Wikipedia, Entziklopedia askea

Jack London

J. London 1903. urtean.

Jack London idazle estatubatuar bat izan zen. Bere lan literarioetako asko naturan, lurrean eta itsasoan bizitako bere abentura propioetan daude oinarrituta. London da idazle estatubatuarren artean gehien itzuli den autoreetako bat. Haren liburuak 70 hizkuntza baino gehiagotara itzuli dira, euskara barne.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1876ko urtarrilaren 12an jaio zen San Frantziskon, Kalifornian, eta hasieran John Griffith Chaney zuen izena; London abizena bere aita-ordearengandik jaso zuen haur txikia zenean. Londonek txikitatik lan egin behar izan zuen dirua irabazteko eta familiari lagundu ahal izateko. Bigarren hezkuntza 14 urterekin utzi zuen eta fabrika batean hasi zen lanean. Urtebete geroago, itsasontzi txiki batean hasi zen San Frantziskoko badian nabigatzen, ostrak arrantzatzen eta gobernuko arrantza-ikuskaritzarako lan egiten.

1893an, Ozeano Bareko ipar-mendebaldera joan zen itsas txakurrak espedizio batean ehizatzera. Esperientzia horretan oinarrituta idatzi zuen The Sea Wolf (1904) izeneko liburua.

1894ko udaberrian, karga-trenetan Estatu Batuetatik bidaiatu zuen; ondoko udan, 30 egunez kartzelaratu zuten etxerik ez izateagatik. Libre geratzean erabaki zuen eskolara itzultzea. Londonek The Road (1907) izeneko liburua idatzi zuen, egindako bidaian eta kartzelan bizitako esperientzietan oinarrituta.

Londonek bigarren hezkuntza lau urtetan egin ordez, urte bakar batean amaitzea lortu zuen, eta Kaliforniako Unibertsitatean, Berkeleyn, hasi zituen ikasketak 1896an. Hala ere, hilabete gutxi batzuetara utzi behar izan zuen, ez baitzuen ikasten jarraitzeko dirurik. Ikasi ordez, idazten hasi zen. Asko idazten zuen arren, ez zuen bere lanak argitaratzea lortzen. 1897an erabaki zuen Kanadara joatea, Klondikeko urrearen bilaketan lan egin eta aberats bihurtzeko asmoz. Hurrengo urtean itzuli zen eta idazlea izan nahi zuela erabaki zuen.

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Londonen lehen liburua, Son of the Wolf, 1900ean argitaratu zen. Geroago, mundu mailan ospetsu egin zen 1903an argitaratutako The call of the wild (Basabizitzaren deia euskaraz) liburuari esker. Liburuko protagonista Buck izeneko txakur ba da, Klondikera lera-txakurra izateko bidaltzen dutena. Azkenean otso baten antzera bizi da.

Iparraldeko lur basatietan kokatzen da Londonen White Fang (1906) liburu ezaguna ere, Letagin zuri euskaraz. Londonek hil arte jarraitu zuen etengabe idazten. Osotara, fikziozkoak ez diren 400 lan idatzi zituen, 200 ipuin, 20 eleberri eta 3 antzezlan. 1916ko azaroaren 22an hil zen Glen Ellen herrian, Kalifornian.

Jack Londonen lanak euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazle honen idazlan asko irakur daitezke euskaraz, bertsio osoetan edota egokituetan. Hona hemen aipagarrienak:

  • Oihanaren deia (The call of the wild), Tximista argitaletxea, Guillermo Etxeberriak itzulia, 1979.
  • Abentura ikaragarria airean (ipuin bilduma), Hordago argitaletxea, Joxe Lizarraldek itzulia, 1980.
  • Hego itsasoetako hiru istorio (ipuin bilduma), Hordago argitaletxea, Arantxa Sarriegik itzulia, 1980.
  • Pirataren espedizioa (ipuina), Hordago argitaletxea, S. Egañak itzulia, 1981.
  • Hiawatha (ipuina), Hordago argitaletxea, Bittor Hidalgok itzulia, 1981.
  • Bizi nahi (Love of live), Hordago argitaletxea, Guillermo Etxeberriak itzulia, 1981.
  • Letagin zuri (White fang), Elkar argitaletxea, Xabier Mendigurenek itzulia, 1986.
  • Bost istorio itsasoko (ipuin bilduma), Txertoa argitaletxea, Iñaki sopelak itzulia, 1987.
  • Bâtard / Sua piztu (ipuin bilduma), Erein argitaletxea, Iñaki Ibañezek itzulia, 1991.
  • Bizitza maite eta beste ipuin batzuk (ipuin bilduma), Mensajero argitaletxea, Tomas Sarasolak itzulia, 1991.
  • Pirataren ibilaldia, Elkar argitaletxea, Karlos Gorrindok itzulia, 1991.
  • Midasen kuttunak (ipuina), Igela argitaletxea, Xabier Olarrak itzulia, 1991.
  • Basatasunaren deia (The call of the wild), Elkar argitaletxea, Iñaki Mendigurenek itzulia, 1993.
  • Sua piztu (ipuina), Erein argitaletxea, Iñaki Ibañezek itzulia, 1995.
  • Hego itsasoetako hiru istorio (ipuin bilduma), Elkar argitaletxea, Iñaki Mendigurenek itzulia, 1995.
  • Basabizitzaren deia (The call of the wild), Vicens Vives argitaletxea, Josu Zabaletak itzulia, 2014.