Garaiera- metro
Distantzia21 km Bilbora
Demografia
Biztanleria3.547 (2023)
17 (2022)
alt_left 1.745 (%49,2) (%49,1) 1.741 alt_right
Dentsitatea222,1 bizt/km²
Hazkundea
(2003-2013)[1]
% 25,59
Zahartze tasa[1]% 24,05
Ugalkortasun tasa[1]‰ 56,94
Ekonomia
Jarduera tasa[1]% 82,96 (2011)
Genero desoreka[1]% 17,18 (2011)
Langabezia erregistratua[1]% 11,07 (2013)
Euskara
Euskaldunak[1]% 57,22 (2010)
Kaleko erabilera [2] (2016)
Etxeko erabilera [3]% 39.52 (2016)
Datu gehigarriak
Webguneahttp://www.lemoa.net

Lemoa Bizkaiko erdialdeko udalerri bat da, Arratiako eskualdeko bigarrena biztanle kopuruz, Igorreren ondoren. 2016. urtean 3.559 biztanle zituen.

Geografia[edit | edit source]

Inguru naturala[edit | edit source]

Udalerri hau Bizkaiko Arratia eskualdean dago, Ibaizabal eta Arratia ibaien elkargunean. Erdialdean lursail laua du, mendirik altuenak dituen bazterrerantz mailaz maila goratuz doana. Bertan honako mendi hauek gailentzen dira, Arraño I (395 m), Arraño II (375 m), Aramotz (514 m) eta Lemoatx (368 m). Mendi horietan karezko materialak dira nagusi, Durangaldean hain berezkoak diren gailurreriak osatzen dituztenak. Material horiek ustiatzen dituen porlanaren eta etxegintzako materialen industria garrantzitsua dago. Udalerria bi ibaik zeharkatzen dute: Ibaizabal eta Arratia beraren ibai-adarra dira.

Mugakideak[edit | edit source]

Mugakide ditu iparraldean Bedia eta Zornotza, hegoaldean Igorre eta Dima, sortaldean Zornotza, eta sartaldean berriz ere Bedia.

Auzoak[edit | edit source]

Demografia eta biztanleria[edit | edit source]

Lemoak 3.000 biztanle inguru ditu 1970tik aurrera, gora-behera txikiekin. XX. mendearen hasieran hazkunde txiki baina konstantea izan ondoren, 1950 eta 1960ko hamarkadetan hazkunde hori handitu egin zen, baina ez zen iritsi inguruko herriek (Zornotza, Galdakao, Gernika) jasan zuten mailara. 1970etik aurrera beherakada motela hasi zen. XXI. mendearen hasieran berriro handitzen hasi zen biztanleen kopurua, Espainia ez besteko herrialdeetako etorkinen ondorioz batez ere.

Lemoako biztanleria

Lemoa udalerriaren biztanle kopurua mailaz-maila handituz joan zen XX. mendearen lehen hiru laurdenetan zehar. Horretan eragina izan zuen haren kokapenak, Bilbotik eta Ibaizabal haraneko industria-gunetik (Zornotza, Galdakao) hur. Baina gertaera honen ondorioa izan zen, beste alde batetik, nekazaritzaren garrantziaren beheraka handia, batetik, eta biztanle askoren aldetik "beharra, denboraren zati batekoa" egitea, bestetik. Aldi berean, Lemoan bertan zenbait industria kokatu zirenez, Espainiako leku askotatik kanpotar jendea etorri zen bertara. Biztanleen ugaritze hura geratu egin zen hirurogeita hamar hamarkadaren erdialdera, eta, 1980ko hamarkada hasteaz batera, biztanleen kopurua gutxitzen hasi zen. Krisi ekonomikoak eta familiengandik aldentzen diren gazteentzat etxebizitzarik ezak zerikusia izan zuen, eta handia, joera honetan.

1991ko azaroan Udal Hirigintzako Plangintzako Arau Subsidiarioak onartzeaz batera, guztiz aldatu zen egoera udalerriaren hirigintzako garapenean. Zehazki, hirigintza kudeatzeko prozesu luze gogor baten ostean, 1993 eta 2004 urte bitartean 480 etxebizitza eraiki ziren guztira, Elizondo egoitzazko sektorean kokatuak. Horien artetik aipagarri dira babes ofizialeko 39 etxebizitzak eta 18 gizarte etxebizitzak.

