Utopia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Thomas More (1527). Frick Collection (New York)

Utopia (grezieratik: u «ez» + topia «lekua», hots, «leku irreal», «inon ez dagoena» edo «existitzen ez den lekua») Tomas Morok sorturiko neologismoa da. Hizkera metaforiko eta arruntean, lortu nahi baina ezin dena adierazten du, hau da, «errealitaterik gabea» esan nahi du.[1]

Gizakiaren dimentsio utopikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Utopia gizakiaren oinarrizko gertaera antropologikoa da filosofiaren ustez, bere askatasunaren funtsezko osagaia alegia. Utopiaren oinarria egokituriko gizartea gogoko ez izatean datza, honen aurrean gizakiak gustuko izango duen gizarte bat sortzen baitu. Ondorioz utopia aldaketa sozialen eragile da baita ere.

Utopiaren ezaugarri teorikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Utopia gizarte ordena jakin bat errotik aldatzeko proiektu bezalaxe defini daiteke, ondorioz iraultzaileak dira, ezarritako ordenaren kontra baitaude. Honako ezaugarri komunak dituzte:

  • Sorburua: Tradizioen, ideologien edo gizarte ordenen krisialdietan sortzen dira. Une jakin bateko gizarte baldintzen kontra egiten dute eta gizarte horren arazoetarako konponbideak bilatzen dituzte.
  • Oinarriak: Giza izaerari eta guztien ongiari buruzko ikuspegi jakin batzuk izaten dituzte oinarri, gehienetan. Balio etiko eta politiko jakin batzuetarik abiatuz, beste gizarte ordena bat proposatzen dute.
  • Funtzioa: Utopiek bi funtzio izaten dituzte: kritikoa eta konstruktiboa. Kritikoak dira, indarreko gizarte ordenaren bidegabekeriak salatzen dituztelako, baina konstruktiboak ere badira, hautabideak eskaintzen dituztelako. Eta, halaber, hautabide horiek benetan gauzatzeko bideak ere bilatzen dituzte.
  • Helburua: Gizarte perfektua edo ideala lortzen lagunduko duten erakundeak sortzea dute helburu.
  • Metodologia: "Aukeren esperimentazio mentala" dira, hau da, ez dago errealitatean frogatu beharreko hipotesirik. Kontua ez baita errealitatea ezagutzea, zabaldu eta aukera berriak aurkitzea baizik.
  • Izaera orokorra: Utopiaren izaeraren muina ideal jakin batzuk egi bihurtu ez gero gizartea nola litzateke erakustea da.

Ondorioz, gizarte utopikoek eredu ideala proposatzen dute, alternatiboa eta gizakiari buruzko ikuspegi jakin bat egia bihurtzeko eta bizimodu perfektu bat lortzeko zein balio eta erakunde ezarri behar diren adierazten dute.

Utopiak historian zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Utopiak Gizarte eredua
Herri utopiak Natur ordenari erreparatzen diote, gizarte ordenari baino gehiago. Ondasunez gainezka dauden hiriak asmatu dituzte (Cucaña, Jauja..) zahartzarorik eta miseriarik gabeak.
Klasikoak:

Platon, Errepublika

Gizarte egitura bidezkoagoak. Jakintsuenek gobernatu behar dute, arrazoimenean oinarrituta. Hierarkizazio handia. Ondasunak gobernarien eta gerlarien artean banaturik.
Erdi Arokoak:

San Agustin, Jainkoaren hiria

Inperio kristauaren ideala. Jainkoarenganako maitasunean oinarritutako gizartea; eredu horri jarraitu behar dio gizakien hiriak ere. Hiri mundutarrerako eredua da.
Berpizkundekoak:

Tomas Moro, Tommaso Campanella, Francis Bacon

Jakintzan eta aurrerapen teknikoetan eta zientifikoetan oinarritutako gizartea. Ondasunak denon artean banaturik. Gizarte egitura hierarkikoa eta planifikatua.
Ilustrazioakoak:

Jean-Jacques Rousseau, Emilio

Utopia pedagogikoa. Heziketa prozesuak nolakoa izan behar duen aztertzen du nagusiki, gizakiaren ontasuna garatzeko asmoz.
Sozialistak:

Charles Fourier

Karl Marx

Piarres-Joseph Proudhon

  • Utopikoak: gizarte burujabea lortzeko jarraibidearen balioa azpimarratzen dute.
  • Komunistak: jabetza pribatua bertan behera utzi behar da. Iraultza. Langileek eskuratu behar dute boterea.
  • Anarkistak: aginte oro bertan behera uztea da gizarte bidezkoagoa lortzeko oinarria
Antiutopikoak:

Aldous Huxley (Bai mundu berria) George Orwell (1984)

Etorkizun beltza du gizakiak: teknikaren aurrerapenen bidez, estatuaren erabateko kontrola; gerrak, pobrezia eta miseria lirateke nagusi; askatasun eza eta bizitza pribatuaren desagerpena; suntsidura materiala eta psikikoa, etab.
Libertarianoak: Robert Nozick Ekimen pribatuan eta merkatuan oinarrituriko gizartea. Jabetza da oinarrizko balioa.


