Zu, oso tradizionalista izan zinen bizitzako aspektu askotan, hala ere, Eskola Berriaren printzipioak ikusteko gaitasuna erakutsi zenuen, Adolf Ferriere, Maria Montessori, Ovidio Decroly eta zure irakurketen ardatza baitziren. Jakin ezazu, Elbira, zuk markatutako ildo nagusiak, 100 urte geroago ere egungo heziketa gidatzen duten ardatzak direla: ikasle guztiengan sinistea, eleaniztasunaren garrantzia, ikasketa prozesuan haurren protagonismoa bermatu beharra...
1922an, Lehen Hezkuntzako Irakasletzako ikasketak hasi zituen, eta lau urte geroago nota bikainekin burutu. Errepublika garaian sortu zuen bere lehen ikastola, Donostiako Parte Zaharreko Ikatz kalean. Francoren altxamenduaren ondorioz, mugaz gaindi, Sarara joan behar izan zuen ihesi. Urte gutxiren buruan itzuli zen, eta gerra aurretik abiatutako lanarekin jarraitu zuen, berriz ere ikastola bat martxan jarrita. Eragin itzela izan zuen gerra ondorengo ikastolen hasieran; euskal eskolaren gerra aurreko eta gerra ondorengo mugimenduak hark lotu zituela esan daiteke.[8][5][7]
Ikastolen alde lanean jardun zuen, 1982an zendu zen arte, baina ez zen soilik haurren andereño izan. Ikasleekin batera, euskarazko irakasle bilakatu nahi zuten Irakasletzako ikasleak etortzen zitzaizkion Elbirari, praktikak egitera; geroko ikastolen hazia erein zuten irakasle berriak. Gehienak emakumezkoak izaki, andereñoen andereño izan zela idatzi zuen Joxemi Zumalabek1982an (geroztik, beste hainbatek ere izendapen hori hari buruz erabili dute). Zipitriarekin praktikak egindako irakasle haietako bat Kontxi Beitia da, Pasaiako Ikastolaren sustatzailea. «Ez dizut erakutsiko zuretzat soilik, baizik eta Euskal Herrian zabaltzeko niregandik ikasi duzuna». Zipitriak irakasle gazteei emandako mezua da, Beitiak dioenez.[8][9][10]
Euskara batua ez zuen sekula onartu, eta bere bizitzako zio bihurtu zuen haren aurkako gurutzada, bere azken urteetan.[11][12]. Izaera hermetikoa zuen, oso gogorra zen jendearekin, gizonezkoekin batez ere. Hala ere, ezagutu zutenen artean askok maite zuten, eta maite ez zutenek ere aitortu dute dioten zorra.[13][10][14]
1968ra arte, euskarazko irakasleek eskola partikular gisa egiten zuten lan, baimenduta baitzegoen irakasle tituludun batek hamar ikasleko talde bati irakastea. Horrela, 3 eta 9 urte bitarteko ikasleei eman ahal zizkieten eskolak: horren ondoren, ikasleek gaztelaniazko ikastetxeetan sartzeko azterketa bat egin behar zuten, eta ondoren, bertan prestaketa-ikastaroa egiten zuten, Batxilergoan sartzeko azterketara aurkezteko. 1967-1968 ikasturtean Eskolaketa-liburua aurkeztu beharra ezarri zen prestaketa-ikastaroan parte hartu ahal izateko. Orduko Ikastola batek ere ez zituen horiek emateko legezko baldintzak betetzen. Gobernuko agintariek ikastolen lana oztopatzeko neurriak hartu zituzten, hala nola, polizia-erregistroak eta hezkuntza ikuskarien bisitak. Horiek gobernuaren baimenik gabe funtzionatzen zuten, eta 1968ko uztailaren 19an, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak (Enrique Oltra), ikastetxe berriak irekitzea debekatu zuen (baimen sortu berri hori lortu arte), eta funtzionatzen ari zirenek legeztatzea eskatu behar izan zuten.
Elbira Zipitria beste irakasle batzuekin bildu zen, Orixe ikastola sortzeko asmoz. Ikastetxe berriak "Santa Maria parrokia-eskola" izen ofiziala hartu zuen, Jose Elgarresta Iturbe erretorea izendatu zen arduradun, eta egoitza parrokiako lokaletan zegoen. Datu horiekin legeztatzea eskatu zuten 1968ko abenduan. Hezkuntza ikuskariak 1969ko ekainean bisitatu zuen ikastola, eta ikasleen ezagutza maila baita teknika pedagogikoak onak zirela baieztatu bazuen ere, "Espiritu Nazionalaren Prestakuntza" ez zen modu onargarrian irakasten. Tramitazioa bertan behera geratu zen; hala ere, 1970ko irailaren 8an zentroa irekitzeko baimena eman zen. Zipitriak Orixe 1971n utzi zuen, erretiroa hartzean.
Euskara eta pedagogia berritzailea izan zen. Bi ardatz horiek oinarri hartuta, ondorengo ikastolen sustraiak errotu zituen Elbirak. Piaget, Freinet, Makarenko eta Montessori pedagogoen teoriak gurera ekartzen lehena izan zen. Oso irakaskuntza aurreratua erabili zuen, garai hartako eskolekin aldea oso handia zen.[8][5][15] Berak ez zuen bere metodologiari buruz ezer idatzita utzi: testigantza gisan, harekin lan egin zuten irakasle eta ikasle ohien oroitzapenak, besterik ez dago. Haatik, UPV/EHUko Hezkuntza Museoan haren ikasle izandakoen hainbat koaderno daude.[16]
Helduei euskara irakasten ere jardun zuen. Gau eskola zuen antolatua, batez ere euskaldun zaharrak alfabetatzeko. Eta, euskararen irakaskuntzan, Elbirak berebiziko urratsa egin zuen: euskal aditza irakasteko, erdal gramatiketako terminologia iluna baztertuta, lehendabizikoz hasi zen NOR-NORI-NORK, hitz horiekin, erabiltzen; ordu arte, sujeto, paciente, recipiente eta gisakoak erabili izan ziren.[17][18]
«
Txori bakoitzak bere abestia, Herri bakoitzak bere hizkera, Euskaldunok euskera! Guk ahal ditugun hizkuntza gehienak ikasiko ditugu: buruan hiru... edo, baina bihotzean bakarra: gurea!.
Elbira Zipitria Pasealekurako sarbidea, Donostiako Ulia mendiaren magalean1984an, Donostiako Udalak Andereño Elbira Zipitria bidea izena jarri zion Donostiako Parte Zaharreko kale bati.[20][2]
2020an argitaratutako Baginen. Euskal Herriko historia emakumeen bitartez libururako aukeratutako izenetako bat izan zen.[24]
2022koirailaren 29an, Gipuzkoako foru jauregian Elbira Zipitriaren eskultura bat jarri zuten, solairu nagusiko ohorezko patioan. Lourdes Umerez azkoitiar eskultoreak egindako lan bat da, brontzez landua, irakaslearen argazki ezagun batean inspiratua. Piezaren oinarrian, haren ikasleek idatzitako esaldiak eta poemak irakur daitezke.[25][26]
2018ko udazkenean Maider Oleaga zuzendariak estreinatu zuen Zipitriari buruzko "Muga deitzen da pausoa" dokumentala.[27] Dirua jendearen emarien bidez bildu zuen. Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea biltzeko proiektu Ahotsak.eus-ek ere parte hartu zuen, Elbiraren ikasleek, lankideek eta abarrek utzitako testigantza ugari zuzendariaren eskuetan jarririk.[28]