Wikipedia, Entziklopedia askea
Akuifero baten eskema

Akuiferoa lurpeko harkaitz edo sedimentu geruza bat da, materialen artetik urari pasatzen uzten diona eta bere barruan lurpeko ura pilatzen uzten duena. Ura pilatu ahal izateko, beharrezkoa da geruza iragazgaitz bat (urari pasatzen uzten ez diona) egotea akuiferoaren beheko aldean. Beste batzuetan, aldiz, ura barrunbe edo haitzulo batean pilatu beharrean, lurpeko ibaien antzeko batzuk sortzen dira, lur azaleko punturen batean lur gainera itzultzen diren arte; puntu horiek iturburuak dira.

Lurpeko geruza horietatik edo lurpeko uretatik, posible izaten da ura atera ahal izatea putzuak erabiliz. Lurpean pilatutako urak akuiferoan duen goiko mailari maila freatiko deitzen zaio.

Nola eratzen dira?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akuiferoak prezipitazioetatik datorren urarekin kargatzen dira. Prezipitazio horiek lur azpira infiltratzen edo iragazten dira eta material iragazkorren poro, pitzadura eta arrakaletatik sartzen dira grabitatearen eraginez.

Zergatik dira garrantzitsuak?[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akuiferoak lurpeko urtegi moduko batzuk direla esan genezake, euri-ura pilatzen dutenak edo ur hori nonbait deskargatzen dutenak, modu naturalean, iturburuetan edo ibaietan, edo artifizialean, putzuak eta zundaketak egiten direnean.

Lurpeko akuiferoetako urak Lurreko ur geza guztiaren % 22 dira, poloetako izotzetan pilatutako ur eskuragaitzaren atzetik (% 77) eta planetako ibai eta aintzira guztietan dagoenaren oso aurretik (< %1). Munduko biztanleriaren herena lur azpiko uren menpe dago, edateko edo ureztatzeko ura edukitzeko.

Akuifero askotan, lur azpiko uren maila izugarri jaitsi da azken garaietan. Hori gertatzen da, oro har, azaleko ur-iturriak desbideratu direlako, edo lurpeko ur gehiegi atera delako ureztatzeko eta beste erabilera batzuetarako. Horrelakoetan, ura ateratzea gero eta zailagoa edo garestiagoa izaten da, putzu sakonagoak egin behar direlako, eta gerta daiteke putzuak azkenik lehortzea eta agortzea.