Connemara gure bihotzetan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Connemara gure bihotzetan
Datuak
IdazleaJulen Gabiria (1998)
Argitaratze-data2000
GeneroaEleberria
HerrialdeaEuskal Herria
Orrialdeak244
FormatuaLiburua, 21 x 12,5
Liburu elektronikoa
ISBN978-84-8331-592-7
Sariak1998ko Igartza Saria

Connemara gure bihotzetan Julen Gabiria idazlearen eleberria da, 2000. urtean argitaratua, Xabier Mendiguren Elizegiren hitzaurreaz eta Nestor Zabalaren argazkiez hornitua. Liburua Elkar argitaletxeak argitaratu zuen. Aurretik, 1998an hain zuzen ere, Igartza Saria irabazia zuen. Formatu elektronikoan ere argitaratu da. Izenburua Irlandako mendebaldean dagoen Connemara eskualdetik datorkio.

Hariari dagokionean, Txema izeneko mutil gazte batek bere neska lagun Eider auto-istripu batean galdu berri du. Hura ahaztu nahi du baina ezin, gainera Eiderrek aurreko urtean Eirera egindako bidaiari buruzko egutegia eta diskete bat aurkitu ditu. Eiderren arimarekin bat egin eta bere buruarekin behin betiko bakean gelditzeko asmoz, neska lagunak Irlandan zehar egindako bidaia berregiten hasiko da.

Bidaia aurrera doala, egunkaria irakurri eta gertakizunak gertatu hala, hasiera batean Txemak Eiderreri buruz zituen aurreiritzi asko apurtu eta Txemaren txundidurarako neska lagunaren alde anbiguo ezkutuak ere agertuko dira. Txemak bere neska lagunak urte bat aurretik egin zuen bezala bidaia Dublin hiriburuan hasiko du eta gero, mapan erlojuaren noranzkoari jarraituz, Irlanda uharte osoa zeharkatuko du: Cork, Kerry konderria, Dingle penintsula, Clare konderria, Galway hiria, Connemara eskualdea, Sligo hiria, Donegal konderria, Derry hiria, Belfast eta hortik berriz ere Dublinera itzuliko da.

Haria atalez atal[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Euskal Herritik abiaturik, liburua Txemak bisitatzen dituen Irlandako toki-izenak izenburutzat hartzen dituzten ataletan dago banatuta. Aldi berean, atal bakoitzaren ondoren atalarekin zerikusia duten ipuin sinboliko labur bat (orrialde bat edo bikoa) gaineratzen da, Nestor Zabalaren argazki batekin batera.

Euskal Herria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Duela aste batzuk ustez halabeharrez gertatu den auto-istripuz hil den Eider izeneko neska baten mutil laguna, Txema, bera ahaztu ezinik dabil. Penak ahazteko lagunekin, bikotea osatzen duten Jabi eta Tererekin hain zuzen, elkartu eta ezagutzen dituen emakumeekin sexu-harreman berriak izan arren, ezin du Eider gogotik kendu. Bere gurasoen etxera joaten da Eiderren gela ikustera eta bere ama berarekiko zuen harremana ongi ote zihoan galdetzen dio, hil baino lehen Eiderrek portaera arraroa erakutsi zuela baieztatu eta gero. Txemak ez ditu ongi hartzen amaren susmoak. Berarekin eztabaidatu eta gero, bere amak bakarrik uzten du Eiderren gelan eta bertako objektuek berarekin bizitako uneen oroitzapenak dakarzkiote gogora, baita Eiderrek joan den urtean bakarrik Irlandara egin zuen bidaia ere. Berak Eiderri bidalitako eskutitzekin batera, diskete bat aurkitzen du, non «Eire» jartzen duen. Bertako lehen fitxategian, Eiderrek bidaiari buruzko eguneroko bat idazteko asmoa agertzen du, Irlandara joateko irrika eta pozarekin batera, azkenean aske sentituko delakoan. Beste fitxategiak, ordea, pasahitz sekretu batez zabaldu behar dira, Eiderrek adierazi bezala Irlandan egon aterpeen izenekin bat datozenak. Lagunekin parranda-gau baten ondoren, Eiderren oroitzapena jasanezin bilakatu eta Irlandara bidaiatzea erabakitzen du Txemak.

