Akrostiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Nafarroako Leodegundia erreginaren eztei-kantaren akrostikoaren hasieraː LEODEGV...)

Akrostikoa (grezierazko ἄκρος akros, muturra, eta στίχος stikhos, lerroa edo bertsoa), olerki bat da, non bertso bakoitzeko hasierako, erdiko edo amaierako hizkiek, bertikalean irakurriak, hitz edo esaldi bat eratzen duten. Hedapenez, akrostiko, hizki horiek osaturiko hitzari ere deitzen zaio. Literatura asmakuntza hau, bereziki, forma bihurrienak gehien erabili diren garaietan hedatu da, literatura barrokoan kasu.

Antzinakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kristautasunaren hastepenetakoa da akrostiko ezagun bat, Mediterranio ekialdeko lehen kristauek grekeraz osatutakoa, kristauen jainkoa gurtzekoː Jesukristo, Jainkoaren seme eta salbatzaile.

Ιησούς    I  esous   Jesus
Χριστός   CH ristos  Kristo
Θεού      TH eou     Jainkoaren
Υἱός      Y  ios     seme
Σωτήρ     S  oter    salbatzaile

Grekerazko akrostikoak ΙΧΘΥΣ (ICHTHYS) ematen du, arraina grekeraz, eta arraina kristautasunaren sinboloa zen garai hartan.

Leodegundia Iruñeko erregina ezkontidearen epitalamio edo eztei-kanta (9. mendeko Nafarroako dokumentua) akrostiko bat da halaber, Leodegundiaren edertasuna goraipatzen duena: "Leodegundia pulcra Ordonii Filia", Leodegundia Ordoñoren alaba ederra.

Euskarazkoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaraz ezagutzen den lehen akrostikoa Pierre Argaiñaratz idazleak utzi zuen Noelac bere liburuan XVII. mendean, bere adiskide Joanes Etxeberri Ziburukoaren omenez. Bertso batekin osatzen den akrostiko bitxia da, letra bakoitza errepikatzen baita larriz eta xehez Etxeberriren izena ematekoː EeTtÇçHhEeBbEeRrRrIi (orduko grafian).[1]

Beste akrostiko xelebre bat, adibide gisa, Joxantonio Ormazabalen poema edo igarkizun hau, tipografiaren hutsuneekin ere jokatzen duena UDABERRIA osatzeko:

  negUaren
   onDoren
    dAtor
     Bere
     Eguzki
epelaRekin
   loRez
jantzIta
    kAntari

Pello Mari Otaño bertsolariak 1901ean Jose Mari Aldasoro lagunari Ongi-etorriya bertso akrostiko pare bat idatzi zizkion. Lerro bakoitzaren lehenengo letra hartu eta goitik behera irakurtzen bada, "Jose Mari Aldasoro" izena irakur daiteke.[2][3]

Jaioterri maitera,

Osasun ondoren,

Sortu ziñan lurrari

Eskatzera arren!,

Megope ta gorputza

Aunaturik emen,

Run-run gozuen billa

Iritxi ziñaden.

An utzirikan oraiñ

Lagunak ta erriya,

Denai egiñik berriz

Agur mingarriya,

Sendoturik dakartzu

Osasun berriya;

Rezibi zazu nere

Ongi-etorriya.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. 1963-, Arranz, Iñaki,. (). Hitza azti. Alberdania, 126 or. ISBN 9788496310711. PMC 433937856..
  2. Zavala, Antonio. (1993). Pedro M. Otaño eta bere ingurua (II). Euskaltzaindia - Auspoaren Sail Nagusia - Sendoa, 74 or..
  3. Otaño, Pedro María. (1994). Bertso Guziak. Sendoa argitaldaria. Auspoa Liburutegia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]