Euskal deklinabidea

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Absolutiboa, bi ergatibo (egiturazko kasuak), eta adlatibo bat (-rat), Sarako kanpandorreko mezuan.

Izen-sintagmak perpausean bete ditzakeen funtzioak adierazten dituzten kasu-atzizkien multzoa da deklinabidea.

Izen-sintagma goragoko egitura baten osagai da: izen-sintagma perpausaren parte da, perpausa izen-sintagma multzo batez eta aditzaz osatua baitago. Izen-sintagma horiek, perpausean betetzen duten funtzioaren arabera, dagokien kasu-marka hartzen dute. Adibidez, Aitak amari bi gona gorri ekarri zizkion azokatik lehengo egunean perpausean, zenbait izen-sintagma daude aditzaren inguruan: Aitak (izen-sintagma), amari (izen-sintagma), bi gona gorri (izen-sintagma), ekarri zizkion (aditza), azokatik (postposizioa) eta lehengo egunean (postposizioa).

Baina izen-sintagma horiek, bakoitzari dagokion zereginaren arabera, marka bereziak daramatzate:

  • Aitak = aita + -k
  • amari = ama + -(r)i
  • bi gona gorri = bi gona gorri + Ø
  • azokatik = azoka + -tik
  • lehengo egunean = lehengo eguna + -n

Aita, ama, bi gona gorri eta lehengo eguna izen-sintagmak dira. Hala ere, izen-sintagma horiek zer funtzio betetzen duten, halako marka gramatikala daramate. Marka horietako batzuei kasu-marka deritze; beste batzuei, berriz, postposizio. Izen-sintagma guztiek nahitaezko dute marka hori hartzea, horrek adierazten baitu osagai bakoitzak perpausean betetzen duen zeregina zein den. Beraz:

  1. Izen-sintagmek kasu-marka batez edo postposizio batez “jantzita” egon behar dute perpausa ongi eratuta egongo bada.
  2. Izen-sintagmak eraman behar duen “jantzi” hori perpausean dagokion zereginaren araberakoa izango da.

Marka gramatikal horiek, sintagmari itsatsiak doazen ala aske doazen kontuan harturik, bi multzo nagusitan bana daitezke:

a) Atzizkiak, eta

b) Postposizio askeak.

Atzizkien artean, berriz, hiru multzo bereizten dira:

a) Kasu gramatikalei dagozkien markak (NOR, NORI, NORK eta NOREN).

b) Normalki adizlagun izan ohi diren osagaiak eratzen dituzten markak (NON, NORA, NONDIK, ZER- TAZ, etab.)

c) Postposizio ihartuak (-GATIK, -REKIN, -REN- GAN…). Azken horiek ere adizlagun dira, funtzioari dagokionez.

Deklinabide-tauletako formak atzizkiz osatzen direnak dira: postposizio askeak ez dira deklinabidean sartzen. Nolanahi ere, hori irizpide formal batean oinarritzen da. Horrek ez du kentzen, esaterako, zenbait sintagma kategoria berekotzat eta funtzio berekotzat hartzea. Beraz, morfologia gorabehera, bestelako sailkapen bat ere egin daiteke:

  • a) kasu-markak, hots: kasu-sintagmak (NOR, NORI, NORK eta NOREN) osatzeko erabiltzen direnak
  • b) postposizioak, gainerako guztiak.

Azken horiek postposizio-sintagmak osatuzen dituzte. Gauzak horrela aurkeztuta, honako bi sintagma hauek gauza bera dira:

  • Zutaz hitz egin genion irakasleari.
  • Zuri buruz hitz egin genion irakasleari.

Zutaz eta zuri buruz erabat kideko dira: biak adizlagunak dira, funtzioz. Eta -Z atzizkia postposiziotzat —edo atzizki-postposiziotzat— hartuz gero eta BURUZ ere postposizio dela onartuz gero, nahiz eta atzizki ez izan, kidetasun horren berri oso modu errazean eman daiteke: biak postposizio-sintagma dira.

Deklinabidea, izen-sintagmak deklinatzeko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen-sintagmek itxura desberdina hartzen dute daramaten markaren arabera. Marka hori atzizkia denean, atzizkiaren eta izen-sintagmaren azken muturraren artean, sarritan, hots-aldaketak gertatzen dira. Horregatik, izen-sintagmak dituen forma desberdin horiek guztiak taula batean eman ohi dira. Taula horri ‘deklinabide-taula’ deritzo. Nolanahi ere, kontuan eduki behar da euskaraz izen-sintagmak deklinatzen direla, ez izenak edo adjektiboak, adibidez. Beste hizkuntzetan hitzak deklinatzen dira (latinez, alemanez edo errusieraz, esaterako). Euskaraz, ez; euskaraz, izen-sintagmak deklinatzen dira. Atzizkia izen-sintagma osoari dagokio, nahiz eta sintagmaren azken osagaiari itsatsi eta hari zenbait forma-aldaketa eragin. Adibidez:

  • Elefante zuri + a (izen-sintagma) + K (ergatiboa) = Elefante zuriak

Izen-sintagma hori mugatu singularra da (-a mugatzaileak erakusten digu hori) eta ergatibo kasuan doa (-K da ergatiboaren marka). Sarritan, itxuraz forma bera izan arren, egiazki osagai desberdinez osatua egon daiteke eta, horrenbestez, interpretazioa ere desberdina izango da. Konpara, bestela, goiko sintagma beste honekin:

  • Elefante zuri + ak (izen-sintagma) + = Elefante zuriak

Oraingoan, izen-sintagma mugatu plurala da (-ak mugatzaile plurala da), eta Ø kasu-marka daramala esaten da. Absolutiboaren marka da Ø. Bi adibide horien arteko axaleko kidetasun hori testuinguruari esker apur daiteke. Kasu honetan, aditzaren komunztadurak salatuko du bien arteko diferentzia:

  • Elefante zuriak ur parrasta bat bota zien ikusleei gainera.(NORK)
  • Elefante zuriak kamioira igo dira. (NOR)

Kasu gramatikalak (nor, nori eta nork)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpausa aditzaz eta zenbait izen-sintagmaz osaturik dago. Izen-sintagma horiek, ordea, ez dira denak berdinak. Alde batetik, kasu gramatikalak bereizten dira: absolutiboa (NOR), ergatiboa (NORK) eta datiboa (NORI) eta gainerakoak: inesiboa (NON), ablatiboa (NONDIK), instrumentala (ZERTAZ/ZEREZ) eta abar. Azken horiek postposizio-sintagmak direla esaten da. Postposizio-sintagma deitutako horiei, gramatiketan, adizlagun ere deitu izan zaie, eta baita «osagarri zirkunstantzial» ere. Baina adizlagun deiturak gramatika-funtzioari egiten dio erreferentzia, hots: perpauseko osagai batek nolako zeregina betetzen duen adierazten du. Postposizio-sintagma deiturak, berriz, izen-sintagma deiturak bezalaxe, kategoriari egiten dio erreferentzia. Postposizio-sintagma sintagma-klase bat da, berezkoa duena klase horretakoa izatea.

