Malda handiko mendi-mazela harritsuek baldintzatzen dute Izarraizko paisaia. Behealdean landazabala da nagusi, eta haren ordez, altueran, baso-landaketak eta baso zatikatuak ageri ohi dira. Gainera, mosaiko horretan mendiko larreak ere badaude.
Eremu babestuak arroka basikoen inguruneetako landare-komunitateak ditu: haitzetako pagadiak, gailurreko baso mistoak, elordiak, azaleko lurzoruetako larre harritsuak, haitzetako flora, etab. Bestalde, altuera txikiagoetan, hariztiak daude eta erreka bazterretan haltzadiak.
Oro har, nahiko ondo kontserbatutako lurraldea da: %36 bertako basoak dira, %26 larreak eta %12 sastrakak.
Ondoren, KBEn dauden interes komunitarioko habitat eta espezieak zerrendatzen dira. Parentesi arteko zenbakiek Habitatei buruzko 92/43 Zuzentarauaren I. eranskineko kodeekin bat datoz.
Pagadi azidofiloa, atlantikoa (9120)
Pagadi basofilo edo neutroa
Haritz kandudun (Quercus robur) nagusi duen baso azidofiloa
Kareharrizko gailurretako eta haitzebakien oineko baso mistoa (9180)
Aurreko puntuko lehentasunezko elementuez gain, badira beste habitat natural eta basa-florako eta -faunako beste espezie batzuk, “babes bereziko araubidean” daudenak. Babes berezia merezi duten habitat naturalak eta espezieak dira, beren balio zientifiko, ekologiko eta kulturalaren arabera, eta beren berezitasun, bitxitasun edo mehatxu mailaren arabera. Atal honetan daude, halaber, Habitatei eta Hegaztiei buruzko Zuzentarauen eranskinetan, edo Espezie Mehatxatuen Katalogoetan agertzen diren espezieak.