Euskal Herriko artea Paleolitoan

Wikipedia, Entziklopedia askea
Santimamiñeko zaldia

Euskal Herriko artea Paleolitoan, munduko beste eremu askotan bezala, figuratiboa da, animaliak eta ingurunea islatzen duena. Paleolitokoak dira, hain zuzen, gizakiak sortutako lehen artelanak. Lehen epe hartakoak badira Euskal Herrian zenbait lan enblematiko, hala nola Ekain, Izturitze, Santimamiñe eta Altxerri haitzuloetakoak.

Gizakia, animaliak, ingurumenaren baldin­tzak eta zibilizazioaren osagaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian, historiaurreko aztarnategi abera­tsenak dituen eskualdetako bat izanik, bertan egin diren ar­keologia eta paleoantropologiako iker­keten etengabeko garapenak eta haietako aur­kikun­tzek gero eta atzerago eramaten gaituzte, gure lurrean gizakiaren lehen kokapena zehazterakoan.

Behe-Paleolitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atapuercan eginiko indusketek hurbilketa geografikoagatik pen­tsarazten dute Euskal Herrian gizakiaren kokapena, Behe Paleolitora, 200.000 urte baino atzerago eraman behar dela. Garai hartan bertan bizi zen gizakiaren espeziea zein zen eztabaidagai dago, baina Homo antecessor,[1] Homo heidelbergensis edo Homo neanderthalensis izan daitezke. Uroak, zaldiak eta oreinak ehiza­tzen zituen.

Silex eta kuartzitazko haitz zabal gainetan almendra-itxura eta ertz zorro­tzeko bialdeak edo harriz­ko aizkorak lan­tzen zituen.

Urruneko garai horietatik giza bizi­tzaren kokapena gure herrian etengabekoa izan da. Baina, erabatekoa da izaki haien pen­tsamoldeari buruz­ko gure ezjakintasuna.

Erdi Paleolitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Paleolito aroan (Mousteriar ere deitua) oinarriz­ko lanabesen lanketan hasia zen gizakiaz zertxobait gehiago dakigu.

Giroa epela eta hezea zela badakigu; giro horretan Neanderthal izeneko gizakia kobazuloetan, haiz­peetan edo baita aire librean bizi zitekeela ere gauza jakina da; halaber, errekun­tza erabil­tzen zuela; sarrioak, oreinak, uroak, bisonteak, basahuntzak eta basa zaldiak ehiza­tzen zituela. Arrasateko Garagartza auzoko Lezetxikin bi­txikeria hau ere gertatu da, errinozero-hezur ba­tzuk azaldu baitira, aro glaziarraren amaieran desagertuko zen espezie batenak.

Gizakiak, animalia horiek ehiza­tzeko eta eguneroko bizi­tzako beste eginkizunetarako oinarriz­ko tresna ba­tzuk lan­tzen zituen, baina oraingoan landuagoak, har­txabal gainetan eginak –haitz baten muina lan­tzerakoan, salta­tzen zuten ez­paletan. Tresna hauek aur­kitu ziren, Ga­txarrian, Olhan, Izturitzen, eta, batez ere, Joxe Migel Barandiaran eta Jesus Altunaren eskutik hamahiru azterketa-saio eginiko Lezetxiki izeneko kobazuloan. Karraskagailuak eta zehar­kako er­tza zuten aiz­korak ziren; ze­hazki esanda, inolako arterik gabekoak.

Hala ere, "garai horretako zenbait aztarnategietan, besteak beste, aur­kituriko margo okre aloktono pilaketengatik, kobazuloetara ekarriak alegia, uste izaten da zenbait jarduera erritualetarako beren gorpu­tzak margotu egiten zituztela". Horren arabera, jada hitz egin ote daiteke body art bati buruz?

Garai horretako mailaketari dagoz­kionak dira zenbait tresna: galenazko bi­txiak eta berunez­ko piezak, harri-kristalak, Dima ondoko Axlorren eta Lezetxikin aurkituak. Ehorz­ketak egiten zituztela ere gauza jakina da, gorpuaren ondoan armak eta janariak jar­tzen baitzituzten, horrela adierazten zutelarik nolabaiteko erlijioz­ko sentiberatasuna, edo hil ondorengo bizi­tzarekiko sinesmena.

Goi‑paleolitoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizaki haien gorpuzkera ezagutu ahal izan da, baina, Goi Paleolitora (30.000­‑10.000 K. a.) iri­tsi arte, ez dakigu ezer zehatzagorik gizaki haien bizimoduaz.

Homo sapiens edo baita Cromagnoneko gizakia deritzonaren aldia da. Giroa ho­tza zen (Würm izotzaldia) Kantauri isurialdeko gizakia kobazuloetan bizi zen, herriaren alderik baxuenean nahiago. Aurreko aldiaren an­tzekoa zen fauna eta sistema ekonomikoa. Historiaurreko gizakiak elika­tzeko moduan beste iturri berri bat topa­tzen du itsaskitan.

Teknikak ere aurrerapenen bat egina zuen. Harri ez­palen gaineko langin­tzari beste bat lotu zi­tzaion, harri orrien gaineko langin­tza. "Kilo bat silexekin 15 metroko ertz zorro­tza egin zitekeen".[2]

Bestalde, armaz horni­tzeko, hezurrak eta adarrak erabil­tzen zituzten ordurako, harriaz gainera.

Paleolitoko artearen alderdi orokorrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez dirudi Euskal Herrian Würm glaziazioaren az­kenaldia baino lehenagoko arte sor­kun­tza benetako batez hitz egin daitekeenik. Ordukoak ditugu, hain zuzen ere, nolabait langin­tza handien frogak, bai ehiztari eta bai uzta-bil­tzaileenak, kosta inguruan 350 m baino altuera handiagoak ez dituzten lekuetako kobazulo eta babes naturaletan bizi zirenenak. Gizaki hauek Madeleine aldiko kultura bere goi eta az­ken aldian garatu zuten. Santimamiñe, Lumen­txa, Bolinkoba, Urtiaga, Ekain, Aitz­bitarte, Ermitia, Izturitze eta Berroberria dira aztarnategi garran­tziz­koenak, bai estratigrafiako betegarriengatik, bai langin­tzako tresnen aberastasun eta ugaritasunagatik: xixelak, harraskailuak, xafla­txoak, arpoiak, azagaiak, haga­txoak, orra­tzak eta abar.

Teknikak eta langaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasiera beretik gizakiaren jarduera horri dagokie, besteak beste, gaur egun hainbat tekniken emai­tzatzat jo­tzen ditugun gauzak: pintura, grabatua, erliebea eta baita eskultura ere. Langai mota orokorrari dagokionez ere bi alderdi bereiz daitez­ke: arte higikorra eta labar-artea.

Tresna higikorrak harriz­ko xafla gainetan edo errekarrietan aur­ki­tzen dira, baina, baita hezur, adar eta marfilez­ko gaietan ere. Ba­tzuetan, Paleolitoko eskulangilea, lan-tresnen gainean –esate baterako, azagaietan eta arpoietan– eginiko irudi ez-figuratiboetara muga­tzen zen. Adituek az­pimarra­tzen dute komeni dela harriz­ko tresnen langin­tza eta hezurrean landutako ebakiduren artean bereiz­kun­tza egitea; ohartaraziz, sarritan, erretenak, askak edo ebakidurak ez direla izaten arte-adieraz­penak, baizik eta tresnaren eraginkortasunari baino ez dagoz­kien langaiaren ezaugarriak.

Estetikako jarduera baten hasera zin­tzilikarioetan eta lan tresna ez diren bestelakoetan errazago suma daiteke; ba­tzuetan harrian landuak diren arren, sarriagotan hezurrez­ko xafla eta zatietan, edo harriz­ko, hezurrez­ko, adarrez­ko edo marfilez­ko irudi­txoetan ere landuak izaten direnetan.

Kobazuloetako hormetan eginiko labar-artea pinturak ala grabatuak izaten dira. Badira erliebeak ere, baina ezohikoagoak. Erliebe kasu bakan hauetako bat Izturi­tzen agertu da.

Formak eta irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paleolitoko gizakiak diseinaturiko formen artean badira figuratiboak eta ez-figuratiboak, arte higikorra nahiz hormakoa izan.

Figuratiboen artean, maizenik azal­tzen direnak, garai hartako zenbait abereren irudiak dira: bisonteak, zaldiak, oreinak, elur-oreinak, basahuntzak, uroak eta abar. Ia inon ez da giza irudirik azal­tzen.

Ez-figuratiboak direnen artean ugaritasun handia dago eta ia beti nekez uler­tzen dira. Luzetarako lerro soilak, sigi‑sagan eginiko okerrak, ondulatuak, izar irudiz­koak, hiruki i­txiak, erronboak, obaloak, laukiak, eta abar.

Haitzuloetako artelanen daten arazoa konpon­tzeko bide eraginkorrak bilatuz, historiaurrearen ikerlariek arte higikorrarekin loturak egiteko ahalbideak azaldu izan dituzte beti; zeren eta, hauek data­tzea errazagoa da, aztarnategiko geruzetan, delako geruza datatu dezaketen beste gai ba­tzuei loturik azal­tzen baita eta ondorioz berauen data ere jakin baitaiteke.

