Hiru Arroiletako presa

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Koordenatuak: 30°49′26″N 111°00′13″E / 30.8239°N 111.0037°E / 30.8239; 111.0037
Wikipedia, Entziklopedia askea

Hiru Arroiletako presa
三峽大壩
三峡大坝
Yangtzearen ur-jauzi hidroelektrikoa
Kokapena
Estatu burujabe Txinako Herri Errepublika
Txinako probintziaHubei
Prefektura mailako hiriYichang
BarrutiYiling barrutia
Town of ChinaSandouping
Kokapen fisikoaIbai Urdina
Ur-masaIbai Urdina
Koordenatuak30°49′26″N 111°00′13″E / 30.8239°N 111.0037°E / 30.8239; 111.0037
Map
Altitudea185 m eta 4 m, itsas mailaren gainetik
Historia eta erabilera
Irekiera2003
Inaugurazioa2003
JabeaChina Yangtze Power
KudeatzaileaChina Yangtze Power
Izenaren jatorriaHiru Arroilak
Erabilerahidroelektrizitatea
uholdeen kontrola
ibaiketa
Urtegia
UrtegiaThree Gorges Reservoir Region (en) Itzuli
Arro hidrografikoa1.000.000 km²
Tamaina600 km; 1,1 km; 113 m;
Azalera1.045 km²
Bolumena39.300 hm³
Arkitektura
Dimentsioakpresa: 181 (altuera) × 2.335 (luzera) m
presaren koroatzea: 40 (zabalera) m
presaren oinarriaren altuera: 115 (zabalera) m
Zentral elektrikoa
Zerbitzu hasiera2003
Potentzia instalatua22.500 megawatt
PropulsatzaileaFrancis turbina
14 x 700 MW ezkerraldea
(Hasiera: 2005eko iraila)
Francis turbina
12 x 700 MW eskuinaldea
(Hasiera: 2009ko uztaila)
Francis turbina
6 x 700 MW ur-azpiko zentra-elektriko
(Hasiera: 2009ko uztaila)
Karga hidraulikoa80,6 m
Kapazitate faktorea45 %
Urteko energia103,65 TW h

Hiru Arroiletako presa (txinera sinplifikatuz: 三峡大坝; pinyinez: Sānxiá Dàbà) Yangzi ibaiko presa hidroelektriko bat da, Yichang herrian, (Txinako Hubei probintzian). Txinako presa handiena da eta munduko bigarrena Itaipuko presaren atzetik, eta argindarra sortzeko ahalmen handiena duen zentral hidroelektrikoa, 22.500 gigawatt sortzeko gai baita (Txinako energia beharren % 9).[1] Eustorma 2.335 metro luze, 185 metro garai eta —oinarrian— 110 metro lodi da. Presa Yangzi ibaiaren noizbehinkako goraldi eta uholdeak saihesteko eta argindarra ekoizteko eraikitzea erabaki zuen Txinako gobernuak 1980ko hamarkadaren amaieran, Yangzi ibaiaren uholde batek 3.000tik gora lagun hiltzean.

Eraikitze lanak 1994ean hasi eta 2006an bukatu zituzten. Lanetan 40.000 langiletik gora hartu zuten parte, eta urtegia amaitzean 600 kilometro koadroko azalera ur azpian geratu zen, arkeologia eta historia balio handiko guneak eta ia 1.400.000 lagunen bizilekuak tartean. Nahiz eta pertsonai horiei Txinako gobernuak inguruko hirietan etxebizitza berriak eraiki zizkien, behartutako lekualdatze masibo hori pairatu duten bizilagunen bizi baldintza txarrek, arkeologia eta kultura ondarearen galerak, ingurumenari egindako kalteek eta presaren segurtasuna zalantzan jartzen duten arrisku geologikoek eraginda, presaren kontra egin dute askok Txinan bertan nahiz nazioartean.[2][3][4][5] Ibaien Nazioarteko Sarearen ustez, Europako enpresa handien interesei erantzunez Hegoaldean eraiki diren presa erraldoien adibide nagusietako bat da Hiru Arroiletako presa.[6]

