Taktika militar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Errusiar patruila segada batean.

Taktika militarra guda jakin bat lurrean bertan gidatzeko arte da. Borrokarako dauden tresna eta baliabide guztiak egokitu eta konbinatuta. Estrategiaren alde exekutiboa da eta gudariak, armak eta garraioak biltzeaz eta lurraren eta etsaiaren ezaugarrien azterketaz arduratzen da.

Gudu-zelaian bertan edo inguruan borroka-indarrak nola antolatu eta erabili erabakitzeko erabiltzen dira taktika militarrak. Estuki erlazionatutako lau gudu-zelaiko funtzio erabiltzen dira horretarako: zinetikoa edo su-ahalmena, mugikortasuna, babesa edo segurtasuna, eta ezusteko ekintzak. Azpimarratzekoa da taktika aparteko funtzioa dela, ez agintea eta kontrola edo logistikaren parte. Gaur egungo zientzia militarrean, gerrako hiru mailetatik baxuena da taktika. Maila altuenak, aldiz, estrategia eta operazio-artea dira. Historian zehar, funtzio taktiko bat edo bestea gailendu da garaiaren arabera. Izan ere, teknologia militar berriak agertu ahala, borroka-indar bat edo bestea gailendu da gerran, esaterako, infanteria, artilleria, zalditeria edo tankeak.[1]

Funtzio taktikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinetikoa edo su-ahalmena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran eskuzko armak eta urrutirako armak bakarrik erabiltzen baziren ere, esaterako borrak eta lantzak, funtzio zinetikoa eta su-ahalmena teknologia-aurrerapenekin batera garatu dira. Hortaz, denboraren poderioz, gertuko eskuzko armek eta urrutirako armek indarra galdu dute urrutiragoko jaurtigai-armen mesedetan. Historiari erreparatuta, ezpataz, lantzaz, xabalinaz eta arkuaz lortzen zen efektu zinetikoa oro har, erromatarrek artilleria sortu zuten arte. XIX. mendearen erdialdera arte, infanteria bidezko su-ahalmenezko jaurtigailuak ez ziren oso esanguratsuak; hau da, infanteriaren su-ahalmenak ez zuen eragin handirik guduetan, eta, ondorioz, efektu zinetiko nabarmenak eragiteko artilleria erabiltzen zen. Deskarga-erasoa modu diziplinatuago batean eta distantzia gutxira erabiltzen hasi zenetik, aldiz, infanteriaren eragina handitu egin zen, eta, neurri batean, hasierako mosketeen iris-ahalmen mugatua, zehaztasun urria eta kadentzia txikia konpentsatu zituen. Teknologia-aurrerapenei esker, batez ere errifle-mosketea sortzeari esker, balek ibilbide zuzenagoa izatea eta zehaztasun hobea lortu ziren distantzia handiagoetan, eta baita biktima gehiago ere. Holako armak Krimeako Gerran eta AEBetako Gerra Zibilean erabili ziren lehen aldiz. Su-ahalmena defentsarako erabiltzea ohiko bihurtu zenez , gero eta zailagoa suertatu zen artilleriarik gabeko infanteria-erasoak egitea. Etsaiei toki berean eutsi eta, hala, eraso erabakigarri bat egiteko ere funtsezko bilakatu zen su-ahalmena. XX. menderako, metrailadoreek modu esanguratsuan hobetu zuten infanteriaren su-ahalmena, eta, mende horretan bertan, gero eta su-ahalmen mugikor gehiago agertu zen, esaterako, tankeak, artilleria autopropultsatua eta hegazkin militarak. Infanteriaren armekin, tankeekin eta beste ibilgailu armatu batzuekin batera, gaur egungo armaden su-ahalmena artilleria autopropultsatuak, arma gidatuek eta hegazkinek osatzen dute.[2]

Mugikortasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borroka-indarrak zer abiaduratan mugitzen diren, horri deitzen zaio mugikortasuna. Giza historiaren zatirik handienean, soldaduen abiadura izan da abiadurarik azkarrena, are hornigaiak zama-abereek eramaten zituztenean ere. Muga horrengatik, armada gehienek ezin izaten zuten egunean 32 km baino gehiago mugitu, ibaietatik zihoazenean salbu. Gutxi batzuek bakarrik gainditu zezaketen abiadura hori, esaterako, zaldunek eta trebakuntza bereziko soldadu arinek. Mugikortasun taktikoa Lehen Mundu Gerrako azken urteetara arte egon zen horrela mugatuta, hain zuzen ere, tankeei esker maniobra taktiko erabakigarriak egin ahal izan ziren arte. Edonola ere, mugikortasun taktikoa ez zen bere gailurrera iritsi Bigarren Mundu Gerran formazio blindatu eta motorizatuek arrakasta nabarmena lortu zuten arte. Dena den, Bigarren Mundu Gerrako armaden gehiengoa zaldiek bultzatua zen, eta horrek mugikortasun taktikoa mugatu zuen. Bestalde, oztopo fisikoek mugikortasuna oztopatzen eta mugatzen dute, eta horregatik nahita jartzen dituzte oztopo horiek ingeniari militarrek.[3]

Babesa eta segurtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai klasikoetatik, gerlariek armadurak jantzi izan dituzte beren burua babesteko, eta, beranduago, zaldiak ere babesten hasi ziren. Armadurek, ordea, asko pisatzen dutenez eta handiak direnez, mugikortasuna mugatzen dute, eta baita gizaki zein animalien erresistentzia txikitu ere. XVIII eta XIX. mendeetarako, jada ez zen ia gorputz-armadurarik erabiltzen, Lehen Mundu Gerran kasketak berriz erabiltzen hasi ziren arte artilleriaren su-ahalmenaz babesteko. Bigarren Mundu Gerran, gerra-ibilgailu blindatuak ugaritu ziren, eta, gerraren ostean, infanteria gorputz-armadurak erabiltzen hasi zen berriro, batez ere Mendebaldeko armadetan. Antzinarotik erabilitako gotorlekuek jende asko babesten dute aldi berean; horregatik babes kolektiboa eskaintzen dutela esaten da. Gaur egun, ordea, lubakiak, barrikadak, txarrantxak eta minaturiko eremuak erabiltzen dira babes kolektiborako. Oztopoak bezalaxe, askotan ingeniari militarrek sortzen dituzte gotorlekuak.[3]

Ezusteko-ekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezusteko-ekintzak fisikoki eta psikologikoki eragiten dio etsaiari, eta ustekabean harrapatzen badu etsaia, askoz eraginkorragoa da. Infanteriak ahalik eta azkarren aurrera eginez edota gerra zalgurdiak, gerra-elefanteak, zalditeria eta ibilgailu blindatuak erabiliz lortzen da hori. Izan ere, erasoari indarra ematen diote. Bestalde, defentsarako ere erabili izan da. Adibidez, arkulari ingelesek 1415eko Agincourteko Guduan frantses zaldunen zaldiak izutzeko erabili zituzten ezusteko-ekintzak. Gerra modernoan, zutabe eta lerro deritzen formazio-taktikoek inpaktu handiagoa izan dute formazio soilen su-ahalmenak baino. Bigarren Mundu Gerraren hasieran, askotan aliatuen unitateak suntsitzen zituzten erasoa hasi aurretik edo bestela, ahuldu egiten zituzten unitateburuak hiltzen zituztelako. Metrailadore alemaniarraren eta tankeen su-ahalmenaren konbinazioak gehi zeharkako suaren indarrak eta aire-erasoek eragiten zuten hori. Gerra modernoan, Bigarren Mundu Gerran barne, askotan handiagoa zen etsaiarengan eragiten zuten ezusteko-efektua, eragiten zuten hildako kopurua baino.[4]

Taktiken garapena denboran zehar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taktiken garapenean zehar, antzinatik lau funtzio taktikoetako bat edo bestea gailendu da garaiaren arabera. Aldaketa horien oinarrizko arrazoia su-ahalmenean eta mugikortasunean izandako aldaketak dira. Hainbat teoria proposatu izan dira garai bakoitzeko funtzio-taktikoen eta garai bakoitzean gailentzen zen borroka-indarraren arteko interakzioa azaltzeko. J. F. C. Fullerek hiru "ziklo taktiko" proposatu zituen Antzinate klasikorako eta beste hiru Oraingo Arorako. Oraingo Arorako, "ezusteko" zikloa proposatu zuen 650. eta 1450. urteen arteko garairako, "ezusteko eta jaurtigai" zikloa 1450. eta 1850. urteen artekorako eta "jaurtigai" zikloa 1850. urtetik aurrera.[4] Bigarren Mundu Gerran zehar, Tom Wintringhamek indar armatuak edo indar ez-armatuak gailentzen ziren sei garai desberdindu zituen eta garai bakoitzeko joera taktikoak azpimarratu zituen.[4]