Horiek horrela, biztanleen kopuruak, astiro bada ere, mailaz maila gorantz egin zuen, zelan eta 1993 eta 2005 urte bitartean 172 biztanle gehiago zirela: % 6,5 gehitu dira biztanleak, beraz.

Ikuspegi demografikotik ez da ahaztu egin behar, udalerri honek, 65 urtetik gorako pertsonen oso ehuneko handia duela; hori, neurri handi batean, 1975 eta 1993 urte bitartean etxebizitza berririk eraiki ez izanaren ondorio da; izan ere, jende gazteagoak inguruko herrietara joan behar izan zuen bizi izatera.

Aipatzekoa da, era berean, hirigintzako garapenak jarraitu egiten duela; izan ere, 2004-2006 urte bitartean, 182 etxebizitza berri eraikitzekoak ziren guztira Elizondo-San Inazio sektorean, horietatik 39 babes ofizialekoak izanik.

Euskara[edit | edit source]

Lemoako Mertxe Iturrioz[4] hiztunaren pasartea. Euskal Herriko Ahotsak [5][6]proiekturako egindako elkarrizketa, ahozko ondarea jaso eta zabaltzeko.

Lemoako euskara bizkaieraren aldaera da, sartaldeko bizkaieran[5] kokatzen den Arratiako euskara[4][7] hitz egiten da bertan. Euskalduna da biztanleriaren %57,22, eta euskararen erabilera %24,9 da herrian.

Historia[edit | edit source]

Lemoa herria 1930eko hamarkadan.
Sakontzeko, irakurri: «Lemoako historia»

Lurralde honetan topatutako lehenengo aztarnak Atxubieta eta Arlangako kobazuloetan topatutakoak dira, eta dirudienez Goi Paleolitokoak dira. Erromatarren presentzia ingurune honetan Elorriagako hilerrian ikus daiteke.

Erdi Aroko hainbat osagai erlijio ondarean gelditu da, dorretxeekin batera. Sasoi hartan Bediako Kolazinoa eta Lemoako Elizatea zeuden Bediako Ibar-jaurerriaren barruan. Elizatearen ezaugarriak bi ziren: parrokia bat egotea eta eraketa publikoa, izan ere azken ezaugarria lortu zen Bizkaiko Batzar Nagusien ordezkaritza udalerrietan oinarrituz egin zenean, XV. mendearen amaieran. Lemoan, ibar-jaun eta fidel bi zeuden, Batzar Nagusietan 64 zenbakiko botoa eta jesarlekua zeuzkanak.

Azkenik, aipatzekoak dira industrializazioaren hastapenetan erabilitako errotak, gaur egungo porlanaren lantegiek eta bestelakoek nolabait ordezkatu dituztenak.

Udalerrian bi guda garrantzitsu gertatu izan dira. Lehena Konbentzio Gerran zehar izan zen, 1794ko abuztuaren 21ean, Lemoako gudariak Gipuzkoarekiko muga defendatzera irten ziren frantziarrei Bizkaian sartzeko aukera kentzeko asmoz. Bigarrena Espainiako Gerra Zibilaren garaian izan zen, Lemoatx inguruan borroka latzak izanik, 1937ko ekainaren 17an nazionalek herria okupatu zuten arte.

Politika[edit | edit source]

Lemoako udaletxea

2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeen emaitzen ondorioz, Bildu koalizioko hautagai Saioa Elejabarrieta hautatu zuten alkate, boto gehien eskuratu zuen alderdia izan baitzen. EAJ alderdiak bere hautagaiari, Gotzon Olabarriri, eman zizkion botoak eta PSE-EEko zinegotziak bere buruari eman zion botoa.

2015eko udal hauteskundeetan EH Bilduk gehiengo osoz irabazi zituen hauteskundeak eta Saioa Elejabarrieta karguan berretsia izan zen.

Lemoako udalbatza

Alderdia

2015eko maiatzaren 24

2011ko maiatzaren 22

Zinegotziak Boto kopurua Zinegotziak Boto kopurua
EH Bildu*
6 / 11
946 (% 50,11)
5 / 11
829 (% 45,42)
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ)
5 / 11
754 (% 39,94)
5 / 11
731 (% 40,05)
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE))
0 / 11
112 (% 5,93)
1 / 11
185 (% 10,14)
Alderdi Popularra (PP)
0 / 11
31 (% 1,64)
0 / 11
80 (% 4,38)
* 2011n Bildu koalizioa aurkeztu zen.