Txinako Gobernuak oinarririk gabekotzat jo izan ditu kritika guztiak, baina 2011n onartu zuen badirela urgentziaz konpondu beharreko zenbait arazo, hala nola bizilagun lekualdatuen bizi baldintzak hobetzea, ingurumena babestea eta hondamendi geologikoak saihestea.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Igerian" olerkia (Wuhan, 1956) non Mao Zedong presidenteak irudikatzen dituen "harrizko hormak eraikitzen" ibaian gora[7]

Yanzi ibaiko urtegi handi baten ideia, jatorrian, Sun Yat-sen presidenteak izan zuen, 1919ko Txinako Nazioarteko Garapena liburuan[8][9]. Sun Yat-senen arabera, Hiru Arroiletan 30 milioi zaldi-indar (22 GW) sortzeko gai zen eustorma bat egin zitekeen[9]. Chiang Kai-shek buru zuen gobernu nazionalistak proiektua aurrera eramateko atariko ikerketak hasi zituen 1932an. Bigarren Txina-Japonia Gerran, 1939an, Japoniako indar militarrek Yichang okupatu zuten, ingurua aztertu eta Otani plana diseinatu, Japoniak Txina garaituko zuela aurreikusiz. 1944an John L. Savage ingeniaria Estatu Batuetako Erreklamazio Bulegoaren diseinuan sartu zen, gunea ere ikuskatu zuen eta "Yangzi ibaiaren proiektua" egin zuen urtegi bat eraikitzeko[10]. Azken txosten horren ondorioz, 54 ingeniari txinatarrek prestakuntza jaso zuten AEBetan. Jatorrizko planen arabera, ontziak eustormaren beheko eta goiko muturrean kokatutako toki zehatzetan kokatu ondoren bakarrik mugitu zitezkeen, eta garabi multzo batek esklusa batetik hurrengora eraman behar zituen. Ontzi txikien kasuan, multzoak osatuko lirateke, elkarrekin jasoak izango liratekeenak, eraginkortasuna handitzeko. Ez dakigu irtenbide horren helburua uraren aurrezpena bermatzea ote zen, edo ingeniariek pentsatu ote zuten presaren goiko aldearen eta behekoaren arteko garaiera gehiegizkoa zela metodo alternatiboak erabiltzeko. Hainbat azterketa ekonomiko, esplorazio lan eta diseinu lan egin zituzten, baina gobernuak, Txinako Gerra Zibilaren erdian, 1947an gelditu zuen proiektua.

1949ko garaipen komunistaren ondoren, Mao Zedong presidente berriak proiektuari babesa eman zion. Apustu irmoa egin aurretik, Zedongek Gezhouba urtegiaren proiektuari ekitea erabaki zuen. Gainera, Aurrerako Jauzi Handia eta Iraultza Kulturala bezalako politika handiek, Hiru Arroiletako proiektua aldi baterako geldiarazi zuen. 1954ko Yangzi ibaiaren uholdeen ondoren, 1956an, Mao Zedongek "igerian" (游泳) olerkia idatzi zuen, non Yangzi ibaian urtegi bat egiteko zuen lilura erakusten duen. 1958an, Ehun Loreen Kanpaina delakoaren ondoren, proiektuaren aurka azaldu ziren ingeniarietako batzuk espetxeratu egin zituzten[11][11].

1980ko hamarkadan, urtegiaren ideia mahairatu zen berriro. Txinako Herri Batzar Nazionalak 1992an onartu zuen eraikuntza, bozketa batzuen bidez. 2.633 ordezkariek 1.767 aldeko boto eman zituzten, 177 kontra, 664 boto baliogabe eta 25 bozka gabe[12].

Urtegiaren eraikuntza 1994ko abenduaren 14an hasi zen[13]. 2009an urtegia guztiz operatiboa izango zela aurreikusi bazen ere, hori ez zen posible izan, zenbait azpi-proiektutan izandako atzerapenen ondorioz. Berandu amaitu ziren obra horietako bat izan zen lurpeko zentral elektrikoa izan zen, sei sorgailu gehigarrirekin, 2012ko maiatzean amaitu zena[11].

