Farmakognosia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Farmakognosia terapeutikan erabilgarriak diren naturako lehengaiak aztertzen dituen zientzia da. Bere izena grezieratik dator, pharmakon (farmakoa) + gnosia (ezaguera) eta farmakologiaren adar bat da. Bere helburua jatorri naturaleko substantzien ezaugarri fisiko, kimiko, biokimiko eta biologikoak aztertu eta terapeutikan erabiliko diren farmako berrien aurkikuntza da.

Gaur egun aztertzen diren lehengaien artean landare zatiak (jariakinak, erretxinak, gomak, latexa...), animalien organo edo erraiak eta mineralak daude. Hala ere, normalean jatorri begetalekoak dira erabilienak. Lehengai hauek bilketa eta kontserbazioaz gain, ez dute inolako manipulaziorik jasan behar.

Sailkapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Farmakognosiak droga begetal eta bere osagaien alderdi botaniko, biologiko, biokimiko eta ekonomikoak hartzen ditu barne.

XX. mendean egin zen farmakognosiaren sailkapenaren adar nagusiak ondokoak da:

  • Farmakoergasia. Landare sendagarrien laborantza eta bilketa.
  • Farmakobotanika. Sistematika, morfologia, anatomia eta fisiologia begetala.
  • Farmakozoologia. Animalia jatorriko drogak.
  • Farmakokimika. Droga begetalen konposaketa kimikoaren ikerketa eta determinazioa.
  • Farmakofisika. Droga begetalen ezagupenak lortzeko erabilitako metodo fisikoak.
  • Farmakogeografia. Munduan zehar drogen distribuzioa.
  • Farmakodinamia. Drogen ekintzak eta mekanismoak.
  • Farmakoetnologia. Kulturaren araberako erabilera.

Oinarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Farmakognosia kontzeptuak drogen ikerketa osoa hartzen du bere baitan, droga bere ezaugarriei esker medikamentuak prestatzeko erabilgarria den landare edo animalia jatorriko lehengaia izanik. Substantzia hauek aktibitate biologikoa dutenez, aldaketa prozesuen bidez farmako berrien aurkikuntza ere ikertuko da.

Drogek metabolito primario eta sekundarioak dituzte. Metabolito primario edo aitzindari biogenetikoetatik metabolito sekundario edo produktu naturalak sortzen dira. Hauek gizakiarengan eragin biologiko bat ematen dutenean, osagai aktibo izena hartzen dute. Osagai aktibo hauek medikamentuak osatzen dituzte eta bere egitura ezaguna denean, laborategian sintetizatu daitezke eta farmako izena hartuz.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Farmakognosia oso zientzia zaharra da, gizakiak mina kentzeko helburuarekin naturan aurkitutakoa erabili izan du beti eta horregatik aspalditik bereizten zituen landare toxiko eta sendagarriak.

Mendebaldean Dioscorides izan zen farmakognosiaren benetako bultzatzailea. I. mendean sendatzeko ezaugarriak zituzten 500 landaretik gora deskribatu zituen De materia medica obran, XV. mendean latinera itzulia izan zena.

Arabiarrek ekarri handia egin zioten farmakognosiaren munduari. XIII. mendean Corpus simplicium medicamentorum liburuan 1500 droga deskribatzen zituzten.

Amerikaren aurkikuntzarekin droga berriak agertu ziren terapeutikan. XVII. mendean aldiz, drogen ekintza terapeutikoa ezagutu asmoz lehen ikerketak egin ziren animaliekin. Farmakognosia hitza ordea, ez zen 1815era arte agertu Seydleren eskutik Analecta Pharmacognostica izeneko liburuan.

XIX. mendean kimika eta fisiologia arloek izandako aurrerakuntzari esker, farmakologiaren eremuek ere izugarrizko aurrepena jasan zuten. Honela, Friedrich Sertürner eta Pierre Joseph Pelletierrek lehenengo osagai aktibo puruak aurkitu eta isolatu zituzten lehengai begetaletatik. Osagai aktibo hauek morfina eta kinina izan ziren. Aldi berean, drogen eta isolatutako osagai aktiboen aktibitatea aztertzeko metodo eta teknika fisiologiko berriak agertu ziren.

Landare sendagarrien erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare sendagarrien erabilera farmazeutikoa bi motatakoa izan daiteke:

  • Fitoterapia. Landare sendagarri eta drogen erabilera teapeutikoa da. Landare sendagarriak erabiltzen dira terapian, hauen zatiak, prestakin galenikoak, tinturak, estraktuak, zukuak, olio lurrunkorrak edo ur destilatu usaitsuak.
  • Farmakoterapia. Jatorri naturaleko osagai aktibo isolatu eta puruen erabilera terapeutikoa da. Gaur egun terapeutikoki interesgarriak diren osagai aktiboak lortzeko, ezin dugu natura ordezkatu. Hauen artean leudeke polisakarido heterogenoak, heterosido kardiotonikoak, alkaloide tropanikoak, antibiotikoak edo hormonak besteak beste.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]