Jose Antonio Uriarte

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Antonio Uriarte
Bizitza
JaiotzaArrigorriaga1812ko maiatzaren 28a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaZarautz1869ko otsailaren 20a (56 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta itzultzailea
KidetzaAnaia Txikien Ordena

Literaturaren Zubitegia: 417

Jose Antonio Uriarte Adaro (Arrigorriaga, Bizkaia, 1812ko maiatzaren 28a - Zarautz, Gipuzkoa, 1869ko otsailaren 20a) euskal idazlea eta itzultzailea izan zen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1829an frantziskotar sartu zen. Bastidan (Araba) eta Bilbon egin zituen apaiz ikasketak. 1836an apaiz egin zen. Markinan eta Bermeon bizi izan zen batez ere. 1856an Bonaparte printzeak laguntzaile gisa hartu zuen. 1858an, printzearen mandatuz, San Mateoren ebanjelioa itzuli zuen, Londresen argitaratu zena. Ondoren, Biblia osoaren gipuzkerazko itzulpena egiteko agindu zion printzeak, eta lehenengo hiru liburuak (Hasiera, Irteera, eta Lebitarrena) argitaratuak izan ziren Biblia edo Testamentu zar eta berria Aita Fray Jose Antonio de Uriartec latiñezco Vulgatatic lembicico aldiz Guipuzcoaco euscarara itzulia izenburupean 1859an, Duvoisinen itzulpenarekin aldi berean. Argitalpen osoa eten egin zen, ordea, nahiz eta Uriartek hamar urtetan lana bukatu zuen.

Uriarterenak dira halaber: Marijaren illa edo Maijatzeco illa (1850), Jesus Sacramentaduari eta Ama Doncella Mariari Visitac (1856), Iturriagaren Elkarrizketak (1857), Marija Jangoicuaren Amac bere vijotz santu eta garbico Cofradijan sarturik dagozanai iracatzi ta consejuac (1862). Bestalde, aipatu Bibliaren itzulpen osoaz gainera, argitaratu gabeko lan asko utzi zuen, horien artean Poesía Bascongada. Dialecto vizcaíno izeneko kantu bilduma bat, ia gaur egun arte argirik ikusi ez duena. Gutun trukaketa jakingarria gordetzen da Uriarteren eta Bonaparte printzearen artekoa. Alegia batzuk ere idatzi zituen Uriartek, Manterolak bere Cancionero-n bildu zituenak.

« A. Atzo irakatzi zeustan mantekia zelan egiten dan.

B. Bada gaur ikasiko dozu zelan egiten da gaztaia. Lelengo iraziten da ezne batu barrija. Gero botaten da kollara bete liar iru azunbre eznetara. Ondo nastau ezkiro, eukiten da bere epeltasunian. Onetarako inguratu leiteki, nai baldin bada, auts beroz. Gatzatu danian, itxiten da liortuko dan lekuban. Iminten bada bero samar daguan leku baten, sikatuten da lenago ta obatuago. Zenbat geijago sikatuten dan, ainbat obiagua izango da gaztaia. Ondo sikatu ez dan gaztaia, gazi antz egoten da. Ogeta lau ordu ezkiro, iminten da lasto edo zumitz ganian. Alan itxiten jako bost edo sei egunian, ondo sikatu dedin. Gero gazituten da alde batetik, botarik ontza bat gatz, gaztai libra bakotxagaitik. Gatz au guztiz urtu danian, gazituten da bardin beste aldetik. Gazituten dan artian, egon biar dau leku siku ta axetsuan. Zortzi egun daruazanian gazituten, garbituko da eskubagaz, ur zerbait beruagaz. Eskuba igaroko jako ganetik, azpitik eta albuetatik. Zortzi egunerik zortzi egunera egiten da auxe berau, larregi sikatuten bada gaztaia, edo asten bada lizunduten. Amabost edo ogei egun barru, artuten dau gaztaiak kolore orija. Sartuten da gero lapiko edo tina baten eta itxiten da upategijan. Ikusiko da zortzi egunerik zortzi egunera, lizunduten asi bada. Asi baldin bada, garbituko da len legez ur zerbait beruagaz. Eznia baldin bada batuba aldi bitan, ondo naustauko da. Eulijak imiñi ez dagijezan euren arrautzak gaztaian eta arrak egin ez ditezen, orra emen zer egiten daben leku askotan. Batzuk erretan ditube azurrak eta botaten deutse euren autsa.

A . Zeregin andija da ori, Basilio.

»
Dialogues Basques (1857), Jose Antonio Uriarte

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]