Jentilen Etorrera

Wikipedia, Entziklopedia askea

Jentilen Etorrera. Euskal Mitologia. Ataun.

“Joxemiel Barandiaranek jaso zuen mundu magikoa, ataundarrek antzeztua”

1.981an sortu zen Jentilen Etorrera eta bi urtez behin, azaroaren lehen asteburuan, ospatzen da. Euskal mitologian eta garai bateko sinesmenetan oinarritzen da Ataundarrek egiten duten ospakizun eta ikuskizun berezi hau. Jentilbaratza Kultur Elkarteak antolatzen du.

Herriaren sinesmen, kontu zahar eta legendak daude oinarrian: mitoak. Mitologia oso barruan bai dauka jendeak Ataunen. Inguruaren interpretazioa: erabat sinetsita batzuetan eta jendearen entretenigarri beste batzuetan. Ondare ez materialaren zabalkundea.

Txikitatik entzun, sinestarazi eta amestutako kontu zaharrak. Aitona-amonak eta gurasoek zekizkien istorio eta ipuin harrigarriak gaur egun kasik apenas ezagutzen dira. Mundu magiko hura desagertzear dago eta ondare ez material horri eustea eta ezagutaraztea da ekimen honen helburu nagusia.

Horrela, herriko seme kuttun eta euskal etnologo ospetsuena izan zen Joxemiel Barandiaranek batez ere bildu eta jaso zituen hainbat istorio, kontakizunak, esamesak eta leku mitologikoak, urtez urte azaltzen eta jendeari iristen ahalegintzen dira.

Ahoz aho eta mendez mende jentil, sorgin, Mikelats, Alarabi, Torto (Tartalo), Azti, Basajaun, Samartin Txiki, Marimunduko, Kixmi eta beste pertsonaia mitologiko agertzen dira ikuskizunean.

Jentilak, Jentilen Etorreran


Ekitaldian, jentil eta kristauen arteko harremanak, ezin konponduak, elkarren beharra, ohitura aldaketak, erlijio eta sinesmen desberdinak, … Bi mundu zeharo desberdin agertzen zaizkigu:

Alde batetik, jentilak, mendi-goi, harpe eta kobazuloetan, beraien sinesmen eta ohiturekin.

Bestetik, kristauak, beheko errekondo eta zelai haranetan, sinesmen eta fede berriarekin. Biak aurrez aurre.

Ekitaldia bi zatitan banatzen da.

Lehenengo zatian jentilei ongi etorria egiten zaie plazan eta ondoren desfilea egiten da.

Eguzkia ezkutatzean, jentilak, larruzko jantziekin eta zuzien argiekin, jaisten dira menditik. Beraiekin batera sorginak. Herrian, Udaletxe aurrean, Alkatea buru dutela, erretorea, medikua, eskribaua, Samartin Txiki eta herritarrak zain. Bertan lehen hartu emana eta ongi etorria egin ondoren, desfilea egiten da herriko kaleetan bandoa joz, ikuskizuna egiten den lekuraino.

Desfilean, jentilak, sorginak eta herritarrak, denak, hartzen dute parte.

Sorginak dantzan


Ikuskizunean, mitologian oinarritutako bi pasarte edo legenda antzezten dira, urtero desberdinak.

Pasarteen errepresentazioa aberatsagoa izan dadin, abesbatza eta dantza taldearen parte hartzearekin hornitzen da ikuskizuna. Euskal Herrian jasotako ipuin, legenda, kontu zahar eta pasadizoak daude Jentilen Etorreraren oinarrian. Gehienak, Joxemiel Barandiaran zenak jaso eta gordetakoak dira.

Jentilen Etorreran bataz beste, ikuskizunean, antzerkian, desfilean eta antolaketa lanetan 150 bat herritarretik gora hartzen dute parte. 70’-80’ inguru irauten du.

Ikuskizuna erabat euskaraz egiten da. ATAUNgo EUSKERA eta euskara BATUA erabiltzen dute. Pasarte batzuetan Ataungoa erabiltzen dute, galtzear dauden HITZ eta ESAERA ugari jasoz. Batua sarreretarako eta narratzailearen beste aurkezpenetarako erabiltzen dute.