Adibide batekin ikusiko da errazago. Mendian eta dantzan biak kontsidera daitezke postposizio-sintagma: biak modu berean eratuta daude: mendia + n, dantza + n, hots, izen-sintagma batez eta -N postposizioaz.

Aitzitik, Andoni mendian ikusi dut perpausean, mendian postposizio-sintagma adizlaguna dela esaten da, perpaus horretan zeregin , funtzio, berezi hori betetzen duelako.

Eta Andonik dantzan egiten du perpausean, dantzan ez da egiazki adizlagun, aditz horren osagarri baizik. Era berean, Andonik dantzan egiten du mendian perpausean, bi postposizio-sintagma, taxu berekoak dira, baina bata osagarri eta bestea adizlagun: kategoria bereko osagaiak (postposizio-sintagmak) bi funtzio desberdin betetzen dituztenak. Bata osagarria da, bestea aditzlaguna.

Eta kasu-sintagmen eta postposizio-sintagmen arteko bereizketa ere ez da kapritxozkoa. Izan ere, kasu-sintagmak izen-sintagmari kasu-markak erantsiz osatzen dira. Bada, bereizketaren funtsa honako hau da: kasu-sintagmek perpauseko aditzari komunztadura ezartzen diote, izan ere, aditzak hiru izen-sintagma horiekin egiten baitu pertsona- eta numero-komunztadura:

  • Zuk niri keinu egin d-i-DA-ZU.
  • Nik zuri beti egia esaten d-i-ZU-T.
  • Nik hari beti ipuinak kontatzen d-i-zki-O-T.

Aditza aldatzen da, perpauseko hiru izen-sintagma horien arabera.

Nor, nori eta nork isilpean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen beste ezaugarri bat ere aipatu behar da. Kasu gramatikalek aditzari komunztadura eragiten diote. Horrenbestez, euskal adizkiek oso morfologia aberatsa dute, perpauseko hiru osagairekin izan baitezakete komunztadura. Arrazoi horregatik, edo besteren batengatik, euskaraz zilegi da hiru sintagma horiek isilpean ematea, perpausak horregatik inolako informazio funtsezkorik galdu gabe. Alegia, euskaraz, perpausak adizkiz bakarrik osatuak egon daitezke. Edo hiru sintagma horietakoren bat falta daiteke. Adibidez, aurreko ataleko azken bi etsenpluetako perpausen ordez, honako hauek zilegi dira:

  • a. Zuri beti egia esaten dizut.
  • b. Nik beti egia esaten dizut.
  • c. Beti egia esaten dizut.
  • d. Beti esaten dizut.
  • e. Hari beti ipuinak kontatzen dizkiot.
  • f. Beti ipuinak kontatzen dizkiot.
  • g. Beti kontatzen dizkiot.

Haietan guztietan bada osagairen bat isilpean utzia. Hala ere, perpausak ez du ezer galtzen. Jakina, osagai horietakoren bat mintzagai hanpatua edo galdegaia bada, adibidez, orduan, gainerako osagaietatik nabarmendu egin behar denez, nahitaezkoa da agerraraztea. Baina, bestela, izen-sintagma kasudun horiek erraz utz daitezke isilpean.

Absolutiboa (Ø)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Absolutibo»

Absolutiboa kasu neutroa da, edo, bestela esan, Ø da absolutiboaren kasu-marka. Hortaz, ez du izen-sintagmaren forma ezertan aldatzen. Izen-sintagmak mugatzailerik ez baldin badarama, izen-sintagma mugagabea izango da. Mugatzailea baldin badarama, mugatua, singularra nahiz plurala:

  • Mugagabea: bost gizon + Ø ⇒ BOST GIZON; zenbait etxe + Ø ⇒ ZENBAIT ETXE
  • Mugatu sing.: gizon + a + Ø ⇒ GIZONA; etxe + a + Ø ⇒ GIZONA; etxe + a + Ø ⇒ ETXEA
  • Mugatu pl.: bost gizon + ak + Ø ⇒ BOST GIZONAK; hango etxe + ak + Ø ⇒ HANGO ETXEAK

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen absolutiboaren funtzio nagusiak:

a. Aditz iragangaitza duen perpauseko subjektua:

  • Bost gizon etorri dira.
  • Gizona hil da.
  • Gizonak joan dira.

b. Aditz iragankorra duen perpauseko objektua:

  • Bost gizon ikusi ditut.
  • Gizona eraman dute.
  • Gizon haiek jarri dituzte etxea zaintzen.

c. Predikatu osagarriaren kasua ere absolutiboa izan ohi da:

  • Peru herri honetako alkatea da.

Predikatu osagarria adjektibo-sintagmak nahiz izen-sintagmak osatua egon daiteke. Bietan absolutiboa erabiltzen da:

  • Neska hori oso jatorra da.
  • Eider Bilboko nire laguna da.

d. Zenbait adizlagun ere, bereziki kantitatea adierazten dutenak (prezioa, pisua, denbora, etab.) absolutiboan izango dira:

  • Hamar minutu daramat zure zain.
  • Idiak zazpiehun kilo pisatu zuen.
  • Alkandorak lau mila pezeta balio du.

e. Bokatibo deitzen dena ere absolutiboan joan ohi da:

  • Jainko maitea! Zergatik hau dena niri?
  • Miren, zaude lasai!

f. Zenbait postposiziok ere (arte, barru, …) absolutiboa gobernatzen dute:

  • Larunbata arte ez naiz Mundakara joango.
  • Hamar urte barru zuhaitz hauek handiak izango dira.

