Legionella

Wikipedia, Entziklopedia askea
Legionella
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPseudomonadati
FilumaPseudomonadota
KlaseaGammaproteobacteria
OrdenaLegionellales
FamiliaLegionellaceae
Generoa Legionella
Brenner et al. 1979
Azpibanaketa
Datu orokorrak
Gram tindaketabakterio gram-negatibo

Legionella generoa bakterio Gram negatibo aerobioez osatuta dago, bazilo itxura dutenak. 1977an isolatu zen laborategian lehenengo aldiz, Filadelfian gertatu zen pneumonia agerraldi larri batean. Agerraldi hura legionarioen batzar batean gertatu zenez, bakterio patogeno berriari Legionella izena ipini zioten.

Genero honek 42 espezie desberdinak ditu. Legionella pneumophila da ospetsuena, sortzen duen pneumonia zorrotza dela eta. Espezie gehienak, dena den, saprofito ez-kaltegarriak dira.

Legionella generoaren ezaugarri biokimiko nagusiak honako hauek dira: katalasa (+) (motela), oxidasa (+), gelatinaren hidrolisia (+). Laborategian hazteko hazkuntza-inguru oso aberatsak behar dituzte, bakterio hauek hazkuntza faktore bereziak behar dituztelako (burdina, alfa-zeto-glutarato, zisteina, glizina...). Gram tindaketari dagokionez, gaizki tindatzen da prozedura klasikoarekin; horregatik, safraninaren ordez fuksina erabiltzen da.

Legionellaren habitat naturala ura da. Espezie gehienek ibai, padura eta lakuetan dute bizitokia, tenperatura epeletan hobeto hazten.

Legionella pneumophila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Legionella pneumophila»

Legionella pneumophila genero honen espezierik esanguratsuena da. Bakterio hau oso ohikoa da ur ingurunetan (ibaiak, padurak, lur hezeetan...) eta hortik igaro daiteke gizakiak egindako ur ingurune artifizialetara (ur biltegiak, etxeko zein edifizio handiko hoditeriak, hozte dorreak...). Oso arriskutsua bihurtzen da toki horiek kolonizatzen dituenean, bertan aurkitzen baitu aise hazteko behar duen guztia: tenperatura epelak -ur beroaren hoditeri sarean, hozte dorreetan-, burdina -hoditerietan, ur biltegietan-, materia organikoa eta elikagaiak, ur geldoaren eremuak -hoditeri sare handietan-, etab.

Legionella pneumophilak arnas aparatuaren bi patologia eragin ditzake: Pontiako sukarra, gripearen antzeko gaitz mugatua, eta legionelosia edo legionarioen gaitza, pneumonia akutu oso larria. Legionelosi infekzio sistemikoa da, beheko arnas traktuan eragiten duena. Sukarra, eztula, hotzikarak, nekea eta buruko mina dira gaitz honen ohiko sintomak, eta pertsona inmunogutxituengan hilkorra izan daiteke.

Legionella pneumophila zelula barneko parasitoa da.

Legionelosia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «legionelosi»

Legionelosia airean zintzilik dauden bakterioak arnasterakoan harrapatzen da, hots, bioaerosolak arnastuz. Horregatik, arriskutsuak dira oso ur epelarekin funtzionatzen duten eta aerosolak sortzen dituzten tresnak edo instalakuntzak: hozte dorreak, dutxak, jacuzziak, aire girotzeko sistemak....Gaitza ez da pertsonen artean transmititzen, ezta ur kutsatua edaten ere.

Legionelosi agerraldiak oso mediatikoak eta ospetsuak izaten dira, gaixo asko kutsatzen direlako. Ospitaletan, hoteletan eta bainuetxeetan gertatzen dira, baina baita kalean eta leku irekietan ere, hozte dorreetatik gertu. Dena den, legionelosi kasu gehienak noizbehinkako kasuak dira, pertsona bakar bati eragiten diotenak; hauen jatorria ez da oso argia, etxeko dutxak susmagarriak badira ere.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Legionella Aldatu lotura Wikidatan