Gwendolyn Lizarraga

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gwendolyn Lizarraga
Member of the House of Representatives of Belize (en) Itzuli

1961 - 1974
Hezkuntza ministroa

1961 - 1974
Minister of Health (en) Itzuli


Minister of Housing (en) Itzuli

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakGwendolyn Margaret Smith
JaiotzaMaskall (en) Itzuli1901eko uztailaren 11
HerrialdeaHonduras Britainiarra
HeriotzaBelize City1975eko ekainaren 9a (73 urte)
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria, diputatua, ministroa eta enpresa exekutiboa
Jasotako sariak
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaPeople's United Party (en) Itzuli

Gwendolyn Margaret Lizarraga (Maskall, Belize, 1901eko uztailaren 11 - Belize City, 1975eko ekainaren 9a), Madame Liz ere deitzen zioten, negozio-emakumea, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea eta Belizeko emakume politikaria zen.


Gwendolyn Lizarraga enpresa-zuzendaria engaiatu zen soldata-berdintasuna sustatzera, baina ez zuen lortu orokortzea.

Emakumearen eskubideen alde borrokatu zen, herritarrak sentsibilizarazi zituen, eta bi emakume-elkarte sortu. Emakumeen sufragioa legeztatzeko xedez, dirua aurreztera bultzatzen zituen emakumeak, eta partzelak erosteko antolatzen, jabe bihur zitezen eta boto-eskubidea izan zezaten. Hezkuntzaren arloan, bigarren mailako eskolak sortu zituen.

Honduras Britainiarreko Batzar Legegilean (egun Belizeko Ordezkarien Ganbera) hautatutako lehen emakumea izan zen, eta Honduras Britainiarreko (egun, Belize) gobernuko lehen emakume ministroa. Hezkuntza, Etxebizitza eta Gizarte Zerbitzuetako ministroa izan zen, 1961etik 1974ra, eta alokairu ertaineko etxebizitzak eraikitzeko proiektuak bultzatu zituen.

Britainiar inperioaren ordenako kidea zen. Eskola batek, zenbait kalek eta emakumezkoen sari batek dute bere izena; posta-zigilu batek haren irudia darama.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia eta prestakuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gwendolyn Margaret Smith 1901eko uztailaren 11n jaio zen. Sidney Smith eta Guadalupe Baezaren alaba zen; Maskall herrian bizi ziren, Honduras britainiarrean. Lehen hezkuntzako M. Datsun eskolara joaten zen lehenik, eta, gero, lehen hezkuntzako St. Mary's eskolara eta St. Catherine akademiara. 1926an, Victor Manuel Lizarraga argazkilariarekin ezkondu zen; bost seme-alaba izan zituzten.[1]

Negozio-emakumea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gwendolyn Lizarraga negozio-emakume bihurtu zen. Txikle- eta kaoba-etxalde oparo bat ustiatzen zuen.[1] Negozioak egiten zituen txikle eta kaoba zelaiak ikuskatuz. Ohiko konbentzioei kasurik egin gabe, Land Rover bat gidatzen zuen, eta galtzak, suzko arma bat berarekin zeramala, zigarroak erreaz. Oso zuzena, egiazalea eta autoritarioa zen, eta ez zen batere beldurtzen Wrigley's, Castillo eta Thurton bezalako enpresa handiekiko harremanetan.[2] Soldata-berdintasunaren alde zegoen enplegu-emaile errukior gisa ere ezagutua zen. 1943an, Hondurasko sindikatu britainiarra (BHTU) sortu ondoren, Gwendolyn Lizarraga gonbidatu zuten urte bereko apirilean egin zen bilerara. Langileendako babes-neurriak eta soldata-berdintasuna sartzeko eskatu zuen. Hala ere, nahiz eta gizonezkoek beren diskurtsoan onartu zuten, bi hilabete geroago gutxieneko soldataren arauei buruzko botoa eman zutenean, emakumeak baztertu egin zituzten.

Emakumeen boto-eskubidearen eta hezkuntzaren aldeko ekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950eko hamarkadaz geroztik, Gwendolyn Lizarraga hainbat arlotan aritzen zen emakumeen eskubideak sustatzen. 1953an, Gizarte Garapeneko Departamentuak kontalari berezi izendatu zuen emakumezkoen bozeramaile izateko.[3] 1954an, emakumeak politikoki antolatzera bultzatu zituen, jatorrizko lurraldetik hasita, Maskall herrixkaren inguruan. Handik, iparraldera jo zuen Orange Walk Town-eraino, gero Sand Hill, Benque Viejo eta, azkenik, hegoaldera, Punta Gordara. 1959an, United Women's Group (Emakume Batuen Taldea, UWG) eratu zuen, herrialde osoko 900 emakumerekin, emakumeak kultura-, ekonomia- eta politika-arloetan ahalduntzeko asmoz. Helburu horrekin United Women's Credit Unionen eratu zutenetako bat zen, eta emakumeak aurreztera animatzen zituen, “nahiz eta astean soilik 0,25 $ izan”.[2]

