Aldakako ordezkapen oso

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aldakako ordezkapen oso
Deskribapena
Motajoint replacement (en) Itzuli
Identifikatzaileak
MeSHD019644
Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.

Aldakako ordezkapen totala metodo kirurgiko bat da, non aldaka artikulazio-protesi batekin ordezkatzen den. Aldaka-ordezkapena bi motatakoa izan daiteke, ordezkapen totala edo erdi-ordezkapena. Aldaka ordezkapen total batean, azetabulu hezurra eta buru femorala ordezkatzen dira, eta erdi-ordezkapenean, aldiz, buru femorala soilik. Osteoartritisaren eraginez sortutako giltzadura-galera tratatzeko erabili ohi da aldaka ordezkapen totala. Honen helburua mina desagertzea eta aldakaren funtzioa hobetzea da.[1]

Arazoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldakako ordezkapen totalean gertatzen diren arazoak giltzadura-ordezkapen guztietan agertzen diren arazo orokorren antzekoak dira. Arazo arruntenak hurrengo hauek dira:

Bena-tronbosia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arazo hau kirurgia eta gero agertu ohi da, eta honi aurre egiteko antikoagulatzaileak dituen tratamendu bat gomendatzen da.[2]

Aldaka ordezkapeneko protesiaren dislokazioa

Dislokazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldaka-ordezkapen totalaren kirurgian arazorik arruntena da dislokazioa. Buru femoralaren kirurgian, buru femorala atera eta gero, aldakako inplantea jarri eta azkenik guztia posizio egokian ipintzen da. Zortzi eta hamabi aste inguru behar dira kirurgian mindutako ehunak sendatzeko; eta denbora honetan, protesiaren burua azetabulutik atera daiteke. Arazo hau gertatzeko arriskua gutxitu daiteke, kirurgian ehun gutxiago moztuz eta hauek hobeto sendatuz, edota diametro handiagoko buru femoralak erabiliz.

Apurketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gailuen bidezko barne-finkapena duten hezurrek apurtzeko arrisku handiena dutenak dira, inplantearen muturrean dagoen marruskaduraren eraginez.

Osteolisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Higaduraren eraginez, protesiak partikulak askatzen ditu. Askatutako partikula hauek gorputzean erreakzioak eragiten dituzte, hezurraren galera sortuz.. Honek, aldi berean aldakako inplanteak indarra galtzea edo inplantearen inguruan hezurren apurketa gertatzea eragin dezake. Desgastea eta osteolisia txikitzeko, zeramikazko euskarri-gainazalak erabiltzen dira. Aldi berean, zeramikazko piezak hauskorrak izan ahal direnez, polietilenozko loturak dituzten plastikozko estalkiak garatu egin dira.

Metalarekiko sentsibilitatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metalarekiko sentsibilitateak pazientean erreakzio immunologikoak eragiten ditu, metalekin kontaktuan egotearen ondorioz. Ekzema, gorritasuna edo azkura dira horren adibiderik ezagunenak.

Metalen toxikotasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldakako protesi gehienak kobalto eta kromozko aleazioez egiten dira. Aleazio hauen zati mikroskopikoak pazientearen gorputzak xurgatu ditzake.

Arazo guzti hauetaz gain, gutxiago gertatzen diren beste batzuk ere badaude, esate baterako: nerbioen paralisia, min kronikoa, heriotza (hala ere, aldaka-ordezkapenen heriotza-tasa % 1 baino gutxiagokoa da) edo inplantearen aukeraketa desegokiaren eraginez sortzen den hanken luzeraren diferentzia.

Teknikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aldakako ordezkapen totalean egiten diren kirurgietan, erdiko gluteoko muskulua ebakitzen da. Ebaketa-metodo ezagunenak hurrengoak dira: atzealdekoa (Moore), albokoa (Hardinge edo Liverpool), aurre-albokoa (Watson-Jones), aurrekoa (Smith-Petersen) eta trokanter nagusiaren osteotomia.

Atzealdeko ebaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atzealdeko ebaketa, giltzaduraraino eta kapsularaino egiten den ebaketa da. Atzealdetik ebakitzen da, muskulu piramidala eta kanpoko errotula txikiak femurretik kanpo utziz. Ebaketa honek azetabulu eta femurrerako sarrera bikaina ziurtatzen du, eta aldakako abduktorea babesten du.

Alboko ebaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alboko ebaketa, aldakako abduktorean (erdiko gluteoa eta beheko gluteoa) egiten den ebaketa da. Abduktoreak altxatu daitezke trokanter nagusiaren osteotomiaren bitartez, eta kableen bidez bere posizioan berrezarri. Halaber, bere atal tendinosoetan zatitu ahal dira, eta gero berriz elkartu josturen bitartez.

Aurre-alboko ebaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebaketa-mota hau, faszia lata tenkatzailea eta erdiko gluteoko muskuluaren arteko tartean egiten da.

Aurreko ebaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko ebaketa muskulu sartorioaren eta faszia lata tenkatzailearen arteko tartean egiten da.

Ebaketa inbaditzaile minimoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ebaketa inbaditzaile minimoaren helburua ehun bigunak sufritzen duen kaltea murriztea da. Horretarako, ebakiduraren tamaina ere murrizten da. Hala ere, hezurren eta osagaien kokapenaren zehaztasuna kaltetu ahal da. Honek ustekabeko hausturak eta ehun bigunen lesioak eragin ditzake.

