Gogoaren fenomenologia

Bideo honek Ikusgela proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gogoaren fenomenologia
Datuak
IdazleaGeorg Wilhelm Friedrich Hegel (1807. urtea)
Argitaratze-data1807
GeneroaSaiakera
Jatorrizko izenburuaPhänomenologie des Geistes
Hizkuntzaalemana
HerrialdeaBavariako Erresuma

Gogoaren fenomenologia (alemanez: Phänomenologie des Geistes) Hegel filosofo alemaniarrak 1807an idatzitako liburua da.

Hegelen lehen lan nagusia da eta ondoren osatuko zuen sistema filosofikoaren ataria dela esan daiteke.[1] Hegelen helburua, hasieran, bere jakintzaren (Wissenchaft) sistemari sarrera bat bakarrik egitea bazen ere azkenean lan oso bat bihurtu zen liburua.[2]

Liburuan gogoak edo espirituak (Geist) bere garapenean darabilen bidea azaltzen du Hegelek eta garapen horretan gogoak hartzen dituen tankera edo konfigurazio ezberdinak erakusten ditu. Kontzientziaren tankera oinarrizkoenetik hasi eta jakintza absolutura iritsi arte jarraitzen du. Hegelen pentsaeran gogoaren garapenean sortzen da dena. Horrela, kultura garatzen den heinean kultura horren ezagutzaren maila ere garatuz doa eta dena gogoaren garapenaren arabera higitzen da. Prozesu hori da liburuan lantzen dena.[3] Beste modu batera esanda, Hegelek, kapituluz kapitulu, gizadiaren historia intelektual guztia erakutsi nahi du hori gogoak bere burua ezagutzeko garabide logiko gisa aurkeztuz.[4]

Testuinguru historikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

"Hegel eta Napoleon Jenan" (Harper's Magazine aldizkariko irudia, 1895)

Hegelen mendea (1770-1831) aldaketa garaia izan zen Europan. Argien Garaia, Frantziako Iraultza edo Napoleonen kanpainak Europan horren adierazgarri izan ziren. Hogeita Hamar Urteko Gerraren ondoren Alemania oraindik ez zen batasun politiko bat, Germaniako Erromatar Inperio Santua osatzen zuten ehunka eskualde burujabe baizik. Politikoki Frantzian eman zen iraultza pentsamenduan ere emango zen benetako iraultza osoa bilakatu zela uste zuten Kant, Fichte, Schelling edo Hegel bezalako alemaniar intelektualek.[5] Hegelen tesi baten arabera garai bakoitzean herrialde batek mugimendu politiko eta kulturalaren ardura hartzen du eta besteengan eragiten du. Hegelen mendean Frantzia zen herrialde hori.[6]

Hegelen filosofia idealismo absolutu edo espekulatibo gisa ezagutzen da.[7] Beste idealista guztiak bezala Hegel ere Kanten filosofia traszendentaletik abiatzen da eta horren hutsuneak osatu nahiko ditu, noumenoaren eta fenomenoaren arteko bereizketa edo subjektuaren eta objektuaren artekoa, adibidez.

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Bideo honetan Immanuel Kant filosofoaren pentsamendua aztertu dugu.

Fichteren Nian oinarritutako idealismo subjektiboak ez bezala, edo naturan oinarritutako Schellingen idealismo objektiboak ez bezala, Hegelen idealismo absolutuak gogo absolutuaren garapenaren baldintzak zehaztu nahi ditu.[8][9][10][11]

Orokorrean, Hegelek Kanti egiten dion kritika nagusia Spinozak Descartesi egiten zionaren antzekoa da, hau da, ezin da egiaren metodoa egia baino lehen eduki. Garai hartan Spinozaren panteismoa ere hedatzen ari zen[12] eta Hegelen filosofiaren oinarrietako bat izango zen Jainkoa ezin zela modu tradizionalean pentsatu. Jainkoa munduan bertan, historian, aurkitu behar zen askatasunaren bitartez.[13] Era berean, Kantengandik Hegelengana, arrazoimenaren eta izadiaren kontzeptuak aldatu dira eta, gainera, historiaren aurkikuntza egin da. Kantentzat izadiak makina batek bezala funtzionatuko luke baina Hegelentzat organismo bizia da, izateko bere burua bilakatuz doana. Kanten arrozoimena kanpotik ekiten duen ezagutzaile mugatua da eta ezingo du mugagabea ezagutu. Hegelen arrazoimena, izadiaren baitan, mugagabea den heinean, mugagabea ezagutzeko gai da. Kanten arrazoimenak oposizioak pentsatzen ditu, Hegelen arrazoimen espekulatiboak gainditu egiten ditu.[14]

Testuinguru horretan kontuan hartu beharreko beste auzi bat hizkuntzarena da. Alemana, ordurarte goiko klaseek eta gobernuek erdeinatutako hizkuntza, Frantsesaren lekua hartzera pasa zen prestigiodun hizkuntza bezala. Izan ere, adibidez, Berlingo Zientzien Akademian frantsesez edo latinez ematen ziren konferentziak. Goethe, Schiller edo Humboldt, beste batzuen artean, hizkuntza alemana goititzen borrokatu ziren. Kant ondoren filosofia ere hizkuntza alemanetik egin nahiko da eta filosofiaren garapena hizkuntzaren garapena izango da aldi berean.[15]

