Jesu-Christo gure Jaunaren Passioa euskerazko versoetan
Jesu-Christo gure Jaunaren Passioa euskerazko versoetan | |
---|---|
Jatorria | |
Egilea(k) | Agustin Basterretxea |
Argitaratze-data | 1777 |
Izenburua | Jesu-Christo gure Jaunaren Passioa euskerazko versoetan |
Ezaugarriak | |
Genero artistikoa | liburu santua eta olerkigintza |
Hizkuntza | euskara |
Egile-eskubideak | jabetza publiko, jabetza publiko eta jabetza publiko |
Jesu-Christo gure Jaunaren Passioa euskerazko versoetan XVIII. mende erdiko bertso sorta famatua da, Agustin Basterretxea josulagun lekeitiarrak eginikoa.
Izendapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Passioa, Pasioa, Pasiñoa, Pasiñoia, Nekaustea, eta besteren bat izan dira bertso famatu hauei jarritako izenburuak; Passioa da ezagutzen den zaharrena eta ikerlarien artean ohikoa.[1]
Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Pasio hau, luzea izan arren (61 bertso, errepika bategaz) buruz dakite lehengo zahar askok, ohiturazko baitzen batez ere Aste Santuko funtzioetan osorik abestea. Musika herriz herri aldatzen da, halere. [2]
Batera eta bestera, bertsook 300 urte inguru daramate herritarren ahotan: Santi Onaindiak baieztatu zuenez, Gipuzkoa, Bizkaia, eta Nafarroan "sarri aditu oi dira kantu erdigarri onen izki-doiñuak».[2] Miren Agur Meabe idazleak ere umetan bizirik ezagutu ditu, herritarren ahotan.[3]
Testua[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Testua hainbat aldiz izan da argitaratua 1760 baino lehenagotik, bertso paperetan, liburuxketan edo beste idazle batzuen liburuen barnean (Agustin Kardaberaz, Olaetxea, Kanalaetxebarria, eta abar). Beraz, Passioaren testua oso ezaguna da, inprimatua izan baita. Hainbat aldaera ditu, halere.[1]
Passioa bizkaieraz idatzi zen, baita hasieran horrela argitaratu ere; baina urte gutxira Kardaberazek gipuzkeratu zuen. Bertsio hau izan zen gehien hedatu zena (Romualdo Galdosek esaten zuenez, lan honek gutxienez 20 edizio izan zituen). 1928an aita Galdosek berak testuaren bertsio garbizale berria argitaratu zuen ("Yosukisto gure Yaunaren Nekaustea euskerazko neurtitzez"), Luis Villasanteren arabera testua kaltetu zuena. Beranduago, jatorrizko testu bizkaitarra ezagutzen ez zuen norbaitek, berriz gipuzkeratik bizkaierara itzuli zuen.[4]
Metrikari buruz, kanturako prestatuak, lehen lau lerroek kopla osatzen dute, 10/8 silabakoak, A puntua lerro pareetan mantentzen delarik, ondoren bi lerro labur datoz, 5/5, B puntua haien artean osatuz, eta zazpigarren lerroak berriro hartzen du koplako A puntua, 10 silabatakoa delarik.[5]
Edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Poema narratiboa izanik, eta pasioaren sekuentzia kronologikoa jarraitzen badu ere, askotan egiten zaio dei entzuleari, eta noiz edo noiz baita ni poetikoari, metalepsia sortzen delarik eta narrazio mailak hausten direlarik. Pertsonifikazioaren erabilera ere aipagarria da. Bertsolaritzaren moldea gogoarazten badu ere, Agustin Basterretxeak trebeki erakusten du lan honetan erretorikaren legeak ongi ezagutzen zituela.
Aipamen sentimentalak ere nabarmenak dira, nahiz eta poema klasikozale baten aurrean gauden.[5]
Xabier Amurizaren arabera, "Kristau izan ala ez, pasioaren kondaira dramatikoa oso ondo eramana dagoela aitortu behar. Ez da, beraz, harritzekoa baladak-eta hain maite zituen herriak bertso hauek, fedez aparte ere, gogoz kantatzea".[6]
Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal bertsoak beti dira kantatuak, eta Basterretxearenak ere kantatuz iraun dute belaunalditik belaunaldira. Horren eraginez tokian tokiko aldaketak izan ditu, herritarrek eginak edo musikalariek apropos sortuak. Kantu honen doinuaren bilketaz lehen arduratu zena Romualdo Galdos izan zen: 1920ko hamarkadan, Oñako Ikastetxean irakasle zela, ezagunen artean galde-paperak banatzen hasi zen, kantua pentagrama batean idatzita eta haren aldaerak biltzeko asmoz. Bere 1928ko argitalpenean doinu ezberdin birekin argitaratu zuen. Halere, Galdos bera baino lehenago Resurreccion Maria Azkuek ere bilduak zituen bere Kantutegian Passioaren sei bat doinu; bizpahiru argitaratu zituen 1922an, eta beste horrenbeste artxiboan geratu ziren. Arruek ere 1925ean beste bat argitaratu zuen.[1]
Bertsoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hauek dira Passioaren bertsoak, Augustin Zubikaraiek "Ipazter" lanean argitaratutako bertsioaren arabera:[2]
1.- Jesukristori kendu ezkero
pekatuagaz bizitza,
baldin ez ba dot negar egiten
arrizkoa dot biotza.
