Nerbio ertaina nerbio sentsitibo eta motorea da. Nerbio honek atzamar lodiaren ahurreko aldearen, erakuslearen, eminentzia tenarreren eta atzamar anularraren erradio aleko sentsibilitatea hartzen du. Horrez gain eskuko muskulu intrintsekoak inerbatzen ditu, batik bat eminentzia tenarrekoak.
Karpoko tunela lotailu eta hezurren igarobide estu eta zurrun bat da eskuaren oinarrian kokatuta dagoena.Tunelaren barnealdean tendoiak eta nerbio ertaina daude. Alde proximalean hezur pisiformeak, semilunarrak, piramidalak eta eskafoidesak mugatzen dute karpoko tunela, alde distalean aldiz trapezioak, trapezoideak, handiak eta gakoak mugatzen dute. Karpoko tunelaren sabaia erretinakulu tolestatzailea deitzen den lotailuak sortzen du.Tunelean barrena eskuko atzamarren azaleko tolestatzaile komunaren lau tendoi igarotzen dira, eta horrez gain hatz lodiaren muskulu tolestatzaile luzea ere.
Karpoko tunelean dagoen espazioa gutxitzen duen edozein prozesuk nerbio ertaina harrapatuta geratzea eragiten du. Batzuetan, narritatutako tendoien hanturak edo beste hainbat hantura eragiten dute tunelaren espazioaren gutxitzea. Ondorioz, mina sentitu daiteke bai eta esku eta eskumuturraren gogortasuna, hau ondoren beso osoan isladatu daiteke.
Nahiz eta deskribatutako mina beste hainbat patologia edo arazorengatik sor daitekeen, karpoko tunelaren sindromea konpresioagatik sortutako neuropatietatik ohikoena.
Normalean karpoko tunelaren presioa 7-8mmHg-koa izaten da, baina batzuetan, patologia dagoenean, 30mmHg izatera hel daiteke, eta hau gertatzerakoan funtzioa kaltetu egingo da. Patologiaren kasuan eskumuturra luzatu edo tolestean 90mmHg-ra hel daiteke, eta honek vasa vasorumeko iskemia eragiten du. Presio igoerak gurpil zoro bat eragin dezake, izan ere edema basogenikoa agertzen da, eta honek presioa are gehiago igoaraziko du.
Konpresioagatik sortutako eskuaren neuropatia periferiko ohikoena. Intzidentzia handiena 40 eta 60 urte arteko emakumeengan izaten du[2]. Estatu Batuetan gaur egungo intzidentzia %0,1-ekoa da, eta populazio langileari dagokionez %15-tik %20-era.
Normalean sintomak gradualki hasten dira (zenbait kasutan bat-batean) eta esku eta hatzetako bero edo kalanbre sentsazio bezala adierazten dira, batez ere hatz lodi, indize eta erdikoan sentitzen dira. Zenbait sintoma desberdin:
Karpoko tunelaren sindromea pairatzen duten paziente batzuek diote beraien hatzak puztuta eta alfer sentitzen dituztela, hantura ez aurkeztu arren.
Sarritan sintomak esku batean edo bietan agertzen dira gauean zehar, hatzen punten loaren sentsazioarekin, tolestutako eskumuturrekin lo egiteagatik sortzen dena. Pertsona hauek eskua astintzeko beharrarekin esnatuko dira.
Sintomak larriagotu ahala, pazienteak kalanbreak sentitzen hasten dira egunean zehar.
Eskuaren pultsua jaisten da eta honek ukabila ixtea, objektu txikiak heltzea edo eskuarekin gauzatzen diren beste zeregin batzuk egitea zail dezake.
Kasu kronikoetan edo tratamendurik gabeko kasuetan, hatz lodiaren oinarriko muskuluak ahuldu edo atrofia daitezke.
Halaber, ukimenaren bidez hotza eta beroa desberdintzeko zailtasunak izatea gerta daiteke.
Beste batzuetan esku eta eskumuturra “lo egiten” dira.
Sintoma hauek eskumuturreko mugimendu errepikakorrak jarduten dituzte langileetan agertu ohi dira, honek lotailuetako hantura eta nerbioen konpresioa eragin dezakeelako. Hala ere, haustura edo lesio bat pairatu duten pertsonetan ere ager daitezke.
