Limoi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Limoiak.

Limoia limoiondoaren fruitua da. Zapore azidoa duenez garrazkien taldekoa da. Limoia jangarria da eta gastronomian asko erabiltzen da.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Persiarrek līmūn izena eman zioten eta arabiarrek ليمون (laymūn)[1]. Italieraz limone eta gazteleraz limón izanik euskaraz limoi izena hartu zen Hegoaldean. Hizkuntza gehienetan hitz honen aldaerak aurkitzen dira. Frantsesez citron esaten zaio eta hortik jaso da zitroin hitza Ipar Euskal Herrian.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Limoiondoa

Limoiondoa Asiakoa da jatorriz, eta seguru asko Txinan eta Indian aspalditik hazten da. Ondoren, Ekialde Hurbilera iritsi zen K.a. 700. urte inguruan, eta musulmanek sakratutzat hartu zuten. Arabiarrak izan ziren, hain zuzen, limoia Europara eraman zutenak.

Limoien landaketa XIII. mendetik aurrera orokortu zen Espainian eta Sizilian. Europako gainerako tokietan ordea berritasun gisa hartzen zen Pizkunde garaian oraindik. XVIII. mendean eskorbutoari aurre egiteko limoiak erabiltzen hasi ziren mariñelak eta horrek limoien kontsumoa orokortu zuen. Sizilia bihurtu zen limoi ekoizle nagusia. Palermo hiriaren inguruan ekoizten zen Conca d'Oro deitzen zioten eskualdean.

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Limoiondo»

C bitamina eta azido zitrikoa ugari dituenez hainbat erabilera ditu limoiak:

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Usai eta zapore freskoak emateko erabiltzen da. Freskagarriak eta izozkiak egiten dira eta saltsa ugariren osagaia ere bada. Limoiaren zukua hainbat haragi eta arraini gehitu dakioke zaporea indartzeko. Limoiaren azala ere erabiltzen da elikagaien gelifikatzaile eta egonkortzaile gisa, pektina ugari baitu. Azkenik postre ugari ere egiten dira limoiarekin.

Higienea eta estetika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurringintza industrian erabiltzen da, bai eta higiene produktuetan ere, usainkentzaileak esate baterako.

Ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Limoiondoa munduan gehien ekoizten diren zitrikoen artean hirugarrena da, laranjondoaren eta mandarinondoaren ondoren[2].

2018. urteko datuen arabera munduan 19,4 milioi tona lima eta limoi ekoiztu ziren. %65a sei herrialde hauek osatu zuten:

Limoi (eta lima) ekoizpena, 2018
Herrialdea Kopurua
(milioi tona)
 India 3,1
 Mexiko 2,5
 Txina 2,5
 Argentina 2,0
 Brasil 1,5
 Turkia 1,1

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Eguilaz y Yanguas, L. de. (1886). Glosario etimológico de las palabras españolas (castellanas, catalanas, gallegas, mallorquinas, portuguesas, valencianas y bascongadas) de origen oriental (árabe, hebreo, malayo, persa y turco). Impr. La Lealtad, Granada, 1886; facsímil Ediciones Atlas, Madrid, 1974., 439 or..
  2. (Ingelesez) Simeone, Giuseppe Di Rauso; Matteo, Antonio Di; Rao, Maria Antonietta; Vaio, Claudio Di. (2020). «Variations of peel essential oils during fruit ripening in four lemon (Citrus limon (L.) Burm. F.) cultivars» Journal of the Science of Food and Agriculture 100 (1): 193–200.  doi:10.1002/jsfa.10016. ISSN 1097-0010. (Noiz kontsultatua: 2020-05-12).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]