Guztiok lagun
kantatu daigun
bere penazko eriotza.
(Bertso bakoitzaren ostean esateko errepika)
Damu dot Jauna Biotz guztitik
zu ofendidu izana, ez geiago
pekaturikan neure Jaungoiko laztana
ezer kulparik betor zeuganik,
pena oriek niregana.
2.- Mundua baiño askoz lenago
señalauriko eguna
eldu izan zan obretarako
gizonaren osasuna.
Argia bera,
alde batera
bestetik egun illuna.
3.- Eguen santu afal ondoan,
bere lagunak zitula
Jesuse'k iru diszipuluai
berba egin eutsen onela:
triste nago ta
lo ori bota
egizue emen gaubela.
4.-Getsemaniko Ortu santuan
auspez lurrean jarririk,
esketan eutsan librau eiala
Aitari Kaliza atarik;
Jesus penatzen
odolez urtzen,
eta ez dot nik negarrik?
5.- Izerdi otza arpegian da
biotza penen artean,
triste arimea gorputza larri
agoliñako trantzean,
baiñan alan bere
egoan firme
Aitaren borondatean.
etorri ziran itantzen,
Nazarenua deritxon Jesus
emen ete da aurkitzen?
Judas orduan
bake moduan,
dua musua emoten.
7.- Zeinbat direan Judasen legez
Kristoren adiskideak,
Kanpoti laztan barruti saldu
Ausirik bere legeak?
Kristiñau faltso
Arima gexto
Pekatari traidoreak!
8.- Erantzun eban Jesus maiteak
Zeiñen billa zatoze ona?
Ara emen dago ezta besterik
Gura dozuen gizona:
Joateko eztot nik
soka bearrik
Ez eldu lagunok gana.
9.- Eskuetatik lotu izan eben
guztion libertadea.
Zegaiti au zan geure onean
Jaunaren borondatea,
Urratuteko
Ainbat urteko
Pekatuaren katea.
10.- Diszipuluak euren Maisua
ebenean ala ikusi
bakar bakarrik bera itxita
joan zirean igesi:
Pedro etorren
bere ondoren,
baña au bere urruti.
11.- Daroe bada Jerusalengo
Sazerdoteen aurrera,
Diszipuluen ganean eta
Dotriñan kontu artzera:
Kaifas gextoa
Aurrerengua
Asten jako itantzera.
12- Eztot nik diño Redentoreak
predikatu ezkutuan,
agirian zan nire dotriña
Ez niri itandu
Asko dituzu
Entzun nabenak munduan.
13 - Erantzuna aitu eban ezkero
Soldadu batek bertati
gora daroa bere besoa
eta dirautso Jaunari:
Ikasi daizun
Zelan erantzun
Barriz Pontifizeari.
14 - Esan eta egin emoten deutso
bere arpegi ederrean
belarriondoko andi bat,
zeñek ezarri eban lurrean:
Eta Zeruak
dagoz lotuak
Au ikusten dabenean?
15 - Nozko dirade, Aita Eternua,
tximistak eta arraioak
ez erretako an berbati
esku ain sakrilegoak?
Aingeru ostea
eldu zaitea
Non dituzuez egoak?
16- Baldin deungaro berba egin ba dot
Errazoia emon egizu
baiña ezpadot, diño Jesusek,
ezetan bere erratu,
Zegaiti arren,
berba egin arren
Onela tratetan nozu?
17.- Indazu Jesus biotzekoa
Zeure sufrimentu ori,
jakin dagidan zelan penetan
emongo dodan arpegi
parkatuagaz
biotz osoaz
etsairik andienari.
18 - Damu dot Jauna biotz guztitik
zeu ofenditu izana,
Ez ez geiago pekaturikan
Neure Jaungoiko laztana,
Lar da kulparik
betoz agaitik
Pena orreik niregana.
19.- Sua egoan eskatzen ta
Pedro su atan berotzen,
Zerren biotzak amodioa ta
otz asko eutsan sentitzen
Su orren keak
Begi bereak
Negarrez bete zituen.
