Aimar Elosegi Ansa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aimar Elosegi Ansa
Bizitza
JaiotzaHernani1986ko otsailaren 19a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaAgerreburu2007ko apirilaren 23a (21 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakuniversity student (en) Itzuli

Aimar Elosegi Ansa (Hernani, 1986ko otsailaren 19a - 2007ko apirilaren 23a),[1] ezizenez Moio, gazte transexuala izan zen, bere izaera aldarrikatzeko prozesuan zegoela suizidatu egin zena, Euskal Herrian transfobiak eragindako lehen heriotzetako bat izanik.[2]

Datu biografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru senideren artean gazteena zen Aimar: gurasoekin bizi zen, eta bi anai zaharragoak zituen.[3]

Pertsona alaia, aktiboa eta kirolaria izan zen: korrikan, eskaladan, arrisku-kiroletan aritzen zen.[4] Judo eta futbolean nabarmendu zen, oso lehiakorra zelarik, bereziki mutilen aurka jokatzen zuenean.[3]

12 urte zituenetik egunerokoak idazten zituen.[4] Azken urteetan Meatze Injeniaritza ikasten aritu zen Bilbon.[4]

Izenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

19 urte bete arte, Amaia izena erabili zuen, jaiotzan gurasoek ezarritakoa alegia. Halere, bere mutil tankera zela eta, lagunek txantxetan esana zioten, bere familian hiru anai zirela: "Paul, Ander eta Amoio". Hortik etorri zitzaion lagun artean ematen zioten ezizena, "Moio", berak onartua eta gustuko zuena.[3]

Hil osteko albiste eta ohar askotan "Amaia-Aimar" izena irakur badaiteke ere, argitu behar da izen konposatu hori ez zutela inoiz erabili ez berak, ez familiak, ez lagunek. "Amaia-Aimar" formak izan zuen hedapen handia gaizkiulertu baten ondorio da: Aimarrek, hil aurreko idazkian, espreski eskatu zuen bere eskelan "Amaia-Aimar" izenak ager zitezela, kontuan hartuta jende gehienak Amaia izenez ezagutuko zuela. Baina hori eskelarako bakarrik izan zen, berak ez baitzituen bi izenak sekula batera erabili: jaiotzetik Amaia izan zen, eta 19 urtetik aurrera Aimar.[3]

Transexualtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aimarrek berak aitorturik, bizitza osoan izan zuen mutil izateko gogoa, baina onarpen sozialarengatik bere izatea ezkutatzen ibili zen. Bere idazkietan adierazi zuenez, genero-identitate arazoak hilerokoa etortzearekin batera sortu zitzaizkion. 19 urterekin eman zuen pausua, bere benetako nortasuna adieraziz, lehenik amari eta gero beste senideei eta lagunei.[3]

Halere, 2005 inguruan sexu askapen mugimenduan gay eta lesbianismoz kanpoko identitateak oso ezezagunak ziren eta landu gabe zeuden. Horretara, Aimarrek bere nortasuna publikoki adierazteko pauso hau eman zuenean, ez zuen babes-sare egokirik aurkitu: senideen aldetik onarpena jaso zuen; lagunengandik ere bai (Aimar Hernaniko mugimendu feministaren partaide aktiboa zen); baina artean transexualtasunaren gaiari heltzeko tresnen falta nabarmena zen, eta egoera berean zeuden beste gazteak ezagutzeko aukerarik ez zuen izan. [3]

Behin bere izaera publiko eginik, Aimar urte eta erdiz kontsulta psikologikoetan aritu zen; hurrengo pausua tratamendu hormonalean hastea zen, baina ez zen horretara iritsi: krisia areagotu zitzaion,[4] eta lagunen ustez zati handi batean azalpenak behin eta berriz eman beharrarengatik eta etengabeko konfrontazioarengatik izan zen. Egoera eramangaitza egin zitzaion, eta azken garaian nabarmenki aldatu zen, izaera barnerakoia eta iluna garatuz.[3]

Artean, Medeak taldea Hernaniko mugimendu feministako kideekin lanketa bat egiten ari zen; bertako kide Ana Txurrukak orduko egoera esaldi honetan islatzen du: "Ez da orain bezala, gaztetxoak, adibidez, hasten direla trans bezala identifikatzen azkarrago eta erreferente gehiagorekin; nik suposatzen dut, neurri batean, Moiok ere ez zekiela ongi zer pasatzen zitzaion, edo, hobeto esanda, nola kudeatu, eta guk ere, inguruan egonda ere, ez genekien ondo nondik heldu asuntoari".[3]

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garate - Santa Barbara naturgunea (Hernani).