Azkenik, 2002ko azaroaren 6an ibaiaren ibilgua ixtea lortu zen eta 2003an lehen sorgailu taldea martxan jarri zen. 2004tik aurrera urtero 4 sorgailu talde jartzen hasi ziren, obra osoa osatu arte. 2006ko maiatzaren 21ean amaitu zen urtegiko eustorma eraikitzen.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eustorma hormigoiz eta altzairuz eginda dago, 2.335 m luze da eta goialdea 185 m itsas-mailaren gainetik dago. Proiektuak 27,2 × 106 m3 hormigoi erabili zuen (eustorman batez ere), 463.000 T altzairu (63 Eiffel dorre eraikitzeko adina), eta 102,6 × 106 m3 inguru lur mugitu[14]. Hormigoizko eustorma 181 m garai da harri amaren gainean.

Ura 175 m itsasoaren mailaren gainetik dagoenean, hau da, jatorrizko ibaiaren mailaren 110 m gainetik, urtegiaren batez beste 660 km luze eta 1,12 km zabal da. Uredukia 39,3 km3 da eta azalera guztira 1.045 km2 da. Bukatzean, urtegiak 632 km2 lur azalera estali zuen, Itaipu urtegiko 1.350 km2 azaleraren aldean[15].

32 turbina ditu 700 MW-koa bakoitza: 14 eustormaren iparraldean instalatuta, 12 hegoaldean eta 6 gehiago lurpean. Baita 50 MW-ko 2 turbina ere. Guztira 22 500 MW-ko potentzia instalatuta du[16].

Auziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtegia espaziotik.

Bai Munduko Bankuak, bai hainbat gobernuz kanpoko erakundek eta zenbait herrialdek hasieratik kritikatu dute obra. Arrazoiak askotarikoak izan dira, ez bakarrik urtegiak dakarren ingurumen-inpaktuari lotutakoak, baita funtsak kudeatzerakoan izandako ustelkeria-maila handiengatik ere, batez ere, biztanlea-birkokatzera bideratutako funtsenak. Zientzialari askok eraikuntza hori kritikatu dute, horrek ingurumenean duen eragin handia dela eta. Dai Qing, txinatar idazle eta ekologista, Txinan bertan ahotsa altxatu zuen lehenetakoa izan zen, eta protesta jarduerak hasi zituen Yangzi-Yangzi! agiria argitaratuz. Hainbat urtez atxilotu zuten, 1989ko Tiananmen plazako protesten bultzatzaileetako bat izatea egotzita, eta haren liburua debekatu egin zuten.

Biztaleen lekualdatze behartuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtegiak 1,24 milioi pertsona lekualdatzea behartu zuen 2008ko ekainera arte. Urpean geratu diren hamabi hirietatik, azkenetakoa Gaoyang izan da[17][18], non Hubei probintziako 60,3 milioi biztanleen %1,5 inguru bizi ziren. 140.000 biztanle inguru beste probintzia batzuetan birkokatuak izan ziren[19]. Urtegiak eragindako desplazatu askorentzat eragozpen nagusia ogibide iturriaren galera da: laborantza-lurrak. Birkokatutakoen %35 lurrik gabeko nekazariak dira. Eskualdeko gunerik garaienetan, nora biztanle gehienak mugitu diren, zailagoa da laborantza, menditsua delako eta lurraren kalitatea txarra delako[20].

Kultura galerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurren uholdeak, ibaiaren inguruan zeuden erlikien galera handiak eragin zituen. Paleolito et Neolito garaiko elementuak, antzinako lurperaketak, hilobi aristokratikoak eta Ming eta Qing dinastien lanak, ur-lerroaren azpitik geratu ziren.

Urtegiak, 600 kilometroko luzera duena, 1.300 bat gune arkeologiko urez bete zituen eta Hiru Arroilen itxura aldatu zuen, uraren maila 91 metrotik gora igo baitzen. Berreskuratu ahal izan ziren garrantzi kultural eta historikoko objektuak, aurkitu ahala, gune garaiagoetara eraman ziren, baina uholdeek, ezinbestean, berreskuratu ez zirenak estali zituzten. Lokalizatu zituztenetako batzuk ezin izan ziren lekuz aldatu, kokalekua, neurria edo diseinua zirela eta. Adibide esanguratsu bat, Shen Nong arroileko hilkutxa esekiak dira, amildegien zati baita[21].

Ingurumen galerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leku horretako ingurumen-ondorioak suntsitzaileak izan dira. Adibidez, duela gutxi desagertu da baiji edo txinatar izurdea (Lipotes vexillifer), Yangzi ibaiko espezie endemikoa, azken hamarkadetan desagertzeko arrisku larrian egon dena. Urtegiaren eraikuntzak izurde espezie honek jasan zitzakeen baldintzak muturrera eraman ditu, eta azkenik, 2008an, bilaketa sakonak egin ondoren, baijia ofizialki iraungitzat jo zen.