Partitiboa (-ik)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Partitibo»

Partitiboa ere absolutiboaren kidekoa da, nahiz eta baldintza bereziak eskatzen dituen agertzeko. Partitiboaren marka -ik da. Baina izen-sintagma bokalez amaitzen bada, -r- kontsonante bat tartekatu behar da. Partitiboa beti mugagabea da: ez du mugatzailerik ez zenbatzailerik ametitzen sintagman. Hortaz, erabat mugagabea dela esan daiteke:

  • Ez dut ogirik behar.
  • Liburu onik ikusten baduzu…

Hots-aldaketa hori argi ikusten da goiko adibideetan:

  • Mugagabea: gizon + IK ⇒ GIZONIK; zenbait etxe + IK ⇒ ETXERIK (bokal + ik > bokal + r + ik)

Partitiboa, absolutiboa bezala, subjektu nahiz objektu izan daiteke:

  • Ez da irakaslerik agertu. (subjektua)
  • Dirurik behar al duzu? (objektua)

Partitiboa mugagabea da eta, horrenbestez, erreferentziaren aldetik balio berezia du. Honako bi perpaus hauek ez dira berdinak:

  • Ez da atezaina oraindik etorri.
  • Ez da atezainik oraindik etorri.

Lehenbizikoan, atezain jakin bat aipatzen da. Atezain hori da etorri ez dena. Bigarrenean, ez da inongo atezainik etorri, ez atezain ezagunik ez bestelakorik. Partitiboa bereziki mugagabea da. Horregatik, oso testuinguru jakinetan erabil daiteke: ezezkako perpausetan, galderazkoetan, baldintzazkoetan:

  • Ez du lagunik aurkitu.
  • Lagunik aurkitu al duzu?
  • Lagunik behar baldin baduzu, hemen naukazu.

Baiezko perpausetan ere ager daiteke partitiboa, baina orduan balio enfatikoa hartzen du:

  • Bazen neska eta mutil ederrik jaialdi hartan.

Era berean, baldintzetan zuzena da:

  • Galderarik baldin baduzu, lasai galdetu (= Galderaren bat baldin baduzu, lasai galdetu).

Partitiboa eta zenbatzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarritan, zenbait zenbatzaile lagun duela (asko, franko…) aurki daiteke partitiboa:

  • Eskerrik asko!
  • Mendirik franko baduzu han.

Partitiboa superlatiboarekin[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Superlatiboetan ere partitiboa ager daiteke:

  • Txoririk ederrena.

-ik atzizkia adberbio-sortzaile[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atzizki berak, -ik atzizkiak alegia, balio du zenbait aditzondo sortzeko ere: pozik, bizirik, gazterik, bakarrik etab. Jakina, oraingoan -ik atzizki hau ez da egiazki partitiboa, bestelako atzizki bat baizik. Atzizki bera ablatiboa ere bada, honako esapide hauetan bezala:

  • Etxerik etxe dabiltza diru biltzen.

Ergatiboa (-k)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ergatibo»
  • Mugagabea: bost gizon + K ⇒ BOST GIZONEK (kontsonante + K > konts. + e + K); zenbait etxe + K ⇒ ZENBAIT ETXEK
  • Mugatu sing.: gizon + a + K ⇒ GIZONAK; etxe + a + K ⇒ ETXEAK
  • Mugatu pl.: gizon + ak + K ⇒ GIZONEK; etxe + ak + K ⇒ ETXEEK (ak + k > akek > aek > ek)

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ergatiboan doan izen-sintagma beti perpausaren subjektu da. Gainera, subjektu horrek, gehienetan, aditzak adierazten duen ekintzaren egile-errola betetzen du.

  • Amak zopa atera digu.
  • Irakasle berriak proposamen bat egin digu.
  • Hitzaldiak bi ordu iraun zuen.

Ergatiboak ere –kasu gramatikala baita– komunztadura ezartzen dio aditz jokatuari. Aditz batek ergatiboa eskatzen duen edo ez, hiztegiak esango du. Alde horretatik, euskalkien arabera, gerta daiteke aditz berak euskaldun batzuentzat ergatiboa eskatzea eta beste batzuentzat, berriz, absolutiboa. Adibidez, irten aditzak, euskaldun askorentzat, ergatiboa eskatzen du (hark irten du, hark urten dau, etab.); beste batzuentzat, berriz, absolutiboa eskatzen du soil-soilik (hura irten da). Berdin gertatzen da jardun aditzaz: (Nik) Ikasten jardun dut / (Nik) Ikasten dihardut baina (Ni) Ikasten jardun naiz.

Datiboa (-i)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Datibo»

Izen-sintagma bokalez amaitzen bada, azken bokal horren eta kasu-markaren (-i-ren) artean -r- kontsonantea tartekatzen da.

  • Mugagabea: bost gizon + I ⇒ BOST GIZONI (...-e + i > ...-e + r + i); zenbait etxe + I ⇒ ZENBAIT ETXERI
  • Mugatu sing.: gizon + a + I ⇒ GIZONARI (...-a + i > ...-a + r + i); etxe + a + I ⇒ ETXEARI
  • Mugatu pl.: gizon + ak + I ⇒ GIZONEI; etxe + ak + I ⇒ ETXEEI (ak + i > ...-ei)

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Datiboa zehar-objektu da. Horrek ere komunztadura ezartzen dio aditz jokatuari. Zenbait aditzek nahitaez gobernatzen dute datiboa: ekin, irabazi, itxaron, jarraitu, eutsi, begiratu, eragin eta abar.

  • Gogotik ekin zioten lanari.
  • Aurpegira begiratu diot Mariari eta lotsatu egin da.

Nolanahi ere, zenbait aditzek, euskalkien arabera, datiboa edo absolutiboa goberna dezakete: lagundu diot / lagundu dut; deitu diot / deitu dut, etab. Zenbait postposiziok ere datiboa gobernatzen du: buruz, esker, ….

  • Zeri buruz mintzatu zineten?
  • Zure lanari esker asko aurreratu dugu.