Hormetako irudiak, aldiz, aztarnategiko geruzetatik aparteko hormetan aur­ki­tzen dira, eta margotu edo grabatu zituzten ertilariak Goi‑Paleolitoko edozein garaitakoak izan daitez­ke. Hortik dator, bada, ar­keologoek –eta hauen artean, batik bat, Henri Breuil ospe­tsuak– betidanik bi arte modu hauen arteko erlazioa ikusteko izan duten interesa. Baina, metodo hau oso eztabaidatua izan da. Bi arte jarduera hauen arteko kronologia paraleloak ez du ia inoiz ziurra izateko bermerik eskain­tzen. Desberdintasun hau, ziur asko, honegatik emango da: plastika adieraz­pen hauen izaera ez dela izan estetikazko sen hu­tsez­ko emai­tza, baizik eta gaurdaino ziurtasunez ezagu­tzen ez diren arrazoi sakonago ba­tzuen ondorioa. Honek guztiak pen­tsarazten du arte higikorraren eta labar-artearen helburuak eta asmoak desberdinak zirela.

Aldiak, estiloak eta kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala eta guztiz ere, ar­keologorik ospe­tsuenak saiatu dira paleolitoko artearen hainbat zatiren ezaugarriak zehazten, kronologia prozedura bat finka­tzeko baliozkoa izan dadin. Henri Breuil saiatu zen sistema bat lan­tzen. Argudio tekniko eta estilistikoetan oinarriturik, bi ziklotako prozesu bat asmatu zuen: bata auriñako‑perigordiensea eta bestea solutro‑madeleine aldia.

Egun, historiaurrea ikertzen dihardutenek André Leroi-Gourhanen iriz­pidea onartu nahiago izan dute, hau da, “oinarriz­koena ez da beti an­tzinakoena izaten”, eta orokorrean historiaurrearen ikertzaile ospe­tsu honek finkaturiko sistema jarrai­tzen dute. Horretarako ez zen labar-arteaz baizik baliatu, baita arte higikorraz ere.

Leroi‑Gourhan estiloaren zenbait egitura-faktore hauta­tzetik hasi zen; hain zuzen ere, koka­tze, konposa­tze, artikula­tze eta animatze faktoreetatik.[3][4] Segida horri bigarren mailako beste osagai ba­tzuk eran­tsi zaiz­kio. Eta hauetaz guztiez baliaturik, ehunka arte-laginen iker­ketari aplikatuz eta arte ez-figuratiboaren lehen aldi bat ziur­tzat hartuz, lau talde edo estilotan zatitu zituen:

I. estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Aurignac kultura»

Aurignac kultura (K. a. 30.000­‑27.000): oso mugaturiko segida, estilo zakarreko sexu ezaugarrien irudi eta sinboloena.

II. estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Solutrear kultura»

Solutre aldiaren hasieraraino iri­tsiko li­tzatekeena, 25.000‑18.000. Giza irudietan, animalia-irudi­txotan eta arte higikorretan abera­tsa den aldia; esaterako, Izturitzeko harpea. Zalantzarik gabeko labar-artearen lehen lanak azal­tzen dira: batzuk, naturalista joerakoak eta estilizazio alderakoak; besteak, irudiak, animaliaren lepoa eta biz­karra eta bere espeziea ezagu­tzeko xehetasunak adierazten dituen marra guztiz oker baten gainean eginak daude. Adar eta adajeak guztiz er­tzetara edo aurrez aurre (“perspective tordue”) azaltzen dira, aldiz, behealdera xehetasunak desagertu egiten dira.

III. estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Magdaleniar kultura»

Solutre eta Erdi Madeleine aldia, 17.000‑13.000. II. estiloaren ezaugarri ba­tzuk gorde­tzen ditu, baina teknika landuagoz eginak dira. Zaldiek gorputz luzexka dute (Ekain). Bisonte, zezen eta ahun­tzetan aurrealdearen lodiera handiagotu egiten da; hankak xehetasun handikoak dira, apoak eta azazkalak ere mar­katuak, baina normalean mo­tzak dira eta horrek animaliak altura txikikoak eta lodiera handikoak zirela azal­tzen du; ba­tzuetan, horregatik hitz egin izan da puzturiko animaliez. Adar, adaje eta az­kazalak hainbat ikuspegien arabera azal­tzen dira, “perspective semi‑tortuen”, halaber.

IV. estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Az­ken‑Madeleine aldia, 13.000‑9.000. Irudien er­tza argaz­kietako errealismotik hurbil dago, halakoxe maiztasun batez: adar, adaje eta a­zaz­kalak perspektiba arruntean daude adieraziak eta irudiak lan­tzeko moduetan kodifikazioak eta abar azal­tzen dira. Gu­txi gorabehera, paleolitoko labar-artearen %78a aldi honetakoa da.[5]

Leroi‑Gourhan‑en ustez, lau estilo hauetako bakoi­tza aldietan bana daiteke (an­tzinako aldi, berri...) eta guztiak, Henri Breuilek izendaturiko Madeleine aldiko guztiekin identifika daitez­ke, gu­txi gorabehera. Ar­keologoak gaur egun Leroin‑Gourhanen zatiketa moduari eusten badiote ere, ez zaie kritikarik falta izan.[6]

Arte higikorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxetako estatutxoa

Arte higikorra esaten diegu giza eskuz landu eta leku batetik bestera eraman daitez­keen artelanei. Erliebeko apaingarriekin landutako arte mota hauetan aztarnategi abera­tsak, sartaldeko Pirinioetako haitzuloetan aur­ki­tu dira, eta guztien artean Izturitzekoa da deigarrienak.

Ezer baino lehen, eman dezagun ohar bat: Pirinioen eskualdeko arte higikorrean ia ez da erlieberik aur­ki­tzen eta eskultura libreak are gu­txiago. Oso gu­txi dago eta estetikoki kalitate gu­txikoa da. Inola ere, Frantzia hegoaldean eta beste eskualdeetan aur­kitu diren estatua­txo ezagunen –Venus deritzon– alerik ere ez da aur­kitu.

Zati aipagarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grabatu apaingarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pirinioetako ehiztaria, esan daiteke, artista izaten ez dela plastika librean hasi, grabatuan baizik. Eta az­ken Goi-Paleolito aldian jada, hitz egin daiteke arte-jardueraz, gauzen erabilgarritasun soila gainditu eta zeinu apaingarri ba­tzuez tartekatu dituztela ikustean.

Horretan, hainbat alderdi aipa daitezke:

  • diseinu formala, lerroduna, lerromakurra eta puntuduna
  • antolaketa, aldiz, sailka, paraleloan, taldetan, aur­kako ala guru­tzaturiko osagaietan eta abar
  • adieraz­pen formalari buruzkoan, guztiz abstraktuak, irudi naturalista, estilizatua edo eskemaduna eta geometrizatua.

Ikuspegi horietatik guztietatik lortu da hainbat motibotako zenbait dozena sailka­tzea.[7]

Ignazio Barandiaranek argibide esangura­tsuak plazaratu ditu eskulangileak langaien tarte hu­tsak uler­tzeko zuen moduez eta langai horietan irudiak buru­tzeko teknikei buruz.[8] Fran­tses ar­keologo ba­tzuen proposamena, adibidez, H. Breuil, A. Laming Emperaire eta A. Leroi‑Gorhan-ek atxikitako arte higikorraz eginiko igarpena –bereiz­ketak egitearen proposamena– egokia irudi­tzen zaigu, hala nola, azagaia eta guztien gainetik gogortasuna eta iraunkortasuna –etengabe erabil­tzen zutelarik– behar zituen espatula baten lanketaren eta apainketa per­tsonaleko –ziur asko, balio estetikoari dagokionez, ezaguera argiagoz burutuak– arte garbiko zin­tzilikarien artean.

Zati grabatudunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal paleolitoaren arte higikorraren sukalde handia izan zen Izturitzeko harpean sartu baino lehen, aipa di­tzagun beste lekuetan aur­kituriko pieza bereziki nabarmen ba­tzuk. Euskal Herriko kobazuloetan aur­kituriko arte higikorreko gauzen azaleko deskribapena eta zerrenda ikus daiteke, motibo figuratiboak eta soilik apaingarritarako zirenak bereiziz, Ignazio Barandiaranek, 1965eko Sinposiumean, oso irudi didaktikoekin Euskal Historiaurre eta arazo etnologikoei buruz aur­kezturiko ikerlanean.[9] Harrez­kero, arte higikorraren emaria azal­tzen eta nabarmenki handiago­tu da eta sailkapen-lan bikainak agin dira.[10]

Artelan aipagarriak


Dorre kobazulo­txoko hezurra

Ekaingo xafla


Izturi­tzeko al­txor higigarria

Arte higikorraren ondare handi honen barruan bereiz hartzekoak lirateke:

Labar-artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Altamirako leizea eta Espainia iparraldeko paleolitoko labar-artea1
UNESCOren gizateriaren ondarea

Mota Kulturala
Irizpideak i, iii
Erreferentzia 310
Kokalekua  Euskal Herria
 Espainia
Eskualdea2 Europa / Ipar Amerika
Koordenatuak 43°20′48″N 2°38′12″W / 43.34667°N 2.63667°W / 43.34667; -2.63667
Izen ematea 2008 (XXXII. bilkura)
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua)
2 UNESCOren sailkapena

Euskal Herrian ezaguna zen labar-artea ez da bereziki azaldu ia orain­tsu arte. Baina, az­ken urteotan egin diren aur­kikun­tzak, gure herria, Paleolitoko artearen garran­tziz­ko lekuan kokatua du. Horrela hainbat kobazulo Gizateriaren Ondare izendatu dituzte, Altamirako kobazuloekin batera sortutako kategorian.