Taktiken garapena[4][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garaia Borroka indar gailena Joera taktikoak
Lehen garai ez-armatua Plateako Gudura arte (K.a. 479) Bat ere ez: bai infanteriak eta baita zalditeriak ere nahiko indar zinetiko txikia zuten eta gerra zalgurdien ezusteko-ekintzen eraginkortasuna ez zen oso handia izango. Egiptoko, Persiako eta Greziako armadak hobe antolatzen eta prestatzen hasi ziren
Lehen garai armatua Hadrianopolisko Gudura arte (378. urtea) Infanteria: falangea eta erromatar legioa elefanteak erabiltzen hasi ziren ezusteko-ekintzetarako baina ez ziren oso eraginkorrak Armada eta hildako gero eta gehiago. Erromatarrak setioak eta lur-artilleria erabiltzen hasi ziren
Bigarren garai ez-armatua Karlomagnok Paviako gudua irabazi zuen arte (774. urtea) Zalditeria arina: zaldi gaineko arkulariak eta ezusteko-ekintzak infanteria baino gehiago ziren Mugikortasuna zen nagusi zalditeria blindatua agertu arte.
Bigarren garai armatua Morgarteneko (1315), Crécyko (1346) eta Ravennako guduak arte Zalditeria astuna: estribuak eta armadura erabiltzen hasi ziren Armadak zuen diruak mugatzen zuen zalditeria blindatu kopurua. Suitzako infanteriak alabardak erabiltzen zituen eta ingelesek, arku luzeak
Hirugarren garai ez-armatua Cambraiko gudura arte (1917) Infanteria: gero eta su-ahalmen handiagoa Arma konbinatuak, artilleriaren su-ahalmena gailendu zelako
Hirugarren garai armatua Gaur egunera arte Indar armatuek mugikortasuna berreskuratu dute Arma konbinatuei aurre egiteko, hegazkin-militarrak eta infanteriaren tankeen aurkako armak erabiltzen dira

Japoniako gerran, arkularien masako deskarga-erasoek infanteriari su-ahalmena eman zioten XIII. mendearen bigarren erdian. Arkulari ingelesen aurrekaria izan zen hori. [5] Tumuko batailan (1449), Mongolen Inperioko Oirat herriaren mugikortasunak eta ezusteko-ekintzek erakutsi zuten zalditeriak oraindik infanteria garaitu zezakeela.[5] Bai europako eta baita ekialdeko gerra tradizioetara bolbora iritsi izanak infanteriaren su-ahalmenean eragin «oso handia, edo guztiz erabakigarria» eduki zuen (Erdi Aroaren amaiera eta Aro Modernoaren hasiera artean).[5] Bolboraren garrantzia argi ikusi dezakegu Nagashinoko Batailan (1575), arkabuzek eduki zuten garrantziarengatik. [5]

Arma konbinatuen taktika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arma konbinatuen taktika deitzen zaio misio taktikoa burutzeko hainbat arma aldi berean modu sinkronizatuan erabiltzeari. Eraginkortasun taktikoa neurtzeko modu bat bat da aztertzea zenbateraino dauden integratatuta armak, hegazkin militarrak barne, gudu-zelaian. Arma konbinatuen taktika ahalik eta eraginkorrena izan dadin, arma konbinatu talde guztiek mugikortasun maila bera eta su-ahalmen eta babes aski izan behar dute. Arma konbinatuen taktikaren garapena irakaspen garesti eta mingarrien atzetik etorri da. Esate baterako, Bigarren Mundu Gerran komandate alemaniarrek hasieratik aurrez aipatu dugun arma konbinatuen taktikaren eranginkortasunaren printzipioa ongi ulertzen zuten arren, komandante britainiarrei kosta egin zitzaien horretaz konturatzea. Arma konbinatuen taktikak arrakastatsuak izan daitezen, arma ezberdinen erabiltzaileek batera trebatu behar dute, eta elkarren gaitasunak ezagutu.[4]

