Suessatio

Koordenatuak: 42°50′00″N 2°38′00″W / 42.83333°N 2.63333°W / 42.83333; -2.63333
Wikipedia, Entziklopedia askea
Suessatio
Datuak
EskualdeaHispania Tarraconensis
Koordenatuak42°50′00″N 2°38′00″W / 42.83333°N 2.63333°W / 42.83333; -2.63333
Map
Historia
GaraiaAntzinaroa
KulturaKaristiar, erromatar
Metropolia(k)Antzinako Erroma
Indusketa
ZuzendariakLorenzo Prestamero

Suessatio, Suessatium edo Souestasion Klaudio Ptolomeok aipatutako karistiarren lurraldeak osatzen zuten civitas bat zen. Egungo Arkaian, Gasteiztik hurbil zegoen.

Astorga-Bordele galtzada erromatarrean mansioa izan zen[1].

Arkaian erromatar termen hondarrak topatu zituzten, iter XXXIV galtzadaren ertzean eraikiak. XVIII. mende bukaeran aurkitu zituen Lorenzo Prestamerok. Herrixka erromatar osoak 19 hektareako azalera badu ere, zati bat baino ez dago ikusgai gaur egun. Haren jatorria K.a. III. mendean ezarri dute azken ikerketek.[2]

Arkaiako erromatar aztarnategian egindako indusketan Postumoren enperadorearen miliario bat aurkitu zuten Ab Asturica Burdigalam galtzadaren parte zena. Horregatik pentsatzen da Suessatio Arkaian egongo zela eta Kutzemendiko erromatarren aurreko herriarekin ere lotzen da. Beraz, pentsatzen da Kutzemendiko biztanleak leku berri honetara eraman zituztela, komentu juridiko kluniarrean hainbat hiri eta herrirekin gertatu bezala.[3]

70/80. hamarkadetan induskatu zituen Ramón Loza Lengaranek[4].

Arkaiako arkeologia gunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aztarnategia kokatzen den lurrak 19 Ha-ko azalera du[5], Arkaia entitatearen azpian eta ekialdera dauden lursailetan, baina  zati bat baino ez dago ikusgai.

Indusketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVIII. mendearen bukaeran Lorenzo Prestamerok erromatar termen arkeologia-aztarnak aurkitu zituen. 1976-1981 artean Ramón Loza Lengaran arkeologoak erromatar garaiko termak indusi zituen eta erabilera publikorako zirela ondorioztatu zuen.

Urte batzuk beranduago Ramón Loza berak eta Paquita Sáenz de Urturik egin zituzten indusketek (1994-1997), lekuaren tamaina eta bilakaera argitu zituzten. Indusketa hauetako materialen lagin bat Gasteizko Bibat Museoan ikus daiteke.

Hirigunea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokaleku indigenaren gainean Inperio garaian oin berriko asentamendu erromatarra ezartzen da. K.o. I. mende inguruan hedapen handia izan zuen, eta aztarnategi osoa hartu zuen. K.o. II. mendean, III. mendean mantenduko da. IV. mendetik aurrera, erromatar inperioko herri gehienetan gertatzen den bezala, krisiaren ondorioz, hiri hau atzerakada demografiko handi batean sartuko da, murriztu egingo duena, baina mendeetan zehar gaur egungo Arkaia herriraino mantenduko dena.

Ikerketa arkeologikoen bidez jakin izan da garaiko hirigintza arauen arabera antolatua zegoela hiria: etxe arkupedunak, erretikula formez planifikatzen diren kaleen inguruan etxadiak osatuz.

Nolabaiteko prestutasuna zuten etxeek mosaikozko zoladura zuten, eta hormak kolorezko iztukuz estalita zeuden. Sabaiak, berriz, teilaz estaltzen ziren. Marmolezko moldurak eta zutabeen hondarrak tamaina jakin bateko eraikinez ari dira, agian izaera publikokoak.

Hirigune hau Astorga Bordelerekin lotzen zuen Iter XXXIV galtzadaren ertzean zegoen. Antoninoren ibilbidearen arabera, galtzada honen ondoan karistiarren tribuko Suessatio edo Suestatiumeko mansioa zegoen; honekin jarri da harremanetan Arkaiako leku hau, civitas (hiria) maila zuena.

Mansio honetako adierazgarririk handiena multzo termala da, gaur egun ikus daitezkeen hondakin bakarrak.

Termak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirigune honetako terma multzoa K.o. I. mendearen bigarren erdialdean jarri zen abian eta hainbat aldiz berritua izan ondoren, IV. mende inguru aldera terma izateari utzi zion.

K.o. I. eta II. mendeetako arkitektura multzo interesgarri honek ohiko eskema du: eraikuntza lineal bat, tenperatura desberdinetako bainurako guneak jarraian dituena (frigidarium edo gune hotza, tepidarium edo gune epela eta caldarium edo gune beroa), eta, alboan, aire zabalean jarduera fisikoa egiteko erabiltzen zen palaestra, multzo horren zerbitzu eta funtzionamendurako instalazioez gain (aldagelak, komunak, labeak, estolderia …). Eremu sakratua ere badago eta bertan eskaintzarako hainbat ontzi eta botozko aldare txiki bat aurkitu dira. Termen aztarnak, ordutik eta gaur arte agerian geratu dira aztarnategiaren erdian.

2015 urtean In corpore sano. Erromatar garaiko Arkaiako termak  izeneko aldi baterako erakusketa izan zen ikusgai Bibat museoan.


Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) Velasco, Juan A. Santos; Emborujo, A.; Urbina, E. Ortiz de. (1992-01-01). «Reconstrucción paleogeográfica de autrigones, caristios y várdulos» Complutum: 449–449. ISSN 1988-2327. (Noiz kontsultatua: 2023-09-21).
  2. Ramón Loza Lengaran, Francisca Sáenz de Urturi Rodríguez. (1999). Nuevos datos sobre una ciudad romanizada Suessatio (Arcaya-Álava). in: XXIV Congreso Nacional de Arqueología. 4 Cartagena, 331-340 or. ISBN 84-88570-23-6..
  3. (Gaztelaniaz) López Noriega, Pilar. (1997). «Organización territorial romana en el conventus cluniensis: algunas consideraciones sobre la creación de ciudades ex novo» Zephyrus. Revista de prehistoria y arqueología (Universidad de Salamanca).
  4. (Gaztelaniaz) Loza Lengaran, Ramón; Loza Uriarte, Miguel; Niso Lorenzo, Javier. (2014). Las termas romanas de Arcaya / Suestatium: memoria de las intervenciones arqueológicas en "Otazibarra" (1976-1982). Arabako Foru Aldundia, Euskara, Kultura eta Kirol Saila = Diputación Foral de Álava, Departamento de Euskera, Cultura y Deporte ISBN 978-84-7821-824-0. (Noiz kontsultatua: 2024-02-07).
  5. «Zona Arqueológica de Arcaya. Ondarea. Sistema de información del Patrimonio Cultural Vasco» www.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2023-12-18).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Historia
Araba
Artikulu hau Arabako historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.