Dublin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txemak Irlandara joateko motxila prestatzen duen bitartean, Eiderrek Irlandara joan behar zuela esan zionean gogoratzen du eta atzerago joaz nola Txemak berak urrutiko lurraldeen berri ematen zion, nola IRAk Londresen burututako ekintza ikusgarri batek Irlandarekiko jakin-min eta grina piztu zion eta geroztik herrialde horrekin loturiko guztia irakurri egiten zuen. Txemak aireportuan etsipenez Eider nola agurtu zuen ere gogoratzen du. Txema Dublinera heltzen da eta, Eider egon zen aterpetxeetako izenak edozein gidatan aurkitu eta horrela bere egunerokoko fitxategiak aise eskuratu ahal duen arren, nahiago du, Eiderrek bizi zuena sakonago bereganatzeko, bera ibili zen hirietan murgilduta berak ezagutu zituen bazterrak ezagutu eta hiri bakoitzean dagoela, bertako aterpeen izenak sartu pasahitz moduan eta bertan irakurtzea bere bizipenak. Horrela, Dublinen bertan Eiderren lehen fitxategia irekitzen du.

Bertan, Eiderrek Dublin bisitatzen du, baina ohiko tokiez haraindi joan eta bera gehien hunkitzen duena bertako jendearen begirada da, sakona eta lagunkoia, lurraldeari neurrigabetasuna ematen diona. Pentsamendu horietan murgildurik, Txema herriko ingeleseko akademian nola ezagutu zuen eta harekin nola elkartu zen gogoratzen du, aldi berean lagunak zituen Jabik eta Terek ere bikote bat osatzen zutelarik, hasiera batean Eider Jabirekin gustatuta zegoen arren. Irlandan bizi dituen sentimenduak Txemarekin bizi izan dituenekin parekatzen ditu.

Txemak, irakurritakoa gogoan duela, Irlandako kaleetan ibiltzen da gora eta behera. Azkenean, periferiako eliza batera sartu eta Eiderrek nola Irlandatik itzultzean Irlandako gatazkari buruzko berrien bila aritzen zen gogoratzen du. Bertako Kristoren irudiaren aurrean, Eiderren galera-sentimendua areagotu egiten zaio eta otoitzean edo hasten da, Eiderri buruz duen hutsunea betetzeko eskatuz.

Cashel[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere egunerokoan azaltzen duenez, Eiderrek Dublin berehala uzten du Irlandako lurraldea berehala ezagutzeko asmoz. Autostopez bidaiatzen du. Lehenengo etapan, Kilkenny izeneko hiri batera heltzen da irlandar jator bati esker eta bertan egingo du lo. Biharamunean, Cashel hirira heldu eta aterpetxean Rocio izeneko kaliforniar neska alai eta bizia ezagutzen du. Eiderri bere bizitza korapilotsua kontatzen dio eta autostopez bidaiatzeko aholkuak ematen dizkio. Mutiletan nola ibili den ere kontatzen dio Eiderri. Berak, berriz, ez du ezer kontatzeko, Irlandara bere nortasunaren bila etorri dela ezik agian. Rocio izenak gogorarazita, egunerokoaren atala Txema tabernaria zeneko Rocio Perez de Mainueta aipatuz bukatzen da, Txemarekin sexu harremana izan nahi zuen neska erakargarri bat, Eiderri aurkeztu ondoren besterik gabe desagertu zena.