Aire-ahalmenaren garrantzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerraren amaieraz geroztik, aire-ahalmenak asko aldatu ditu taktika militarrak. Gertuko aireko babesa Bigarren Mundu Gerran garatu zen, eta, ondorioz, lurreko borroka-indarren ahalmena asko areagotu, aireko su-ahalmenari, ikuskapen taktiko hobeari eta aurkako aire-ahalmena deuseztatzeari esker. Lurreko indarrak airez hornitzea ere posible bilakatu zen. Britainiarrek arrakastaz lortu zuten hori egitea Burmako kanpainan; alemaniarren saiakerak, ordea, porrot egin zuen Stalingradeko Guduan. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, hegal birakaridun hegazkinak berrikuntza handia izan ziren su-ahalmen eta mugikortasun aldetik, eta armada askotako parte bilakatu ziren. Hegazkinak, altitude baxu edo ertainean hegan egiten dutenak batez ere, zaurgarriak dira lurrean dauden aireko babes sistemen eta beste hegazkinen aurrean. Jausgailu eta planeagailu bidezko operazioek eta hegal birakaridun hegazkinek mugikortasun handia eman diete lurreko indarrei, baina airez iritsitako soldaduek lurreratzerakoan mugikortasun, babes eta su-ahalmen txikiagoak dituztenez, halako zabaltze bertikal edo aire-eraso operazioak ez dira oso erabilgarriak taktikoki. Hori guztia 1944ko irailean geratu zen agerian, Market Garden Operazioan, eta berriz Vietnamgo Gerran, bigarren kasu horretan helikpteroen laguntzaz su-ahalmen handiagoa izan arren eta airez zaurituak modu azkarrean ebakuatzeko aukera izan arren.

Kontzeptua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen Mundu Gerrako alemaniar behatokia, zuhaitz baten itxura emanda. Taktika militarrak borroka-indarrak eskala txikian nola zabaldu eta erabili erabakitzeko erabiltzen dira. Jarduera eta taktika batzuek beren horretan jarraitzen dute gerra sortu zenetik: erasoak, segadak, gerrillak, hegalak biratzea, ikuskapena, oztopoak eta babesak sortu eta erabiltzea, etab. Lurra norberaren abantailarako erabiltzea ere beti izan da garrantzitsua. Muinoak, ibaiak, zingirak, mendateak, atakak eta babes naturala hainbat modutara erabil daitezke. Hemeretzigarren mendearen aurretik, taktika militar asko gudu-zelaira mugatzen ziren: lur eremu zabaletan soldaduak guduan nola erabili. Gaur egun, egoera desberdin askotarako taktikak daude, esate baterako eraikin bateko gela bat eskuratzeko. Teknologiaren aurrerapenen ondorioz, taktikak zaharkituta geratu daitezke, eta aldaketa soziologikoek ere gerraren helburu eta metodoak alda ditzakete, taktika berriak sortzeko beharra piztuz. Soldaduen armak eta trebakuntza garai bakoitzeko taktiken araberakoak dira. Teknologiak eta gizarteak, beraz, soldadu edo gudari moten garapenean eragina izan dute historian zehar: hoplita greziarrak, legionario erromatarrak, Erdi Aroko zaldunak, turko-mongol zaldi gaineko arkulariak, baleztalari txinatarrak edo aire-zalditeria soldaduak, esate baterako. Hauetako bakoitzak –bere armek, logistikak eta baldintzapen sozialak behartuta– gudu-zelaia modu desberdin batean erabiliko luke, baina edozein taktika erabilita ere helbura bera izango litzateke guztientzat. Lehen Mundu Gerrak aldaketa handiak eragin zituen taktika militarrean, teknologia-aurrerapenek aurreko taktika zaharkituta utzi baitzuten. Lehen Mundu Gerrako alemaniar behatokia, zuhaitz baten itxura emanda. "Eremu gris" izeneko taktika ere gero eta gehiago erabiltzen da. Taktika honek hainbat jarduera biltzen ditu, hala nola "diplomazia zapaltzailea, indarkeria ekonomikoa, komunikabideen manipulazioa, zibererasoak eta indar subsidiarioak". "Eremu gris" deitzen zaio, babesaren eta erasoaren arteko eta bakea mantentzearen eta gerra piztearen arteko anbiguotasuna dela eta.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Holmes et al. 2001, 893–894 orr. .
  2. Holmes et al. 2001, 894–895 orr. .
  3. a b Holmes et al. 2001, 895 orr. .
  4. a b c d e Holmes, Richard, ed. (2001). The Oxford companion to military history. (1. publ. argitaraldia) Oxford Univ. Press ISBN 978-0-19-866209-9. (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  5. a b c d Haskew, Michael. (2008). Fighting techniques of the Oriental world, AD 1200-1860: equipment, combat skills and tactics. Amber Books ISBN 978-1-905704-96-5. (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]