Heraklito

Wikipedia, Entziklopedia askea
Heraklito

Bizitza
JaiotzaEfeso, K.a. 535
HerrialdeaEfeso
 Akemenestar Inperioa
BizilekuaEfeso
Lehen hizkuntzaJoniera
HeriotzaEfeso, K.a. 470(e)ko hamarkada (64/74 urte)
Heriotza moduaberezko heriotza: Edema
Hezkuntza
Hizkuntzakantzinako greziera
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, idazlea eta fisikaria
InfluentziakHipaso eta Xenofanes
MugimenduaFilosofo presokratikoak
Antzinaroko filosofia
Mendebaldeko filosofia
Ionian School (en) Itzuli

Musicbrainz: 7bfac63c-bea2-47a6-b120-41b68bdb9045 Discogs: 706027 Edit the value on Wikidata

Heraklito Efesokoa (antzinako grezieraz: Ἡράκλειτος ὁ Ἐφέσιος, Herákleitos ho Ephésios; K.a. 535 - †K.a. 475) antzinako Greziako filosofoa zen, Efeso hirikoa.

Heraklitoren obraren kontserbatzen diren pasarteak Artemisaren Efesoko tenpluan utzitako diskurtso baten atalak dira. Bere idazkian orfismoa eta Hesiodoren eraginak nabaritzen dira.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heraklitoren bizitzari buruzko iturri nagusia Diogenes Laerzio da. Laerziok baieztatzen du Heraklito 69. Olinpiadan (K.a. 504-501) loretu zela. Familia aristokratiko baten barnean jaio zen Efeson, Anatolian. Dirudienez, Heraklitok errefusatu zuen hiriko legeak sortzea, konstituzioa guztiz okertuta zegoela uste omen zuelako.

Diogenesek liburu bat egotzi zion, Naturaz, baina pasarte batzuk baino ez dira kontserbatzen. Bere lana paradoxaz eta anbiguotasunez betetako aforismoz osaturik dago. Heraklitoren estiloa oso iluna da, Delfoseko Orakuluaren antzekoa, bere pentsamendua herri xumetik urrun mantentzeko (Jendearen gehiengoaren iritziak ume-jolasekin konpara daitezke). Horrexegatik, Heraklitori "Iluna" ezizena ezarri zitzaion.

Heraklitoren filosofia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heraklitoren pentsamenduak, joniar tradizioaren barruan mantentzen den arren, aurrerapen handia dakar. Heraklito da pentsamenduari buruzko hausnarketa egiten duen lehenengo pentsalaria. Logosaren doktrinaren arabera, logosak egiazko diskurtsoa adierazten du. Baina, bestaldetik, logosak unibertsoaren araua adierazten du. Logosa agerikoa den arren, gizaki gutxi batzuek hautematen dute.

Miletoko eskolak unibertsoaren etengabeko mugimendua edo dinamismoa ikusi zuen arren, ez zuen errealitatearen ezaugarri hori sakonki ikertu. Hau izan zen Heraklitoren ekarpen nagusia: panta rhei (dena mugimenduan dago) aforismoan laburtzen du ikuskera berri hau.

Aurkarien doktrinaren arabera, etengabeko aldaketak naturaren oinarrizko ezaugarriak dira: "Den ororen aita da gerra, den ororen errege". "Dena etengabeko jarioan dago" esan zuen Heraklitok. Dena mugimenduan dago eta ezerk ez du irauten betirako. Horrexegatik ezin dezakegu «ibai berbera birritan jaitsi», izan ere, "ibaira bigarren aldiz jaisten naizenean, ez ni ez ibaia ez gara berberak". Heraklitok azpimarratu zuen mundua etengabeko kontraesanekin karakterizatua dagoela: "bai ongiak bai gaizkiak Guztian beharrezko lekua dute", zioen Heraklitok. Hau da, aurkakoen harmonia da kosmosaren lege unibertsala. Eta kontrasteen arteko etengabeko jolasa egongo ez balitz, munduak existitzeari utziko lioke. «Jainkoa eguna eta gaua da, negua eta uda, gerra eta bakea, gosea eta asetasuna», esaten zuen. «Jainko» hitza erabiltzen du, baina logosari egiten dio erreferentzia.

Heraklitorentzat, Jainkoa mundua inguratzen duen zerbait da. Jainkoa natura horretan kontraesan eta etengabeko aldaketekin agertzen da. «Jainko» hitzaren ordez, logos greziar hitza erabiltzen du, arrazoia esan nahi duena. Heraklitok pentsatzen zuen «arrazoi unibertsal» batek egon behar duela, naturan gertatzen den guztia zuzentzen duena. «Arrazoi unibertsal» edo «lege natural» hori guztiontzat komuna da. Nolanahi ere, Egia ezagutu ahal izateko zentzumenetatik haratago joatea beharrezkoa dela baieztatzen du. Alegia, arrazoiaren (logos) bidez solik ezagut daiteke. Bide hau, Heraklitoaren arabera, ez da guztiontzakoa. Bere estilo eta jarrera intelektualean ikus daitekeenez Heraklitok Egia horren profeta gisa ikusi zuen bere burua.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Arrieta, A. (koord.), (2008): Filosofiaren historia, Donostia, Elkar.
  • Kirk, G.S., Raven, J.E., (1970): Los filósofos presocráticos, Madrid, Gredos.
  • Aurrekoetxea, M., (koord.) (2009): Filosofia eta herritartasuna (testu liburua), Ibaizabal.
  • Reale, G., Antiseri, D (1988): Historia del pensamiento filosófico y científico (Vol. I), Barcelona, Herder.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Heraklito Aldatu lotura Wikidatan


Biografia Artikulu hau biografia baten zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.