Argitaratzearen historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1805eko udan Jenako seihileko akademikoan hasi zen idazten Gogoaren fenomenologia. Hasiera batean argitaratu nahi zuen sistemaren sarrera eta lehen zatia izan behar zuen fenomenologiak eta sistema osoarekin batera agertuko zela uste zuen Hegelek. Pobreziaren eta gudaren mehatxupean, 1806ko uda hasieran, Gogoaren fenomenologia liburu gisa bakarrik, sistemaren beste zatirik gabe, argitaratzea erabaki behar izan zuen. Napoleonen aurka soldadu prusiarrak mugitzen ari ziren eta, urriaren hasieran, liburuaren zatirik handiena editorearengana bidaltzea lortu zuen. Frantsesak urriaren 13an Jenan sartu baino lehen lagun baten etxera ihes egin behar izan zuen. Hegelek Napoleon ikusi eta lagun bati idatzi zionez "Hemen, puntu zehatz batean bere zaldi gainetik mundu osoa menperatuz honelako gizasemea ikustea zoragarria da...Munduaren arima...Miretsi beharreko gizaseme aparta", amaitzear zuen liburuaren eredua zen Hegelentzat. Gau horretan amaitu zuen liburua eta Gogoaren fenomenologiaren azken orriak soingainekoan josita zeramatzala alde egin behar izan zue Bambergera. Hitzaurrea amaituta 1807ko apirilean argitaratu zen liburua. 750 ale bakarrik inprimatu zituen editoreak eta 24 urte behar izan ziren ale guztiak saltzeko[16]

1816tik aurrera Fenomenologia ez zen gehiago sistemaren sarrera izango eta Antropologia eta Psikologiaren artean kokatu zuten sistemaren hirugarren zatiaren hasieran. Horrela, bere garrantzi sistematikoa galdu zuen baina Hegelek beti maite izan zuen liburua. 1831n, hil baino lehen, berrargitaratzeko zuzenketak egiten hasi zenean, liburu horretan Absolutu abstraktuak gainezka egin zuela idatzi zuen.[17]

Egitura eta edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburua hitzaurre bat, sarrera eta zortzi kapituluekin osatua dago eta zortzi kapitulu horiek bi zati edo hiru atal nagusitan banatuak daudela esan daiteke. Lehenengo zatia kontzientziaren fenomenologiari edo norbanakoaren kontzientziaren esperientziari dagokio eta lehen bost kapituluak biltzen ditu. Itxura teorikoagoa duen lehen zati horretan kontzientziak “Kontzientzia”, “Autokontzientzia” eta “Arrazoimena”-ren tankerak hartuko ditu. Bigarren zatia gogoaren fenomenologia litzateke, kolektiboa eta historikoa, eta gainerako hiru kapituluak biltzen ditu "Gogoa", "Erlijioa" eta "Jakite absolutua" landuz. Hiru atal nagusien eskema jarraitzen badugu "kontzientzia" (A) eta "autokontzientzia" (B) tankeren ondoren izenik gabeko hirugarren tankera (C) letorke eta azken honetan bilduko lirateke "Arrazoimena", "Gogoa", "Erlijioa" eta "Jakite absolutua". Hobeto ulertzeko, orokorrean esan daiteke lehen zatiko kontzientziak bere mugak gainditzeko bigarren zatiko gogoaren mailara jo beharko duela, hau da, egoera historikora. Horrekin, kontzientziaren esperientzia gogoaren fenomenologia bihurtu eta giza historia osora hedatuko da.[18][19]

Egituragatik, badirudi kontzientzia bere kabuz dabilela esperientziak egiten baina, batzuetan, Hegel irakurleari zuzentzen zaio azalpenak emateko. Bestetzuetan, atzera jo eta kontzientziaren antzeko tankeren arteko alderaketak egiten ditu laburpen gisa. Guzti horrek, liburuari, goruntz doan kiribil baten itxura ematen dio.

Fenomenologiak, bere antolaketa orokorra beharrezkoa badu ere, ez da pentsatu behar liburuko tankeren segida hori logikoki beharrezkoa duenik. Beste modu batera izan zitekeen.[20] Era berean, historiatik hartutako pasarte konkretuei dagokionez, Hegel filosofoa da historialaria baino lehen eta historiaren bere interpretazioek bere filosofiaren lagungarri izan nahi dute.[21]

Eskema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • (A) Kontzientzia, hiru kapitulu:
    • (I) Sentipenezko ziurtasuna, edo Hau-a eta iriztea
    • (II) Hautemapena, edo Gauza, eta nahasketa
    • (III) Indarra eta adimena, Agerpena eta sentipenetik haratagoko mundua
  • (B) Autokontzientzia, kapitulu bakarra:
    • (IV) Norberaren buruaren ziurtasunaren egia. Bi azpiatal ditu: (A) Autokontzientziaren beregaintasuna eta beregaintasun eza; nagusitasuna eta morrontza eta (B) Autokontzientziaren askatasuna: Estoizismoa, Eszeptizismoa eta zoritxarreko kontzientzia
  • (C), (AA) Arrazoimena, kapitulu bakarra:
    • (V) Arrazoimenaren ziurtasuna eta egia, hiru azpiatal ditu: (A) Arrazoimen behatzailea, (B) Autokontzientzia arrazoidunaren bere kabuzko egikaritzapena eta (C) Indibidualtasuna, bere baitan eta bere baitarako erreala dena
  • (C), (BB) Gogoa, kapitulu bakarra:
    • (VI) Gogoa, hiru azpiataletan banatua: (A) Gogo erreala. Etikotasuna, (B) Bere buruarekiko arroztua dagoen gogoa. Kultura eta (C) Bere buruaz ziur dagoen gogoa. Moraltasuna
  • (C), (CC) Erlijioa, kapitulu bakarra:
    • (VII) Erlijioa, hiru azpiataletan banatua: (A) Berezko erlijioa, (B) Antzearen erlijioa eta (C) Agerkundearen erlijioa
  • (C), (DD) Jakite absolutua, kapitulu bakarra:
    • (VIII) Jakite absolutua

Hitzaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitzaurrea liburua amaitu ondoren idatzi zuen Hegelek eta Fenomenologia-ren aurrean kokatu bazen ere sistema osoaren hitzaurre bezala pentsatu zuen. Horregatik, liburuaren aurkezpena baino orokorragoa den jakintzari buruzko hausnarketa egiten du bertan.[22] Hegelek Filosofiaren historian eman diren ekarpenak kritikatuko ditu jakintzak nolakoa behar duen aurkezteko. Batez ere Kant, Schelling eta erromantikoen proposamenak kritikatuko ditu. Hegelen esanetan horien proposamenek bata bestea ukatzen dute baina kontraesan horretan geratzen dira aurrera egin gabe. Hegelek proposatzen duen jakintzak edo filosofia espekulatiboak izaera organikoa du, aurreko emaitzak bere baitan hartu eta garatu egiten da.[23] Landarearen metafora erabiltzen du hitzaurrean hori azaltzeko. Pipila desagertu egiten da lorea sortzean eta hau, era berean, desagertu egiten da fruitua sortzean, baina horiek denak batasun organikoaren uneak dira.[24] Jakintza horrek egia ez substantzia gisa soilik baizik eta era berean subjektu gisa ulertu eta azaldu behar du.[25]

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegelek, sarreran, jakintzaren metodoaren edo irizpidearen hausnarketa egiten du. Ordura arte razionalismoa, enpirismoa edo filosofia traszendentala bezalako tradizioek jakintzaren irizpidea kanpotik ezarri izan dute.[26] Horrek irizpidea bera kontzientziak ezin aztertu edo ezin probatzea dakar eta jakintza ordez eszeptizismoa indartzen du. Hegelek esango du irizpidea kontzientziak berak bere baitatik ipini behar duela. Modu horretan, kontzientziak, irizpide horrekin lortzen duen jakintza eta irizpidea bera probatu ahalko ditu, bere buruarekin alderatzea izango baita.[27] Irizpide horrekin kontzientzia, tankeraz tankera, dialektikoki, jakintza absolutura arte mugituko da. Aurrerapenaren segida horretan helburua erdietsiko da adigaia objektuari eta objektua adigaiari egokitzen zaien unean. Irizpide horri Hegelek kontzientziaren esperientzia deituko dio.[28] Hasiera batean Hegelek liburuarentzat aurreikusia zuen izenburua Kontzientziaren esperientziaren jakintza zen baina, ondoren, liburuaren mugak gainditu eta historiara hedatu zenean Gogoaren fenomenologia izenburua hartu zuen.[29] Liburu osoan zehar kontzientziak berak egingo du esperientzia eta Hegelek ez du besterik egingo gu irakurleoi hori azaltzea baino, horregatik da fenomenologia bat.

Kontzientzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibilbidea lehen kapituluko sentipenezko ziurtasunarekin hasten da. Sentsuek eskaintzen duten jakintza aberatsena eta seguruena dela ematen du baina hizkuntzak erakutsiko du pobreena eta desagertzen errazena dela, irizten dena momentuan aldatzen delako.[30] Adibidez, hemen zuhaitz bat ikusten dut baina bizkar ematen badiot etxe bat ikusiko dut. Momentu bakoitzean zuhaitz edo etxe diren hemen partikularrak desagertu egiten dira eta mantentzen den bakarra Hemen orokor bat da.[31] Kontzientziak partikular bati buruzko sentipenezko ziurtasuna nahi zuen baina, horren ordez, orokortasun hutsal bat izatearen esperientzia egingo du. Sentipenezko ziurtasunean kontzientziaren adigaiak ez du bat egiten bere objektuarekin, jakin beharrean hauteman egingo du.

Kontzientziak orain, bigarren kapituluko hautematean, objektu bat bere ezaugarrien aniztasunekin hautematen du. Hautemateak batasunean aniztasuna nola ematen den jakin nahiko du. Kontzientziak esperientzia kontraesankorrak egingo ditu eta irtenbidea izango da hautematetik adimenera eta bere pentsamenduetara igarotzea.[32] Hirugarren kapituluan, adimenak, lege jakin baten arabera jokatzen duen indar bat ezagutzen du objektuan. Kontzientzia, eremu sentigarria atzean utzita, eremu adigarrian ari da orain. Hor, indarra edo legea bezalako adigaien bidez objektu-subjektu bikoizketa hausnartzen du ohartzen den arte kontzientziak berak ipinitakoa aztertzen ari dela. Objektuak eta subjektuak bat egiten dute, kontzientzia bera da objektua.[33] Hegelen hitzetan, errezelaren atzean zerbait ikusi ahal izateko lehenik guk geuk joan behar dugu hara, bertan ikusteko zerbait egon dadin.[34] Kontzientzia jada prest dago hurrengo tankera izango den autokontzientzian bihurtzeko.

Autokontzientzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuko kapitulurik ezagunena den laugarren honetan aztertzen da autokontzientzia eta hor agertuko dira, baita ere, giza historiako hainbat gertakizun. Aurreko hiru kapituluak, kontzientziari dagozkion heinean, epistemologikoak dira baina laugarren kapitulu hau, autokontzientziari dagokion heinean, antropologikoa eta historikoa da. Gizakiak bere burua irrikan edo desiran eta jardutean gauzatzen du.

Kapitulu honetako une garrantzitsuak izango dira autokontzientziaren jaiotza irrikan, berrezagupenaren borroka nagusiaren eta morroiaren arteko dialektikan eta horren barneraketa norbanakoaren aldetik estoizismoa, eszeptizismoa eta zoritxarreko kontzientziaren moduetan.[35]

Kapituluaren izenburuak norberaren ziurtasunaren egia aipatzen du. Orain arte kontzientziak ziurtasuna kontzientzia ez zen zerbaitetan aurkitzen zuen baina orain autokontzientzian aurkitzen du. Autokontzientziak bere buruaren ziurtasunaren egia mantendu nahiko du eta horretarako aurrean ipintzen zaiona gainditu egin beharko du. Autokontzientzia irrika edo desira da orain eta asebetetzea bilatzen du baina hori, autokontzientziak, beste autokontzientzia batean bakarrik lortu ahalko du[36]

Nagusiaren eta morroiaren arteko dialektika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Autokontzientziak beste autokontzientzia batek berrezagutu dezan behar du.[37] Berrezagupenaren mugimendua azaltzeari ekingo dio Hegelek.

Ez da ahaztu behar kapitulu honetan autokontzientziak bere ziurtasunaren egia eduki nahi duela. Lehenik, autokontzientziak bere burua Ni gisa ezartzen du gainerakoa kanpoan utziz. Kanpoko beste hori, ordea, beste autokontzientzia bat da. Ondorioz, norbanako bat beste norbanako baten aurrean azaltzen da. Egoera horretan autokontzientzia bakoitza bere buruaz ziur dago, baina ez besteaz eta horrek ziurtasunaren egia eragozten du. Bi autokontzientzien harremana, orain, hil ala biziko borroka bihurtu da. Kontua da heriotzarekin egia bera ere desagertu egiten dela. Azkenean, bizitza mantentzen duen harremana, borrokan gailendu den nagusiaren eta bizitza zor dion morroiaren artekoa izango da.[38]

Bi autokontzientziek behar duten berrezagupena, harreman horretan, nagusia beregaina eta morroia harekiko menpekoa izatetik ematen da. Egoera, ordea, aldatu egiten da dialektikoki. Nagusiak beregaina ez den morroiaren aldetik jasotzen duen berrezagupenak ez du asko balio eta ziurtasuna galtzen du. Gainera, nagusiak morroiaren beharra du honek landutako objektuez jabetzeko. Morroiak, bere aldetik, beregaina izan nahi du. Nagusiari dion beldurra lanaren bitartez eta bere baitara bilduta gaindituko du. Hemendik aurrera nagusiaren kontzientziak ez du garapen dialektikorik izango eta morroiak egin beharko du autokontzientziaren askatasunerako bidea. Autokontzientzia aro historikoetan murgiltzera doa, lehenik antzinaroan garatu ziren estoizismo eta eszeptizismoan.[39]

Estoizismoa, eszeptizismoa eta zoritxarreko kontzientzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Morroia ohartu da, bere baitara bilduta, aske dela pentsatzen duenean. Autokontzientzia, orain, autokontzientzia pentsatzailea da eta bere askatasunari estoizismoa deritzo. Kontzientziak egin behar duena da aske izatea, egon tronuan edo egon kateatuta.[40] Hegelek hor bi estoiko ezagunei egiten die erreferentzia, Marko Aurelio enperadorea eta Epikteto esklaboa.

Estoizismoa, ordea, errealitatetik kanpo eta pentsamenduan soilik, abstraktuegia suertatzen da eta, ondorioz, horren esperientzia erreala, eszeptizismoan emango da. Estoikoek mundua abstraktuki ezeztatzen dute baina eszeptikoek munduaren tankera anitz guztiak ezeztatuko dituzte. Ezeztatze oso horrekin, ordea, kontraesana agertuko zaio eszeptizismoari. Izan ere, desagertze absolutua adierazten du baina bera izan bada desagertze hori adierazten duen heinean. Eszeptizismoak kontraesanean dagoen kontzientzia bezala esperimentatzen du bere burua, mundu aldakorrean dagoen kontzientzia aldaezina bezala. Hortik zoritxarreko kontzientzia sortuko da, bere baitan aldakorra eta aldezina uztartu beharko dituena.[41]

Zoritxarreko kontzientziak banaketa hori aldaezin orokorrean gainditu nahi du. Abiapuntua, ordea, bizitza errealean, norbanakoa aldakorra eta mugatua dela onartzea da. Ibilbidean beharrezkoa izango du aldaezin orokorrarekin harremana duen bitartekari baten aholkua. Dena den, zoritxarreko kontzientzia benetan gainditzeko, beharrezkoa izango da kontzientzia konturatu dadin bera dela orokor aldaezin hori, errealitate osoa bera dela. Orduan hartuko du kontzientziak arrazoimenaren tankera.[42]

Interpretazio batzuen arabera zoritxarreko kontzientziaren adierazpen historikoa Erdi Aroa litzateke, Kristautasuna. Kontzientzia erdibitua dago gizatiar eta jainkotiarraren artean eta aszetismoa sortzen da jainkoarekin batzeko. Hegelek aipatzen duen bitartekaria apaiza litzateke.[43]

Arrazoimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzientzia arrazoimen bihurtu da eta errealitate osoa hartu du bere gain. Orain arte errealitatea ulertu du Beste bat gisa, edo bere buruaren ukazio gisa, orain bera da errealitate osoa. Hegelen arabera idealismoak definitu du arrazoimena kontzientziak errealitate osoa izateko duen ziurtasun gisa[44], baina ziurtasun hori bermatu egin behar da. Bosgarren kapituluan ziurtasun horren egia bermatzeko moduak aztertuko dira.

Arrazoimen teorikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuko lehen kapituluetako kontzientzia hari esperientziak gertatu egiten zitzaizkon, baina orain, zientzia eredu, arrazoimen behatzaile gisa, bera izango da munduan saiakuntzak egingo dituena. Horretarako Pizkundera eta enpirismora joko du. Arrazoimen behatzailearen une honetan natura-zientziak edo psikologia garatuko dira. Bosgarren kapitulu honetan ageri zaigu nola modernitatean zientzien inguruko ikuspegian aldaketa bat eman zen. Modernitatean zientziaren paradigma nagusia Newton eta bere fisika ziren baina Hegelek biologia hobetsiko du.[45] Dena den, arrazoimen behatzailea ez da ohartu arrazoimena bera dela bere gaia, ez gauza bat bezala, aktibitate gisa baizik.

Arrazoimen praktikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontzientzia, orain, arrazoimen teorikotik praktikora igaroko da. Etikaren unea da.[46] Arrazoimena herri baten erakunde politikoan haragituko da. Jakituria eta bertutea herriaren ohituren arabera bizitzea dela aipatuko du Hegelek Aristotelesi erreferentzia eginez.[47] Norbanako bakoitzaren zoriona, besteekin batasunean, legeen arabera bizitzean datza, baina zorion hori bilatu egin behar da.

Lehenik atseginaren bidez saiatuko da, hedonismoa. Hegelek, hemen, Goetheren Fausto erabiliko du adibidetzat. [48] Kontzientziak lege moral guztiak baztertuko ditu bizitzan murgiltzeko eta hor garatuko du bere indibidualtasun hutsa. Baina, zera gertatuko zaio, bere ekintzen ezusteko ondorioak ez zaizkiola bere ekintzen ondorio irudituko. Orokortasunaren legeak indibidualtasuna txikituko du.

Kontzientzia, hedonismoa atzean utzi eta, bihotzaren legearen bidez, moralista erromantiko bihurtuko da. Norbanakoak unibertsalaren legea bihotzaren lege gisa sentituko du bere baitan. Lege honek, atsegina bilatzen zuen hark ez bezala, xedea du eta hori gizartearen ongizatea da. Norbanakoak, bere bihotzaren legea, unibertsalean ikusi nahi du baina beste norbanakoen legeekin egiten du talka. Orduan, gizateriaren ongizatearen aldeko bihotz taupada izan behar zuena harropuzkerizko haserrea bihurtzen da, eta guztien arteko etsaigo orokor horrek osatuko du munduaren ibilbidea.[49] Aurrera egiteko indibidualtasuna gaindituko duen tankera berri bat behar da, bertutea.

Bertuteak indibidualtasuna kendu nahiko du munduaren ibilbidetik, interes partikularrek hori zapuztu dutelakoan. Hegelek, hemen, Kanten inperatibo kategorikoaren aurka jotzen du, abstraktua delako. Bertutearen zalduna[50] , bera ere, indibidualtasunetik ari da eta ez daki bere abstrakzioak ongi aplikatzen.

Azken ondorioa da kontzientziak indibidualtasuna behin betiko utzi behar duela. Etikotasuna bizitzak zehazten du, erakundeek gauzatzen dute. Gogoaren unea izango da hori.[51]

Gogoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Seigarren kapituluan kontzientzia kontzientzia historiko bihurtuko da eta landuko den gai nagusia etikotasuna izango da. Gogoa errealitate etikoa da.[52] Kontzientzia ohartu da abstrakzioak utzi eta egoera historiko-sozial errealetatik abiatu behar dela.[53] Abiapuntua Antzinako Grezia izango da, etikotasunaren (Sittlichkeit) unerik xaloena ordezkatzen duena. Bertan, jainkotiar legeari men egiten zaio familia barruan baina herrian gizakien legeak agintzen du. Oinarrizko etikotasun horren mugak Antigona tragediaren bidez azalduko ditu Hegelek.[54] Ondorioz, konplexuagoa den zuzenbidearen egoerara pasa beharko da. Hori Antzinako Erromak ordezkatzen du.

Gogoak garabidean jarraituko du norbanakoa eta gizartea, historian, uztartu diren moduetan. Fedearen eta Argien Garaiaren arteko borroka emango da, askatasun absolutuaren xerkan Frantziako Iraultzan bizi izan zen Izu Garaia, azkenean moral kantiarrean amaitzeko. Hegelen esanetan, moral hori, ahalmenik gabeko eta errealitaterik gabeko Arima Ederra besterik ez da.[55]

Hegelek aipamen kritikoak egiten dizkie Argien Garaiari, orokorrean, eta Frantziako Iraultzari, bereziki, baikorregiak izan zirelakoan. Batzuen ustez, Erromantizismoari egindako kritika ere nabarmena da. Hegelen ustez erromantizismoak Antzinate klasikoa gutxietsi eta nahiago omen zituen katolizismoa edo Erdi Aroa.[56]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sinesmenaren eta Ilustrazioaren arteko dialektikan, sinesteak ulermenaren tresnak erabiltzen ditu eta ulertzeak fedearen edukia. Biek, aurrez aurre, askabiderik ez dute.[57] Erlijioaren tankeran egingo du aurrera Gogoak.

Zazpigarren kapituluan zehar Gogoak erlijioaren tankera ezberdinak sortuko ditu. Lehenik berezko erlijioa, natura jainkotu duena; gero Antzearen erlijioa, konplexuagoa, artearen errepresantazioen bidez ezaugarritzen dena; eta, garrantzitsuena, Agerkundearen erlijioa edo Kristautasuna. Agerkundearen erlijioan Gogo absolutua autokontziente da. Hegelek iradokitzen du erlijioak errepresentazioaren bidez erakusten duena, Filosofiak adigaiaren bidez adierazten duela.[58]

Hegelen ustez askatasun modernoa luteranismoan oinarritu behar zen, ez kalbinismoan. Izan ere, kalbinismoa, erlijio ilustratu abstraktutzat jotzen du, betiko galdua zen Jainkoaren nostalgikoa eta tragikoa.[59] Zortzigarren eta azken kapitulua jakite absolutuaren unea da, hau da, Filosofiaren unea.

Dialektika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liburuan zehar gogoak, tankeraz tankera, bere garapenean darabilen mugimendua dialektikaren legearen arabera egiten du. Hegelek ideia hori Kantengan aurkitu zuen lehenik eta gero, bereziki, Fichterengan. Gogoak, dialektikaren prozesuan, bere burua ezeztatu, mantendu eta goratu egiten du tankera berri batera eta prozesua berriz hasten du azken tankera honetatik. Mugimendu hirukoitz hori adierazteko Hegelek Aufhebung kontzeptua erabili zuen eta liburuaren euskarazko itzulpenera "gainditu" bezala ekarri dute. Mugimendu dialektikoan hiruko ezberdinak erabiltzen ditu Hegelek: Adibidez, bitartetegabe hor dena (Dasein) ezeztatu edo bitartekotu egiten da (Sein) eta mugimenduaren bukaeran izaera (Wesen) berri bat sortzen da; edo, “berbaitan” dena, bere baitatik irten eta “beste batentzako” bihurtzen da azkenean bere baitara itzuli eta “bere baitarako” tankera hartuz.[60] Liburu osoan zehar antzematen den mugimendu dialektiko hori maila ezberdinetan ematen da eta kontzeptuek ez ezik paragrafoek, atalek edo kapituluek euren artean egiten dituzten erreferentziek ere osatzen dituzte hiruko horiek.[61] Prozesuaren jatorria gogoaren mugak eta mugagabearen bilaketa dira, egia osotasunean baitago. Prozesuaren une bakoitzean gogoak bere izate mugatua ezeztatu eta beste une osoago batera igarotzen da baina aurreko unearen aniztasuna mantenduz. Gogoa amaieran hartzen duen tankeran da egiatan gogoa, gogo absolutua bilakatzen denean.[62]

Idaztankera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegelek testua argitaratu zuenean hizkera filosofiko alemana oraindik ere garatzen ari zen. Liburu hau, gainera, ez dago aleman arruntean idatzia eta bere gramatikaren mugak gainditzen ditu. Schopenhauerren ustez idazkera hori hutsaltasuna ezkutatzeko erabiltzen zuen Hegelek. Blochentzat, aldiz, beharrezkoa zen hizkera behartzea ordura arte adierazi ez zirenak adierazteko, pentsamenduaren garapenak hizkuntzaren mugak zabaltzen omen dituelako.[63]

Beste batzuek esan dute Fenomenologian jenio baten tximistak ikusten direla ezkutuko iradokizun eta aipamenetan. Dena den, pasarte distiratsu horiek zuzen gozatzea zaila omen da Hegelek adigaiekin egin duen lan handiarengatik, adigaiaren ahalegina aipatuko du Hegelek berak.[64] Badago esaten duenik, Hegelen beste lanekin alderatuta, liburu hau espresiboagoa eta plastikoagoa dela eta berezia dela horregatik.[65]

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran eragin txikia izan bazuen ere XX. mendearen erdialdean erreferentziazko lana bihurtu zen ezkerreko pentsalarien artean. Jean Hyppolitek[66] kontzientziaren bildungsroman gisa aipatu zuen eta Bloch, Lukács edo Kojève bezalako autoreek garrantzia eman zioten liburuari, batez ere, laugarren kapituluan ageri den nagusiaren eta morroiaren arteko dialektikari. Kojèvek, Fenomenologiari buruz, Parisen (1933-39), eman zituen klaseek eragina izango zuten Bigarren Mundu Gerra ostean sona izango zuten Sartre edo Lacan bezalako frantses intelektualengan. Marxismoaren interpretazio berri bat bultzatu zuen horrek. Frankfurteko eskolaren baitan Adorno izan zen ziur aski gehien eta modu sistematikoenean Hegelen filosofia gaurkotzen saiatu zena. Heidegger, Gadamer edo Derridak ere hizketa-gai izan zuten liburua.[67][68] Azken urteetan Žižek[69] edo Butlerek[70] ere Hegelengana jo dute. Butlerrek, adibidez, Gogoaren fenomenologia-ko laugarren kapituluan agertzen den "desira" kontzeptua edo seigarren kapituluko Antigona-ren figura erabiliko ditu. Ikuspegi feminista batetik Antigona eta Kreonteren arteko dialektika kritikatua izan da, Antigonak ordezkatzen duen desioa eta Kreonteren arrazoimena parekaturik agertzen ez direlako. Era berean, ohikoa ez bada ere, filosofia analitikoa deritzan korrontetik ere izan da hurbilketarik. John McDowell filosofoa, adibidez, kezkatuta agertu da filosofia analitikoak Hegel kanpoan utzi izanagatik eta bere liburu[71] bat Gogoaren fenomenologia-ren prolegomeno gisa aurkeztu zuen. Euskal Herrian bada Hegelen kontzeptuak erabili izan dituenik, seigarren kapituluan azaltzen den Arima Ederra kontzeptu etikoa kasu.[72]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Uribarri, Ibon (2008): 290. or.
  2. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 26. or.
  3. Uribarri, Ibon (2008): 290. or.
  4. Azurmendi, Joxe (2004): 87. or.
  5. Ripalda, José María (2005): 8 or.
  6. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 9. or.
  7. Azurmendi, Joxe (2007b): 143-148 or.
  8. Uribarri, Ibon (2008): 289. or.
  9. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 17. or.
  10. Ripalda, José María (2005): 14 or.
  11. Azurmendi, Joxe (2004): 84.or.
  12. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 15-17 or.
  13. Ripalda, José María (2005): 9. or.
  14. Azurmendi, Joxe (2004): 85. or.
  15. Azurmendi, Joxe (2007): 22, 23, 173, 202 or.
  16. Ripalda, José María (2005): 16-17 or.
  17. Ripalda, José María (2005): 19. or.
  18. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 28-30 or.
  19. Ripalda, José María (2005): 12. or.
  20. Ripalda, José María (2005): 12. or.
  21. Azurmendi, Joxe (2007b): 145, 149 or.
  22. Ripalda, José María (2005): 17. or.
  23. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 45-58 or.
  24. Hegel, G.W.F. (2005): 26. or.
  25. Hegel, G.W.F. (2005): 33. or.
  26. Hegel, G.W.F. (2005): 67, 68 or.
  27. Hegel, GW.F. (2005): 73 or.
  28. Hegel, G.W.F. (2005): 75. or.
  29. Ripalda, José María (2005): 12, 16. or. eta 16. oin-oharra
  30. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 31. or.
  31. Hegel, G.W.F. (2005): 82. or
  32. Hegel, G.W.F. (2005): 100 or.
  33. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 32. or.
  34. Hegel, G.W.F. (2005): 124. or.
  35. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 33. or.
  36. Hegel, G.W.F. (2005): 130, 131 or.
  37. Hegel, G.W.F. (2005): 132. or.
  38. Hegel, G.W.F. (2005): 135, 136 or.
  39. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 36. or.
  40. Hegel, G.W.F. (2005): 141, 142 or.
  41. Hegel, G.W.F. (2005): 146. or.
  42. Hegel, G.W.F. (2005): 158. or.
  43. Uribarri, Ibon (2008): 291. or.
  44. Hegel, G.W.F. (2005): 160. or.
  45. Ripalda, José María (2005): 10. or.
  46. Uribarri, Ibon (2008): 291. or.
  47. Hegel, G.W.F. (2005): 229. or.
  48. Hegel, G.W.F. (2005): 232. or, 10. oin-ohar.
  49. Hegel, G.W.F. (2005): 240. or.
  50. Hegel, G.W.F. (2005): 245. or.
  51. Uribarri, Ibon (2008): 291. or.
  52. Hegel, G.W.F. (2005b): 8. or.
  53. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 37. or.
  54. Hegel, G.W.F. (2005b): 32. or.
  55. Hegel, G.W.F. (2005b): 144. or.
  56. Ripalda, José María (2005): 11. or.
  57. Hegel, G.W.F. (2005b): 84. or.
  58. Hegel, G.W.F. (2005b): 208. or.
  59. Ripalda, José María (2005): 11. or.
  60. Insausti, Xabier; Uribarri, Ibon (2005): 230. or.
  61. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 33. or.
  62. Uribarri, Ibon (2008): 292. or.
  63. Insausti, Xabier; Uribarri, Ibon (2005): 229. or.
  64. Ripalda, José María (2005): 15. or.
  65. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 41. or.
  66. Hyppolite, Jean (1946)
  67. Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): 69-78 or.
  68. Ripalda, José María (2005): 19, 24 or.
  69. Žižek, Slavoj (1999)
  70. Butler, Judith (1987)
  71. McDowell, John (1994)
  72. Galfarsoro, Imanol (2008): 52. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentzia nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Hegel, G.W.F. [1807](2005): Gogoaren fenomenologia I, Bilbo, Klasikoak. ISBN 84-96455-09-2
  • Hegel, G.W.F. [1807](2005b): Gogoaren fenomenologia II, Bilbo, Klasikoak. ISBN 84-96455-10-6
  • Arrieta, Idoia; Insausti, Xabier (2008): Hic Hegel, hic saltus, Donostia, Jakin. ISBN 978-84-95234-37-7
  • Azurmendi, Joxe (2004): "Filosofia modernoa" in Filosofiako Gida, Bilbo, UEU. ISBN 84-8438-048-3
  • Azurmendi, Joxe (2007): Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua, Bilbo, UEU. ISBN 978-84-8438-099-3
  • Azurmendi, Joxe (2007b): Volksgeist. Herri gogoa, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-404-9
  • Insausti, Xabier; Uribarri, Ibon (2005): "Itzultzaileen oharra" in Hegel, G.W.F. (2005b): Gogoaren fenomenologia II, Bilbo, Klasikoak. ISBN 84-96455-10-6
  • Ripalda, José María (2005): "Hitzaurrea" in Hegel, G.W.F.: Gogoaren fenomenologia I, Bilbo, Klasikoak. ISBN 84-96455-08-4
  • Uribarri, Ibon (2008): "Hegel, Georg Wilhelm Friedrich" in Filosofiaren historia, Donostia, Elkar. ISBN 978-84-9783-403-2