20 - Zerren ollarrak ez eban emon
birritan bere soñua
non iru bider ukatu eban
San Pedrok bere Maisua:
Ezta besterik
Okasiñorik
Ateraten dan pagua.
21.- Kaifasek barriz itantzen deutso
egiñik juramentua
Esan eidazu, Jesus bazara
Mesias prometidua
Alan ezpada
Zetako izan da
Engañatea mundua?
22.- Ondo ekian Jesusen nora
joean konfesiñoia
topetan eban kondenetako
Kaifasek okasiñoia
Eta arekin
gura eutsan egin
ilteko akusaziñoia.
23.- Alan be baietz entzuten dau
Aitari begiraturik
Baita Kaifasek bere deadar
soñekoak urraturik
Blasfemuena
Da onen pena
Ia dago kasua egiñik.
24.-Jagiten dira konziliotik
Ta artuten dabe bidea
Amargurara, non Pilatosek
Edukan bere etxea
zan Erromako
denpora atako
judeuen Presidentea.
25 - Juezak diño emongo badot
Gizon au eriotzara
ekarri egizuz kausa justuak;
Eta ezpadira, zetara
Narabilzue,
Eroaizue
Or Herodesen aurrera.
26.- Aita Eternua jakituria
Dauko munduak zorotzat,
Agaiti diño Errege orri
Jantzi tunika zuri bat:
Ezpabe nola
Zeruko estola
Erosiko zan guretzat.
27.- Esan eutsien Pilatoseri
Juduen Sazerdoteak,
Uste al dozu ez doguzala
Guk bete geure legeak?
Dau Blasfemadu,
Merezi ditu
Eriotza ta azoteak.
28 - Onek esan dau, izanik arotz
Pobretxo baten Semea
dala Jainkoaren Semea,
Judeako Erregea:
llten ezpozu
ezara ez zu
Zesarren adiskidea.
29 - Gura eukean juezak Jesus
Eriotzatik libradu,
Zegaiti bere inozentzia
Ondo eban ezagutu
baiña juduak
dagoz itsuak,
ez eutsien permitidu.
30.- Eriotza bat eginda, diño
dago Barrabas kartzelan
Nor nai dozue, Nazarenua
edo a librau dagidan?
Da oiturea
Bat libretea
Zuen Pasko egunean.
31.- Osta aotik atera eban
asi zirean deadarrez:
Librau egizu Barrabas; baiña
Jesus Nazarenue ez:
Orrek bear dau
Biziro penau
Abe batean dolorez.
32.- Ostera itantzen dau Pilatosek:
Baiña zer kausa emon dau?
Israeleko Errege bada,
Esatea da pekatu?
Areik deadar
Errege Zesar,
Ori Kurutzean iminzu.
33.- Justiziako lege guztiak
itxirik alde batera
Salbadorea kondenatu dau
gogor azoteetara:
Zeru altuak
Zer dekretuak
Datoz ortikan lurrera.
34- Jainkoa bera, zeñek dadukan
mundua loraz jantzirik,
kortesi baga bere erropak
Tunikaraiño erantzirik
narru gorrian
egun argian
itxi eban lotsaturik.
35 - Nondik zarie gaba ta odeiak
illuntasuna non zara,
zelan zatoz Birjiñearen
Seme eder au estaltzera?
Ola eguzkia
Zeure argia
bialdu egizu atzera.
36 - Bost milla azote eta geiago
loturik kolumna baten
asi zirean iru borreru
bere espaldetan emoten:
Ibai bat zelan
Odola alan
Asi ziran zan jausiten.
37.- Arriak eta Salbadoreak
biak alkar zirudien
zegaiti esan onen aoti
sentimenturik entzuten:
Marmolak eurak
golpe kruelak
dituenean artuten.
38.- Pillaretikan biziro Jauna
soldaduak askaturik
joakoz arin adoratera
burlaz Errege egiñik:
Bere koroa
Arantzazkoa
Buruan estu josirik.
39 - Mantu santarra soñean eta
kañabera bat eskuan:
Onelan Jesus tratetan eben
Pekatariak munduan,
mundua bera
Redimietara
Jauna etorren orduan.
40.- Jesus onela ikusi eta
Pilatos errukiturik,
diño barriz: nik eztot aurkitzen
gizon onegan errurik;
II egizue
Nai badozue
Erroman ezta legerik.
41.- Areik deadar: Jauna dalako
Pilatos, bildur bazara,
Datorrela arin orren odola
geure arimen ganera:
Eztau ardura
Geure kontura
Kondena egizu kurutzera.
42. Juez gextoak Sazerdoteen
esana egiteagaitik,
publiketan dau sententzia bat,
ez iñok okerragorik,
Eta gura dau
Burua librau
Jainkoaren odoletik.