Klinika kaltetutako eskumuturraren gehiegizko aktibitatea dela-eta handitu daiteke. Aldiz, eskumuturra masajeatuz edo astinduz gutxitu daiteke.
Karpoko tunelaren sindromea, gehienetan, nerbioen eta zurda ertainen presioaren ondoriozkoa da; zuzenki nerbioen arazo bat izan beharrean. Asaldura honen arrazoia, nagusiki, sortzetikoa da: karpoko tunela, zoriz, pertsona batzuengan, besteengan baino txikiagoa da. Diagnostikoaren barnean, traumatismo edo eskumuturreko lesioak izanen dira hanturaren kausa nagusiak, hala nola, bihurdura edo haustura; glandula pituitariaren hiperaktibitatea; hipotiroidismoa (glandula tiroidearen funtzio murriztua); hezurretako artritisa; eskumutur elkarguneko arazo mekanikoak; lan estresak; besaurreko talde muskularraren erabilera errepikakorra; likidoaren erretentzioa haurdunaldi zein menopausian, edo kiste zein tumore baten agerpena karpoko tunelean. Zenbait kasutan, ezinezkoa izaten da gaixotasunaren zergatia antzematea.
Gaur egun, datu kliniko gutxi daude eskumuturraren mugimendu errepikatzaile eta bortxatuek sindrome honen agerpena azaleratu dezaketela frogatzen dutenik (nahiz eta, egia den, afekzio indizeak altu dirautela eskuzko lanak egiten dituztenen artean).
Laneko zein egunerokotasun barneko mugimendu errepikatzaileak, bursitis-a (muskulu eta tendoien hezur gaineko mugimendua errazten duen poltsaren hantura), tendinitisa (tendoien hantura) eta gehienbat, elastikotasun falta, txikitasun eta muskulu eta tendoien arteko elkarrekintza falta eragingo dute. Nerbio ertainaren puntu zanpagarriak honako hauek dira:
Pronatzaile borobila: muskulu zapala eta laprana. Epitroklean du jatorria eta erradioaren epifisiraino gurutzatuz, hezur honen ertzean ezartzen da. Besoaren pronazio eta tolespenean laguntzen du. Nerbio ertaina, muskulu honen ezarpen gunearen azpitik igarotzen da (horregatik da gaitz- puntua).
Idazlearen kalanbrea (koordinazio motorraren gabezia, min eta presio igoera adierazten dituen, mugimendu errepikatzaileen ondoriozko egoera) ez da karpoko tunelaren sindromearen ondoriozko sintoma.
Zerbitzari zein gitarrista lanbideak izan litezke adibide garbia, gaixotasun honi dagokionez.[3]
Diagnostiko eta tratamendu goiztiarrak garrantzitsuak dira nerbio ertainaren kalte iraunkorra saihesteko. Eskuetako, besoetako, sorbaldetako eta lepoko azterketa fisikoak pazientearen kexak eguneko jarduerekin edo beste gorabeherekin erlazionatuta dagoen ikusteko lagungarriak izan daitezke. Medikuek proba espezifikoak erabil ditzakete karpoko tunelaren sindromearen diagnostikoa baieztatzen saiatzeko. Karpoko tunelaren sindromearen existentziarantz orientatzen dituzten datuen artean, karpoko tunelaren pasabidearen espazioa handitzen edo txikitzen duten zenbait maniobra existitzen dira, sintomatologia aldatzen den frogatzeko:
Phalenen zeinua: hau eskumuturraren flexioaren zeinua bezala ezagutzen da ere. Honetan pertsonak eskuak 90 gradu bertikalki eta hatzak behera begira ipini behar ditu, bi eskuen dortsoak bata bestearengan presionatuz.
Tinelen zeinua: medikuak eskumuturra presionatu eta jotzen du pertsonaren nerbio ertainaren mailan erreflexu-mailu batekin. Proba positiboa da bigarren eta hirugarren hatzen (nerbio ertainak inerbatutakoak) inurridura edo shockaren antzeko sentsazioa gertatzen denean.
