Herbig Ae/Be izarrak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Herbig Ae/Be izarrak, oraindik sekuentzia nagusian sartu ez diren A eta B espektro motako izar gazteak dira. Gas eta hautsezko hodeietan bilduak daude eta diska zirkumestelar batekin inguratuak egon daitezke. 2 eta 8 eguzki masa arteko masa dute, eta oraindik, izar eraketa fasean (grabitate uzkurtzea) daude, sekuentzia nagusira gerturatuz, baina, bere nukleoan, oraindik hidrogenoaren fusioa hasi gabe. Euren izena, Georg Herbig astronomoagatik dute, 1960an, mota honetako izarrak, gainontzeko guztietatik ezberdindu zituena.

Herbig Ae/Be izarrak ezberdintzeko irizpideak, honako hauek dira:

  • F0 aurreko espektro mota (F, G, K eta M motako izarrak, T Tauri izarrak dira)
  • Balmer igorpen lerroak espektroan (T Tauri izarren antzera)
  • Erradiazio gehiegi infragorrian izar normalekin alderatuz, hauts zirkumestelarraren ondorioz (Be izar klasikoetatik bereizteko).

Batzuetan, Herbig Ae/Be izarrek, euren dizdiran aldaketa esanguratsuak jasaten dituzte. Uste denez, diska zirkumestelarrean, bikorren existentziagatik (protoplaneta edo planetesimalak) izan daiteke.

Herbig Ae/Be izarren antzeko objektuak, baina masa txikiagodunak (2 eguzki masa baino gutxiago), jada aipatu diren T Tauri izarrak dira, F, G, K eta M espektro motako izarrak direnak eta oraindik sekuentzia nagusian sartu ez direnak. Ez da 8 eguzki masa baino gehiagoko antzeko objekturik ikusi, oso azkar eboluzionatzen baitute: ikus daitezkeenean, jada, nukleoan hidrogenoaren fusioa hasia da, eta, beraz, sekuentzia nagusikoak dira.

AE Aurigae, V700 Monocerotis eta V856 Scorpii, mota honetako izarrik ezagunenetako batzuk dira.