43.- Alper alperrik Presidentea
garbitzen dozak eskuak,
juez justotzat eduki azan
hipokrita ori munduak:
loituta ago;
baiña geiago
I baño bere juduak.
44- Kurutze baten mundu guztiko
pekatuak zituzala
abiatu zan kalbariora
Jesus lapur bat bezela:
Artu Kurutzea
Au da bidea,
Galduko gara bestela.
45 - Salbadorea pausu bat bere
ezin emonik aurrera
Kurutze astunak azpiraturik
benzidu eban lurrera.
0 pekatua
zeure pixua
Karga guztia zu zara.
46.- Ezin bakarrik eroan eben
zalako guztiz astuna,
eta orregaiti emon eutsien
Zirineoa laguna:
ditxazko gizon
Zara zu Simon
Nork leukan zure eguna!
47.- Bide onetan joeanean
Kalbarioko mendira,
bere Semea kontenpletako
Ama egoan begira:
An dira penak
An tormentuak
martirioak an dira.
48.- Ama Birjiña afligidea
itxi egizuz begiak,
estaldu zaite, ain baga bere
asko daroa Semiak
tormenturikan;
Bat bere itzikian
ezteutsu itxiko negarrak.
49 - Bialtzen dituz Amak begiak
Semearen ikustera;
baiña biotzak sufridu ezinda
biurtzen dira atzera:
Dagoz agaiti
begietati
biotzak berba egitera.
50 - Semearenak esaten deutso
badakizu Ama maitea
asko sentitzen badozu bere
onelan ni ikustea:
Bestelan ezin
Zeruarekin
egingo dala bakea.
51.- Neure Aitaren borondatean
Zeurea beti daukazu
aren esanak naroa: Agur
Bendiziñoia indazu;
Neure ordeaz
Pekatariaz
kontuak zeuk edukazu.
52 - Amak diñotso: Zoaz neure Jesus
iltera ordu onean
baiñan zelan ni itxi nai nozu
bakartade ain tristean?
0, zelanbait nik,
eta ondo pozik
jarraituteko (?) neukean.
53.- Salbadoreak onelan penaz
egiñik bide erdia,
Veronikaren karidadeak
kendu eutsan izerdia:
Obra onen pagu
Jaunak isten du
Pinturan bere arpegia.
54.- Joazan bada bera laguntzen
jerusalengo Alabak,
penaren andiz negietati
urturik euren biotzak;
eta eurekana
biurturik Jauna,
Dio: Ay emakumeak!
55.- Arbola eze au erre badau
pekatuaren su garrak,
zelan eztituz abrasaduko
su orrek egur igarrak?
Ez niri negar,
Eztot nik bear,
pekatuari negarrak.
56.- Eldu ziren Kalbariora,
egozan prest borreruak
Mundu guztiko Egilleari
josteko oiñak ta eskuak,
Ikusi eian,
Bigarren Adan,
Arbola atan munduak.
57 - Nok ditu esku ta oin orreitan
burdiñeagaz idigi
gorroto edo amodioak
odolezko lau iturri?
Bularretikan
ate egiñikan
amodioa da agiri.
58 - Baltzez jantzirik ezkutetan dau
Zeruak bere arpegia,
lotseagaítik gelditzen dala
gorriturik argia,
gau illunean
egoanean
altuena eguzkia.
59.- Austen dirade arriak, zelan
dagoz biotzak osorik
Kurutze baten dolorez ilten
geure bizitza ikusirik?
Pekatariak
gora begiak
negar iturri egiñik.
60 - Gogoti negar egingo deutsut
jarririk zeure oiñetan,
neure Jaun ona zaitudalako
imiñi Krutze orretan:
Daukat damua
Zu ofendidua
Gauza guztien ganean.
61.- Izanagaiti, Jesus maitea,
neure pekatua andia,
Preziosua da zeure odola,
Au dakidala balia:
Piedadea
Neure Jabea
Jauna miserikordia.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «Basterretxearen Passioa kantatzeko erabili diren doinuak» www.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
- ↑ a b c 1914-, Zubikarai, Augustin,. (1987). Ipazter. J. Fernandez Egiguren PMC 33157357. (Noiz kontsultatua: 2022-04-05).
- ↑ Meabe, Miren Agur. «Nire pasio kutunak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-05).
- ↑ Villasante, Luis. (1979). Historia de la literatura vasca. (2. ed. rev. y completada. argitaraldia) Aránzazu ISBN 84-7240-114-6. PMC 5891228. (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
- ↑ a b Euskal Literaturaren Hiztegia (ELH). (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
- ↑ Xabier., Amuriza,. (1998). Bizkaiko bertsogintza.. AEK ISBN 84-89283-11-7. PMC 1055112813. (Noiz kontsultatua: 2022-04-06).
Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bertsolarien datu basean, bertsoen doinuak: