El Brujo (Langraiz Oka)

Wikipedia, Entziklopedia askea
El Brujo (Langraiz Oka)
Datu biografikoak

El Brujo Langraiz Okako (Iruña Oka, Araba) jaietako pertsonaia nagusia da.

Langraiz Okako jaiak Andre Mariaren Jasokundearen eta San Rokeren ohoretan ospatzen dira urtero abuztuaren 12 edo 13tik 16ra bitartean. 1968. urtetik aurrera El Brujo pertsonaia da, haren jaitsierarekin, jaien irekieraren arduraduna.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

El Brujoren historia 1960ko hamarkadaren amaieran hasi zen. Garai hartan, Langraiz Okako jaiak bi egunetan zehar bakarrik ospatzen ziren; abuztuaren 15ean (Mariaren Jasokundearen eguna) eta 16an (San Roke eguna). Jaiak hasiarazteko hainbat txapligu bota eta elizako kanpaiak jo baino ez zen egiten. Baina 1968. urtean, jaiak hasi baino egun batzuk lehenago, Langraizko alkateak zerbait desberdina egin behar zutela adierazi zuen, eta Gasteizko Zeledon inspirazio iturri hartuta, pertsonaia propioa asmatu zuten. Hori bai, Langraizko elizatik jaistekotan, pertsona biziduna izan behar zela eta ez panpina erabaki zen. Ondoren, herriko errementariarekin harremanetan jarri ziren El Brujoren eserlekua fabrikatu zezala eta azkenik egitura guztia muntatu zen. Dena prest zegoenean gauzarik inportanteena falta zen, ea nor izango zen igotzeko ausarta. Bertan zeudenetako batek, gainerakoen ezetza ikusita, aurrerapausoa eman zuen.

El Brujoren lehendabiziko jaitsiera 1968ko abuztuaren 14an ospatu zen eta ordutik urtero errepikatu ohi da. Harrezkero, ibilbidearen abiapuntua eta luzeera aldatu da bakarrik. Hasieran kanpadorretik hasten zen eta gaur egun, ordea, arriskutsua zenez, elizaren horman horretarako irekitako hutsune batetik hasten da eta Araba kalean amaitzen da 200 metroko ibilbidea egin ondoren.

2002. urtetik aurrera, gainera, Brujo Txiki izeneko pertsonaia existitzen da. Urtero, Langraiz Okako Administrazio Batzarrak aurkezturiko haurretako bat hautatzen du Iruña Okako udaletxetik Brujo Txiki gisa jaitsiera egin dezan.

Langraizko Andre Mariaren Jasokundearen eliza.

El Brujo izan diren pertsonen zerrenda

Izena Urteak Zenbat alditan
Patxi Hernández Pérez 1968-1993 26
Patxi Hernández López 1994-2009 eta 2014 17
Óscar Salgado Aguayo 2010tik (2014an izan ezik) 8

Lehendabiziko el Brujok, Patxi Hernándezek, 25 urtetan zehar jaitsi zuen elizatik, 1993. urtera arte konkretuki. 1994an azken honen semeak hartu zuen lekukoa eta 2009ko jaitsieran ordukoa bere azken aldia izango zela adierazi zuen. 2010an, El Brujorik ez zegoela ikusita, Langraizko Administrazio Batzarrak aukeraketa prozesua hastea erabaki zuen. Ezarritako baldintza bakarrak hurrengo hauek izan ziren: Langraiztar heldua izatea eta herriko jaietan urtero libre egotea. Erabakia hartzeko herri-galdeketa antolatu zen eta horretatik Óscar Salgado atera zen garaile.

Pertsonaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txupinazoaren ostean, el Brujo Langraizko elizatik Araba kalera arte luzatzen den kabletik jaisten hasten da fanfarrearen musikarekin batera. Arabako janzkera tradizionalarekin jantzita ateratzen da, eta euritako eta goxokiz beteriko saskia esku bakoitzean daramatza. Jaitsi ahala, aipatutako goxoki horiek behean daudenei eskaintzen dizkie. Ibilbidearen erdia egin ondoren, jaisteari uzten dio bertokoei jaietan ondo pasatzera gonbidatzeko eta ohitura den moduan, olerki bat irakurtzeko. Jaisten berriz hasi aurretik el Brujok GORA LANGRAIZ! ohiukatzen du.

Jaietako protagonista denez, antolatzen diren ekitaldi askotan egon behar du presente, adibidez, kalejiratan edota mezatan ere bai. Azken hauetan herriko patroiak prozesioan ateratzen dituzte eta San Rokeri madarizko banda ipintzen diote. Madari horiek apaizak bedeinkatzen ditu eta mezaren ostean bertokoen artean banatzen dira.

Abuztuaren 16ko gauean el Brujok kontrako ibilbidea hartzen du. Goian gelditzen da berriro beste hitzaldi motz bat emateko eta hurrengo urtera arte agurtzen da.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askegi Elkarte Kulturala (2011). Askegi, Iruña Okako aldizkari kulturala. 5. zenbakia. Iruña Oka. ISSN 1699-6097.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]