Pinturak eta grabatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian labar-artea fran­ko‑kan­taurikoaren sailean koka­tzen da. Historiaurreko gure pinturen aur­kikun­tzen aurretik, ezagunak ziren Frantzia erdialdeko Dordoinan Lascauxekoak (1940) eta askoz lehenago Altamirakoak (1879). Lascauxekoak an­tzinago­koak dira, hain zuen ere, Aurignac kulturaren aldikoak, nolabaiteko giro epel garaikoak; Altamirakoak Madeleine aldikoak dira. Fran­tzia hegoaldean, Ardèche departamenduan, lehen mailako garran­tzia duen beste aur­kikun­tza bat egina da hai­tzulo batean, adituak iker­tzen ari diren ehunka animalien irudiekin.

Goi-Paleolitoan labar-artea, zeha­tzago esanda, Madeleine aldian, pintura eta grabatu moduan azal­tzen da.

Ba­tzuetan, pinturak hai­tzen erliebe naturalei egoki­tzen zaiz­kie eta beroiek iradokiak direla dirudite. Madeleineko ertilariak margo­tzeko bel­tza –ikatz edo manganeso dioxidoa– zuria eta okrea –hau horitik gorrira eta bioleta alderako aldagaiak dituena– erabiltzen du.

Eskualde ba­tzuetan, denok ezagu­tzen ditugun fauna-adieraz­penaz gain, gu­txi-asko geometrikoak diren forma bi­txiak azaldu dira –makarroiak– marra makurrez eginiko trazuak, beha­tzez eginak balira bezala; baita esku osoaren aztarnak ere, negatiboan, ia beti ez­kerreko eskuarenak. Esan daiteke hor ditugula gure eskualdeko artearen lehen zizakadurak. Giza eskuaren silueta horiek kanpora azal­tzeko modu bat dira, uniber­tsoan izen ematekoak; jabegoa har­tze modu bat, nolabait ere. Ez dezagun ahantz gertakari plastiko hori euskaraz­ko esku‑bide hitzaren esanahiarekin bat datorrela.

Gero etorriko da an­tzekotasun aur­kikun­tza mimesiaren harridura, zenbait milurteko beranduago Aristotelek arte figuratiboaren iturri gisa aipatuko duena, alegia, honoko hau –marrazturiko objektua– hura dela ziurta­tzearen atsegina. Eta beranduago, edo agian aldi berean, zeinu abstraktua eta sinboloa azalduko dira.

Historiaurreko artean naturalismotik eskematiza­tze sinbolikora pasa­tzen dela, nahiz eta badiren bi margo motak elkarren ondoan bizi zireneko kasuak; baina hasieran naturalismoa da nagusi. Wilhem Worringerren tesiaren arabera benetako arte-sormena ez da abstrakzio eta geometrian baizik hasten.[13] Bistan da Madeleineko artistak ez zuela irudiak eskor­tzoan marrazteko eta beren bolumenak itxura­tzeko zailtasunik.

Zalan­tza handiagoak daude bere zen­tzu konposatzaileari buruz. Denbora luzez uste izan da ez zuela horren ezagu­tzarik. Baina aldarrikapen hau, bere horretan, arte historian konposaketa kon­tzeptu horri ezin diogu eu­tsi eman izan zaion zen­tzu zorro­tzera mugatuz baino; alegia, paisaiaz­ko hondoera guztiak, eta eszena posible guztiak erdiratu, uztaitu eta antola­tzeko espazioko erreferen­tzia txikienak alde batera uzten direnean. Eskuaren esparrua –artistaren­tzat, gorputz jarrera bat aldatu gabe iri­tsi dezakeen espazioa– eta gainjarritako irudiak, kokapena, simetria eta perspektiba aztertu ondoren, Leroin‑Gouhanek ohar hau ematen du, pintura edo grabatuan gaur egunera arte zoruko marraren adieraz­penik ez bazen ezagu­tzen ere, Paleolitoko ertilariek sarritan erabili izan dute beraren ordez­ko hormako pi­tzadura edo erlai­tzen bat.[14] Leroi‑Gourhanek baino askoz lehenago, salatu izan ditu Max Raphaelek Paleolitoko artea, espazioak, mugimenduak eta konposaketen arazoak aurrez aurre hel­tzeko ezgai zen arte hasiberritzat jo­tzen zutenak.[15]

Aldiz, oraindik orain, Paleolito aldiko geometriariak izena eman dionik ere izan da, beren marraz­ki eta margoetan zenbait trazatu erregula­tzaileetan erabilera kon­tzientea delako ustea dutela-eta: urrez­ko ebaketa bikoi­tza, erro karratuaren proportzioa eta beste; dena dela, errealitatea begiz harrapa­tzeko eta egitura plastikoetan berriro sor­tzeko zuten ahalmen honen aurrean, Herbert Kühnek ida­tzi zuenez, miresmenez, isilik gera­tzen da ahoa[16][17]

Labar-artea duten kobazuloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aitz­bitarte[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Aizpitarteko leizeak»

Paleolitikoko aztarnategi handi baten lehen aur­kikun­tza Errenteriako Aitzbitartekoa izan zen, herri mailan Landarbasoko kobazulo deritzonean. Zenbait mailatan sail­katurik, historiaurreko gizakiaren arrastoak aur­kitu dira denbora luzez bizi izandakoak eta langin­tza ugarirenak: orriak, har­txabalak, zenbait eratako karrakagailuak, pun­tzoiak eta abar; gu­txienez, Aurignac kulturaren garaitik hasi eta Mesolitikora artekoak. Besteak beste, animalia-irudiz dekoraturiko hezur ba­tzuen aur­kikun­tza harrigarriak azaldu diren, bertan diren bostetatik, III. hai­tzuloa arakatuz hasi badira ere; IV. hai­tzuloko aztarnategia izan da ondoen ikertu dena. Han aur­kituak dira orein-burua grabaturiko plaketaren bat, makila zulodunen bat, haga­txo dekoratuak eta ebakiduraz eginiko animalia-irudiak dituzten zenbait hezur.[oharrak 2]

Venta Laperra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Venta Laperrako labar-artearen eskema
Artikulu nagusia: «Venta Laperra (leizea)»

Kantabriako mugetatik gertu, Biz­kaiko Karran­tzan dago Venta Laperra kobazuloan egin zen 1904an labar-artearen lehen aur­kikun­tza: irudi bat, kobazuloaren sarreran bertan. Bi urte beranduago, Breuilek beste lau irudi gehiago aur­kitu zituen: buruzagirik gabeko hiru bisonte azefalo, hartz oso bat, zehaztasun gutxiko bobido bat eta lerro-segida ulertezin bat. Hai­tzean halakoxe sakontasuna duen grabatu batez eginak daude. Grabatu hauen ezaugarri bereizgarria honetan da­tza: kobazuloaren sarreran zeudela eta eguz­kiaren argitan ikus daitez­keela. Gure herrian aur­kitu ditugunen artean, zaharrenak eta Aurignac aldiari dagoz­kionak dira. Apellanezi gertakari honek zera pen­tsarazten dio, Paleolito aldi an­tzinakoetan, Kantabriako artea, Euskal Herriko sartalderaino zetorrela, beste arte formula ba­tzuk (piriniotarrak) hartu ahal izateko edo bere-bereak sor­tzeko, Herria libre utziz.[18]

Izturi­tze[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Izturitze eta Otsozelaiko harpeak»

Lehen ere aipatu dugu, Izturitzeko harpeari buruz, arte higikorrean hain aztarnategi aberatsa bada ere, ez dela horrela labar-artean: bi zaldi eta bi elur‑orein; horietako bati, isats mo­tzeko eta egitura ederreko baina adardura desagertu zaien bi hausnar­kariren gorpu­tzak gainjarri zaiz­kio. Beste maila beheragoko batean beste hiru zaldi eta interpreta­tzerakoan zalan­tza sor­tzen duten beste irudi ba­tzuk agertu dira. Deigarria da haitz ­gaineko erliebe txikian eginak direla irudiak. Beren estiloz Erdi‑Madeleine aldikoak dirudite, berrienaren muga aldekoak, alegia.

Isturi­tzeko harpetik oso gertu eta az­pialdean dago Haristoiko kobazuloa, Otsozelaia ere esaten zaiona; han azalduak dira zaldia, bisontea, oreina eta hegazti buru bat. Erdi‑Madeleine aldikoak dira.

Alker­di[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroa Garaiko Urdazubin Alkerdi kobazuloko lehen hai­tzetako irarlanak Norbert Casteretek aur­kitu zituen 1930ean[19]. Geroago, J.M Barandiaranek beste lau aur­kitu zituen. Kobazuloko bi gunetan kokaturiko grabatu mul­tzo bi dira. Bata, sarreraren aurrez aurre dago, 20 bat metrora. Bigarrena, berriz, beste horretatik 40 bat metrora, pasabide estu baten sakoneran. Besteak beste, gailen­tzen dira osatu gabeko orein baten grabatua, eta bi bisonterenak, baina konkorra eta isats oso luzea nabarmenduak dituztenak, eta beharbada otso baten buruaren grabatua. Behe‑Madeleine aldian koka­tzen dira.

Etxeberri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Etxeberriko karbia»

Zuberoako Gamere‑Zihigan, Etxeberriko karbian, Pierre Boucherrek 1950ean zenbait irudi aur­kitu zituen, oso nekez igo zitekeen leku batean, sarreratik 200 bat metrora. Irudiak apur bat itsustuak daude; bel­tzez eginak dira baina puntu eta orban okreak dituzte. Kobazuloaren bi aldetako hormetan, hamabi zaldi, bisonte pare bat, eta beste ahuntz pare bat ere zenbatu daitez­ke. Irudi ba­tzuk buztin zuri gainean beha­tzez eginak dirudite.