Une hartan, lurren jabeek bakarrik zuten bozkatzeko eskubidea Honduras britainiarrean, eta Madame Lizek ahalegin berezia egiten zuen emakumeei laguntzeko jabetzak eskuratzen. UWGko emakumeak Lurren Departamentura eramaten zituen lur-kontzesioak lortzeko, baina lurrik ez zegoela eskuragai erantzuten zieten. Zingirak zeharkatzean, Gwendolyn Lizarraga emakumeentzat eskuragarri egon zitezkeen lurzatien mapa bat aztertzen eta sortzen aritu zen. Ondoren, lurzati-mapa Lurren Departamentura eraman zuen, erregistratzeko. Emakumeentzako lursail horiek gaur egun Collet-en barrutian daude, Curassow, Elston Kerr eta Gibnut kaleen artean, North Creek-ekin mugan. Era berean, umeei hezkuntza ukatzen zitzaienean, auzo pobre eta popularretan lursail bat prestatu eta eskola bat eraikitzeko aurrekonturik ez zegoelako, Madame Liz eta UWGko emakumeak zingiretako mangladiak garbitzen hasi ziren, trontza-zerrekin. Herri Lan Saileko langile batzuk emakume haiekin elkartu ziren geroago, eta, ondorioz, bi eskola berri eraiki zituzten: Belizeko bigarren mailako 1. eta 2. eskolak. Gerora, Edward P. Yorke School eta Gwen Lizarraga High School izena jarri zieten.[4]

Lehen emakume diputatua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1961ean, emakumeak aurkeztu ahal izan ziren lehen hauteskunde nazionalak egin ziren.[2] Urte bereko apirilean, Gwendolyn Lizarraga Honduras Britainiarraren Batzar Nazionalerako hautatutako lehen emakumea izan zen. Pickstock-eko hauteskunde-barrutian irabazi zuen, botoen % 69rekin.[1]

Lehen emakume ministroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauteskundeetan arrakasta izan ondoren, Hezkuntza, Etxebizitza eta Gizarte Zerbitzuetako ministro izendatu zuten, eta herrialdeko lehen ministro bihurtu zen. 1965ean eta 1969an berriz hautatu zuten, eta Hezkuntza, Etxebizitza eta Gizarte Zerbitzuetako ministro izendatu zuten berriro. 1969an, alokairu ertaineko etxebizitzak eraikitzeko proiektua zuzendu zuen King's Park, Lake Independence eta Queen's Square auzoetan. Gwendolyn Lizarraga ez zegoen ados herrialdean kasino-kontzesioak ematearekin, eta gaiaren inguruan zituen kezkak adierazi zituen.

1974an, ez zen berriz hautagai izan. Bere eginkizunak utzi zituen gaixotu baino lehentxeago. Haren seme Adolfok jarraitu zion Pickstock-en zuen aulkian.[5]

Bizitza publikoa izateaz gain, Gwendolyn Lizarraga xake-jokalaria zen, eta herrialdeko lehen xake-kluba antolatzen lagundu zuen. Herri-tradizioak katalogatu eta babesteko ere lan egin zuen, eta koreografo bihurtu zen dantza mestizatuak berriz sortzen laguntzeko.[2]

1975eko ekainaren 9an hil zen, eta Belizeko Lord's Ridge Cemetery hilerrian lurperatu zuten.[1]

Aitortza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gwendolyn Lizarraga modu askotara da oroitua. Gwendolyn Lizarraga institutuari (Gwendolyn Lizarraga High School) bere omenez ezarri zioten izena, eta bigarren eta hirugarren mailak eskaintzen ditu Belizeko Unibertsitatearekin lankidetzan antolatutako programa batean.[6]

Hainbat kalek dute bere izena, Belize Cityko Madame Liz Avenuek eta Belize Cityko Gwen Lizarraga Streetek, besteak beste.[7][8] 1992an, oroitzapen-serie baten esparruan, posta-zigilu bat eman zen bere argazkiarekin.[9]

Belizeko Emakumeen Caucus Politikoak urtero ematen dio “Madame Liz” saria Belizeko emakumeen eta haurren egoera hobetzeko lan eredugarria egin duen emakume bati.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Heroes and Benefactors. Belize City, Belize: National Institute of Culture and History 2013.
  2. a b c d «A Brief History of the Founder: Madam Gwendolyn Margurite Lizarraga» People's United Party (Belize City, Belize: United Women’s Group) 2013.
  3. Macpherson (2007), p. 191
  4. «Drawing Inspiration….Giving Hope» The Belize Times (Belize City, Belize) 14 March 2010.
  5. "Francisco Adolfo Lizarraga", Mothe Funeral Homes LLC. (accessed 7 September 2015)
  6. Gwen Lizarraga High School introduces "Open School" program. Belmopan, Belize: PlusTV Belize 23 Aug 2013.
  7. Gwen Lizarraga Street. Geoview.
  8. Madam Liz Avenue. Geoview.
  9. 1992 Famous Belizeans - Gwendolyn Lizarraga (Politician). Stamp World.
  10. Cynthia Pitts wins Madam Liz Award. Belize City, Belize: Channel 5 Belize 28 March 2000..


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lotutako artikuluak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Entreprise