Gainera, inguruko eskualdeetan klima aldatzeko arriskua areagotu du[22].

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kritiko batzuek diote ibaiak urtegira 53.000 milioi tona hondakin eramango dituela, eustorman metatu litezkeenak, turbina-sartuneak estaliz. Sedimentuen metaketa urtegien arazo bereizgarria da, ekoizpen-ahalmena gutxitzen baitu eta, gainera, sistemen bizitza erabilgarria murriztuz[23][24].

Irudiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Zigor ALDAMA: «El gigante hidráulico hace agua», El País, 2011-05-21.
  2. Lin YANG (2007ko urriaren 12a): «China's Three Gorges Dam Under Fire", Time.
  3. Michael LARIS (1998ko abuztuaren 17a): «Untamed Waterways Kill Thousands Yearly», Washington Post.
  4. Stan GRANT (2005eko ekainaren 18a): «Global Challenges: Ecological and Technological Advances Around the World», CNN.
  5. Roseanne GERIN (2008ko abenduaren 11): «Rolling on a River», Beijing Review.
  6. «Txinan egiten ari dira munduko urtegirik handiena izanen dena: Ibaien Nazioarteko Sareak Europako enpresen proiektuak salatu ditu»[Betiko hautsitako esteka], Berria, 2004-02-15.
  7. "Swimming" by Mao Zedong. Marxists.org (Noiz kontsultatua: 2009-08-01).
  8. Lin Yang. (12-10-2007). «China's Three Gorges Dam Under Fire» Time.
  9. a b 中国国民党、亲民党、111新党访问团相继参观三峡工程_新闻中心_新浪网. News.sina.com.cn (Noiz kontsultatua: 2009-08-01).[Betiko hautsitako esteka]
  10. John Lucian Savage Biography, Abel Wolman & W. H. Lyles, National Academy of Science, 1978.
  11. a b c (Ingelesez) Steven Mufson. (09-11-1997). «The Yangtze Dam: Feat or Folly?» Washington Post.
  12. 1992年4月3日全国人大批准兴建三峡工程. News.rednet.cn (Noiz kontsultatua: 2009-08-16).
  13. (Ingelesez) Allin, Samuel Robert Fishleigh. (2004-11-30). «An Examination of China's Three Gorges Dam Project Based on the Framework Presented in the Report of The World Commission on Dams» (PDF) Virginia Polytechnic Institute and State University (Noiz kontsultatua: 2010-11-23).
  14. (Ingelesez) Three Gorges Dam Project  – Quick Facts. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: November 25, 2010) (Noiz kontsultatua: November 23, 2010).
  15. (Txineraz) 三峡水库:世界淹没面积最大的水库 (Three Gorges reservoir: World submergence area biggest reservoir). 2003-11-21.
  16. (Gaztelaniaz) Tres Gargantas en Fundación Aquae. Sartze data: 2017-08-18.
  17. (Txineraz) 三峡四期移民工程通过阶段性验收. China Three Gorges Project Corporation 2008-08-22 (Noiz kontsultatua: 2008-12-06).
  18. (Txineraz) «中港台] 三峡库区城镇完成拆迁-华尔街日报» The Wall Street Journal (Noiz kontsultatua: 2009-08-01).
  19. (Ingelesez) Liang Chao. (2004-07-15). «More bid farewell to Three Gorges» China Daily (Noiz kontsultatua: 2008-01-20).
  20. (Katalanez) El Govern xinès mourà una altra vegada els desplaçats per la Presa de les Tres Gorges. Vilaweb (EUROPA PRESS) (Noiz kontsultatua: 2014-11-25).
  21. C.Michael Hogan. Shen Nong Gorge Hanging Coffins. The Megalithic Portal (Noiz kontsultatua: 2008-01-20).
  22. Idurre Eskisabel. (202-04-14). «Hiru Arroilak arrailtzen» Egunkaria.
  23. China dam to displace millions more. MWC News 2007-10-13 jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2007-10-14).
  24. Liang Chao. (2004-7-15). More bid farewell to Three Gorges. .

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]