Oraindik ere igoera zailagoa duen tontor batean, beste bost zaldi eta beste baten trazuaz gain, ahuntz bat, bisonte bat eta zenbait tanto gorrizko mul­tzoa aur­kitu da. Leroi‑Gourhanen ustez, bi animalia pareka­tzea zaldia‑bisontea eta beste hirugarren animalia baten –hemen ahun­tza– etenik gabeko gaiari buruz­ko bi mul­tzo berdinen santutegi bat da. Antropologo ba­tzuk, zenbait irudi Aurignac aldian koka­tzen dituzte. Leroi-Gourhanek Erdi‑Magdaleniar aldiraino atzera­tzen ditu.

Goikolau[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Goikolau (leizea)»

Biz­kaiko Berriatuan, Goikolau kobazuloko irudiak J.M Barandiaranek aur­kitu zituen 1962an. Bost taldeetan banaturiko grabatu sail bat da. Ba­tzuetan, biz­karra bata bestearen gainean jarria duten animalia-eskema osatugabeak dira; hainbesteko pila bata bestearen gainean jarririk, ez da erraza izaten zein animalia-espeziea den ezagu­tzen, ahun­tzen bat edo beste izan ezik. Aur­ki­tzailearen beraren ustez, postpaleolitoan kokatu behar dira eta aztarnategiko zenbait mailetako hilobi izaerarekin lotu.

Sinhikole[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bordeleko espeleologo talde batek 1971ko abuztuan Sinhikoleko karbia kobazuloan labar-arte aztarnategi berri bat aur­kitu zuen. Areto bakar bat da, luzeran 60 cm eta zabaleran 10 cm dituena, oso irudi gu­txikoa; baina, kalitate bikaineko zaldi bat eta bisonte bat azal­tzen dira. Zaldia, ingurune bel­tzez eta isats oso luzeaz margoturik. Barrutik, ilajearen eta buruaren margo­tze bikoi­tza gorriz egina da, begiaren­tzat hu­tsarte bat utzita. Bisontea, zaldiaren gainean kokaturik dagoena, osatu gabea da. Bere ile-zerra hai­tzaren er­tzak osa­tzen du. Bi irudi horiek eskuinean, bisontearena dirudien osatu gabeko beste irudi bat dago. Zaldiaren aurrealdeko az­pialdean, nekez uler daitez­keen trazu gorri ba­tzuk ere badaude.

Arenaza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arantzadi Elkarteko kideek, 1973ko neguan labar-artearen beste aztarnategi bat topatu zuten Galdamesko Arenaza kobazuloan. Irudiak, nekez igo daitekeen areto txiki batean daude. Gela erdiesferiko bat da, sarreraren ia bestaldeko muturrean kokaturik goraka doan luzapen bat dago, eta orein eme talde bat azal­tzen da. Gu­txi zaindu delako-edo, oso egoera txarrean daude, hai­tzak nozitu duen zarta­tzearen ondorioz. Orein emeak, Kantabriako beste kobazuloetan erabilitakoaren an­tzera, puntea­tze teknikaz daude gorriz margotuak. Xehetasun honek eta oreinak nagusi izateak, badirudi Asturias eta San­tander aldeko artearekin ahaidetasun gertuagokoren bat adierazten duela, Laperra Bentari buruz aipatu denez, ipar Pirinioetako artearekin baino. Beren estiloagatik badirudi irudi hauek an­tzinako Madeleine aldikoen sailean atxiki behar direla.

Santutegi handiak: Santimamiñe, Al­txerri eta Ekain[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santimamiñe[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Santimamiñe»

Labar-arte mul­tzo handi bat aur­kitu zen 1916an Kortezubiko Santimamiñe kobazuloan. Ar­keologia ikuspegitik, Santimamiñek garran­tzi izugarria du, maila guztiak eskain­tzen baititu, an­tzinako Auriñaziensetik hasi eta Behe-Inperiorainokoak.

Arte historialariaren­tzat, benetako santutegia esaten dioguna da esparru garran­tziz­koena: 20 bat metroko luzera du eta 4 edo 5 m-ko altura. Irudien talde nagusia areto txiki batean dago, normalean oso sarbide zailekoa izaten da eta honen aurretik aretoaurre bat dago, osatugabeko zenbait bisonte eta zaldiez gainera, marra sail bat ere ikus daiteke. Ia biribila den ganbara edo aretoaren inguruetan –Leroi‑Gourhanek biribilgune deitu zion– banaturik oraindik ere irudi-mul­tzo gehiago daude.

Irudiak eta beren kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ikusgarritasunagatik, taula bat nabarmen­tzen da, oso argi eta garbi sei bisonte, zaldi bat, orein buru bat eta ulermen zailagoko beste trazu eta marra mul­tzoa goza daitekeelarik. Zer adierazi nahi ote du behin eta berri zaldia eta bisontea pareka­tzeak eta beste sei bisonteek –hauetako ba­tzuk zutikako jarreran jarririk– seiak erdi-erdian marrazturiko zaldi bakar batek inguruan dituela? –galdegiten du gaur­ko ikusleak jakin-minez. Baina, eran­tzunik gabeko galderak.

Bi mul­tzo hauetaz gainera, kobazuloaren barruenean, sarreratik 150 m-ra, 1953tik 1962ra bitartean irudi berriak aur­kitu dira; hauen artean, bisonte ba­tzuk, zaldi bat eta ahuntz bat.[20][oharrak 3]

Guztira, ia berrogeita hamarrera iristen dira animalia-irudiak. Espezierik ohikoena bisontea da.

Teknika eta estiloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemen, Al­txerrin ez bezala, irudi gehienak pintatuak daude, eta itzal eta guzti ba­tzuk. Irudi grabatuak oso gu­txi dira. Perfekzioan eta estiloan aldaketa suma­tzen da baina ez da erraza hortik kronologia bat atera­tzea.

Henri Breuilek zioen itzalekin modelaturiko lau bisonteetatik hiruk beren lau hankak agerian zituztela, eta trazu soil bakar batez marraztuak berriz bi besterik ez. Era berean, Madeleine aldiko ezaugarri moduan denek beren adardura profilez erakusten badute ere, bedera­tzik baino ez dituzte beren bi adarrak erakusten.[21]

Talde handiko bisonteen artean Ignazio Aldekoak ere desadostasun horiek ematen ditu:

« marra-trazu soileko irudien ondoan, badira beste ba­tzuk zenbait tokitan profilaren lodieraren biziago­tzegatik-edo ia lauak direnak, gu­txi-asko bular, konkor, papar... tinten betelanagatik argi-ilun gehigarri bat plantea­tzen dutenak. Zenbait aletan arte onekoa izan ohi da delako modelatzea »


Esan daiteke, estilistikoki nahiko aurreratutzat hartu behar direla; ziur asko, Erdi‑Madeleine aldi aldera gauzatuak. Benta Laperrakoen ondorengoak dira. Eta beren teknika eta ohi­kotasunagatik Pirinioetako santutegiekin uztar daitez­ke.

Al­txerri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Altxerri»

Gipuz­koan Aiako Al­txerri kobazuloak aditu guztiak harritu zituen 1962an, ustekabean aur­kitu bai­tzuten bertan Aran­tzadi Zien­tzia Elkarteko hiru kidek ordura arteko labar-arte aztarnategirik garran­tziz­koena: ehun irudi baino gehiago eta oso espezie desberdinetakoak gainera, zaz­pi mul­tzotan banaturik.

Aur­kikun­tza deigarri honen txostena jasotzean, J. M Barandiaranek irudi guztien deskribapena egin zuen, marraz­kiak eran­tsirik[22]. Ondorenean, Jesus Altunak eta Juan Mª Apellanizek, argaz­ki-ekipamendu bikain batekin, azter­keta osoago bat aur­keztu zuten, irudien iker­keta kronologiko eta paleontologiako bat eginez[23][24]

Adierazitako irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehendik aurkituak zeuden –az­ken aur­kikun­tza hau baino lehenagotik– bisonteak dira nagusi, ia hogeita hamar bat ale guztira.[25] Baina, badira elur­‑oreinak, oreinak, zaldiak, uroak, ahun­tzak, sarrioak, azeriak, arrainak, hegazti bat eta suge bat ere. Giza itxurako bi irudi ere ikusten dira. Horiez gainera, ulermen zaileko zeinu sail bat, halaber. Leroi‑Gourhanek, lan hauen kalitate plastikoa azal­tzeaz gainera, “espainiar kobazuloetako elur‑oreinaren garran­tziaren lekukotasuna” azpimarra­tzen du.

Formen berezitasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi­txia da, irudia osatu gabea dagoelako, zein espezietakoak diren identifika­tzeko zailak diren animalia ugari egotea ere: ba­tzuetan, burua baino ez zaie agertzen; beste ba­tzuetan, atzealdearen laurdena. Irudi ba­tzuk bata bestearen gainean daude, adibidez, azeri bat gerora margoturiko elur‑orein baten barruan azal­tzen da; eta zenbait animalia azal­tzen da 4,20 m bider 2,10 m zabalerako bisonte izugarriaren barruan. Gertakari hau lagungarri izan daiteke lanen kronologia zehazteko orduan.

