Bagaudak

Wikipedia, Entziklopedia askea

Bagaudak (latinez bagaudae) Galia eta Hispaniako probintzia erromatarretako nekazari-taldeak izan ziren, Behe Erromatar Inperioan, II. mendetik V. mendera bitartean, jauntxo handien eta Erromatar Inperioaren aurka altxatu zirenak. Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen aldean izan zen, egungo Euskal Herriko lurraldeetan.

Lehen matxinada ezaguna 285ean izan zen, eta haren aldirik gorena V. mendeko inbasio germaniarrekin gertatu zen, Behe Erromatar Inperioa krisian bizian zelarik. Matxinada horiek izan ziren Erromatar Inperioa desegin izanaren arrazoietako bat.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latifundisten gehiegikerien eta agintari erromatarrek ezarritako zergak ordaintzearen aurka asaldatu ziren nekazariak, baina ez zuten arrakastarik izan, eta altxamendu guztietan zapaldu egin zituzten. Baskoien lurraldeetan jazo ziren bereziki bagauden altxamenduak: Pirinioen bi aldeetako Euskal Herrian urte askotan iraun zuen matxinadak, 269. urtean hasi eta 285ean Diokleziano enperadoreak amaiera eman zion arte. Bagauden matxinada nagusia V. mendearen lehen partean izan zen, Euskal Herriko lurraldeetan (iparraldean nahiz hegoaldean). Erromatar inperioa gainbehera zetorren orduan eta bisigodoen presioa gogortuz zihoan; aldi berean, egonezin soziala areagotu egin zen eta orduko euskaldunak beren askatasunaren alde borrokatu ziren[erreferentzia behar]. Asterio jeneral erromatarraren aurka 441ean borrokatu ondoren, 443an Merobaudesen tropa erromatarren aurka galdu zuten bagaudek Aracaelin (gaur egungo Uharte Arakil, edo Araciel izeneko Erdi Aroko herri hustua, Corella ondoan).[1] Ondoko urteetan, militar erromatarren (Basilio jenerala) nahiz bisigodoen aurka (Teodoriko II.aren tropak) borrokan jarraitu zuten, 456. urtera arte.

Bagaudak testuinguru zabalean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromako Behe Inperioan, eta aginpide zentralak eragina galdu izanaren ondorioz, matxinada ugari jazo ziren inperioaren aginpidearen kontra.

Bagaudak, Galiako (egungo Frantziako estatua) eta Hispaniako (Iberiar penintsula) nekazari matxinoak K. o. III. mendean agertu ziren Galian lehenengo aldiz, barbaroen inbasioek eta dinastien arteko borrokek inperioaren aginpidea murriztua zuten unean. Hispanian,Tarraconensis probintzian zehazki, K.o. V. mendekoak dira mugimendu honen lehen lekukotasunak, Galiakoaren antzeko kinkatan agituak.

Antzinako idazleek oso gutxitan aipatzen zituzten klase apalak eta hortixek dator bagaudek historiografian piztu duten jakin-mina. Mugimendu garrantzitsua izan zen, matxinada handiak bultzatu baitzituzten estatuaren kontra, eta barbaroekin konspiratu ere egin baitzuten.

Hala ere, bagauden gizarte-mugimendua ez da batere ondo ezagutzen, haien aipamen idatziak oso gutxi direlako, eta zehaztugabeak eta zatikakoak gainera.

Euskal Herriari dagokionez, egile batzuen ustean, Tarraconensis-eko matxinada horiek baskoien lurretan bakarrik gertatu ziren, oso gertaera bereziak baitira, baina matxinada horiek berez Tarraconensis-eko ipar-ekialde osoan izan ziren, eta, horretaz gainera, testuetan ez dira aracelitar bagaudak edota Tarazonakoak bakarrik aipatzen (baskoi lurretan biak); aldiz, bada Zaragoza eta Lleidako eskualdeetako bagauden aipamenik ere dokumentuetan (baskoienak ez ziren eremuetan biak).

Eztabaida historiografikoak bi aukera eskaintzen ditu: gizarte-mugimendua edo nazio-mugimendua[erreferentzia behar].

  • Lehen kasuan, esklaboen eta kolonoen egintzak izatea hartzen da, batez ere, kontuan, beraz, jabe handien kontrako erreakziotzat hartzen dira matxinadak.
  • Teoria nazionalak, aldiz, “bertakoak izatea” nabarmentzen du beste edozer arrazoiren gainetik, eta “nazionalismoen” erakusgarri gisa azaltzen du bagauden gatazka hura, Galian zeltikoa izan omen zena eta Hispanian, berriz, baskoia.

Baina ezaugarri horiekin bakarrik ezin da mugimendu hura nolakoa izan zen guztiz esplikatu, eta historialariak ez dira ados jartzen. Beraz, auzia, ziur asko, hobeto azaldu liteke arazoaren bi alderdiak kontuan hartuta: Koldo Larrañaga irakaslearen esanetan, alde batetik, latifundistak vs lur-jabe txikiak; eta bestetik, abeltzaintzan oinarritutako bizimodu indigena tradizionala vs latindar jatorriko nekazari-egitura.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sanz Huesma, Francisco Javier. (2008). «Merobaudes en Hispania (443 d. C.)» Habis (39): 363–368. ISSN 0210-7694..
  2. Euskal herriaren historiaz. Servicio Editorial, Universidad del País Vasco 1985- ISBN 84-7585-022-7. PMC 434469635. (Noiz kontsultatua: 2020-02-08).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]