Pololoak

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

"Pololoak" Patxi Gallego gipuzkoarrak egindako komiki sorta baten izenburua da. Helduei zuzendurik, istorio hauek umore generoan sartuta daude bete-betean. Izan ere, egileak "Xabinaitor" izeneko pertsonaiaren abenturak kontatzen ditu, oso superheroi atipiko eta lizuna izanda: Neska poxpolinen atzetik ibiltzen da, hauek salbatu nahian, baina haiengandik gertu egon orduko zakila tentetu eta super-botereak hortik ateratzen ditu.

Komiki hau jatorriz euskaraz argitaratua dago. Autorearen asmoa da, nolabait, superheroien komikien pertsonaiak euskaratzea. Edo hobe esanda, euskaldunak bihurtzea. Horretarako, pertsonaia nagusia Xabinator da, Sabino jaioa, baina behin botereak lortuta, izenaz aldatzen duena, Spiderman euskaldun bat izango bailitzan. Bere inguruan pasatuko dira Kariñe, superheroiaren neskalaguna, Aldanondo inspektorea (Superlópez komikiaren “Inspector Dan”ari omenaldi bat, segur aski), Mari jainkosa, eta abar. Baina autorearen nahia ez da hor gelditzen. Komikiaren aitzakiarekin, azken 20 urteotan Euskal Herriak jasandako aldaketa sozialak islatzen ditu.

Pololoak III.pdf

[aldatu] Nondik norakoa

Sabino Xabinator bihurtzen da

Sabino Lizuniaga mutil trankil eta jatorra da, zeinak egun batean, eta krisi existentzial baten ostean, deskubritzen baitu super-usaimena duela. Baina bere botere hori ez da jende guztiaren aurrean azaltzen, neskekin bakarrik, baizik. Hori dela eta, zorabiatzen hasten da, emakumeen lurrinaren eraginez obsesio sexuala pizten baitzaio. Baina fenomeno hau Mari jainkosaren plana baino ez da, Sabino emakumeen salbatzaile eta zaindaria bihurtzeko. Horretarako, beste botere batzuk ematen dizkio, hegan egiteko ahalmena eta zakilaren superindarra, alegia. Beraz, Sabino Xabinator superheroia izango da, beti neskak salbatzeko prest.

Kariñe

Hau guztia gertatzen den bitartean, emakumeen ikuspuntua ezagutarazten digu komikiak, Kariñe deituriko neska batena, hain zuzen ere. Bere kasuan, ez da azaltzen krisi existentzial bat, baizik eta ase gabeko behar bat. Izan ere, Kariñeren kasuan, desio sexual aseezina ikus dezakegu, neska zinikoa izatea bihurrarazten duena. Asma dezakegunez, Xabinatorren bikote perfektua da.

Kariñeren bahiketa

Xabinatorrek neska asko salbatzen du, heriotza ziur baten atzaparretik aldenduz. Baina emakumeak, eskertzeko moduan, gizonaren “botere” hain handia ikusita, berarekin joaten dira harreman “estuak” ezartzera. Horren ondorioz, Ertzaintzak ez ezik, Guardia Zibilak ere bahitzailetzat jotzen du, eta tranpa berezi bat prestatzen dute, non amua Kariñe izango den. Behin ikusita, Xabinatorrek neska harrapatzen du, polizia osoa lur jota utzita, eta bere altxorrarekin alde egiten du.

Kariñeren agurra, Xabinatorren aioa

Hasieran, Kariñek ez du bere bahitzailearekiko begirunerik izango, ostikadak, hitz lodiak eta koskak zuzentzen baitizkio. Baina laster ulertuko du bere bizitzako mutila dela, eta maitemintzen da. Biok, egun zoragarriak pasatuko dituzte, baina den-denak amaiera bat izan behar duenez, alde batetik Guardia Zibilaren eraginez, eta bestaldetik Mari jainkosaren influentziaz, bikotea desegiten da. Kariñek Xabinatorri azaltzen dio ezin duela berarekin bizitza osoa eman, mutilak beste neskengan pentsa behar duelako eta, beraz, alde egiten du.

Superheroia lur jota geratzen da, eta poliziarekin azken borroka baten ostean, zaurituta geratzen da. Marik eskaintzen dio hilezkortasuna, baina berak ezetz erantzuten dio.


[aldatu] Kritika

Komiki hau ez da soilik apustu ausart bat; esan daiteke euskal nobela grafikoan azken urteotako apustu ausartena dela. Bere baitan aurkitu daitezke komikia, prosa, poesia eta abestiak. Gainera, marrazkiak eta koloretzeko lana bikainak dira, itxura oso erakargarria osatzen dutelarik. Lan ordu asko dago inbertituta komiki horretan, istorio bat ez ezik, sozietatearen aldaketaren irudi bat aurkeztu nahi izan duelako. Agerikoa izateaz gain, eskertu ere egiten da. Lehen begiradan, pentsatu daiteke komiki “sexual” bat dela, baina hortik haratago, ondo islatzen ditu baita ere, 80-90-2000 hamarkadetako aldaketa sozialak. Hor dago bere indar nabariena, eta hori da hain berezia bihurtzen duen ezaugarria. Askorentzat primerakoa da, baita ere, hizkuntzaren aldetik egin den lana, euskalki ezberdinak, euskaldun berriekin, frantsesarekin eta ingelesarekin nahastuz. Kritikari gehienek erabilitako bereizgarria “dibertigarriarena” da.


Pololoak trilogia sarkasmoz josia dago. Hainbat erreferentzia egiten ditu euskal politikagintzari, sexualitateari, fenomeno sozialei (janzkeraren tendentziei, kirol zaletasunari, telebistari…), bizitzako aroei (haurtzaroa, nerabezaroa, gaztaroa), beste komiki edo artelanei… Umorea zorrotz eta bizia da, gainera, ez da inoren alde erabat azaltzen. Adierazgarria da euskal politikagintzaz originaltasunez aritzen dela ikuspuntu neutraletik, baina aldi berean, abertzale zein ez abertzale, hala nola abertzaleen artean dauden joera ezberdinak kritikatuz. Hala, Xabinaitorren aita EAJko jarraitzaile amorratua den bitartean, ama EAren aldekoa da. Xabinaitorrek, aldiz, gatazka ideologikoa du bere baitan. Komikian zehar, Ezker Abertzalearekiko erreferentziez gain, alderdi espainolistekikoak ere ageri dira.

Marrazki propioak nagusiki azaltzen badira ere, beste komikien estilo eta erreferentziak ageri dira. Komikia izateaz gain, eleberri itxurako narrazioa nahasten da lan osoan zehar.

Hizkuntzarekin jolasean

Lan honetan zehar euskara, gaztelania eta ingelesa nahasten ditu Patxi Gallegok, baina euskarazko obra dela eta irakurle euskaldunari zuzendurik dagoela, ezin da ukatu. Maisutasunez jorratzen ditu hizkuntzaren erregistro ezberdinak (formala / ez formala), hala nola euskalkiak; bereziki, gipuzkera –Xabinaitor bera eta bere gurasoak- eta bizkaiera –Mari sorgina eta Kariñe-, hala nola, euskaldunberrien hizkera.

Bizkaiera eta gipuzkerako aditz aldaerak, lexiko bereizgarria eta kontrakzioak barra-barra erabiltzen ditu, batik bat pertsonaiek hitz egiten dutenean. Hizkera formala, prosarako gordetzen du bereziki, Xabinaitor autobiografikoki aritzen denean. Euskaldun berrien ohiko akatsak islatzen ditu, ez bakarrik lexikalak, baita sintaktikoak eta fonetikoak ere (Cortaja deituriko ertzainarenak kasu).


[aldatu] Trilogia

  • "Pololoak 1. Poxpoliñen lurriña" (Elkar, 2004).
  • "Pololoak 2. Poxpoliñaren bahiketa" (Elkar, 2006).
  • "Pololoak 3. Atxeritoko balada" (Elkar, 2009).
Tresna pertsonalak
Izen-tarteak

Aldaerak
Ekintzak
Nabigazioa
Inprimatu/esportatu
Tresnak