Zirkuluaren zeinua: pazientea lehen hatza bigarrenaren kontra ipintzen saiatzen denean (zirkulu bat edo OK nazioarteko zeinua eginez) , ezin ditu falangeak ondo flexionatu, ahate baten pikoa dirudien forma sortuz.
Durkanen zeinua: medikuak pazientearen eskumuturraren aurpegi ahurra presionatzen du bere hatz lodiarekin, eminentzia tenar eta hipotenarren artean dagoen eremuan. Modu honetan, sintomak agertuko dira tunelaren estutasuna existitzen bada.[4]
Sarritan beharrezkoa da elektrodiagnostiko frogak erabiltzea diagnostikoa egiaztatzeko:
Nerbio-garraioaren azterketan, elektrodoak eskuan eta eskumuterrean jartzen dira. Shock elektriko txikiak ematen dira eta nerbio-bulkadak transmititzen diren abiadura neurtzen da.
Elektromiografian, orratz fin bat muskulu batean barruan sartzen da; pantailan agertzen den jarduera elektrikoak nerbio ertainaren kaltearen larritasuna zehatz dezake.
Ultrasoinuaren bidez lortutako irudiek nerbio ertainaren ezohiko tamainak erakuts ditzakete.
Karpoko tunelaren sindromea, bigarren mailakoa bada (hau da, beste gaixotasun baten ondoriozko sindromea), hau tratatu eta senda daiteke, jatorriari irtenbide bat ipiniz (diabetesa, obesitatea, hezurretako artritisa, infekzioren bat, hematoma bat…).
Kausarik edo honen zergati aipagarririk azaltzen ez den kasuetan, tratamenduak maila eta pausu ezberdinak izango ditu. Lehenik eta behin prebentzioa; ahal den heinean, eskumuturreko mugimendu ezberdin eta ez-errepikagarriak eginez eta deskantsuak emanez gure gorputzeko atal honi. Hau nahikoa ez balitz, eskumuturreko mugimenduak mugatuko genituzke, ferula baten bitartez; bertako tentsioa jaisten lagunduko digu eta antiinflamatoriek, nerbioaren gain eginiko presioa txikitzen lagunduko ligukete.
Azken Cochraneko berrikuspenen arabera, epe motzean, gaueko euslea eraginkorragoa da, tratamendu eza baino. Beharrezkoa denean, antiinflamatorio hauen infiltrazio lokal bat ere emango da (efikazia handieneko tratamentua da)[6].[7]
Tratamendu fisioterapeutikoak CHC (compresas húmedas calientes) eta parafinaren erabilera barneratzen dituzte. Mugimendu eta aktibitate espezifikoaren tratamenduek ordea, ez dute efikazia askorik erakutsi, beste tratamendu ez-kirurgikoekin alderatuz.[8] Ultrasoinu edo laserraren erabilera gomendatzen da, elektroterapian; baina azken berrikuspen zientifikoek, ez dute ziurtasunik azaldu sindrome honen hobekuntzari dagokionez[9]. Aurreratuagoko kasuetan zein tratamenduek funtzionatu ez duten pazienteetan, kirurgia proposatzen da. Hau, nerbioaren ibilbidearen zabalkuntzan oinarritzen da; hala nola, epe luzerako aukera onena bihurtuz[10].
Sindromearen kausetako bat teklatuaren erabilpena denean, teklatuaren aldaketa gomendatzen da; Dvorak teklatura hain zuen, zeina edozein sistema operatiboetan eskura daitekeen. Teklatu honetan, teklen banaketa optimizaturik dago, atzamarren mugimendua murriztu arren, testu berdina idatzi ahal izateko. Karpoko tunelaren sindromea zein mugimendu errepikakorren gaitza jasaten duten paziente askok sentitu izan dute lasaitu eta deskantsu bat (batzuk sendatzerainokoa), honen erabileren ondorioz[11].[12]
Teklatu, mouse eta mousepad- a elementu ergonomikoengatik aldatzeaz gain, aulki ergonomiko bat beharrezkoa izango da, jarrera egokia mantentzeko (epe luzeko arazoak prebenitzeko). Bestetik, besaurrea mahai gainean sostengatu behar da mouse-a erabiltzerako garaian (jarrera honek eskuarengan dagoen presioa murriztuko du).