Postposizio-sintagmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perpausaren osagai gisa agertzen diren izen-sintagmek kasu-marka edo postposizioa behar dute. Kasu-marka duten sintagmak kasu-sintagmak dira. Postposizioaz horniturik ageri diren osagaiak postposizio-sintagmak dira. Haietariko batzuek aditzarekiko lotura berezia dute: aditzak gobernatzen ditu. Zenbait aditzek, adibidez, instrumentala eskatzen du: mintzatu, baliatu, maitemindu, etab. Baina postposizio-sintagma asko ez dator aditzak bereziki eskatua, aukerako zirkunstantziaren bat aditzera ematen dute. Hortaz, batzuk osagarri izan daitezke, baina gehienak adizlagun izan ohi dira. Deklinabidean sartzen diren postposizio-sintagmak honako hauek dira: soziatiboa (norekin), instrumentala (zertaz), kausazkoa edo zergatikoa (zergatik), inesiboa (non), adlatiboa (nora), hurbiltze adlatiboa (norantz), muga adlatiboa (noraino), ablatiboa (nondik), destinatiboa (norentzat), helburuzkoa (norako) eta prolatiboa (zertzat). Leku-genitibotzat hartzen dena ere (-KO), postposizio-sintagmatzat har daiteke. Horiek denak postposizio-sintagmatzat hartzen dira, daramaten postposizioa atzizkia bada ere.

Dena den, bi multzo nagusi bereizi behar dira. Alde batetik, instrumentala eta genitiboaren gainean eraikitako postposizio-sintagmak, eta, bestetik, leku-denborazko postposizio-sintagmak.

Instrumentala (-Z)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mugagabea: bost gizon + Z ⇒ BOST GIZONEZ (konts. + z > konts. + e + z); zenbait etxe + Z ⇒ ZENBAIT ETXEZ
  • Mugatu sing.: gizon + a + Z ⇒ GIZONAZ; etxe + a + Z ⇒ ETXEAZ
  • Mugatu pl.: gizon + ak + Z ⇒ GIZONEZ; etxe + ak + Z ⇒ ETXEEZ (...-ak + i > ...-ei)

Horrezaz aparte, izen-sintagma erakuslez amaitzen bada edo izenordaina bada, atzizkia -z barik, -taz da: gizon honetaz, etxe hartaz, etab.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

a. Adizlagun-funtzioa betetzen du. ZERTAZ edo ZEREZ galderari erantzuten dio, baina zenbait aditzen osagarri ere bada (baliatu, jabetu, ohartu, konturatu, oroitu, gogoratu, kezkatu, arduratu, etab.):

  • Gazteen arazoez mintzatu da hizlaria.
  • Zutaz maitemindurik dago Jon.
  • Ez naiz oroitzen zure galderaz.

b. Instrumental mugagabea erabiltzen da NOLA galderari erantzuten dion zenbait adberbio osatzeko. Mugagabea dago, nahiz eta zenbatzailerik eta horrelakorik agertu ez. Horregatik, [izena + z] beste osagairik gabekoa denez, egiazki adberbiotzat hartzekoak dira horrelako sintagmak:

  • Beldurrez bizi zen gizona.
  • Nekez egin daiteke okerrago.
  • Buruz ikasten ditu lagunen telefono-zenbakiak.

c. Zenbait postposiziok ere instrumentala gobernatzen du:

  • Zuk esandakoaz gainera, hau ere kontuan izan dugu.
  • Lehenaz gain, orain hau.

d. Aditz jokatu gabeko mendeko perpaus batzuek ere instrumentala daramate:

  • Pasadizo barregarri bat kontatuz amaitu zuen hitzaldia.

Soziatiboa (-ekin)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Soziatibo»
  • Mugagabea: bost gizon + EKIN ⇒ BOST GIZONEKIN; zenbait etxe + EKIN ⇒ ZENBAIT ETXEREKIN (...bokala + ekin > bokala + r + ekin)
  • Mugatu sing.: gizon + a + EKIN ⇒ GIZONAREKIN; etxe + a + EKIN ⇒ ETXEAREKIN (...bokala + ekin > bokala + r + ekin)
  • Mugatu pl.: gizon + ak + EKIN ⇒ GIZONEKIN; etxe + ak + EKIN ⇒ ETXEEKIN (...-ak + ekin > ...-ekin)

Bizkaieraz, -ekin-en ordez -gaz postposizioa erabiltzen da.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

a. Adizlagunaren zeregin gramatikala betetzen du, eta NOREKIN edo ZEREKIN galderari erantzuten dio. Konpainia adierazten du, hortaz. Horregatik, hain zuzen, soziatiboa deitura ere:

  • Joxerekin etorri nintzen Gasteiza.
  • Mutil eder batekin ezkondu zen.
  • Ez nator zuekin bat.

b. Baina denbora-balioa ere izan dezake. NOIZ galderari erantzuten dio orduan:

  • Egunsentiarekin irten ginen Gorbeiarantz.
-ekin batera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«-ekin batera» esapideak ere NOIZ galderari erantzun diezaioke, batez ere jokatu gabeko perpaus batekin doanean:

  • Hori esatearekin batera, sabaia lurrera erori zen.

Gainerakoetan, konpainia soila aditzera eman dezake:

  • Zurekin batera joango naiz etxera.

Kausazkoa (-(en)gatik)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Mugagabea: bost gizon + (EN)GATIK ⇒ BOST GIZONENGATIK; zenbait etxe + (EN)GATIK ⇒ ZENBAIT ETXERENGATIK (...bokala + engatik > bokala + r + engatik)
  • Mugatu sing.: gizon + a + (EN)GATIK ⇒ GIZONA(REN)GATIK; etxe + a + (EN)GATIK ⇒ ETXEA(REN)GATIK (...bokala + engatik > bokala + r + engatik)
  • Mugatu pl.: gizon + ak + (EN)GATIK ⇒ GIZONENGATIK; etxe + ak + (EN)GATIK ⇒ ETXEENGATIK (...-ak + engatik > ...-engatik)

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adizlagun-funtzioa betetzen du. Atzizki horrekin hornitutako postposizio-sintagmak beti kausa adierazten du, hots, ZERGATIK galderari erantzuten dio. Beraz, honako bi perpaus hauek erabat desberdinak dira esanahiaren aldetik:

  • Liburu hau zuregatik izan da erosia (= haren gaia zeure gustukoa delakoan baitago eroslea, lagungarri izanen zaizula uste du...)
  • Liburu hau zuk erosia izan da (= zeu zara eroslea).