Modernitatea baino lehenagoko utopiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Platon Raffaellok (XV) margotua

Utopia klasikoen artean ezagunena Platonen Errepublika litzateke. Lan horren, bidezko gizarte eredua proposatzen zuen Platonek: jakintsuenek agindurikoa, arrazoimenak ezarritako ordena perfektua mundu errealera ekartzeko gaitasuna duten bakarrak horiek baitira. Guztiz hierarkizaturiko gizartea deskribatzen da bere obran, hiru bertute ariman (jakinduria, ausardia eta lankortasuna) eta ondorioz hiru klase (gobernari filosofoak, gudari eta soldaduak eta artisauak).

Erdi Aroaren hasieran, Jainkoaren hiria izeneko utopia idatzi zuen San Agustinek (354-430). Jainkoarenganako maitasunaren kristau printzipioetan oinarritutako gizarte baten alde egin zuen eta hiri mundutarrak ere eredu horri jarraitu beharko liokeela aldarrikatu zuen.

Erdi Aroko munduaren gainbeherarekin bat, berebiziko aldaketak gertatu ziren gizartean, ordura arte inoiz sortu ez bezalakoak. Gizakiari buruzko ikuspegi berria izan zen aldaketa haietako bat: gizakia indibidualista eta interesatua zelako ustea hedatu zen. Berpizkundeko utopia batzuek erabat kritikatu zuten ikuspegi hura, eta behe mailako klaseen nahiak eta premiak aldezteari ekin zioten.

Tomas Mororen (1478-1535) Utopia litzateke horren adibidez nabarmenena: gizarte ideal bat deskribatu zuen asmatutako uharte batean. Lan horretan, gizakien arteko berdintasunaren alde egin zuen. Bere utopiaren ezaugarri nagusiak honakoak ziren:

  • Berdintasuna ekonomikoa: Jabetza pribatu ezak lehia desagertaraziko luke eta lanaren fruituak denen artean elkarbanatu.
  • Diruaren desagerpena: Diru debekaturik, laguntza, lan trukea eta truke ekonomikoa lirateke ekonomiaren oinarria.
  • Egitura politiko demokratikoa: Ordezkari politikoak boto sekretuen bitartez aukeratuko lirateke, baina hautesleek "zin egin behar dute hiritarrik egokien aukeratuko dutela".
  • Gizarte antolamenduaren oinarrizko instituzioa familia litzateke.
  • Guztizko planifikazioa: Arlo guztiak kontrolaturik lirateke: janorduak, lanorduak, seme-alaben heziketa.
  • Hezkuntzaren bi oinarriak lanbide heziketa eta gizarte bizitzaren estimua lirateke.
  • Tolerantzia elkarbizitzaren oinarrizko printzipio bezalaxe, "nork bere sentimenduekin bat egiten duen erlijioa aukeratuko du".
« Azaldu dizuen errepublika horri, aparta ez ezik, bakar ere baderitzot. Beraz, sobera merezi du izen hau: benetako Errepublika. Beste alde batzuetan ere izan dute hizpide gizarte osoaren ongia, baina beti sartu izan dute tartean norberaren onurak eragindako zerbait. Utopian berriz deonon ongia baino ez da izan kontuan, eta ez norberaren interesak (...) Utopian, guztiona dena

Tomas Moro, Utopia

»

Modernitatea eta aurrerapena: utopiaren historikotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jean-Jacques Rousseau, Ilustrazioaren bultzaile nagusienetakoa

Modernitatearen etorrera arte utopia gizarte esperimentu mental bezala ulertu beharra zegoen, aurrerapen tekniko eta teknologikoekin gizarte harremanek aurrera egin zuten baita ere, Ilustrazioko ideiek mundua hobetzeko helburua izan zutelarik.

Ortega y Gassetek honelaxe laburtu zuen modernitatea: "gizakiaren nahiak, proiektuak eta proposamenak, besterik gabe, benetan lor daitezkeela sinistea". Garaiko ideal utopikoak egia bihurtzeko zer aldatu behar zen gizartean deskribatzen zuen, fikzio literarioa alde batera utzita.

Jean-Jacques Rousseauren (1712-1778) Emilio lana utopia ilustratuen adibiderik ezagunena da. Bertan, gizakiaren ontasuna garatzeko zein hezkuntza ereduri jarraitu behar zitzaion adierazten zuen egileak. Idazle frantsesaren ustez gizakia berez ona litzateke eta hezkuntza izan beharko luke gizartearen usteltasunetik babesteko era bakarra, helburu onekin

Utopia sozialistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Utopia sozialistek bi iturburu nagusi izan zituzten: gizakia gizartea eraldatzeko gai zelako ustea eta Frantziako Iraultzaren emaitzek eragindako etsipena. Frantziako Iraultzak gizaki guztien berdintasuna aldarrikatu bazuen ere, langile klaseen bizi baldintzak hobetzeko ezer gutxi egin zuela uste zuten sozialistek.

Sozialismo utopikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Vendôme Colonnen suntsipena Parisko Komunan

Karl Marx eta Engelsek eman zioten izen hori sozialismo mota horri. Hauen ustez esplotazioa ezeztatzeko eta inor inoren menpe ez egoteko modurik onena berdintasunean biziko ziren komunitateak sortzea zen. Gizakia berez ona zela uste zuten, berebiziko garrantzia emanez hezkuntzari, gizarte burujabea lortzeko biderik onena zelakoan.

Aurreko utopismoetatik zerbaitek desberdindu baldin bazuen, utopia sozialista hauek errealitate bihurtzeko saiakerak egon zirela izan zen, horren adibide izan zen Parisko Komuna. Sozialista utopikoen artean, hauek aipatu behar dira: Saint-Simongo kondea (1760); Charles Fourier (1771-1837) eta Robert Owen (1771-1858).

Sozialismo zientifikoa edo komunista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sozialismo zientifikoak materialismo historikoa izeneko azterketa modua zuen oinarri: historiaren azterketa, honek jarraitzen dituen legeak ondorioztatzeko eta gizartea nork eta zerren bidez eraldatu daitekeen aurkitzeko. Komunismoaren arabera, aldaketa ekonomikoek iraultzari emango liokete bidea eta, pixkanaka jabetza pribaturik eta klase sozialik gabeko gizarte bat sortuko litzateke.

Karl Marx (1818-1883) eta Friedrich Engels (1820-1891) izan ziren korronte horren sortzaileak. Sozialismo zientifikoa deitu zioten beren proposamenei, pentsamendu utopikotik bereizteko. Hala ere, XX. mendean Bloche eta beste hainbat marxistak utopiari heldu zioten, horixe iruditzen baitzitzaien gizartea aldatzeko eragile nagusia.

Sozialismo anarkista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anarkismoaren helburua aginte oro ezabatzea da, gizaki guztiok berdinak eta libreak garela uste baitu. Gizarte zuzena sortu ahal izateko behar-beharrezkoa litzateke komunitateetan oinarritutako antolamendua ezartzea, ez indibidualista (gizarte kapitalistan bezalaxe), ezta kolektibista ere (komunisten kasua). Hauen ustez hiru ziren gizarte zuzena lortzeko bideak: botere oro suntsitzea, hezkuntza eta elkar laguntza. Elkar laguntzan oinarritutako harremanak dituzten espezieek baino ez baitute irauten hauen ustez.

Anarkismoko pentsalaririk ezagunenak Pierre Joseph Proudhon (1809-1865), Mikhail Bakunin (1814-1876) eta Piotr Kropotkin (1842-1921) izan ziren.

Utopien amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Distopiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

George Orwell (1903-1950
Fitxategi:Aldous Huxley.gif
Aldous Huxley (1894-1963)

Distopia, antiutopia, kakotopia edo utopia negatiboek honakoa deskribatzen dute: utopia edo gizarte ideal bat sortzeko baliabideak izanez gero, pentsamolde utopikoaren zenbait aldarrikapen betetzeak ekarriko lituzkeen ondorio txarrak. Oxford English Dictionary-ren arabera kakotopia (ingelesez: cacotopia) neologismoa Jeremy Benthamek sortu zuen, eta distopia John Stuart Mill idazleak, haren sinonimotzat, aurrekoa bere idatzietan erabili zuen arren.

Aldous Huxleyren Bai mundu berria da distopiarik ezagunenetakoa. Etorkizuneko gizarteari buruzko deskribapen iluna eta sarkastikoa egin zuen Huxleyk bertan: zientzia eta teknika giza ekintzaren esparru guztietan nagusitu dira, horren ondorioz, gizartea erabat planifikaturik eta teknifikaturik egonez. Agintarietan azkarrena herritarrak esklabo bihurtzen dituena da, horretarako limurtzeaz baliatuz. Mundu berria sortu da, baina lan horretan askatasuna eta giza borondatea desagertu direlarik. Mundu berria beraz, baina ankerra eta askatasunik gabea.

