Ilargiaren denbora lerro geologikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rift valley zaharrak, lehen planoan ikusita. Irudikapen artistikoa.

Ilargiaren denbora lerro geologikoak Ilargiaren historia sei periodo geologikoetan bereizten du: Aurrenektariarra, Nektariarra, Imbriarra (Goiztiarra eta Berantiarra), Eratosteniarra eta Kopernikarra. Periodo baten hasiera edo amaiera zehazteko satelitearen lurrazala era nabarmenean aldatu duten talka erraldoiak, denboraren eraginez kraterren morfologian gertatzen diren aldaketak eta kraterren arteko gainjartzeak erreferentziatzat hartzen dira. Garai batek iraun zuen denboraldia zenbaki absolutuetan zehazteko, Ilargitik ekarri diren laginen datazio erradiometrikoa erabili da. Alabaina, antzinako gertakizun garrantzitsu batzuen data oraindik ere eztabaidagai da zientzialarien artean, izan ere, satelitearen lurralde gehienek bonbardaketa handiak pairatu dituzte historian zehar, lagin hauetako asko jaso ziren lurrak, eta satelite osokoak orokorrean, kutsatuz.

Imbriar GoiztiarraImbriar BerantiarraAurrenektariarraNektariarraEratosteniarraKopernikarra
Milioi urte antzina


Ilargiko estratigrafia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rift valley zaharrak, GRAILen datuei esker irudikatuak.

Ilargiaren lurrazala eraldatu duten prozesu geologiko nagusiak talkak eta bolkanismoa izan dira, beraz, estratigrafiako printzipio estandarrak (gainezartze printzipioa adibidez) baliatuz, satelitean jazo diren gertakizunak kronologikoki ordenatu daitezke.[1] Antzina basaltoak unitate estratigrafiko soil bat zirela pentsatu zen eta hortaz, adin zehatz bat zutela, orain badakigu ostera, bolkanismoa prozesu jarraitu bat dela eta denbora tarte esanguratsuak har ditzakeela. Satelitearen kasuan, bolkanismoa duela 4.2 mila milioi urte hasi zen[2] eta agian, duela 1.2 mila milioi urte arte martxan jardun zuen.[3] Ilargiaren kronologia estratigrafiko bat sortzerako orduan, ezaugarri geologikorik baliagarrienak talka kraterrak dira, ugariak izateaz gain, une jakin batean jazo zirelako.[4] Talka hauek jarraituak izan daitezkeenez periodo luzeetan zehar, Ilargiaren lurrazala era nabarmenean aldarazi dezakete. Higadura ere balia daiteke lurralde baten adina zehazterako orduan, nahiz eta datu erlatiboak baino ezin diren bildu metodo honen bidez.

Ilargiaren denbora lerro geologikoa, arestian aipatu dugun moduan, sei periodotan banatu da. Banaketa hauek markagailu geomorfologiko jakin batzuetan oinarritzen dira, beraz, banaketa batetik bestera ez du zertan aldaketa sakonik jasan behar prozesu geologiko batek. Gaur egun Ilargia salbuespen bat da, izan ere, testuinguru geologiko ezagun bateko laginak bertatik baino ezin izan ditugu eskuratu, gure planeta alde batera utzita. Apollo misioek Lurrera ekarritako laginei esker, periodo geologiko batzuen mugak balio absolutuekin ezarri ahal izan dira.

Gainean ageri den kronograma da gaur egun denbora lerro onartuena, hala ere, data batzuk oraindik ere ez daude behar bezala zehaztuta edo zientzialarien eztabaidagai dira. Ilargiko lurralde menditsu ugaritan material nektariar eta aurrenektariarra ezin dira bereizi, horregatik, material hauek sarritan aurre-imbriko kategoriarekin sailkatzen dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Geologic History of the Moon» ser.sese.asu.edu (Noiz kontsultatua: 2019-06-17).
  2. Papike, James J.; Ryder, Graham; Shearer, Charles K.. (1998-12-31). «Chapter 5. LUNAR SAMPLES» Planetary Materials (De Gruyter): 719–952. ISBN 9781501508806. (Noiz kontsultatua: 2019-06-17).
  3. (Ingelesez) Hiesinger, H.. (2003). «Ages and stratigraphy of mare basalts in Oceanus Procellarum, Mare Nubium, Mare Cognitum, and Mare Insularum» Journal of Geophysical Research 108 (E7)  doi:10.1029/2002JE001985. ISSN 0148-0227. (Noiz kontsultatua: 2019-06-17).
  4. Stöffler, Dieter; Ryder, G.. (2001). «Stratigraphy and Isotope Ages of Lunar Geologic Units: Chronological Standard for the Inner Solar System» Space Sciences Series of ISSI (Springer Netherlands): 9–54. ISBN 9789048157259. (Noiz kontsultatua: 2019-06-17).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]