Gara

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Gara
Gara
Mota informazio orokorra
Lehen zenbakia 1999ko urtarrilaren 30a
Banatze lurraldea Euskal Herria Euskal Herria
Argitaratze hiria Igara, Donostia
Ideologia politikoa Ezkertiar eta abertzalea
Hizkuntza gaztelania, euskara
Maiztasuna egunero
Argitaratzea goizez
Salneurria 1,50 (2014)
Ale kopurua 123.000
Kolorea koloreko eta zuri-beltzeko orriak tartekatzen ditu
Argitaletxea Euskal Komunikabideen Hedapenerako Elkartea (EHKE S.A.)
Sortzailea Akziodun herritarrak
Zuzendaria Iñaki Soto
Erredaktore nabarmenak Iñaki Iriondo, Ramón Sola
Zutabegile nabarmenak Artemio Zarco, Floren Aoiz, Alfonso Sastre, Amparo Lasheras, Antonio Álvarez Solís
Binetagile nabarmenak Tasio
gara.naiz.info

GaraEuskal Herriko egunkaria izena ere darabilena— Euskal Herriko kazeta elebiduna da, batez ere gaztelania erabiltzen duena. Erredakzio nagusia Donostiako Igara auzoan du eta gainontzeko ordezkaritzak Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Urruñan.

Lehen alea 1999ko urtarrilaren 30ean argitaratu zen Baltasar Garzon epaileak Egin egunkaria itxi eta 6 hilabetera.

Ildo editoriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo alea karrikaratu zenetik, egunkari honek bere egin zuen "Euskal Herriko gatazka historikoa gainditzeko helburua, printzipio demokratikoen eta euskal errealitate nazionalaren errespetutik". Hori izan da bere sormenetik "Gara"ren ildo editorialaren ezaugarri nagusia, egunkariak berak maiz jakinarazi duen bezala. Gainera, bere burua ezkertiarra, abertzalea eta aurrerakoia definitu izan du, beste gauza batzuen artean. Bere orrialdeetan, ezker abertzaleko sektore ezberdinei ez ezik, Euskal Herriko hainbat gizarte eragile, sindikatu eta alderdiri egin die leku.

"Garak" bere sormenetik argi eta garbi esan izan duen bezala, "ekimen informatibo hau herri honek bizi duen testuinguru globalarekiko lotura estua du" eta "ezin bereiz daiteke bere jaiotza baino sei hilabete lehenago jazotako gertakariarengandik". Gertakari hori "Egin" egunkariaren eta Egin Irratiaren itxiera da (1998ko uztailaren 15a) Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz. Gertakari horrek euskal gizarteko sektore zabal bat eskaintza informatiborik gabe utzi zuen.

Jaiotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behar horri erantzuteko eta komunikazio esparrua zabaltzeko helburuarekin jaio zen "Gara". Eta sorkuntza kanpaina herritar erraldoi batek ahalbidetu zuen, bere sorreratik izaera herritarra baitauka egunkari honek. 10.000 euskal herritar eta atzerritar, akzionista bilakatu ziren kanpaina horren bitartez. Gehien bat herritarrengandik jasotako 1.000 milioi pezetako kapitalarekin jaio zen "Gara". Lehenengo lantaldea 65 profesionalek osatzen zuten, Mertxe Aizpurua lehenengo zuzendariaren esanetara.

1999. urteko urtarrilaren 9an "0 zenbaki bat" zabaldu zuen "Garak" eta bertan bere asmo eta egunkari berriak sortzeko arrazoiak azaltzen zituen. Bertan zehazten ziren bere jarrera informatibo eta editorialaren ezaugarri nagusiak. 198 egun soilik igaro ziren "Gara"ren ernari alditik jaiotzaraino.

"Gara" egunkariaren zati gehiena gaztelaniaz idatzita badago ere, egunkariak hasieratik egin dio leku berezia euskarari eta berariaz gaineratu ditu hizkuntza honetako edukiak, ehuneko handi batean. Gainera, jaiotzatik azaldu izan du euskararen normalizazioaren aldeko jarrera.

Zuzendariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jaiotzetik 2004 arte Mertxe Aizpurua izan zen zuzendari, orduan Josu Juaristi orduko erredaktore buruari eman zion lekukoa eta honek 2011ko urtarrilaren 30ean orduko iritzi saileko arduradun Iñaki Sotori utzi zion zuzendari kargua.

Hainbat gizarte eragile eta alderdi politikoen hitzetan, "Gara", bere sorreratik, jazarria izan da Espainiako Estatuaren aldetik, "Egin"en oinordekoa dela aitzakipean. Gainera, Garako erredakzio kideek ETAri egindako elkarrizketa dela-eta, zuzendariek behin baino gehiagotan deklaratu behar izan dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hala ere, Fiskaltzak ezarritako salaketak bertan behera geratu dira beti.

"Gara"k jasan duen erasorik larriena, alta, beste bide batzuetatik iritsi da. Espainiako Gizarte Segurantzak "Egin"ek ustez zor zituen zergen arduradun egin zuen egunkari hau. Bahikuntza saihesteko, eta bide judiziala ustiatu bitartean, "Gara"k bere burua "ordainketa-etendura"n deklaratu zuen.

Auzien kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hau da "Gara" egunkariak izan dituen auzien kronologia:

2000ko uztailaren 20a: Baltasar Garzon epaileak ustekabeko auto bat eman zuen. Bertan, Orain-Egin eta Ekhe-Gara taldeen arteko enpresa segida baieztatu zuen. Helburua 1999. urte amaieran "Egin"eko langileek eskatu zuten langabezia prestazioa jasotzea oztopatzea zen. Sei hilabete lehenago, Hernanin argitaratutako egunkaria itxi egin zuten, magistratu berak aginduta.

2000ko uztailaren 28a: Garzonen autoaren ostean, FOGASAko (Soldatak Bermatzeko Funtsa) Idazkaritza Orokorrak erabaki zuen langileei ukatzea lanpostua galtzen duen edozein langileri eskubidez dagozkion prestazioak.

2001eko azaroaren 20a: Arrotza den epai eremu batean Garzonek egin zuen esku-hartzea argitu zuen agiria. Soldatak Bermatzeko Funtseko Idazkaritza Orokorrak txosten bat igorri zuen, eta bertan, ofizialtasunik gabeko bilera batean hartutako behin-behineko konpromisoak aipatzen ziren. Hala ere, txostena zehatza da honakoa adieratzean: "Ez da egokia edozein ekintza hastea EKHE-GARA taldearen ardura ondorioztatzeko".

Ondorio horretara iristeko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako unitateetako nagusiek Idazkaritza Orokorrean aurkeztu zuten txostena. Txostenean argi dago ez dela enpresa segidarik izan. Izan ere, ez dira ondasunak transferitu, ez egoitza soziala, ez eta langileak ere, kazeta proiektu berrian "gutxi gorabehera ORAINgo langileen erdia besterik ez baitzen hasi."

2001eko abenduaren 17a: Garzonek Gizarte Segurantzako Altxortegi Orokorreko Prozedura Berezietako Idazkaritza Orokorra-TGSSri erabaki bat igorri zion. Bertan, 2001-10-18ko eta 2001-11-14ko ofizioak aitzakiarik gabe erantzutera behartu zuen. EKHEko Administrazio Kontseiluak irregulartasun horien berri izan zuenetik TGSSak urte eta erdiz aitzakien eta isiltasunaren bidez erantzuen zien.

2002ko urtarrila: Baigorri eta KIEren legezko ordezkaitzak TGSSko Zuzendaritza Orokorrari idatzi bat bidali zion. Idatzian eskatu zion informa zezala EKHEn eragin zezakeen behin-behineko enpresa segidaren gainean.