Hurrenez hurren, liburu hau zuk erosi duzu eta liburu hau zuregatik erosi dute haien baliokideak dira.

Destinatiboa (-entzat)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Destinatibo»
  • Mugagabea: bost gizon + (EN)TZAT ⇒ BOST GIZONENTZAT; zenbait etxe + (EN)TZAT ⇒ ZENBAIT ETXERENTZAT (...bokala + entzat > bokala + r + entzat)
  • Mugatu sing.: gizon + a + (EN)TZAT ⇒ GIZONARENTZAT; etxe + a + (EN)TZAT ⇒ ETXEARENTZAT (...bokala + entzat > bokala + r + entzat)
  • Mugatu pl.: gizon + ak + (EN)TZAT ⇒ GIZONENTZAT; etxe + ak + (EN)TZAT ⇒ ETXEENTZAT (...-ak + entzat > ...-entzat)

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NORENTZAT galderari erantzuten dion adizlaguna da postposizio-sintagma hori. Aditzaren ekintzak duen jomuga edo ekintza horren onura hartuko duena adierazten du.

  • Neure seme-alabentzat ekarri ditut jostailu hauek.
  • Edozein enpresarentzat onuragarri izan liteke proiektu hau.

Sarritan, hala ere, NORENTZAT eta ZERTA(RA)KO galderak elkarren lehian ibil daitezkeen bezala, etxearentzat eta etxerako bezalako postposizio sintagmen artean ere erabakitzea zaila gerta daiteke:

  • Lursail hauek fabrika berriarentzat onak izan litezke.
  • Lursail hauek fabrika berrirako onak izan litezke.

Leku-denborazko adizlagunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leku-denborazko adizlagunak osatzen dituzten postposizio-sintagmek zenbait ezaugarri dituzte gainerako kasu eta postposizio-sintagmetatik bereizten dituztenak. Ezaugarri bistakoena -ta- artizkia agertzea da, mugagabean eta mugatu pluralean. Horretaz gainera, bizidunak eta bizigabeak formaz ere bereizi egiten dira.

Inesiboa (-n)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Inesibo»

Inesiboaren marka -n bada ere, marka hori zenbait elementuz «aberastua» aurkitu daiteke. Alde batetik, izen-sintagmako izena [+biziduna] bada, -enga- artizkia agertuko da. Eta bestetik, mugagabean eta pluralean -ta- artizkia agertuko da. Elementu-gehitze horrek leku-denborazko postposizio-sintagma guztietarako balio du. Egiazki,-enga- hori -en genitibo-markari -ga- postposizioa erantsiz lortu da.

Beraz, -en+ga+n bide da postposizio horren analisia. Postposizio ihartua dela esaten da. Gainera, hain ihartua ez dagoen beste postposizio baten baliokidea da sarritan, -en baitarena alegia. Hortaz, hauek dira, funtsean, formak:

  • Mugagabea [+BIZ]: bi ume + enga + N ⇒ BI UMERENGAN; zenbait gizon + enga + N ⇒ ZENBAIT GIZONENGAN (bokala + engan > bokala + r + engan)
  • Mugagabea [-BIZ]: bi etxe+ ta + N ⇒ BI ETXETAN; edozein bazter + ta + N ⇒ EDOZEIN BAZTERRETAN (konts. + konts. > konts. + e + konts.)
  • Mugatu sing. [+BIZ]: ume + a + enga + N ⇒ UMEA(REN)GAN; gizon+ a + enga + N ⇒ GIZONA(REN)GAN
  • Mugatu sing. [-BIZ]: etxe+ a + N ⇒ ETXEAN; bazter+ a + N ⇒ BAZTERREAN (ez *bazterran)
  • Mugatu pl. [+BIZ]: ume + ak + enga + N ⇒ UMEENGAN; gizon + ak + enga + N ⇒ GIZONENGAN (...ak + engan > ...engan)
  • Mugatu pl. [-BIZ]: etxe + ak + ta + N ⇒ ETXEETAN; bazter + ak + ta + N ⇒ BAZTERRETAN (...ak + ta > ...-eta)

Izen berezien deklinabidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izen bereziak euskaraz mugagabean doaz, mugatzailerik gabe, alegia, baina kontuan har bedi, leku-denborazko kasuetan, izen arruntek mugagabean -ta- marka erakusten badute ere, izen berezietan ez dela marka hori agertzen. Beraz:

  • Zein mendiTAn izan zineten?

baina

  • Ernion izan ginen (ez *Erniotan).

Ohar horrek leku-denborazko postposizio-sintagma guztietarako balio du.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inesiboan doan postposizio-sintagma, normalean, adizlaguna da. NON galderari erantzuten dio, funtsean. Beraz, lekua adierazten du. Baina NOIZ (denbora) edo ZERTAN (jarduna) galderari ere erantzun diezaioke. Azken kasu horretan, postposizio-sintagma —adizlaguna bainoago— aditzaren osagarri da, aditzak bereziki eskatua datorrela pentsa baitaiteke. ZENBATEAN galderari ere erantzun diezaioke:

Plaza nagusian bizi naiz NON
Zein kaxoitan utzi dituzu giltzak? NON
Liburuetan gauza asko ikas daiteke NON
Zer urtetan hasi zen lehen karlistaldia? NOIZ
Urte batzuetan euri gutxi egiten du NOIZ
Dantzan aritu zen bazkalondoan ZERTAN
Piperrak 4 euroan zeuden Gernikan ZENBATEAN

Jakina, bizidunekin NORENGAN edo NOREN BAITAN izango da galdera.

  • Zein pertsonarengan duzu esperantza gehien?
  • Bere semea(ren)gan inon diren bertute guztiak aurkitzen zituen.
  • Ez du bere baitan erantzunik aurkitzen.
-tzen / -ten formako osagarria eskatzen duten aditzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Osagarria inesiboan joatea eskatzen duten aditzak ere badira: hasi, ari, jardun, ikasi, jakin, ahaztu eta abarrek ZERTAN galderari erantzuten dioten osagarriak eskatzen dituzte. Osagarri hori, maiz, perpaus bat izaten da, perpaus jokatu gabea. Hortaz, esan daiteke horko aditz horiek inesiboan doan perpausa eskatzen dutela osagarritzat.