Bestalde, ordenagailuz lagundutako kirurgia-teknikak eskuragarri daude zirujauen zehaztasuna hobetzeko.

Inplantea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Buru femoraleko aldakako protesia

Aldaka ordezkatzeko erabiltzen den protesia hiru zatitan banatuta dago: kopa azetabularra, osagai femorala eta giltzadura-interfazea.

Kopa azetabularra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kopa azetabularra, azetabuluan kokatzen den zatia da. Hezurra eta kartilagoa azetabulutik ateratzen dira, eta kopa azetabularra azetabulura konektatzen da frikzioaren bitartez edo zementuarekin. Kopa azetabular batzuk pieza bakarrak dira, beste batzuk, ordea, modularrak. Pieza bakarreko kopak UHMWPE (pisu molekular ultra altuko polietilenoa) edo metalezkoak dira eta gainazal artikular mekanizatua daukate koparen barrutik, eta ez daukate blokeo mekanismorik forrua bere lekuan mantentzeko. Polietilenozko kopa zementatu egiten da. Bestalde, metalezko kopa, metalezko estaldura baten bitartez mantentzen da. Modularrak bi piezez osatuta daude: kopa eta forruaz. Kopa metalezkoa izan ohi da, eta kanpoaldetik inguratzen metalezko estaldura porotsu bat dauka. Barrutik, ordea, finkapen mekanismo bat dauka forrua eusteko.[3]

Osagai femorala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Femur hezurrean finkatzen den osagaia da. Hezurra kendu eta protesiaren buru femorala txertatzen da. Bi txertatze-modu daude: zementatua eta ez-zementatua. Zurtoin zementatuek zementu akrilikoa erabiltzen dute; ez-zementatuak, aldiz, marruskaduraren bidez finkatzen dira. Zurtoinak pieza bakarrekoak edo modularrak izan daitezke. Buru femoralak metalezkoak edo zeramikoak izan ohi dira.

Giltzadura-interfazea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kopa azetabular eta osagai femoralaren artean dagoen gunean kokatzen den errotulazko giltzadura sinple bat da. Honen tamaina buruaren kanpoko diametroaren bidez edo barruko barrunbearen bitartez finkatzen da. Hainbat materialen konbinazio erabiltzen da giltzadura-interfazea eraikitzeko, bakoitzak bere abantailak eta desabantailak izanik. Ezagunenak hauexek dira: Metal-polietilenoa (MOP), zeramika-zeramika (COC) eta metala-metala (MOM).

Prozesu modernoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulazio artifizial modernoen diseinua Sir John Charnley-ren eskutik heldu zen 1962an. Honek altzairu herdoilgaitzez egindako zurtoin femorala eta polietilenoz egindako buru eta osagai azetabularra proposatu zuen. Azken bi hauek euren artean PMMA hezur-zementuz finkatuta. Buru femoral txikia aukeratu zen frikzio txikia sortuko zuelakoan, baina oso erraz destokitzen zenez, buru handiago bat diseinatu zen. Hala ere, azetabuluan desgastea gertatzen zela behatu zuten, eta horregatik, adituak osagai azetabularrerako material aproposago bat bilatzen hasi ziren. Azkenean, UHMWPE (pisu molekular ultra altuko polietilenoa) aukeratu zuten.

Zenbait kasutan, inplantea bere lekuan eusten duen zementuak erreakzio bat sortzen du, eta honen ondorioz, inplantea askatzeko arriskua zegoela behatu zen. Hori dela eta, 1980ko hamarkadan arazo hori konpontzeko metodo batzuk garatzen hasi ziren Estatu Batuetan. Konponbidea inplanteari estaldura bat aplikatzea izan zen, eta zementu gabe ezartzea. Estaldurari esker, hezur-zelulak hasten dira, eta horrela, zurtoina hobeto finkatzen dute. Polietilenoaren higaduraren ondorioz askatzen diren partikulei aurre egiteko, azetabulurako material aurreratuagoak eta hobeak garatzen hasi ziren.

Aldaka-ordezkapenerako inplanteetan zurtoinak zementatuak edo ez-zementatuak izan daitezke. Alde batetik, hezur-kalitate ona daukaten pazienteetan zurtoin ez-zementatuak erabiltzen dira, hezurrak indar handiak eusteko gai direlako. Beste alde batetik, zurtoin zementatuak erabiltzen dira hezur-kalitate txarra daukaten pazienteetan. Zurtoin zementatuak ez-zementatuak baino merkeagoak dira.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. "2012 comparative price report" (PDF). International Federation of Health Plans. Kotsultatu: https://web.archive.org/web/20201112020935/https://hushp.harvard.edu/sites/default/files/downloadable_files/IFHP%202012%20Comparative%20Price%20Report.pdf. [Azken kontsulta: 2016/04/18]
  2. Sobieraj, DM; Lee, S; Coleman, CI; Tongbram, V; Chen, W; Colby, J; Kluger, J; Makanji, S; Ashaye, AO; White, CM (May 15, 2012). "Prolonged versus standard-duration venous thromboprophylaxis in major orthopedic surgery: a systematic review. Kontsultatu: doi:10.1059/0003-4819-156-10-201205150-00423. PMID 22412039. [Azken kontsulta: 2016/04/18]
  3. Amirouche, Farid (2014). "Factors influencing initial cup stability in total hip arthroplasty". Kontsultatu: http://www.clinbiomech.com/article/S0268-0033(14)00218-6/abstract. [Azken kontsulta: 2016/04/20]