Pasta con le sarde

Wikipedia, Entziklopedia askea
Pasta con le sarde
Osagaiakpasta, sardina eta mihilua
Historia
JatorriaItalia

Pasta con le sarde (italieraz) edo pasta chî sardi (sizilieraz) Siziliako gastronomiako pasta plater tradizional bat da, oso ezaguna Palermo hiriburuan, baina uharte osoan aurki ahal dena[1]. Hiru osagai nagusiak dira pasta, sardina freskoak eta mihilua. Horiez gain, oliba-olioa, tipula, mahaspasak eta pinaziak ere baditu. Antxoa xehatu pixka bat gehitu ohi da zaporea emateko, eta azafrai izpi batzuk ere bai, zaporea eta kolorea emateko. Antxoa oso batzuk ere eduki ohi ditu, oliotan edo gatzetan kontserbatuak. Ez darama tomaterik.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tradizioaren arabera, Eufemio da Messina jeneralaren sukaldari arabiar batek sortu zuen plater hau, arabiarrek Sirakusako probintzian egin zuten kanpaina militarrean. Beste bertsio baten arabera, iturrietan gutxi agertzen dena, Mazara del Vallo herrian asmatu zen[2]. Sukaldariak tropa ugariei jaten eman behar zien, baina egoera zailean zegoenez, zerbait asmatu beharrean aurkitu zen eta leku hartako naturak eskaintzen zionarekin plater bat egin. Horrela, itsasoko produktuak (sardinak) eta lurrekoak (mihilua, batez ere, eta pinaziak) uztartu zituen.

Eufemioren sukaldariaren platera, historiako lehen mare-monti platertzat jotzen da, itsasoko eta mendiko produktu naturalak uztartzen jakin izan baitzituen[3][4]. Sasoiko plater bat da, martxotik irailera prestatzen dena, sardina freskoak merkatuan daudenean eta basa-mihilua zelaietan jaso daitekeenean. San Joseren eguneko espezialitate bat ere bada.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Saltsa eta pasta bereiz prestatzen dira. Lehenik eta behin, frijitu pixka bat tipula txikitua oliba-oliotan, eta erantsi zatitan moztutako sardina hezurgabeak, mahaspasak, pinaziak eta mihilua (erdiko zurtoinik gabe) aurrez egosita eta xukatuta. Ondoren, bota egosketako ur pixka bat, eta batzuetan, jakia gozagarritzeko, ardo zuri zurrusta bat. Erantsi azafrai hari batzuk eta gatz pixka bat, eta, ondoren, utzi dena pixkanaka erregosten, hogei bat minutuz. Pasta, gehienetan bucatini (espageti edo tagliatelle lodi moduko batzuk) edo busiate (kiribil luzeen forma), aparte egosten da ur gazitan, xukatu egiten da eta saltsari gehitzen zaio. Dena ondo nahastu eta hautseztatu ogi birrinduarekin oliba-oliotan zartaginean frijitua.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez)Stefano, George De (2013-10-25). "Pasta with sardines: Sicily's irresistible flavors, in one dish". Examiner.com
  2. (Italieraz) La leggenda è servita: tutti i segreti della pasta con le sarde. Giornale di Sicilia 2015-8-4 (Noiz kontsultatua: 2021-9-2)..
  3. (Italieraz) Pasta con alici e finocchietto selvatico. comirap.it (Noiz kontsultatua: 2021-9-2)..
  4. (Italieraz) La cucina arabo siciliana, un’unione vincente - 12/01/2016 - La Cucina Italiana. lacucinaitaliana.it (Noiz kontsultatua: 2021-9-2)..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]