Wikipedia, Entziklopedia askea

Dalai Lama

Eduki-taula

Dalai Lama
Dalai Lama

Dalai-lama tibetar budismo izenez ezagutzen den erlijioaren adar nagusiaren burua da.

Tibetar budistek sinisten dute dalai-lama gizakiari laguntza ematera etorritako errukitasunaren jainkoa dela. 1959 arte dalai-lama tibetar agintaritzat zuten.

Budismoaren aldaera bat da tibetar budismoa, duela 1400 urte inguru Tibeten hasi zena. Jarraitzaileek berraragiztatzean sinisten dute, hau da, pertsona bat hil ondoren, bere arima berriro gorputz berri batean jaioko dela. Horrela, dalai-lama bakoitza 1475ean hil zen lehenengoaren birsortzea dela sinisten dute.

Dalai-lama bat hiltzen denean, tibetar budismoko gidariek hainbat modutan aurkitu nahi izaten dute non birsortuko den. Adibidez, orakulo batengana joko dute, orakuloek Jainkoaren mezua jasotzen dutela pentsatzen baita. Gidariek dalai-lama hil den une berdintsuan jaio den haurra bilatuko dute. Haurrak proba ugari pasa beharko ditu dalai-lama dela frogatzeko.

Egungo dalai-lama, Tenzin Gyatso, 14. dalai-lama da. 1935ean nekazari familia batean jaio zen. Bere 5. urtebetetzea baino lehenago izendatu zuten dalai-lama. 1950ean bihurtu zen Tibeteko gobernuko buru. Tibet Txina bazen ere, orduan nolabaiteko autogobernua zuen. Baina urte hartan, txinatarrak Tibeten sartu eta eskualdeko kontrola bereganatu zuten. 1959an txinatar agintearen aurka protestan ari ziren 80.000 tibetar baino gehiago hil zituzten txinatarrek. Dalai-lamak eta jarraitzaile batzuek Indiara ihes egin zuten eta mendietan kokatu ziren.

14. dalai-lamak munduan zehar bidaiatzen du bakea sustatzeko eta tibetarrek desiratzen duten politika-independentziaren inguruan hitz egiteko. 1989an Nobel Saria irabazi zuen, Txinak Tibeten gainean zuen kontrolari amaiera emateko egindako indarkeriarik gabeko lanagatik.