Lehen aur­kikun­tza honen ondoren,[26] beste bi bisonte aur­kitu zituen kobazuloaren leizean: beraietan ikus daiteke, gorputz zati ba­tzuk galduak badira ere, artistak animaliaren gorpu­tzeko zatirik lodienean margo gorria erabil­tzen zuela eta, margoa zenbait puntutan desagertu bada ere, marra gogor batek egoki zehazten duela bere silueta. Bestalde, beste lekuetan bezala, gorputz zati ba­tzuk zehazteko hai­tzaren koskak erabil­tzen zirela ikus daiteke hemen.

Al­txerriko berezitasunik nabariena da, garai bereko beste aztarnategiekin alderatuz gero, grabatuak pinturaren gain duen nagusitasuna –ia erdiak dira; eta erliebearen barruan, teknika ugaritasun handia. Honek, ertilari bat baino gehiago izango zirela pen­tsarazi die adituei.

Animalien anatomia marraz­kietan, bere gorpuz­kera berdin‑berdina egitearen ahalegina an­tzematen da, aldiz, beste batzuetan zenbait trazutan baizik ez da tema­tzen, egun estilo espresionista esan dezakegunarekin. Zenbait gradutan azal­tzen den estiloaren azpimarratze hori, bisonteen marraz­kietan erabil­tzen da batez ere, marradura trinko batez ilajea iradoki­tzeko. Honetaz aparte, zabalerako marradura teknika erabil­tzen da eta haren gainean margoturik animalia. Zabalerako marradura, gainean jarriko zaion animalia hobeto egoki­tzeko erabiliko den haitz-oinarri soil bat baino gehiago izaten da askotan; izan ere, irudiaren modela­tzea hobe­tzeko eginkizuna baitu, gainera. Ignazio Barandiaranek eta A. Beltranek, eduki­tze, ehiza­tze edo sun­tsitze zeinu­tzat jo daitez­keela proposa­tzen dute, zalan­tza artean bada ere.[27]

Egiletasunak, estiloak eta kronologiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Al­txerriri buruz egiten duen azter­keta zorro­tzean –Apellanizek dio– grabatuetan, onarturiko teknika eta adieraz­pen-moduaren bolada oso era berezian sentitzen da, Kantabriako an­tzinako Madeleine aldiko graba­tzaile eta marra­tzaileen aldetik. Al­txerriko formula ez dator bat beste inongo moduekin; horregatik pentsatzen da Euskal Herrian bertako talderen batenak direla, guztiz.[28]

Gure ustez, XX. mendeko gizaki garen aldetik eta estetikako zein arte sormenez­ko ezagueraren berezitasunak eta artearen historiaurrearenak onar­tzen dituen kultur oinordeko izanik, ezin ditugu duten balioaren neurrian estimatu gabe utzi santutegi handi honetako apainketan jardun ziren hainbat artista, edo hainbat esku, identifika­tzeko eta sailka­tzeko Apellaniz maisuak egin dituen ahaleginak, eta haren ondorioei jarraikiz, ezta beste santutegiekiko ahaidetasunak bila­tzen eta kronologikoki ordena­tzen saiatu gabe utzi ere. Baina, era berean, labar-artearen ezagutza har­tzeko, galderak egin behar dira ahalegin hauen eraginkortasunari buruz, betiere, talde izaeraz­ko adieraz­penak izanik, oso zorro­tza zen kultur esparruaren arauek behartuta, gainera. Az­ken batean, ondorio orokor gisa: –Apellanizek dio–

« leku desberdinetan lan egin duten bi giza talde desberdinek apaindua dela Al­txerriko kobazuloa. Banaka hartu diren guneen harmonia ikusita, badirudi taldeen arteko irudien desberdintasunak ez direla denboraren iragaite arazoak, maisu bakoi­tzaren nahierazkoak baizik »

—Apellaniz[oh 1]


Al­txerrin dagoen aztarnategia Solutre-Madeleine aldiari dagokiola dirudi, eta, ba­tzuen ustez, irudiak An­tzina eta Erdi-Madeleine aldian kokatu behar­ko lirateke;[30] baina, haien estilistika astiro aztertu ondoren, Juan M Apellaniz zuhurragoa da eta Solutre aldia eta An­tzinako Madeleine aldia kanpoan uztea eta sail­kapen tradizionaletako Madeleine aldiko IV., V. eta VI.eko (H. Breuil) data­ ziurragoa dela deri­tzo.

Dena dela, Al­txerriko irudiek badute Santimamiñekoekin ahaidetasunik, eta beren estiloa iparraldeko labar-arte piriniotarrarekin gehiago uztar­tzen da Asturias eta Santanderkoekin baino.[31]

Arte adieraz­pen hauen esanahiari buruz­ko zerbait sendoa esan nahiko genuke; baina, adituek honi buruz­ko isiltasuna gorde nahi dute zuhur­ki. Hala ere, honi dagokionez oso garran­tziz­ko­a da Jose Migel Barandiaranek 1964an iradoki eta azpimarratu zuena: Al­txerriko animalia-irudi gehienak ez daudela osatuak. Alegia, irudiak berak ez zirela ziur asko, zeinuak besterik, ikusiezinak ziren izakien ageriko formak: euskal mitologiak leizezuloetako biztanletzat har­tzen zituen animaliak –zaldiak, ahun­tzak, zezenak.[31]

Ekain[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekainberrin egindako labar-artearen erreprodukzioa
Artikulu nagusia: «Ekain_(leizea)»

Euskal Herriko Paleolitoko labar-artearen aur­kikun­tzarik garran­tziz­koena da Ekaingo kobazuloan 1969an azaldurikoa, Debako udalerrian dagokiolarik ere, Zestoatik gertu dagoena. Zulo estu batetik sartu eta arrastan joan behar izan zuten aur­ki­tzaileek hogeiren bat metro, nabarmenki goraka egiten zuen barnebide batera iri­tsi arte.

Irudiak eta maisuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekaingo irudiak nabarmenak dira. Horma zati bat, zaldirik gehiena dituena, Leroi‑Gourhanek Kuaternario aldi osoko zaldi talderik bikainena dela aitortu du, inola ere, jada ezagunak ziren Altamira, Niaux eta Lascauxkoen pare. Ekaingo irudiak, Niaux eta Altamirakoen garai berekoak izanik, gu­txi gorabehera, franko‑kantauriar artearen aldi klasikoaren gailurretako bat azal­tzen dute.

Ekainen, zaldia da erdigunean azaltzen dena. Badira 33 zaldi irudi, 10 bisonte, 4 ahun­tza, 2 orein, 2 har­tza eta 2 arrain. Ikonoz­ko gorputzak perfekzio bikaineko adieraz­penak dira, baliabide urriez eginak, bestalde. Irudietako ba­tzuk koloreani­tzekoak dira. Beren estiloz, Erdi- eta Goi-Madeleine aldikoak dirudite.

Apellaniz ar­keologoa saiatu da Ekaingo santutegi honetan esku hartu zuten maisu desberdinen iker­ketan. Horretarako hiru alderdi aztertu ditu: er­tzak mar­ka­tzeko modua, gorputz xehetasunak eta erabilitako teknika. Horrela iri­tsi da lau zaldi maisu, bisonte maisu bat eta ahuntz eta arrain maisu bat bereiztera, eta guztietan batasun tekniko bat badela ikusi du.

Proposaturiko galderak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Badira, adierazita dauden irudietan, beren kokamenean eta zenbait xehetasunetan azalera­tzen diren hainbat galdera.

Kobazuloko leku garran­tzitsu batean bi har­tza ikus daitez­ke, hau da, zaldien hormaren zati handiaren eta kobazuloko az­ken muturrean aurki­tzen denaren artean. Bietako bat azefaloa da; beraren esanahia oraindik ez da argitu –dio Leroi‑Gourhanek; baina, ga­rran­tziz­koa izango zen.

Beste baldin­tza bi­txietako bat zera da, alde batean eta bestean kokaturiko zaldi gehienak har­tzak dauden aldera begira daudela. Asmo berezirik gabeko edozein marraz­kilariren joera natural eta bat‑batekoarekin kontrajarrian azal­tzen den xehetasun hau, oso kontuan hartu beharrez­koa da pintura hauen esanahia aur­kitzeko.

Adierazitako espezieen bestelako tratamendu da Leroin-Gourhanek ohartarazi zuen beste berezitasun bat:

« gorpu­tzen modela­tzea –bel­tzez eta okrez eginikoa– eta bereiziki zaldien lepo eta burukoa, fintasunagatik nabarmen­tzen dela esaten du. Aldiz, bisonteak oso estilo egokian moldatuak izanagatik –Madeleine aldiko IV. eta IV. estiloa–, zaldiekin alderatuz gero zabarragoak dirudite; guztien arteko bat besterik ez dago okrez margoturik, besteak ia profilaren trazu bel­tz soilez mugatuak daude »

—Leroi-Gourhan[oh 2]


Pintura hauen zen­tzua oraindik ere misterio­tsuagoa egiten duen eta kontutan har­tzeko beste xehetasun bat ehizatuaren eta adieraziaren artean alderan­tziz­ko propor­tzioa izatea da. Izan ere, aztarnategiko Madeleine maila beretan hezur aztarna ugarienak orein eta ahun­tzenak dira. Kobazuloko hormetan gehien adierazten zutena da gu­txien ehiza­tzen eta jaten zutena. Ehizarako garaian Paleolitoko gizonaren gurariak eta ezagu­tzen zituen animaliak irudika­tzerakoan zituen interesak ez zetozen bat[33] Beste hau ere kontuan har­tzekoa da: Ekaingo zaldi ba­tzuk azagaiaz eta mutur kirtendunez zaurituak agertzen dira, interpretazio totemiko bat egitea zailduz.

