Wire

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Wire Ingalaterrako musika talde bat da, 1977an sortua Londresen. Taldearen estiloa oso zabala da (punk, post-punk, industriala, pop, trantzea) eta abestien letrak bereziki interesgarriak dira. 2008an taldeak hamaikagarren disko luzea plazaratu zuen.

30 urte baino gehiagotan zehar, Wirek hamaika disko estudiotan grabatu, zuzeneko disko batzuk plazaratu eta ehunka kontzertu ere eskaini dituzte. Beste talde asko ez bezala, talde honen musikak bilakaera nabaria izan du, nahiz eta hasierako kemena eta askatasuna ez galdu.

Estiloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wire estilo anitzeko taldea da. Abesti eta disko desberdinetan punkaren kemena, rockaren adrenalina, trantzearen hipnosia, poparen melodia edota musika industrialaren esperimentazioa erabiltzen dituzte. Arruntean, hauetako baliabide bat baino gehiago entzuten da haien edozein diskotan.

Estilo aniztasunaren ondorioz, Wiren musikak sentsazio asko sortzen ditu: energia, poza, misterioa, suspensea ...

Taldearen berezitasuna hitzetan ere nabaritzen da. Poparen ohiko sentimentaltasun edo rockaren maizko gogortasunetik urrun, Wiren abestiek ustekabeko gogoetak, egoera bereziak edota azalpen zientifikoak eskaintzen dizkigute. Baita humorea eta ironia ere.

Beharbada Wirek ez du inoiz arrakasta komertzial handirik lortu hitzengatik, diskoen azalengatik edota taldearen aire intelektualagatik.

Taldekideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Colin Newman (ahotsa, gitarra): Musika gehiena konposatzen du. Bere azentuan, taldea Londonen sortu zela nabaritzen da.
  • Graham Lewis (baxua, ahotsa): Hitz gehienak idazten ditu. Bruce Gilbertekin DOME proiektu esperimentala osatu zuen 1980tik 1984ra.
  • Bruce Gilbert (gitarra): Taldeari utzi zion “The First Letter” diskoa grabatu ondoren, 2003an.
  • Robert Gotobed (bateria): 1990ean erabaki zuen taldeari uztea bateria-jotzailerik ez zelakoan beharrezkoa, ezta zuzenean ere, musikaren bilakaeragatik. Taldearen beste hiru musikariek jarraitu zuten “Wir” izenarekin, Gotobeden irteera adierazteko.

Diskoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pink Flag (1977ko abendua) Hasieran, taldearen musikak harremana zeukan punkarekin. Wire punk garaian sortu zen eta taldeak mugimendu horren indarra, zuzentasuna, adrenalina eta askatasuna zituen lehenengo disko honetan. “Pink Flag”en soinua oso garbia da eta, gitarra gehienak distortsionatuak izan arren, instrumentu eta ahots guztiak oso ondo entzuten dira.

Hiru abesti aipatzeko, “Reuters”, “Mannequin”, “Feeling Called Love”

Chairs Missing (1978ko abuztua) Bigarren disko hau lehenengoa baino askoz konplexuagotzat jo dezakegu. “Pink Flag”en adrenalina galdu gabe, “Chairs Missing” osatzen duten abesti batzuk punketik oso urruti daude, ideia burutsuetan oinarrituta. Giro misteriotsu bat sortzen da diskoaren zati batzuetan, taldeak lortzen duen xarma berezi bat.

Hiru abesti aipatzeko, “French Film Blurred”, “Outdoor Miner”, “Too Late”

154 (1979ko iraila) “Chairs Missing”en berrikuntzarekin jarraituz, “154” diskoarekin Wire heldutasun batera iristen da. Gero eta doinu, teknika eta instrumentu gehiago erabiltzen dituzte. Lehenengo aldiz, Graham Lewisek abesti batzuk abesten ditu. Diskoaren izenburua taldeak artean eman zituen kontzertu kopuruari buruzko erreferentzia da.

Hiru abesti aipatzeko, “The 15th”, “A Touching Display”, “Map Ref 41 Degrees N 93 Degrees W”

The Ideal Copy (1987ko apirila) Zortzi urteko atseden batetik itzulita, Wirek bere laugarren diskoa eskaini zigun. Inoiz baino gehiago, taldearen askatasuna hautematen da: estilo aniztasuna nabaria da; konposizioak interesgarriak eta ederrak; ehundura musikala gero eta konplexuagoa eta landuagoa. Sintetizadoreak erabiltzen dira ia abesti guztietan.

Hiru abesti aipatzeko, “Ahead”, “Madman’s Honey”, “Still Shows”

A Bell Is a Cup... Until It Is Struck (1988ko maiatza) Abesti askok poparen xarma eta erraztasuna dute, beste batzuek Wiren ukitu elektronikoa. Oso disko erakargarria da. Berriro ere, arrakasta komertzialaren gabezia uler daiteke hitz eta izenburu opakuengatik eta disko azalagatik: ziur aski, ez batek ez besteak ez zieten erraztu diskoa saltzen.

Hiru abesti aipatzeko, “The Finest Drops”, “Kidney Bingos”, “A Public Place”

It's Beginning To And Back Again (1989ko maiatza) Nahiz eta diskoa estudioan ekoiztuta izan, abesti askok oinarria dute kontzertuko grabaketetan: hamaika abestitik, zazpi daude aurreko bi diskoetan. Ohiko zuzeneko disko baten ordez, oraingo teknologia aprobetxatu zuten kontzertuen freskotasuna eta emozioaz batera estudio batek eskaintzen dituen aukerak elkartzeko.