  • Ikasten hasi naiz.
  • Mutil hori aspertzen ari da.
  • Irakasleak goiz osoan adarra jotzen jardun zigun.

Adlatiboa (-(r)a)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Adlatibo»

Ondoren datozen leku-denborazko postposizio-sintagmak inesiboaren gainean eraikiak direla pentsa daiteke. Hau da, ematen du inesiboari -(r)a eta gainerako atzizkiak erantsiz lortzen direla, izen-sintagmari erantsi beharrean. Hori garbikien -enga- artizkia jokoan denean ikusten da, denek gordetzen baitute -n inesiboaren marka:

  • Mugagabea [+BIZ]: bi ume + enga + n + A ⇒ BI UMERENGANA; zenbait gizon + enga + n + A ⇒ ZENBAIT GIZONENGANA (bokala + engana > bokala + r + engana)
  • Mugagabea [-BIZ]: bi etxe+ ta + RA ⇒ BI ETXETARA; edozein bazter + ta + RA ⇒ EDOZEIN BAZTERRETARA (konts. + konts. > konts. + e + konts.)
  • Mugatu sing. [+BIZ]: ume + a + enga + n + A ⇒ UMEA(REN)GANA; gizon+ a + enga + n + A ⇒ GIZONA(REN)GANA
  • Mugatu sing. [-BIZ]: etxe+ a + RA ⇒ ETXERA (ez *etxeara); bazter+ a + RA ⇒ BAZTERRERA (ez *bazterrara)
  • Mugatu pl. [+BIZ]: ume + ak + enga + n + A ⇒ UMEENGANA; gizon + ak + enga + n + A ⇒ GIZONENGANA
  • Mugatu pl. [-BIZ]: etxe + ak + ta + RA ⇒ ETXEETARA; bazter + ak + ta + RA ⇒ BAZTERRETARA

Kontuan izan mugatu singularrean, gainerako leku-denborazko kasu guztietan (inesiboan izan ezik) gertatuko den bezala, -a mugatzailea ezkutatu egin dela edo, agertu behintzat, ez dela agertzen.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

NORA galderari erantzuten dion adizlaguna da postposizio-sintagma hori. Mugimendu-aditzek eskatzen dute, batez ere, era horretako inguratzailea: joan, etorri, bidali, eraman, ekarri… baita mugimendua beste era abstraktuago batean adierazten duten aditzekin ere: ausartu, bultzatu, animatu… Aditzarekin duen lotura hori dela medio, zail da jakiten ea egiazki adizlagun diren ala osagarri.

  • Gizon harengana eraman ninduten.
  • Bada ordua etxera joateko.

Baina denbora ere adieraz dezake honako esapide hauen antzekoetan: handik bi egunera, hemendik aurrera, gerora, etab. Modua ere adierazten du: neure erara, besteen antzera, lehengo modura, etab.

Hurbiltze adlatiboa (-rantz)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Hurbiltze adlatibo»
  • Mugagabea [+BIZ]: bi ume + enga + n + ANTZ ⇒ BI UMERENGANANTZ; zenbait gizon + enga + n + ANTZ ⇒ ZENBAIT GIZONENGANANTZ (bokala + enganantz > bokala + r + enganantz)
  • Mugagabea [-BIZ]: bi etxe+ ta + RANTZ ⇒ BI ETXETARANTZ; edozein bazter + ta + RANTZ ⇒ EDOZEIN BAZTERRETARANTZ (konts. + konts. > konts. + e + konts.)
  • Mugatu sing. [+BIZ]: ume + a + enga + n + ANTZ ⇒ UMEA(REN)GANANTZ; gizon+ a + enga + n + ANTZ ⇒ GIZONA(REN)GANANTZ
  • Mugatu sing. [-BIZ]: etxe+ a + RANTZ ⇒ ETXERANTZ (ez *etxearantz); bazter + a + RANTZ ⇒ BAZTERRERANTZ (ez *bazterrarantz)
  • Mugatu pl. [+BIZ]: ume + ak + enga + n + ANTZ ⇒ UMEENGANANTZ; gizon + ak + enga + n + ANTZ ⇒ GIZONENGANANTZ
  • Mugatu pl. [-BIZ]: etxe + ak + ta + RANTZ ⇒ ETXEETARANTZ; bazter + ak + ta + RANTZ ⇒ BAZTERRETARANTZ

Atzizki edo postposizio hau, azken batean, adlatiboari -antz erantsirik lortu dela pentsa daiteke. Horrenbestez, formaren aldetik, aski da adlatiboari (-(r)a atzizkiari) -ntz eranstea. Horrek hurbiltze-kutsua eransten dio adlatiboari, gutxi gorabeherako zerbait dela adieraziz.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Postposizio-sintagma hau adizlagun izan ohi da, eta NORANTZ galderari erantzuten dio:

  • Mendirantz abiatu zen Peru.
  • Zein autotarantz joan da pilota?

Goian esan bezala, gutxi gorabeherako norabidea adierazten du: etxerantz doana ez doa nahitaez etxera, etxeko norabidean bai, baina gehiagorik ez.

Muga-adlatiboa (-raino)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Muga-adlatibo»

Adlatiboaren gainean -ino atzizkia erantsiz sortutako forma da.

  • Mugagabea [+BIZ]: bi ume + enga + n + AINO ⇒ BI UMERENGANAINO; zenbait gizon + enga + n + AINO ⇒ ZENBAIT GIZONENGANAINO (bokala + enganaino > bokala + r + enganaino)
  • Mugagabea [-BIZ]: bi etxe+ ta + RAINO ⇒ BI ETXETARAINO; edozein bazter + ta + RAINO ⇒ EDOZEIN BAZTERRETARAINO (konts. + konts. > konts. + e + konts.)
  • Mugatu sing. [+BIZ]: ume + a + enga + n + AINO ⇒ UMEA(REN)GANAINO; gizon+ a + enga + n + AINO ⇒ GIZONA(REN)GANAINO
  • Mugatu sing. [-BIZ]: etxe+ a + RAINO ⇒ ETXERAINO (ez *etxearaino); bazter + a + RAINO ⇒ BAZTERRERAINO (ez *bazterraraino)
  • Mugatu pl. [+BIZ]: ume + ak + enga + n + AINO ⇒ UMEENGANAINO; gizon + ak + enga + n + AINO ⇒ GIZONENGANAINO
  • Mugatu pl. [-BIZ]: etxe + ak + ta + RAINO ⇒ ETXEETARAINO; bazter + ak + ta + RAINO ⇒ BAZTERRETARAINO

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adizlaguna da, eta mugimenduaren azken muga adierazten du.