Ekaingo irudien eta Etxeberriko-Karbia­ko lanen artean ahaidetasun bat ikusten dela ohartarazi nahi da, bai espezien itxuragatik, bai zaldi-espeziearen ugaritasunagatik.

Paleolito aldiko artearen esanahia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borondate artistikoaren uler­kerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Benetako edozein artetan bateratuak egoten dira edertasuna eta zen­tzua, forma eta adieraz­pena. Artearen benetako historialariak ez du nahikoa alderdi bakar bat iker­tzea. Ezin daiteke formak eta irudiak araka­tze soilean gelditu, galdegin gabe, zein nahi edo indarrek, barnekoak edo agerikoak, eraginda burutu zituzten edozein harri­tzerainoko lan hauek, gaur egun guk dakigunez bizimodu xumea zuten haiek? Zein izan zen beren kunstwollena, beren borondate artistikoa?

Askoz errazagoa da estiloak eta teknikak aldera­tzea nahiz halako irudien zenbaketa eta banaketaren estatistikak egitea, galdera hauei eran­tzutea baino.

Delako ez­kutukiak ziurtasunez eta guztien adostasunez argi­tzeko ditugun ezinen aurrean, joan den mendean zehar atera­tzen joan diren interpretazioak azal­tzen saiatuko gara, egiara iristeko inolako esperantzarik gabe.

Arteagatiko artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fran­tziako paleoantropologiako ai­tzindaria eta, Henry Christyrekin batera, Périgordeko (Le Moustier, La Madeleine, eta abar) gunearen iker­tzailea, eta Aurignaceko aztarnategiaren aur­ki­tzaile Édouard Lartet (18011871) eta Laugeire-Basseko eskulturen azter­tzaile Emile Cartailhac izan ziren, arte orokorraren berri eman zutenak, beren garaian modan zegoen azalpena proposatuz. Arteagatiko artea izatearen azalpena zen. Ez zen beste misteriorik bilatu behar. Bere garaian oraindik ez zen labar-arterik aur­kitu. Lartet‑en azalpenak arte higikorrari buruz­koa izan behar zuen nahitaez, Dordoina aldean berak aur­kitu zituen gauzei buruz­koa, hain zuzen. Altamirako aur­kikun­tza zaz­pi urte geroago etorri zen. Lartetek uste zuen Paleolitoko ehiztariak gaur egungo ertilariaren helburu bera, indar bera eta gaitasun bera zuela. Ehiza­tzen edo arran­tzan harrapa­tzen zuenarekin eroso bizi eta gainera aisialdiko jardueretarako eta estetikako gozamenerako astia bazuen. Horrela dekoratu ahal izan zituen makila kirtendunak, apainketarako zin­tzilikarioak eta ehizarako tresneria.

Irizpide horien arabera, Lascaux, Altamira edo Ekaingo ertilariak ikusi behar­ko ditugu: Paleolito aldiko Montparnasse antzeko hartan, beren baserri-giroko lantegia utzirik, ikasleak bizi­tzen eta lan egiten: sarrio baten hankari trazu bat zuzen­tzen eta bisonte baten adajearen norabideari zuzenketak egiten[oharrak 4]

Askoren­tzat XIX. mendearen az­ken aldean egokia izango zen, orduko artearen historialari askoren teoriei eran­tzuten zien azalpen hau, baina, labar-artearen edertasunak ager­tzen hasi zirenean, indar gu­txikoa gertatu zen.

Magia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esperien­tzia estetika soilak ezin adieraz zezakeen arte gertakari hura, guztiz. Aur­kituriko irudiak hai­tzuloen barrualdean zeuden, leku guztiz ilunetan eta ez, normalean egile haiek egun oro bizi ziren sarreratik gertu. Bestalde, hai­tzaren horma zatian, bat bestearen gainean sarritan jarririko irudiak kontraesanean jar­tzen zuen estetika edo apaingarri izatearen interpretazio soil bat.

Salomón Reinachek 1903an argitaratu zuen bere Artea eta magia liburuan ideia bat proposatu zuen, argibide sinesgarriago baten bila etnografiara jo behar zela, alegia. Haserako jende haien arterako joeraren sustraia ehizaren magian zegoenaren pen­tsamendua ekarri zuen iker­keta etnografikoak. Izaki ala objektu baten irudia eduki­tzeak objektua berarengan nolabaiteko agintea ematen duela eta gutizia­tzen zuten animaliaren irudia bera egitera bul­tzatuko zituen herri haiek. Espiritua edo animalia baten gorpu­tza margotua izan den leku hartan­txe bertan egotera behartu zitekeenaren prin­tzipioa zen. Izan ere, Paleolitoko hormako artean animaliarik marraztuenak gizakiak ehiza­tzen zituen belarjaleak ziren. Basatiak eta beste animalia arrisku­tsuak oso gu­txitan azal­tzen dira kobazuloetan marrazturik. Arrazoi bertsuagatik ez da normalean giza irudirik ere azal­tzen. Marrazten zutenean, gordean azal­tzen zen giza irudia, hain gordean, non, antropomorfosa esaten zi­tzaion.

Azalpen berria tentagarria zen: ehiztari ahula eta bizi­tzako mila halabeharren menpe zegoena, gero hilko zuen harrapakinaren zelatan bizirauten zuen. Animalia zen bere etsai handia; hura hilez gero, ehiztariari bizi­tzen lagun­tzen zion. Ehiztariak nagusi irten behar zuen. Baina, bere arrakasta porrotaren on­doan zegoen, zeren eta zenbat eta animalia gehiago hil­tzen zuen, orduan eta gu­txiago gera­tzen ziren hil­tzeko. Magia zen alde batetik ehizaren eror­keta berma­tzen zuena, eta bestalde ugaritasunaren neurria segurtatu behar zuen. Magiaren ideia, lehenbizi, Henri Breuil paleontologo ospe­tsuak bereganatu zuen eta ar­keologo gehienek ondoren. Ia mende erdi batean iraun zuen beste ororen gainetik, magiaren azalpen honek, arazoaren konplexutasunagatik, osagarriak izan zitez­keen beste azalpen batzuk bazterrera ez uztea eska­tzen zuen arren zuhurtasunak. Laster ikusi zen magia ezin zitekeela azalpen-sistema bakarra eta nagusia izan, zeren eta, iruditako %14ak baino ez baitzuen ager­tzen arrasto suntsitzailerik.

Izan ere, ehiztariek berehala behar zuten elikagaiari eta biziraun beharrari lo­tzen zi­tzaion magiaren azalpena; Breuilek beste azalpen bat eran­tsi zion horri, sakonean magiari berdin lotzen zitzaiona; baina emakumearen ernalketaren gur­tzari lotua –animalien ernalketaren gurtzari, halaber. Baina, azalpen honek ere baditu bere zailtasunak. Eta euskal lurraldeko labar-arteari dagokionez, egia bada Al­txerri eta Ekainen kobazuloen barrenean ugari direla zaldien marraz­ki eta grabatuak; egia da, halaber, zaldi-aztarnetan bera dela agerpenik txikiena duena.

Totemismoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendearen hasieran totemismoarena izan da aldekoak izan zituen beste interpretazio bat. Berau ere etnografian oinarri­tzen da. Jatorrizkotzat ditugun herri askok, animalia-espezie baten az­pian arbaso bat bera izatearen oinarriz­ko ustea dute. Totem bat sakratua da. Iniziatu ez direnak ezin ikus dezakete. Horregatik egon ohi da santutegi batean ez­kutaturik.

Azalpen honen arabera, Ekainen totema zaldia li­tzateke. Baina horrela bada, zergatik azal­tzen da bere irudian zauria? Eta gainera, zergatik azal­tzen da loturik beste espeziekin: bisonte, ahuntz, orein eta abarrekin? Totemen elkarteetan, talde bakoi­tzak bere totem berezia du. Ez da hau dekoraturiko kobazuloen kasua. Beraietan azal­tzen diren irudiak gu­txi dira eta haiek berak franko-kantauri alde guztian. Espezierik nagusiak zaldiak eta bisonteak dira; gero, oreina, mamuta, ahun­tza, uroa eta elur‑oreina. Hain espezie gu­txi izate hau eta forma bereko adieraz­pen orokortu hau ez dator bat totemismoaren teoriarekin.

Bikoiztasun sexuala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste azalpen bat iradoki dute fran­tses antropologo ba­tzuek, esaterako, Annette Lamming-Emperairek eta Andre Leroi-Gourhanek.

Hain zuzen ere, filosofo eta arte historialaria zen Max Raphael (1889‑1952) izan zen Eliziesetara bisita bat egin ondoren ulermen zuzen baterantz jo­tzeko beste aztarna baten iradokitzailea. Berak, Henri Breuili honela ida­tzi zion eskutitz batean: Jatorriz­koen aurrean, hipotesi hau sortu zait, gertutasun espaziala dagoen animalia ba­tzuen artean, badela argitzea beharrezkoa zaigun asmoren bat izan ere, ezin zalan­tzan jarri delako irudi horiek zerbaitegatik daudela elkartuak eta baduela horrek esanahirik. Gainera, palinpsesto izeneko bata bestearen gainean dauden irudien kronologia, besterik gabe, interpretatzearen aur­kako jarrera hartu zuen.

