Sjögrenen sindromea[1] zelulak, ttua eta malkoak isurtzen dituzten guruinak, beste batzuez gain, batez ere liseri aparatuan, erasotzen dituzten gaixotasun autoimmune bat da. Gaixotasun erreumatiko bat ere bada, artikulazioetan mina eta hantura eraginez.
Bi mota bereizten dira: Sjögrenen sindrome primarioa eta Sjögrenen sindrome sekundarioa. Lehenean, lehortasun arazoak daude begietan eta ahoan, ttu eta malko guruinen aurkako erasoaren ondorioz; sindrome mota hau duten gaixoen artean, batzuetan, antigorputz antinuklearren presentzia dago (ANA) odolean. Sekundarioa, gainera, beste gaixotasun autoimmune batekin elkartuta egoten da, lupus eritematoso sistemikoa, artritis erreumatoidea, esklerodermia, dermato-polimiositia edo ehun konektiboaren gaixotasun mistoa kasu.
Zantzu nagusien artean, honako hauek daude: begi eta aho lehorrak (horren ondorio diren kalteekin), mina eta nekea gorputz-adarretan, negala eta larruazal lehorra. Estimatzen denez, gaixotasun hau duten 4 milioi pertsona daude, horietatik %90a, emakumeak direlarik. Ohi, 40 urtetik gorako pertsonetan diagnostikatzen da.
Tratamendua, immunitate-sistemaren lana murriztera begira doa, eta, sintomak arintzeko, isurketak estimulatzeko botikak erabil daitezke, malko artifizialak erabili, eta, gainera, gihar eta artikulazioetako minarentzako botikak erabil daitezke.