Txikipedia:Portugal txilar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Txikipedia:Erica lusitanica» orritik birbideratua)
Erica lusitanica espeziearen ale bat loretan.

Nolakoa da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portugal txilarra Ericaceae familiako zuhaixka adartsua da, eta 2-4 metroko garaiera izan dezake. Adarrak ile finez daude estaliak. Hostoak bakunak dira, linealak eta ilerik gabeak. Loreak gara ugalkorraren amaieran kokatzen dira, multzo handietan. Loreen kolorea, zuri-arrosaxka da.

Fruituak 2 mm inguruko kapsulak dira, hazi txiki-txiki ugarirekin.

Noiz loratzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udazken-udaberri artean loratu ohi da, urriaren eta maiatzaren artean.

Zer banaketa du?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere banaketa mugatua dago iberiar penintsularen iparraldeko eta mendebaldeko eskualdeetara eta Frantziako hegomendebaldera. Euskal Herrian iparralde kantauriarrean aurkitu dezakegu.

Zer habitatetan bizi da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Klima hezea duten lurreetan bizi dira; esaterako, artadi eta hariztien basoen soilgune eta ertzetan. Beti ere, klima epela den tokietan, landare termofiloa baita. Euskal Herrian itsasertzetik 800 metro arteko garaiera bitartean aurkitu dezakegu. 

Nola elikatzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare autotrofoa da, hau da, fotosintesiaren bidez fabrikatzen du bere janaria, eta horretarako ura, mineralak, karbono dioxidoa eta eguzki energia behar ditu.

Nola ugaldu eta zabaltzen da?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Polinizaziorako erleen laguntza izan ohi du baina haizearen bitartez ere eman daiteke. Haziak negu amaiera eta udabeberri hasiera bitartean garatzen ditu. Haziek tamaina oso txikia dutenez, haizearen laguntzarekin barreiatu eta zabaldu daitezke. 

Bitxikeriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herrian bertako landare bada ere, munduko beste hainbat herrialdetan (Britaniar irlak, Zeelanda Berria, Australia, Kalifornia, Hawai) izaera inbaditzailea du. Hau da, lurralde horietan lekuan lekuko espezie eta habitatak ordezkatzen ditu, ingurumen arazoak sortuz.