2003ko martxoaren 6a: TGSSko Zuzendaritza Orokorrari egindako informazio eskaerari erantzunez, TGSSk bere gain hartu zuen enpresa segidari dagokion gaia; Orain taldeko jarduerak behartuta itxi eta ia bost urtera eta Baltasar Garzonek autoa eman eta ia hiru urtera.

2003ko ekainaren 9a: Ezohiko lastertasunez, 2003ko ekainaren 9an, Gizarte Segurantzako Altxor Orokorreko zuzendari orokorrak bi ebazpen eman zituen. Horietan, Baigorri izendatu zuen Gizarte Segurantzarekin Orainek zuen zergaren "arduradun solidarioa" (4.673,326,94 euro); eta KIE , berriz, Hernani Inprimategiak Gizarte Segurantzarekin zuen zergarena (441.824,15 euro). Uztailaren 5a jarri zuen 5,1 milioi euroko zorra borondatez ordaintzeko epe muga.

2003ko ekainaren 22a: Baigorri eta KIEren abokatu Kepa Landak "Gara"ri eskainitako elkarrizketan azaltzen duenez, Gizarte Segurantzaren jardunbidearen atzean "bultzada politikoa" dago eta ez du oinarri juridikorik.

2003ko ekainaren 26a: Bidegabekeria salatzeko, GARAko langileek agiria plazaratu zuten. Beren lanpostuen alde borroka egingo dutela adierazi eta uztailaren 4rako elkarretaratzea deitu zuten.

2003ko uztailaren 2a: "Gara"ko zuzendaritzak bilerak abiatu zituen eragile sozial, politiko eta sindikalekin.

2003ko uztailaren 4a: "Gara"ko langileek elkarretaratzeak egin zituzten Baionan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Egun berean, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako eledunak esan zuen ez zuela ezer esatekorik auziaren gainean, "bi aldeen arteko gauza baita".

2003ko uztailaren 5a: Beren kabuz 5,1 milioi euro ordaintzeko Baigorriri eta KIEri emandako epea bukatu zen. Egun horretatik aurrera, Gizarte Segurantzak bi enpresen kontrako ordaintzeko hertsatze bideari ekin ziezaiokeen. Egun berean, alor frankotako aurpegi ezagunek agiria aurkeztu zuten "sinfonia polifoniko bateko ahotsa isilarazi" nahi dutela salatzeko.

2003ko uztailaren 9a:Prentsa askatasunaren defentsan antolatutako talde horrek, langileekin batera, Kontxako Badia osoa hartu zuen giza katera deitu zuen hilaren 19rako.

2003ko uztailaren 19a: "Denok Gara" lelopean milaka herritarrek hartu zuen parte giza katean.

2003ko abuztuaren 8a: Baigorri eta KIEren ordaintze-eteteak egin ziren publiko, "GARAren etorkizuna ziurtatzearren".

2004ko urriaren 17a: Gizate Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren erabakia dela-eta Baigorri eta KIEren ordezkaritza legalak helegite bana aurkeztu eta gero, Administrazioarekiko zazpigarren Epaitegi Nagusiak epaia kaleratu zuen. KIEren helegitea onartu zuen eta Gizarte Segurantzaren ekinbideak atzera bota zituen. Hain justu, Hernani Inprimategiaren eta KIEren artean ez dagoela enpresen ondorengotzarik esan zuen.

2005eko apirilaren 18a: Espainiako Auzitegi Nazionaleko Administrazioarekiko Salaren Laugarren Atalaren erabakia, apirilaren 6an hartutakoa, egin da publiko. Horren arabera, Administrazioarekiko Zazpigarren Epaitegi Nagusiak hartutako erabakiaren aurka Gizarte Segurantzaren Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako helegitea onartu da eta, horrenbestez, Hernani Inprimategiaren ustezko 441.824 euroko zorraren "arduradun solidario" egin du KIE.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Koordenatuak: 43°18′04.37″N 2°01′00.77″W / 43.3012139°N 2.0168806°W / 43.3012139; -2.0168806