  • Edozein zokotaraino iritsi dira telefono mugikorrak.
  • Norenganaino joan behar da baimena lortzeko?
  • Orain etxeraino igotzen dizkizute gauzak.

Ablatiboa (-tik)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Ablatibo»
  • Mugagabea [+BIZ]: bi ume + enga + n + TIK ⇒ BI UMERENGANDIK; zenbait gizon + enga + n + TIK ⇒ ZENBAIT GIZONENGANDIK (bokala + engandik > bokala + r + engandik)
  • Mugagabea [-BIZ]: bi etxe+ ta + TIK ⇒ BI ETXETATIK; edozein bazter + ta + TIK ⇒ EDOZEIN BAZTERRETATIK (konts. + konts. > konts. + e + konts.)
  • Mugatu sing. [+BIZ]: ume + a + enga + n + TIK ⇒ UMEA(REN)GANDIK; gizon+ a + enga + n + TIK ⇒ GIZONA(REN)GANDIK
  • Mugatu sing. [-BIZ]: etxe+ a + TIK ⇒ ETXETIK (ez *etxeatik); bazter + a + TIK ⇒ BAZTERRETIK (ez *bazterratik)
  • Mugatu pl. [+BIZ]: ume + ak + enga + n + TIK ⇒ UMEENGANAINO; gizon + ak + enga + n + TIK ⇒ GIZONENGANAINO (...ak + enga... > ...-enga...)
  • Mugatu pl. [-BIZ]: etxe + ak + ta + TIK ⇒ ETXEETATIK; bazter + ak + ta + TIK ⇒ BAZTERRETATIK (...ak + ta... > ...-eta...)

Pentsa daiteke ablatiboa ere inesibotik erator daitekeela. Zenbaitetan, behintzat, formak berak ere aski argi salatzen du inesiboaren eta ablatiboaren arteko harreman hori.

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ablatiboan doan sintagma adizlaguna da, eta NONDIK edo NOIZTIK galderari erantzuten dio. Jatorria adierazten du, hortaz.

  • Atzoko bilkura hartatik buruko minez atera nintzen.
  • Gizon horrengandik edozer espero liteke.
  • Berandu atera ginen atzo etxetik.

-TIK postposizioa leku-denborazko adberbioei ere (atzo, gaur, noiz, beti, etab.) erants dakieke. Orduan, adberbio horiek forma-aldaketaren bat pairatzen dute. Bereziki -danik forma hartzen dute:

  • Noiz + tik = noiztik / noizdanik.
  • Aspaldi + tik = aspalditik / aspaldidanik.

Bestalde, ablatiboa zenbait esapidetan agertzen da: -TIK AURRERA, -TIK BEHERA, -TIK HONA, -TIK HASITA, etab.

  • Bilera hartatik hona ez dut Pello ikusi.
  • Bost milioitik beherako autorik ez dut nahi.

Helburuzkoa (-rako)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-rako duen postposizio-sintagma, berez, adizlagun nahiz izenlagun da. Hala, etxerako, denda horretarako eta antzekoak bi zeregin horiek betetzen dituzte:

  • Txakur hori etxerako nahi dut (adizlaguna).
  • Zinerako dirua etxean ahaztu dut (izenlaguna).

Baina bizidunekin tankera honetako adizlagunak osatzeko, teorian, gizonenganako, semearenganako etab. zilegi direla pentsa baliteke ere, badirudi forma horiek izenlagun-funtziorako gordetzen direla. Adizlagun gisa, -ENTZAT gisako postposizio-sintagma erabiltzen da izena biziduna denean. Hortaz, bizidunekin, -ENGANAKO modukoak izenlagun izango dira:

  • Zureganako begirunea handia da (izenlaguna).
  • Txakur hau zuretzat erosi dut (adizlaguna).

Beraz, bizidunetan, -enganako eta -entzat atzizkiek zeregin desberdinak betetzen dituzte: bata izenlaguna da, bestea adizlaguna. Horregatik, bizigabeak baino ez dira kontuan hartuko oraingoan, haiekin bakarrik osatzen baitira -RAKO formako adizlagunak. Azken batean, aski da adlatiboari -KO atzizki-postposizioa eranstea:

  • Mugagabea: bi etxe+ ta + RAKO ⇒ BI ETXETARAKO; edozein bazter + ta + RAKO ⇒ EDOZEIN BAZTERRETARAKO (konts. + tarako > konts. + e + tarako)
  • Mugatu sing.: etxe+ a + RAKO ⇒ ETXERAKO (ez *etxearako); bazter+ a + RAKO ⇒ BAZTERRERAKO (ez *bazterrarako)
  • Mugatu pl.: etxe + ak + ta + RAKO ⇒ ETXEETARAKO; bazter + ak + ta + RAKO ⇒ BAZTERRETARAKO (...-ak + -ta... > ...-eta...")

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Postposizio-sintagma hau adizlagun nahiz izenlagun izan daiteke. ZERTA(RA)KO, nahiz NORAKO edo NOIZKO galderei erantzuten die:

  • Bihar goizerako nahi dut lan hori amaitua.
  • Bi etxeetarako egin behar izaten ditut erosketak.
  • Lagunarterako oso egokia da Jon.

Atzizki hori leku-denborazko adberbioei eransten zaienean, -KO forman agertzen da, ez -RAKO forman. Horregatik, betiko, biharko, gaurko, etziko, noizko etab., eta ez, *betirako, *gaurrerako, *etzirako, *noizerako, etab.

  • Betiko sartu al zara komunean?
  • Lan hau etziko egin behar zenuten eta oraindik ez duzue entregatu.