Hiru abesti aipatzeko, “Eardrum Buzz”, “Illuminated”, “The Boiling Boy”

Manscape (1990eko maiatza) Inoiz baino gehiago, Wiren joera elektronikoa eta dance entzuten da disko honetan. Teklatuak eta programazioa asko erabiltzen dira eta, diskoa kaleratu ondoren, Robert Gotobed bateria-jotzaileak taldeari utzi zion bere lana soberan zegoela pentsatzen zuelako, bai diskoetan, bai kontzertuetan.

Hiru abesti aipatzeko, “Stampede”, “Patterns of Behaviour”, “Morning Bell”

The Drill (1991eko apirila) “The Drill” abestia azaldu zen lehenengo aldiz 1987ko “The Ideal Copy”en. “The Drill” diskoan, “It's Beginning To And Back Again”en esperimentua aprobetxatu zuten berriro: zuzeneko grabaketak ekoiztu zituzten estudioan baina, kasu honetan, abesti bakarrarekin: “The Drill”. Abestiaren milaka aukerak profitatu zituzten disko interesgarria, ederra eta anitza osatzeko.

Hiru abesti aipatzeko, edo, hobeto esanda, hiru bertsio, “In Every City”, “(A Berlin) Drill”, “Do You Drive?”

The First Letter (1991eko urria) Robert Gotobed bateria-jotzaileak taldeari utzi ziolako, gainontzeko taldekideek “Wir” izena erabili zuten disko honetan. Taldearen alderik esperimentalena entzuten da disko honekin: elektronika asko, erritmo setatsuak, ahots eta letra latzak dituzte abesti gehienek. Ahots grabaketak asko erabiltzen dira, Pink Floyden “Dark Side of the Moon”en baino gehiago. Beste zortzi urteko atseden bat hartu zuen taldeak disko hau plazaratu ondoren.

Hiru abesti aipatzeko, “Take It”, “Ticking Mouth”, “Tailor Made”,

Send (2003ko maiatza) Berriro lau taldekideekin, Wire itzuli zen zortzi urteko atseden baten ondoren. Gitarrak, zarata eta freskotasuna ere berreskuratu zituzten disko honetan. Taldea sortu zenetik hogeita bost urte igaro ondoren, Wirek punk talde baten antza zuen berriro: abesti laburrak, zuzenak, indartsuak. Nolanahi ere, Wirek ez zuen bere berezitasuna galdu.

Hiru abesti aipatzeko, “In the Art of Stopping”, “Spent”, “Read & Burn”

Object 47 (2008ko uztaila) Wiren hamaikagarren diskoa taldearen ibilbidearen laburpen bat ematen du: punkaren energia, poparen melodiak, trantzearen hipnosia, musika industrialaren ehundurak ... hori guztitik dago. Lehenengo aldiz, Bruce Gilbert gitarra-jotzaileak ez zuen parte hartu Wiren disko batean eta, printzipioz, ez zuen jarraituko taldearekin.

Hiru abesti aipatzeko, “One of Us”, “Four Long Yeaers”, “Hard Currency”

Hitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beharbada ezohiko hitzak izateak taldearen arrakasta komertzial gabezia azal dezake, neurri handi batean. Haien abesti askok melodia erakargarria, lelo erraza edota instrumentazio ederra dituzte, baina hitzen ezohikotasunarekin, salmenta handia lortzea zaila izan zaio taldeari.

Hitz batzuk enigmatikoak dira. “Lowdown”:

The time is too short, but never too long to reach ahead,
to project the image, which will in time become a concrete dream.
Another cigarette, another day, from A to B,
again avoiding C, D, and E, 'cause E is where you play the blues.

Denbora laburregia da, baina ez da inoiz luzeegia aurrera luzatzeko,
irudia proiektatzeko, denborarekin amets zehatza bihurtuko dena.
Beste zigarroa, beste eguna, Atik Bra,
berriro C, D eta E saihesten, E bluesak jotzen dituzun lekua delako.

Beste batzuk, enigmatikoak izateaz batera, dibertigarriak dira. “I Feel Mysterious Today”:

Always cause for concern
when you're feeling quite bright
and your filament burns ...
I feel mysterious today

Beti dago kezkatzerik
argi samar sentitzen zarenean
eta zure harizpia erretzen da ...
Gaur misteriotsua sentitzen naiz

Hitz ohi baino sinpleagoek ere ukitu misteriotsu bat dute. “40 Versions”:

I never know which version I'm going to be.
I seem to have so many choices open to me.
It's not hard to see another unique event
when you miss the beginning and you miss the end
I've got forty versions all dying to get the part,
And so with a change of mind comes a change of heart

Ez dakit inoiz zer bertsio izango naizen.
Ematen du hainbat aukera irekita dauzkadala.
Ez da zaila beste gertaera berdingabea ikustea
hasiera eta amaiera ez dituzunean ikusten.
Berrogei bertsio dauzkat, guztiek papera lortu nahi dute,
Eta horrela iritziz aldatzen naizenean bihotzez ere aldatzen naiz.

Punk Floyd[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1977an Wirek kontratu bat lortu zuen Harvest diskoetxearekin, garaian ospetsua Pink Floyden eta Syd Barretten diskoak plazaratzen zituelako. Une hartan, punk mugimendua pil-pilean zegoen eta deigarria zen punk talde bat, edo askoren ustetan punk talde bat, halako konpainiarekin ibiltzea, nolabait lankide gisan izatea. Ondorioz, lagun burutsu batek “Punk Floyd” goitizena eman zion taldeari. Wirekideek erantzun zioten lehenengo diskoaren izenburuarekin: “Pink Flag”.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Wire Aldatu lotura Wikidatan