George Orwellen 1984 liburuak eleberri distopikoen artean ezagunetarikoa da baita ere. Bertan giza harremanetan aurrerapen teknologikoak sartzen utziz gero nolako etorkizuna etor litekeen deskribatu zuen, estatuak gizakiak kontrolatzeko eta menderatzeko erabil baititzake aurrerapen guztiak. Plangintzaren bidez, herritar guztiak agintarien esanetara leudeke, otzan eta ezertan kontra egin gabe. Fikziozko gizarte horretan beste desberdintasun mota bat ere azaltzen zen: alderdi politiko nagusiaren hierarkiak eta mailak.

Distopiek, pentsamendu utopikoak bezala , bi funtzio betetzen dituzte:

  • Gizarteko egoera jakin bat salatzea.
  • Gizarte ekintza bideratzea.

Baina ez dute inolako etorkizun idealik proposatzen; aitzitik, beste bide bat hartze ez bada, nolako etorkizun beltza izan dezakeen azaltzen dute.

Utopismoari kritikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Utopiek iraganean baino askoz ere errealistagoak dirudite orain. Baina beste arazo bat sortu zaigu, hau ere larria: Zer egin egia bihur ez daitezen? Agian, aro berri baten atarian egongo gara: intelektualek eta klase ikasiek utopia saihesteko eta gizarte ez-utopiko batera itzultzeko bideekin egingo dute amets. Gizarte ez-utopikoa ez da hain perfektua izango, baina libreago bai, behintzat."

Aldous Huxley, Bai mundu berria

Utopia positiboen aurkako kritika nagusiak honakoak dira:

  • Utopia positiboak egia bihurtzea ezinezko litzateke. Kritikoen ustez, pentsamolde utopikoak oso ondorio txarrak ekarri ditu, ez baitu errealitatearen mugak onartu nahi izan. Errealismo politikoak dioenez, gizakia den modukoa da eta ez dago izate hori aldatzerik.
  • Historian izandako esperientziak. Ideia utopikoak errealitatean gauzatzeko egin izan diren ahalegin guztiek kritikoen ustez kalte baino ez diete egin uste mesede egin behar zietenei, erregimen diktatorialak sortu dituztelako, bai eta askatasun eta berdintasun baldintza txarragoak ere.
  • Totalismoaren gaitzespena. Utopiak egia bihurtzeko, indarkeria erabili behar da, erabateko plangintza eskatzen baitute. Ondorioz, askatasunik gabeko gizarte itxiak sorrarazten dituzte. Boterea gutxi batzuen esku geratzen da: klase sozial pribilegiatuaren esku alegia. Agintariek, utopiak gauzatzeko kontrako iritziak errotik baztertu izaten ditute. Beraz, utopismoa eta totalitarismoa bat egiten dute askotan.

Kritika hauek Karl Popperrek Historizismoaren miseria eta Gizarte irekia eta bere etsaiak lanetan jaso zituen: utopiak baztertu egin behar zirela zioen eta benetan gauzatzeko moduko konponbideak aldarrikatzen zituen arazo jakin batzuetarako.

Gizarte utopismoaren amaiera?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XXI. mendearen hasieran gizarte bidezkoagoa lortu nahi zuten utopismoak desagertze zorian ego litezkeela uste du kritika teorikoak gizarte pesimismoa eta honako faktoreak direla eta:

  • Zientziak lortutako aurrerabideak eta horien aplikazio teknologikoak arazo ugariren konponbide izan ziren arren, antiutopisten iragarpenek zioten bezala, gertakari latz askoren jatorri izan dira: hondamendi nuklearrak, ingurugiroaren suntsidura, negutegi efektua...

Idatzi utopistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Utopia, Gizapedian.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • K.O. Apel, Estudios éticos, Bartzelona, Alpha 1986.
  • E. Bloch, El principio esperanza, Madril, Aguilar, 1979.
  • A. Cortina, Ciudadanos del mundo, Madril, Alianza, 1997.
  • F. Garcia Moriyon, Del socialismo utópido al anarquismo, Madril, Ediciones Pedagógicas, 1985.
  • A. Manheim, Ideología y utopía, Madril, Aguilar, 1966.
  • F.E. Manuel, Utopías y pensamiento utópico, Madril, Espasa-Calpe, 1982.
  • H. Marcuse, El final de la utopía, Bartzelona, Ariel, 1968.
  • T.Moro, Utopía, Madril, Tecnos, 1992.
  • A. Neusüss, Utopía, Bartzelona, Seix Barral, 1970.
  • R.Spaemann, Crítica de las utopías políticas, Iruñea, Eunsa, 1980.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]