Halako pen­tsamoldeen ondoren, Laming‑Emperaire eta Leroi‑Gourhanek behin betirako utzi zuten zenbait egilek hartua zuten ikuspuntu etnografikoa, zeinaren arabera orainak lehengoaren berri eman behar zuen, eta Paleolitoko artea interpreta­tzeko ahalegin guztiak jada aur­kituak diren datu nabarmenetan oinarrituak. Irudien formak xehetasun gehiagoz aztertu, ikertu eta sailkatu behar ziren, azal­du ziren bezalaxe, eta beren artean nola dauden elkartuak hobeto begiratu behar zen, gainera. Zergatik azaltzen ziren hain ezohiko taldeak halako arte errealista batean? –galdegiten zuen, Laming‑Em­perairek.[34] Halako espeziek edo espezie-taldeek okupa­tzen duten kokapen pribilegioz­koa, ongi mugatu behar­ zen, gai nagusiak bigarren mailakoetatik bereizi, eta abar. Hiru urteren buruan, norabide horretan azterturiko 66 hai­tzuloetako 2.188 irudiren ikerlanetan frogatu zen ondorioak bat zetozela.

Iker­keta modu horrek az­pimarra­tze hau egitera zerama­tzan: bada sistema bikoitz bat halako animalia eta zeinuak, beste tankera bateko animaliak eta zeinuak osatu eta koka­tzen dituena. Zaldia bisontearekin behin eta berriz­ figuratiboki pareka­tzeak –inola ere kasualitatez gertatzen ez denak– iradoki zien oinarriz­ko sinboloen diadaren ideia. Bikoiztasun honek izadiko bikoiztasun sexuala adierazten du. Zalan­tzarik gabe historiaurreko gizakiak bazekien espezie bakoi­tzaren barruan sexua bereizten; baina bere horretan, ez dirudi adieraz­pena asko axola izan zitzaienik. Urria da sexu-ezaugarrien adieraz­pena eta horri dagokionez hitz egin izan da, hain zuzen ere, Paleolitoko artearen neurrigabeko lo­tsaz. Bestalde, horrek guztiak, animalia-espezie bati sexu jakin bat eranstearen sinbolo balioa eman behar zi­tzaiola pen­tsarazten du. Horrela, Leroi‑Gourhanen arabera, zaldia, ahun­tza eta oreina alde batetik eta az­konak, azagaiak, lerroak eta puntuak bestaldetik, arraren sexua adieraziko lukete. Bisontea eta arma jaurtigaiez zaurituriko animaliak emeari zegoz­kion gaiak ziren. Fun­tsean biko konbinaketa hau, besteak bezain sinbolikoa eta osagarria den hirugarren batekin osatuko li­tzateke: A (zaldia) eta B (bisontea) beste osagarriekin –albokoekin edo bazterrekoekin– elkartuak egon daitez­ke: D (mamuta, ahun­tza edo oreina) edo E (katua, har­tza edo errinozeroa)

Irudi hauen hai­tzuloetako banaketa topografikoa ere bat dator, balio sinboliko zeha­tza duten eskemekin. Hai­tzuloetan hiru irudi-talderen banaketa honako hau da:animalia eta arraren zeinuak, sarreratik gertu; emeak, ar bat lagun dutela, erdialdean eta arrak kobazuloaren barrenenean.[35] Beraz, gai figuratibo arruntena, zaldiaz osaturiko bisontearena da. Kobazuloa bera emearen sinbolotzat hartua izaten da; sarrera eta barreneneko animalia eta arren zeinuak hai­tzulo beraren osagarriak lirateke.

Sexuaren uler­men-modu horretaz gain, herio­tzari dagokion beste bat legoke. Azagaia eta zauria, sexuen elkar­tze eta herio­tzaren sinbolotzat harturik, berrituriko bizi­tzaldi batean kokatuak lirateke, eta hor egileak bi lerro paralelo eta osagaietan antolatuko lirateke: gizona‑zaldia‑azagaia, eta emakumea‑bi­son­tea‑zauria.

Interpretazio konplexu da, eta Annette Laming-Emperairek 1972an aitor­tzen zuen, interpretazio horrek datu gehitxo uzten zuela ezkutuan eta gehiago oinarri­tzen zela iradokizunetan, erakustaldi zeha­tzetan baino. Leroin Gourhanek honako hau dio: Sexu dualismoaren hipotesia, egiaz hu­tsala eta osatugabea dela; beharrez­koa dela langaiei buruz­ko beste esperimentazio bat.

Kokapen kritikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiaurreko ikerlariek, oro har, estimazio handia azaldu dute Leroi-Gourhanen interpreta­zio-sistema horretan eginiko ahalegin handi eta ardura­tsuagatik.

Agian, azter­keta kritiko bakarra Ucko eta Rosenfeld‑ena izango zen. Horiek esan baitz­uten, behin eta berriz, Paleolitoko artearen esanahia uler­tzeko eragoz­penik handiena bertako biztanleek kobazuloen zein erabilera egiten zuten ez jakitearena dela.[36]

Teoria hauen guztien laburpen bidera­tzaile bat egin ondoren, hauxe zen Altunaren iritzia: Paleolitoko artearen hain errealitate zabal eta ugaria, hainbeste milurtekotan iraun duena, bide bakar batetik adierazten saia­tzea neurriz kanpokoa dirudi. Orain, azter­ketak Leroi‑Gourhanen lanak hobe­tzera jo­tzen du, batez ere, eta beroietatik abiatuta bide berriak urra­tzera, nahiz eta ekarpenak urriak eta oso geldiro datozenak izan.[37]

Conkeyren arabera, hai­tzetako zenbait mul­tzotan, adieraz­pen hauek eman zireneko giza taldeen antolaketa sozialaren agerpen sinbolikoa ikusten. Horrela bada, emetasun zeinu­ko erdiko taldeek –gizarte matriar­kal, uzta-bil­tzaile eta ehiztarian– emakumeak erdigunean zuen kokalekua sinbolizatuko lukete. Emakumeak taldearen betikotasuna ziurtatu eta familia zain­tzen zuen; gizonak, inguruko animaliez sinbolizatuak, aldiz, ehizara irteten ziren.

Teoria hauek denak akats bera dute. Denak saiatu dira den guztia ideia bakar batean adierazten. Agian, denak daude egiarekin.... Leroi­‑Gour­hanek adierazi duenez, eredu figuratiboak, Paleolitoak izan ala ez, on­tzien modukoak izan dira, neurri handi batean hainbat eduki ideologiko beren baitan hartu zi­tzaketenak.

Baina, desberdinak izanagatik on­tzi horiek badute izaera orokor bat sakoneko esanahien kidetasunean. Dena den, giza historiaren hain haserako aroan, geroko hainbatetan bezala, artea erlijioari loturik doala adierazten da.

Paleolitoko artearen amaiera Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artean bereiziriko probin­tzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Paleolito aldiko euskal arteaz oraindik ezin hitz egin daiteke, garai horretan ez dugulako gorpu­tzez eta kulturaz etnia euskalduna osatua denik aur­ki­tzen; bai ordea, ohartarazi, azaldutako arte adieraz­penek badituztela, Pirinioetako artearen barruan eskualde berezi baten an­tzekoa osatuko luketen zan­tzu komun ba­tzuk.

« Ez dago adostasunik Euskal Herria onarturiko eremu batean nahiz bestetan sar­tzeko, deseroso sentiarazten duten berezitasunak badituela erakusten duelako. Zein taldetan sartu behar da Izturitzeko harpea? Straussen arabera, Solutre aldiko Euskal Herrian; I. Barandiaranen arabera, ez du parekorik Euskal Herrian, eta, Paleolito artearen zeinuen arabera, Casadoren iri­tziz Euskal Herria berez­ko nortasuna duen elkarte bat da, kantabriar nahiz piriniotar auzoetatik desberdina. »

[38]


Euskal Herriko Paleolitoko santutegiak sakonak dira. Horietako bakoi­tzean animalia bat nagusi­tzen da. Egiturari dagokionez, irudigileak beren artean harremanetan nekez jar daitez­keen maisuak dira. Nolanahi ere, bereizita gera­tzen dira euskal eskualdeko artean ikusten diren egitura plastiko kantabriar eta asturiar artetik, zalan­tzarik gabe. Bestalde, Izturitze harpeak estilistikaz­ko muga bat mar­ka­tzen duela dirudi piriniotar eta iparraldetar artearekin.