Suizidioa ongi hausnartutako erabakia izan zen: bezperan, senideei modu diskretu batean agur egin zien, haiek zetorrenaz konturatu gabe. Gero, Agerreburu mendiko Santa Barbarako haitzetara joan zen; bertan, 11:45etan, koaderno batean bere azken hitzak eta erabakiaren zergatiak idatzi zituen eta buruko rastak ebaki zituen. 12:00etan, haitzetatik behera salto egin zuen.[3][4]

Ondorengoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aimar hil osteko ekitaldiak jendetsuak izan ziren, bereziki hileta zibila; haren lagunekin batera dantzariek eta bertsolariek ere parte hartu zuten, "urte batzu barru Aimar aintzindari bezala" gogoratuko zela iragarriz.[5]

Lehen omenaldien ostean, mugimendu feministako bere lagunek gertatutakoaren irakurketa politikoa abiatu zuten, formakuntza eta ezagutza saioen bidez.[3]

2007ko ekainaren 4ean, EHGAMek, Medeak eta Garaipenek Hernaniko Berdintasun Kontseiluarekin antolatu zuten "Beste amodioak... Beste garaiak" jardunaldia, non Moises, Ivan eta Amets transexualek beraien esperientzia azaldu zuten.[6]

2008ko otsailaren 2an, Hernaniko Berdintasun Kontseiluak, Herne Neska Taldeak[7] eta EHGAMek (Zinegoak-en bidez) "Ikusezina ikusten ikasten" omenaldi-ikuskizuna antolatu zuten. Bertan, besteak beste, parte hartu zuten Ornitorrinkus taldeak (Maialen Lujanbio, Judith Montero eta Xabier Erkizia)[8] eta Aimarren amak, semeari hil ondoren idatzitako gutun batekin.[4]

2013an, Edo! argitaletxeak "Genero-ariketak. Feminismoaren subjektuak" liburua argitaratu zuen, transfeminismoari buruzko lehen euskarazko argitalpena eta Aimar Elosegiren kasuari leku berezia eskaini ziona.[9][10]

2014ko maiatzaren 3an, Ozenki abesbatzak bere 20. urteurrenean Aimarri eskainitako kanta estreinatu zuen, Imanol Kamiok egina. Letrak horrela dio: Nora zoaz uxo zu? Zoriona non duzu? Non pentsatu dezakezu? Non daukazu zuk deskantsu? Besarkada ta muxu, zeinek ematen dizu? Atseden non daukazu? Esperoan gaituzu…[11]

2019an Kattalin Miner Aimarren lagunak haren bizitzari buruzko liburu bat argitaratu zuen, "Moio: gordetzea ezinezkoa zen". Elosegiren kasuak Hernanin utzitako aztarnatik abiatuz, lagun eta senideen bizipenak biltzen ditu, Moioren oroimena esparru intimotik publikora proiektatuz, eta 2000ko eta 2010eko hamarkaden artean transexualitatearen gaiak gure gizartean izan duen bilakaera erakutsiz.[12][13][14] Liburua gaztelerara itzuli zen 2024 urtean.[15]

2022ko maiatzaren 16ean, Hernaniko Berdintasun Sailak bultzatuta, Aimarren izena eman zitzaion Hernaniko kale bati.[16]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Aimar Elosegi Ansa - Eskelak» Kronika.eus (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  2. (Gaztelaniaz) Jiménez, Elena. (2024-04-25). «'Moio', el relato «transformador» del suicidio de Aimar Elosegui» El Correo (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  3. a b c d e f g h i j Miner, Kattalin. (2019). Moio: gordetzea ezinezkoa zen. Elkar Argitaletxeak ISBN 978-84-9027-943-4. (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  4. a b c d e f (Ingelesez) bollo con leche: Carta de una madre a su hijo transexual muerto. (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  5. «Amaia-Aimar gogoan izan zuten atzo Plazan egindako ekitaldian» Hernaniko Kronika (Hernani) 2175.
  6. Lasherne. (jueves, 7 de junio de 2007). «"El camino de Moises"en emanaldi eta hitzaldia Aimarren omenez» Herne Neska Taldea (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  7. Lasherne. (miércoles, 2 de mayo de 2007). «AMAIA-AIMAR ELOSEGI ANSA» Herne Neska Taldea (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  8. (Gaztelaniaz) PPLL. (2008-02-02). «Música, lecturas y audiovisuales se podrán disfrutar en Sandiusterri» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  9. «(Trans)feminismoaz hausnarketak ‘Genero-ariketak’ artikulu bilduman» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  10. Ikusezina ikusten ikasten. (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  11. Uria L. eta Kamio I. (2014) Ozenkiren 20. urteurrena. Hernaniko XXI. urtekaria 2014, 38-46 orrialdeak
  12. SA, Baigorri Argitaletxea. (2019-05-15). «Memoriaren ertzak» GARA (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  13. kritiken hemeroteka » Dokumental itxura duen liburua. (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  14. «"Ez naiz inoiz izango naizen bezalakoa"» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  15. (Ingelesez) K.O, Libros del. «Moio» Libros del K.O. (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).
  16. «‘Moio’ kalea Hernanin, memoria ariketa kolektiborako urratsa» Argia (Noiz kontsultatua: 2024-04-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]