Egunerokoaren irakurketak, aurrekoetan bezala pasahitza aterpetxearen izenez irekiz, Eider oraindik bizi dela sentiarazten dio Txemari. Horrek, ordea, tristura ematen dio. Eider ezin ahazturik dabilela ere nabaritzen du Txemak. Pentsamendu nahasiak etortzen zaizkio gogora, Eider Txemarengandik askatzera etorri ote zen hain zuzen. Izan ere, ez zion esan autostopez bidaiatzen zuela. Sentimendu horiek guztiak Rociok lo egin zuen litera berean lo egiteak areagotzen dizkio, areago bertan Rocio-Eider izenak markaturik ikusten dituenean. Rocio Perez de Mainueta urte asko pasa ondoren berriz ere kalean ikusi zuela gogoratu eta amodioa sentitu zuela aitortzen du. Rocio horrekin gogoratuz masturbatu egiten da.

Killarney[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txemak ere, Eiderren bidaiaren bizipenak bereganatu nahian, autostopez bidaiatzeri ekiten dio. Bi egunetan, Killarney hirira heltzen da. Autostopez bidaiatzeak, ordea, ez dio uzten isiltasunean murgildu eta Eiderretaz gogoratzen, euren autoan hartzen duten irladarrekin hitz egitera beharturik sentitzen baita. Azkenean gogoratzen du nola urtebete lehenago, Eider Irlandara joan baino lehen, pisua erosi zuela, Eider berarekin bizitzera joan zelako esperantzan. Eiderrek, ordea, ez zuen berarekin bizitzeko aparteko gogorik erakutsi. Eiderrek gurasoen etxetik alde egiteko Maite bere amari konbentzitu beharrari egotzi zion Txemak berarekin bizitzera joateko atzerapen horrek. Berehala, ordea, Irlandara joateko ere ez zuen Txema gonbidatu, baina hala ere Txemak ez zuen gaizki hartu; begien bistakoa ukatzen jarraitu zuen, Jabik bere lagunak maiz adierazten zion bezala, Eiderrek ihes egiten ziola alegia. Izan ere, gogoratu ere ez du egin nahi orain dela urte batzuk udaleku batean Eiderrekin gertatu zena. Killarneyra heldurik, bertako aterpetxeen izenak eskuratu eta horrela Eiderren egunerokoaren hurrengo fitxategia zabaltzea lortzen du, ohi bezala.

Bertan, Eiderrek Rociorekin Cork hiri aldera abiatzen direla kontatzen du, baina bertako hirian ezer ikusgarririk ez dagoenez, Killarneyra abiatzen dira berehala. Bertako taberna batean mozkortu egiten dira. Goizean esnatzean, Rociok duela asko, lo dagoela, berari begira egon dela aitortzen dio eta amodio jolasetan hasten dira, sexu-harreman lesbiko beteak izan arte. Bere gogoa beteta sentitu arren, halako damua ere sentitzen du, bereziki Txemari dagokionean. Rociori udalekuan gertatutakoa ere kontatzen dio: Jabi bere lagunarekin sexu harremanak izan zituela eta handik itzultzean Txemari kontatu ziola; berria kolpe handia izan zen Txemarentzat, baina azkenean zerotik hasita gainditzea lortu zuten. Biharamonean, Rociok Dublinera itzuli behar du eta Eiderrek sekulako tristuraz geratzen da, berriz ere elkar ikusiko ez dutelakoan.

Egunerokoaren atal hori aterpetxean irakurtzean, Txema galdurik eta noraezean geratzen da, Eider gorrotatuz eta aldi berean ahaztu ezinik. Ingurura begiratu eta aterpetxeko harreran bertako bezeroei hartutako argazkien artean Rocio eta Eider elkarrekin irrifartsu dauden argazki bat ikusten du. Obsesioa sortzen zaio argazki hori eskuratzeko, baina harrerako neskak ez dio horretarako aukerarik ematen.