Euskal Herrian, bere Paleolito aldiari buruz­ko iker­ketak buka­tzean Ignazio Barandiaranek gure Paleolitoko artearen berezitasuna aipa­tzean iradoki­tzen zuen Pirinioak benetako galbahe baten modura jokatuko zuela kultur korronteen iragaitea mugatuz eta hautatuz, ezaugarri­tsuenaren eszena zehaztuz, baldin­tzatuz eta nortasun berezi bat emanez. Baina, lehenago, Al­txerri eta Ekaingo aur­kikun­tza handiei buruz ida­tzi zuen, bertan asturiar edo santandertarrarekin ahaidetasun estuagoa zuela zirudiela piriniotar fran­tsesarekin baino.[39]

Bilakaeraren mugarriak eta amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izotzaldiaren az­ken aldean buka­tzen dira, halaber, Az­ken-Madeleine aldiko arte-adierazpenak. Animaliaren atal desberdinen irudikapena berdin­tzen duen nolabaiteko pintura kode batetik datorren arauturiko arteak az­kenaren berri ematen duela dirudi, (Az­ken-Madeleineko IV. estiloa, Leroi-Gourhanen ustez) eta erliebetako marren ugaritasunean azal­tzen da. Ar­ktiar animaliak desagertu egiten dira arte franko‑kantauriarrekotik. Arte esangura­tsuaren isiltasuna dator gero. Breuilek Madeleine aldiko VI.a deritzonaren ondoren, Paleolitoko artean formen deusezta­tzea hasten da. Paleolitoko arteak 20 milurteko iraun zuen (K. a. 30.000tik 10.000ra bitartekoak), ondorengo arte-abentura handi guztietan izango den bezala, haur­tzarotik hasi eta hemen 5.000 urte iraun zuen aldi handi baten ondoren, gainbehera az­kar batetik, bat-bateko amaierara doan bilakaera koherentean bukatuz.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • APELLANIZ, J. M : Egilea zehaztearen metodoa... “Zephyrus”en, 30-31. or. 1980. El Arte Prehistórico del País Vasco y de sus vecinos. Bilbo, 1982.
  • BREUIL, H. l´abbé: Quatre cents siècles d´art pariétal. Les cavernes ornées de l´agê du renne. Paris, 1974.
  • CHOLLOT-VARAGNAC, M : Les origenes du graphismo symbolique. Essais d´anayse des écritures primitives. Paris, 1980.
  • CORCHON RODRIGUEZ, S.: El arte mueble paleolítico cantábrico. Contexto y análisis interno. Madril,1987.
  • DELPORTE, H.: L´image des animaux dans l´art préhistorique. Paris, 1990.
  • NOUGIER, L. R.: Les grottes préhistoriques ornées de France, d´Espagne et d´Italie. Paris, 1990.
  • OUY, G., OUY, K. et PARCEZEWSKA, K. : Les origenes des règles de l´art. Une première enquête. “Annales”en azaroa-abendua, 1972, 1264-1316. or.
  • LAMING EMPERAIRE, A.: La signification de l´art rupestre paléolithique. (Parisen 1962). Pour une nouvelle approche dés sociétés préhistoriques. L´omme de Cromagnon-en. 1868-1969. Paris, 1970.
  • LEROI-GOURHAN, A.: Los primeros artistas de Europa. Introducción al arte parietal del paleolítico. Encuentros Ed.1983. Préhistoire de l´art occidental. Paris, 1965. Arte y grafismo en la Europa prehistórica. Madril, 1984. Símbolos, artes y creencias de la prehistoria. Madrilen.
  • LLANOS, A.: Los primeros impulsos artísticos. Alava en tus manos-en. Arabako Aurrezki Kutxa Probintziala. Gasteiz, 1983. Carta arqueológica de Alava.
  • LORBLANCHET, M : Les grottes ornées de la Préhistoire. Nouveaux regards. Paris, 1995.
  • RAPHAEL, MAX.: Trois essais sur la signification de l´art pariétal paléolithique. Kronos, 1986.
  • VV.: L´art de cavernes. Atlas des grottes ornées paleolíthiques françaises. Paris, 1984.

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Lan honetan idazleak, artelana joera espresionista bati lotzen dio, estilo eskematikorekin nahasten delarik. “Les plus importants détails anatomiques ont été supprimés, comme l´oeil, le aussau. La bouche a été transformée en un petit espace en réserveá l´extrémité du nassau, etc.”. Eskematizatzerako joera adierazten duten arrasto desitxuratutzaileak.
  2. Kobazulo honetan eginiko hainbat indusketa kanpaina 1961ean Munibe aldizkariari eginiko zenbait emanalditan deskribatuak izan dira, 3-4 znb. 1961an, 1-2 znb. 1963an, eta 1965ean, marrazki ugariz apainduak.
  3. Henri Breuilek 1916an bisitaturiko Santimamiñeko kobazuloa bederatzi kanpainetan ikertu zuten, T. Arantzadi, J.M Barandiaran eta E. Egurenek osaturiko taldeak 1918tik 1926ra bitartean. Guztien ondorenak beren Lan Bildumaren IX. liburukian daude. (La gran Enciclop. Vasca, 1976).
  4. 1954ean bere hipotesiak ez ziren ia aintzakotzat hartuak izan. Askoz beranduago izan ziren bilduak L´art pariétal paéolithique (Parisen 1985 an) Patrick Brault-en aurkezpen batekin. Ikusi halaber, M LORBLANCHET, Les grottes ornées de la Préhistoire. Nouveaux regards (Paris, 1995) 81. or.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bermúdez de Castro Risueño, José Mª.; J.L. Arsuaga; E. Carbonell; A. Rosas; I. Martínez y M. Mosquera 1997: "A Hominid from the Lower Pleistocene of Atapuerca, Spain: Possible Ancestor to Neandertals and Modern Humans". Science 276: 1392-1395.
  2. Altuna, J.. (1982). «Haitzetako errealismoa» El arte vasco (Donostia: Erein).
  3. Leroi-Gorhan, A.. (1984). Arte y grafismo en la Europa prehistórica. Madril.
  4. Delporte, H.. (1990). L´image des animaux dans l´art paléolitique. Paris.
  5. «El arte paleolítico» Historia 16 (Paris).
  6. Beltrán Martínez, A.. (1989). Ensayo sobre el origen y significación del arte prehistórico. Madril.
  7. Corchón, S.. (1987). El arte mueble paleolítico cantábrico. Madril, 109 eta hrurengoak or..
  8. Jordá irakasleari eginiko omenaldia. (Salamanca, 1984).
  9. Paleolitoko artea Euskal Probintzietan. Problemas de la prehistoria y de la Etnologia vascas. Penintsulako Historiaurrearen IV. Symposiuma. (Iruñea, 1966), 48-79. or.
  10. Soledad CORCHON RODRIGUEZ, El arte mueble paleolítico cantábrico. Contexto y análisis interno. (Madril, 1987).
  11. T. ARANTZADI eta J. M BARANDIARAN, Contribución al Arte Moviliar Magdaleniense del País Vasco. (Santimamiñe, Lumentxa, Bolinkoba y Urtiaga). o.c. XI.ean, 197-211. or. (Lehen “Eusko-Folklore” VII.ean argitaraturikoa,1927).
  12. Apellaniz, J. M.. (1988). «La plaquette á chevaux hypertrophiques de Lumentxa (Byscaye) et les styles du Magdalénien Superieur/Final dans le Pays Basque» Munibe 40: 9-14..
  13. Worringer, W. (1908). Abstraction und Einfühlung. .
  14. Leroi-Gourhan, A. (1983). Los primeros artistas de Europa. Introducción al arte parietal paleolítico. Encuentros, 37 or..
  15. Trois essais sur la significationde lárt pariétal paléolitique. Kronos, 44 or..
  16. Herbert Kühn. (1923). Die Kunst der Primitiven. Munich, 24 or.) or..
  17. Ouy-Parczewska, G. (1972). «Les originesdes règles de lárt. Une premièr enquête» Annales 4-5 znb (27an): 1264-1316..
  18. Historiaurreko artea... (1982), 25-101 eta 219. or.
  19. Ignacio BARANDIARAN: Las cuevas de Berroberría y Alkerdi (Urdax) Trabajos de arqueología Navarra, ISSN 0211-5174, Nº 12, 1995-96, págs. 263-269
  20. Kobazulo honetako labarretako irudi guztien deskribapen zehatza J.M APELLANIZen, La caverna de Santimamiñe liburuan dago. Bizkaiko Foru aldundiak argitaratua (Bilbo, 1971)
  21. Quatre-cents siècles d´art pariétal. Les cavernes ornées de l´âge du renne. (Paris, 1974) 342. or.
  22. Barandiaran, J. M.. (1964). «Las cuevas de Altxerri y sus figuras rupestres» Munibe 3-4: 91-141..
  23. Apellaniz, Juan Maria. (1976). «Las figuras rupestres paleolíticas de la cueva de Altxerri (Guipuzcoa)» Munibe 1-3: 3-242..
  24. Altuna, J.. (1947). Ekain, Altxerri. Dos santuarios paleolíticos en el Pais Vasco. Donostian: Haranburu.
  25. Munibe 16, 1964, eta 28, 1976.
  26. Jesus Altuna, Munibe 42, 1996.
  27. «Paleolitoko artea Euskal Probintzietan» Problemas de la prehistoria... (Penintsulako historiaurrearen IV. Symposuma): 41..
  28. Historiaurreko artea..., 220.
  29. Munibe 1976, 1-3 libk. 153.
  30. Beltran, A.. (1966). «Avance al estudio de la cronología del arte parietal de la cueva de Altxerri» Problemas de la prehistoria vasca (Iruñea).
  31. a b Apellaniz, J. Las figuras rupestres. , 147 or..
  32. Leroi-Gourhan, A. (1968). Prehistoria del arte occidental. Bartzelona, 337 or..
  33. Altuna, J. (1997). Ekain, Altxerri. Dos santuarios paleolíticos en el Pais vasco. Donostia, 199 or..
  34. La signification de l´art rupestre paléolithique (Paris, 1962) 280. or.
  35. A. LEROI-GOURHAN, o.c.,147. or.
  36. UCKO, P. J.; ROSENFELD, A. (1967). Paleolithic Art. Londres.
  37. RIPOLL, E.. (1989). El arte paleolítico. Madril: Historia 16, 125 or..
  38. Juan Mª APELLANIZ, El arte prehistórico...21. or.
  39. I. BARANDIARAN, A. c., 79. or.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Aipuaren errorea: <ref> tags exist for a group named "oh", but no corresponding <references group="oh"/> tag was found