Harkaitz-zozo gorri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Harkaitz-zozo gorri
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaPasseriformes
FamiliaMuscicapidae
GeneroaMonticola
Espeziea Monticola saxatilis
Linnaeus, 1766
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masa4,95 g (pisua jaiotzean)
arra: 47 g (helduen pisua)
emea: 52,4 g (helduen pisua)
Kumaldiaren tamaina3,5
Errute denbora14 egun
Monticola saxatilis

Harkaitz-zozo gorria (Monticola saxatilis) muscicapidae familiako hegazti paseriformea da, hegoaldeko Europan, erdialdeko Asian eta iparraldeko Txinan bizi dena[1].

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kalandria baten tamainakoa, bere 18-19 cm-rekin eta hego zabalera 35 cm-koa.

Arraren lumajea oso ederra da: burua, lepoa eta bizkarra urdin grisaxka, ipurtxuntxurra zuria eta hego ilun eta arre-beltzaxkak. Azpia gorri-laranja distiratsua du, eztarria izan ezik, hor, buruan duen urdin-arbel kolorea du.

Sexu dimorfismoa oso nabarmena da. Emeak orbandunak dira, arreak orban okre kolorekoekin, hegoak azpia baino ilunagoa, okre-gorrixka kolorekoa hau ere orbanekin. Isats gorrixka, arraren antzekoa. Mokoa eta hankak ilunak dira bi sexuetan.[2]

Biologia eta ohiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurreko bizitza darama. Azkar ibiltzen da lurretik, noizean behin gelditu eta begiratu egiten du. Sudurluzeren bat ikusten badu azkar ezkutatzen da, oso izaera mesfidatia baitu. Ez da batere erraza distantzia laburretik behatzea. Urrutitik ere, litekeena da bere burua harkaitz baten atzetik zelatatzen gaituela bakarrik ikustea, noiz aterako zain bere jarduerarekin jarraitu ahal izateko. Hurbiltzen saiatzen bagara, azkar hegan egiten du, lurraren arrasean, babeslekua pixka bat urrunago aurkitzeko.

Era guztietako ornogabe txikiez elikatzen da: intsektuak, araknidoak, zizareak , barraskiloak, etab., belar artean harrapatzen dituenak, harkaitz zirrikituetan, edo harrien azpian bilatuz. Bere garaian badirudi baia batzuk eta beste basa-fruitu batzuk ere kontsumitzen dituela.

Txirula-ahotsa du, oso kantu harmoniatsua eta atsegina, luzea eta iraunkorra, zozoa gogorazten duena. Alarma ohiua oso ozena da “tkhak-thak-tkhak” lehorra. Bista onak dauzkan harkaitz baten gainean pausatuta bai eztei-hegaldian kantatzen du, tximeleta bat bezala, hegoak motel mugituz eta buztana zabalduta.

Migratzailea. Gure lurraldera apiril aldera iristen da. Laster, emea belarrez eta goroldioz habia eraikitzen hasten da, harri baten azpian, horma edo harkaitz baten pitzadura batean edo zuhaixka baten aterpean ezkutatzen du.

Maiatzean, 4-5 arrautza urdin zurbil erruten ditu, orbanekin edo gabe, eta horiek 13-15 egun arteko inkubazioa behar dute txitak jaiotzeko. Hauek nidikolak dira, hamabost egun geroago hegan egiten dute.

Irailaren amaieratik Afrikako sabanetara, neguko eremura itzultzen hasten dira.

Banaketa, habitata eta estatusa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hego Europan, Marokon eta Asiako mendebaldean eta erdialdean banaketa etena du. Batez ere eremu klimatiko Mediterraneoan, estepa eta menditarretan; arraroagoa klima epeletan. Europako Mediterraneo eremura mugatzen da, Alpeetara iristen den populazio txiki batekin eta Iberian eskualde gehienetan agertzen da

Arkaitz-zozo gorria ez da ugaria Euskal Herrian, nahiz eta mendiko eremuetako harrobietan eta harkaitzetan pare solteak instalatuta agertzen diren. Badirudi hemen mendietako edo mendi behealdeko habitatak soilik okupatzen dituela

Ohikoena eremu karstikoetan agertzea da, arroka ugari dagoen mendiko larreetan, belar trinko eta itxia dagoen eremuetan. Normalean ez da itsaslabarretan kokatzen, harkaitz-zozo urdinak egiten duen bezala, bere oinean dauden harrietan baizik, aldapa gehiago edo gutxiago duten maldetan edo baita lauetan ere, betiere harri eta harkaitz proportzio nahikoz zipriztinduak badaude.

Mediterraneo-motako klimarekiko lehentasun argia duen espeziea den arren, ez dirudi Euskal Herrian hegoaldera igoera nabarmenik nabaritzen denik. Kantauri isurialdean urria da, eta oso arraroa izaten jarraitzen du Araba erdialdetik behera.

Hemen beti ikusi izan dugu arroka-habitat naturalean, ez dugu ikusi harrizko eraikuntzetan, hormetan edo bordetan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Svensson, Lars; Peter J. Grant (1999). Collins Bird Guide. Londres: HarperCollins
  2. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 247 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araozko kontuak


Biologia Artikulu hau biologiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.