Beste lan batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Adorno, Theodor W. (1963): Negative Dialektik, Frankfurt, Suhrkamp.
  • Bloch, Ernst (1949): Subjekt-Objekt, Erläuterungen zu Hegel.
  • Brandom, Robert (2019): A Spirit of Trust: A Reading of Hegel’s Phenomenology, Cambridge, Harvard University Press.
  • Buck-Morss, Susan (2009): Hegel, Haiti, and Universal History, Pittsburgh, University of Pittsburgh Press.
  • Butler, Judith (1987): Subjects of Desire. Hegelian Reflections in Twentieth Century France, New York, Columbia University Press.
  • Fink, Eugen (1977): Hegel. Phänomenologische Interpretation der „Phänomenologie des Geistes“, Frankfurt am Main, Vittorio Klostermann.
  • Galfarsoro, Imanol (2008): Subordinazioaren kontra, Iruñea, Pamiela.
  • Hyppolite, Jean (1946): Genèse et structure de la «Phénoménologie de l'esprit» de Hegel, Paris, Aubier.
  • Kojève, Alexandre (1947): Introduction à la lecture de Hegel. Leçons sur la «Phénoménologie de l'esprit», Paris, Gallimard.
  • Lukács, György (1948): Der junge Hegel. Über die Beziehungen von Dialektik und Ökonomie, Zürich/Wien, Europa-Verlag.
  • McDowell, John (1994): Mind and World, Cambridge, Harvard University Press.
  • Stewart, Jon (2000): The Unity of Hegel's "Phenomenology of Spirit": A Systematic Interpretation, Evanston, Northwestern University Press.
  • Valls Plana, Ramón (1971): Del yo al nosotros, Barcelona, Estela.
  • Žižek, Slavoj (1999): The Ticklish Subject, London, Verso.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]