Dingle[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere egunerokoan azaltzen duenez, kostaldean dagoen Dingle hirira heltzen da Eider, ijito familia baten karabanan. Bertan amesten duen Irlandaren arrastoak aurkitzen hasten da, hango paisaiak bizikletaz dastatuz eta bertako jendearekin hizketan. Gauez aterpeko jendearekin parranda egitera joaten da. Taberna batean, Rociok Killarneyn ezaguturiko kuadrillakoa den Duncan eta Ralph hurbiltzen zaizkio. Ipar Irlandakoak dira eta gazteak drogetatik urruntzeko jarduerak antolatzen dituen talde batean aritzen dira. Eiderrek ez ditu oso gogoko. Bat-batean, borroka sortzen da Eiderren aterpekideen eta Duncanen lagunen artean, baina berehala bukatzen da. Biharamonean, Dingleko uretan dabilen izurde famatua ikusi nahian abiatzen da, baina ezin. Ondoren, Irlandako politikari buruzko hitzaldi baten iragarkia irakurtzen du. Hara joatea erabaki eta paseatzen duen bitartean, bezperako Ralph inguratzen zaio ligatzeko ustezko asmoarekin, baina Eiderrek pikutara bidaltzen du. Hitzaldiaren ordua iritsita, bertan behera geratzen dela ematen da aditzera, bertan egon daitekeen bonba bat dela eta, Irlanda askearen aurkakoak diren orangista izenekoak jarritakoa. Irtenbide moduan, hitzaldiko beste lagunekin ondoko taberna batean egingo dutela adosten da. Berehala, bonba lehertu egiten da. Eiderrek IRA erakundearekiko jakin-min eta lilura aipatzen du, egunerokoaren atalari bukaera emateko.

Egunerokoaren zati hau irakurri ondoren, Txemaren etxipena areagotu egiten da. Ia ez daki zertarako etorri den Irlandara, bertan ezagutzen ez zuen Eider bat aurkitu eta batera liluratzen ez duen lurralde batean baitago. Taberna batean, Eiderrekin hizketan hasten da bere baitan, bere burua engainatuta ibili dela eta inoiz bikote bat osatu ez zutela aitortuz eta Eiderrenganako gorrotora lerratuz. Azkenean, guztiz mozkortuta, Eider madarikatu, edalontzi bat bota eta tabernako ispilua puskatzen du.

Lahinch[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txema Lahinch izena duen edadetuentzako herri turistiko batera heltzen da. Bertako aterpetxean saiatzen da, betiko moduan, Eider herri horretan egon zeneko fitxategia zabaltzen baina ez du lortzen. Azkenean, taberna batera doa eta bertan hiru irlandar ezagutu eta garagardoak edaten hasten dira elkarrekin. Bere bidaiaren arrazoiaz galdetuta, Txemak Eiderren istorioa kontatzen die. Beraiek ere arazoak dituzte: batek emaztea galdu du jokoan gehiegi ibiltzeagatik eta beste batek emakumeen arropak jazteko ohitura du, fetitxismo moduan. Hirugarrenak aurreko urteko atentatuaz zerbait dakiela adierazten du eta Txemaren arreta pizten du, Eiderrek Dingle herrian aipatu zuen leherketa dela eta. Gizonak auto zuri batetik ateratako IRAko bikote batek kostaldean bost lealista nola hil zituen ikusi zuela kontatzen du eta Txemari Eiderrek topatu zituen Duncan eta beste ipar irlandarrak etortzen zaizkio burura, baita ere nola Rociok Eiderri Dinglera ez joateko esan zion agurraren unean.

Herritik gertu dauden itsas labar ikusgarrietara joaten da Txema eta amildegiaren parean, bidaian zehar Eiderren errealitatea argitzen jarraitzeak pena merezi duen pentsatzen du, suizidioaren ideia buruan. Azkenean, konortea galdu eta erori egiten da.

Connemara Gure Bihotzetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amildegira erortzeko zorian, inguruko turisten laguntza jasotzen du eta beraiekin Galway hirira joatea eskaintzen diote euren autobusean. Autobus barruko giroaz gogaiturik helduko da Galway hirira. Hiria gogoko izan arren, berehala taxi bat hartu eta Connemarako herri nagusira joateko eskatzen dio. Bideko paisaiak zoragarriak izan arren, lo egiten du bidaia. Clifdenera heltzean, aterpetxera doa zuzenean. Bertan, ireki ezin duen fitxategia zabaltzea lortzen du azkenik, Connemara pasahitza sartuz.

Eiderrek Connemararekiko lilura adierazten du bere egunerokoan. Jarraian, ordu arte gertatutakoa kontatzen du. Dingletik atera eta autostopa egiten duenean, Duncanek eta bere lagunek euren furgoneta gelditu egiten dute. Duda-mudan hasieran, azkenean beraiekin joatea erabakitzen du. Lahinchera iritsita, Eider konpresak falta zaizkiola konturatzen da, aurrez erosi dituen arren. Ralphek beste herriko supermerkatura laguntzeko eskaintzen du bere burua (berak ostu dizkio konpresak) eta berarekin joaten da, beste bost lagunak Lahinchen utzirik. Konpresak erosi ondoren, Ralphek beste bide batetik eramaten du Eider. Hasiera batean asaldaturik, gero lasaitu eta Ralphen hitzetan zintzotasuna hautematen du. Ralphen lagunez ahazturik, Connemarara iristen dira eta Ralphen familiako etxe batean egiten dute lo, gela bereizietan. Bidean argi-seinaleak egiten dizkien auto zuri batekin egiten dute topo eta bertan Rocio doala iruditzen zaio Eiderri. Ralphek Irlandako egoera politikoaz hitz egiten dio, baina argibide handirik gabe.

Hurrengo egunetan, Connemarako bazterrak ikusten ibiltzen dira, besteak beste Eiderren gidan agertzen den irudiko paisaia. Tabernako musika-giroa ere dastatzen dute. Ralphen familiaren etxean, "Connemara in our heart" liburua oparitzen dio, bien bihotzak bat eginik daudela adierazi nahian. Maitasuna egiten dute. Izan ere, Eider Ralphekin liluraturik dago eta berarekin pasatzen dituen egunak zoragarri zaizkio. Ralphek Jabi dakarkio gogora Eiderri eta Jabirekiko sentimenduak berriz ere pizten zaizkio. Postal bat bidaltzen dio, bizitzen ari den guztiaz berri emanez. Eiderri egun gutxi geratzen zaizkio eta Ralphi Ipar Irlandara joatea nahi duela adierazten dio. Ralphek ez du nahi, furgoneta lapurtu dutela eta, arriskutsua izan daitekeelako aitzakiaz. Baina azkenean joaten dira, furgoneta utzi eta autobusa hartuz. Aldi berean, Eiderrek bere baitan gauza asko hil eta beste asko sortzen ari direla aitortzen du, sortzen ari diren horiek Irlandan geratuko badira ere. Euskal Herrira itzultzeko bere egonezina ere adierazten du. Pinguinoen antzeko txoriak ikustean, Txema gogoratzen du, berak ere pinguinoen itxura duelako.

Txemak Eiderrekiko izan zezakeen maitasun-sentimendu oro ezabatzen du bere gogotik, areago pinguinoen iruzkin gutxiesgarri horrekin. Poztu ere egiten da Eider orain hilda egoteaz, Eider pikutara joan delako gozamena ere sentituz. Baina azkenean, bera ere erabateko bakardadean dagoela konturatzen da. Txemak Ralph IRAko kide infiltratua dela ondorioztatzen du, erail zitzatzen boskotearen berri eman zuena; autoko seinaleak IRAko bere lagunenak izan zirela pentsatzen du. Jabiri ere deitu egiten dio kontuak eskatuz, Eiderrekin zuen harremanari buruz eta Eiderri buruz zekien guztia zergatik ez dion kontatu galdezka. Eztabaida bizian hasten dira, Txema Eiderri irainka eta Jabi lasaitzeko esanez. Jabik Eider suizidatu egin zela botatzen dio Txemari, baina honek ez du sinesten, Eiderrek harremanak egiteko zuen erraztasuna ikusita.

Derry, Belfast eta beste batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Derryrako bidean, Txemak Euskal Herrira itzultzean Eiderrekin loturiko gauza guztiak botatzeko agindua egiten dio bere buruari. Derryn, Rociorekin gogoratzeko txortan egiteko planak egiteaz gainera, Ralphi buruz gehiago jakiteko jakin-mina asetzeko bertako aldizkaritegian joan den urteko egunkariak irakurtzen ditu. 1993ko uztaileko egunkarietan Lahincheko atentatuari buruz, non bost lagun hil ziren, irakurtzen du. Aurrerago, 1994ko apirilean, Eider hil baino zertxobait lehenago, Ralph edo hobe esanda, Ian Donnelley, nola atxilotu zuten irakurtzen du eta bere argazkia ere ikusten du, Jabirekin antz handia zuena. Eiderri buruzko aipamenen bat bilatzen du, baina ez du aurkitzen. Aterpetxean, Ralph pasahitza erabiliz Eiderren egunerokoaren azken zatia zabaltzen du..

Bertan, Eiderrek Ipar Irlandako mugako kontrol militarra pasatzeko larritasuna kontatzen du, baina dena ongi doa eta Ralphen Derryko etxera heltzen dira, auzo katolikoan dagoena, non Ralphekin maitasuna eginez bukatzen dituen Irlandan geratzen zaizkion azken egunak. Belfast Ralphekin bisitatu ondoren, hegazkina hartu eta Euskal Herrira itzultzen da. Bertan, sekulako egonezina erakusten du, Txemarekin eta lagunekin itxurak egin beharra eta Ralphekiko maitemina direla eta. Txemarekin oheratzen da, baina ez du ezer sentitzen. Hil berri den osabaren baserria hutsik geratu dela aprobetxatuz, Jabirekin ere oheratzen da, baina berarekin ere ez du ezer sentitzen. Txemarekin gezurretan ezin duela jarraitu badaki, baina urtetako harremana hausteko ezintasuna sentitzen du. Ralph berarekin egoteko dator Euskal Herrira eta baserrian egun batzuk pasatzen ditu, ezkutuan. Jabik berarekin sexu-harremanak bilatzen ditu, baina Eiderrek ez du nahi. Ralph joandakoan, haurdun dagoela konturatzen da, baina ez daki Txemarekin edo Ralphekin izan den. Ralphi telefonoz ematen dio berria eta abortatzeko esaten dio, baina Eiderrek umea izan nahi du. Ralph atxilotu egiten dutelako berria irakurtzen du Eiderrek, IRAren atentatuan parte hartu zuela jakin eta amorru bizia sentitzen du Eiderrek, engainatuta sentitzen baita. Azkenean, bizitzari ezin heldurik, bere buruaz beste egiteko erabakiaren berri ematen du bere egunerokoan, azken oroitzapena Txemari eskainiz.

Txemak aterpetxeko neska batekin txortan egiten du. Irina du izena. Egia esan, Rociorekin gogoratzeagatik soilik egiten du, baina azkenean Eiderrekin gogoratzea soilik lortzen du, Eiderren azken agurra beretzat izan zela gogoan. Irinak geratzeko esaten dio, baina Txemak bizitza berri bat zerotik hasi behar duela adierazten dio. Neskak hori ezin dela egin erantzuten dio. Irinaren autoan Belfasteko aireportura abiatzen dira, Phil Collinsen musikarekin. Halako batean, Txemak neskak gidatzen duen bolanteari bira eman eta azeleragailuari kolpea ematen dio, istripua eragiteko. Zuhaitz baten kontra talka egiten dute. Hilda dagoela sinetsita esnatzen da, baina ospitaleko ohean dagoela konturatzen da azkenik, ingurukoek bizirik jarraitzeko zorte handia duela adieraztearekin batera.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Lopez Gil-Peciña, Leire: Connemara gure bihotzetan nobela barneko ipuinen azterketa. - Egan, 2011-3/4, 9-21

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]