Prolatiboa (-tzat)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Prolatibo»

Deklinabide-kasuen artean sartzen arren, atzizki hori daramaten sintagmak ez dira gainerako postposizio-sintagmen antzekoak. Gainerako kasuek ez bezala, ez du lekurik mugagabearen eta mugatu singular nahiz pluralaren arteko desberdintasunetarako: atzizkia besterik gabe eransten zaio sintagmari. Sintagma horrek, gainera, ez du onartzen ez mugatzailerik ez zenbatzailerik, nolabaiteko predikatua baita. Eta formaren aldetik ere bada beste desberdintasun bat: gainerako kasuetako hots-aldaketek ez dute hemen lekurik. Esan nahi baita, kontsonante baten ondoren gertatzen denean, ez da -e- bokalaren beharrik izango: lagun + tzat = laguntzat (ez *lagunetzat). Horretan, -ka atzizkiaren parekoa da (adar + ka = adarka (ez *adarreka). Dena den, euskal gramatiketan, -ka atzizkia ez da deklinabide paradigmetan sartzen; -tzat, berriz, bai.

  • Mugagabea: "seme + TZAT ⇒ semetzat"; "lagun + TZAT ⇒ laguntzat"

Funtzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

-tzat atzizkidun sintagma honek predikatu osagarriaren funtzioa betetzen du. Alde horretatik, zenbait aditzekin batera agertuko da beti: hartu eta eman batez ere.

  • Askatasuna hartu dute banderatzat.
  • Oparitzat bina liburu eman nien.

Banderatzat sintagma askatasuna izen-sintagmarekin lotua dago, hari dagokio. Oparitzat, berriz, bina liburu izen-sintagmarekin lotua ageri da. Horregatik, bidezko dirudi predikatu osagarritzat hartzea sintagma horiek. Dena den, postposizio-sintagma honetan ez da agertuko inolako determinatzailerik, ez mugatzailerik, ez zenbatzailerik. Oso postposizio-sintagma berezia da, hortaz.

Deklinatzean kontuan hartu beharrekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sintagmak deklinatzen direnean, mugatzailea (behar denean) eta atzizkia izaten dute. Izen-sintagmari eransten zaizkion elementu horiek hondarkiadesinentzia ere deitua— osatzen dute. Hondarkiaren eta sintagmaren azken hotsaren artean zenbait lotura-fenomeno gertatzen dira kontuan hartu beharrekoak sintagmari behar bezalako taxua edo forma emango bazaio. Batez ere, kontuan izan behar da ea bokalez ala kontsonantez amaitzen den, eta bokalez amaitzen direnean, ea -a bokalaz amaitzen diren edo diptongoz amaitzen diren.

1. Bokalez amaitzen bada sintagma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hondarkia bokalez amaitzen den sintagmari eransten bazaio eta hondarkia ere bokalez hasten bada, orduan bi bokalen artean -r bat ezartzen da:

  • bokala + bokalabokala + r + bokala

Adibidez, zein seme + i ⇒ zein semeri. Arauak hondarki barnerako ere balio du: gizon + a + i ⇒ gizonari.

-a bokalaz bukatzen diren hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alaba, gona, eliza, basakeria eta -a itsatsiko hitzak deklinatu nahi direnean, eta, oro har, -a-z bukatzen diren sintagmetan, bokal arrunt bezala deklinatuko da, bi ohar kontuan izanik:[1]

Mugatzailea agertzen bada, [-a + a + deklinabide-atzizkia] segida gertatzen da eta bi a horiek bat egiten dute:

  • a + a ⇒ a

Adibidez, alaba + a ⇒ alaba (alaba etorri da); gona + a ⇒ gona (gona erosi du)

Hondarkia kontsonantez hasten bada, ez da inongo aldaketarik gertatzen; beraz, hitzaren azken -a bokalak bere horretan segitu beharko du: zein elizatan, bi elizatako, aizkoraz, festatik, etab. Ez, *zein elizetan, bi elizetako, etab. Elizetan / elizetako etab. pluralak dira. Pluralean, hondarkia -e-z hastea gerta daiteke, ergatiboan eta leku-denborazko postposizio-sintagmetan. Horrelakoetan,

  • a + e ⇒ e

Ergatibo plurala: elizek, gonek, aizkorek, festek... Inesibo plurala: elizetan, gonetan, aizkoretan, festetan,...

Diptongoz amaitzen diren hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen Euskaltzaindiak emandako araua: «diptongoz bukatzen diren hitzak, oro har, bokalez amaitzen diren gainerako izen guztiak bezala deklinatuko dira. Alde batera utzirik lau zenbatzaileak, beste arrazoi batzuengatik, sortzen dituen arazoak, salbuespen bakarra gau hitza da, hiru kasu hauetan: gauez, gaueko, gauean. Monosilaboak izanik instrumentalean doazenak ere salbuespentzat hartzen dira (deiez)».[2]

Kontsonantez amaitzen diren hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sintagmari hondarkia eransterakoan bi kontsonante elkartzen badira, bien artean loturazko -e- bokala agertuko da: zein adar + k ⇒ zein adarrek; bi haitz + tan ⇒ bi haitzetan. Salbuespentzat hartu behar dira NOR, ZER eta kideko izenordainak: NORK, ZERK, ZER- TAN, etab. eta ez, *NOREK, *ZEREK, *ZERETAN,...

Hitzaren bukaerako R kontsonantearen bikoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

R hizkiaz bukatzen den hitza deklinatuz gero bikoiztu egiten da kontsonante hori: zakur + ak ⇒ zakurrak; ibar + etan ⇒ ibarretan. Hala ere, badaude salbuespen gutxi batzuk, R bakuna atxikitzen dutenak. Ur, zur, plazer, paper, kaier... besteak beste (uretan, zurezkoa, plazera, kaieren...).[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «a itsatsia - Euskara Batuaren Eskuliburua» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  2. «diptongoz (-ai, -ei, -oi, -au, -eu) bukatzen diren izenen deklinabidea - Euskara Batuaren Eskuliburua» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).
  3. «-Rez bukatzen diren hitzen deklinatzean: -r ala -rr? - IKAS Euskal Pedagogia zerbitzua» www.ikas.eus (Noiz kontsultatua: 2022-05-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]