Ondarea[edit | edit source]

Lemoako Andra Mariaren eliza.

Andra Mari eliza oso garrantzi handikoa izan da herriaren historian. Elizan bertan ikusi ditzakegu antzinagoko tenplu erromaniko baten aztarnak, atariko zutabeak errematatzen dituzten kapitelak modura, duten sinbolismoarengatik interes ikonografiko handikoak direnak. Hormen arteko batean leiho bat dago, erromanikoa hau ere. Eliza berreraiki eta handitu egin zen 1758an. Erretaulak, joera barrokokoak, ez dauka ezelako zerikusirik kontserbatu diren aztarna erromaniko soilekin. Geroago, 1993an, barrualdearen eta teilatuaren zaharberritze osoa egin zen.

Lemoako ondare historiko-arkitektonikoaren inbentarioa osotzen dute gorago aipatu diren eraikinak, eta baita hurrengoak ere: Pozuetako karobia, Txiriboketako errota, Elorriagako ogi-labea eta Atxetakoa, eraitsia, eta Arrate, Insausti, Lemorietako Urizar eta Mendibil Behekoa eta Mendibil Goikoa moduko baserriak. Aristi baserriaren sabaiak ere, aparteko aipamena merezi du.

Gaur egun bost baseliza daude Lemoako udal barrutian. Beste bat ere egon zen, Arrañoko San Martinena, XVIII. mendearen azken laurdenean desagertu egin zena. Baseliza denak, San Inaziorena izan ezik, bazeuden daborduko XVII. mendean. Elorriagako San Pedrorena, Azurrekako San Lorentzorena, Santiago Apostoluarena, Arrañon, San Antolinena, Lemoatxen, eta San Inaziorena, izen bereko auzoan. Harrigarria bada ere, beste kokaleku bat izan zuen, oraingotik guztiz hur dagoena, elizara doan errepidearen ondoan. Antzinako baselizak, elizatik hur egoteagatik, parrokiaren funtzioak bete zituen Andra Maria berreraiki zen bitartean, XVIII. gizaldiaren erdi aldera. Oraingo baseliza 1965ean eraiki zen, eta kanpin-dendako itxura kuriosoa dauka.

Lemoako udaletxea ere, nahiko eraikin berria da, udalerriak XX. mendearen lehen hamarkadetan zehar izan zuen industriazko aurrerapen eta biztanleen gorakadaren ondorioz egin zena. 1924an onartu egin zen udaletxea eraikitzeko proiektu bat, Mario Camiña arkitektoak sinatu zuena eta obrak udal-erakundeak erosi zuen Jatabe izeneko lursailean hasi ziren. Udaletxeak badauka, Erdi Aroko dorre gotorraren halako itxura bat, hain zuzen ere, arkitektoak aparteko interesa zeukan eraikin-mota hauetarako baina, egiatan, eraikin itxura eklektikoduna da, neobarrokoaren eta neokantabroaren berezko elementuak nahastatu egiten dituena. 1980ko uztailaren 20an atentatu bat nozitu zuen, eta Fernando Galdeano arkitektoak egin zuen berreraikitzeko proiektua 1981ean.

Elkarteak[edit | edit source]

Lemona Kirol Elkartea herriko futbol talde nagusia da, historia luzekoa, eta beste kirol elkarteen artean pilota-eskola eta Ganzabal mendi taldea ditugu. Kultura arloan, Durundi Barri dantza-taldea, abesbatza eta musika-eskola aipatzekoak dira, eta azkenik gaztetxea eta nagusien elkartea ere bai.

Garraioa[edit | edit source]

Euskotrenek udalerri honetan Lemoako geltokia du.

Lemoaztar ospetsuak[edit | edit source]

Erreferentziak[edit | edit source]

  1. a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
  2. «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  3. «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
  4. a b «Arratiakoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  5. a b «Sartaldekoa (M) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  6. «Umeen lanak etxean - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  7. «Lemoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-13).
  8. Elustondo, Miel. (2013-06-16). Mari Karmen Menika. «Euskararen etaunibertsitatearen arteko zubiaeraikitzen UEUk badu zer egin». Argia, 10-14 or..

Ikus, gainera[edit | edit source]

Kanpo estekak[edit | edit source]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa